Etnografoak

Garmendia Larrañaga, Juan

Etnografoa, antropologoa eta historialaria. Tolosan jaio zen 1926ko uztailaren 12an eta 2015eko urtarrilaren 8an hil zen.

Juan Garmendia Larrañaga askoz pertsona interesgarriagoa da, bere idazkietan ageri duen irudia baino. Eta tolosarraren idazkietako zerrenda luzean begiradatxoren bat bota duenak badaki haren lanetan denetariko nolakotasunak aurki dakizkiokeela egilearen bizitza oparoari. Hala ere, gure gizonaren bizitza-egitura are bikainagoa dugu, espero genezakeena baino. Bizitzaren arrago aberatsean moldatua, heziketa teoriko hondar sendoarekin, Juan Garmendia Larrañaga euskal langilearen erakuspen jarraikiak garbi asko utzi du azalean noraino hel daitekeen ikerketa lanetan zintzo arituz gero.

Tolosak seme-alaba handiak eman ditu euskal esparrura eta argienetakoa Juan dugu. Oparoa, gainera. Izan ere, ikerketa lanari buru belarri heldu zionetik ezin zenbatu ahala ekarpen eder eskaini dizkigu, maisuki menderatzen duen estilo erakargarriaz baliatuta. Ez dut zerrenda emango, beste nonbait aurki baitaiteke Juan Garmendia Larrañagaren Lan Osoen bilduma. Baina, aurrera baino lehen azpimarratu nahi nukeena beste hau da, ikerketa lan guztiak - teorian apalena izanik ere- gogotsu eta ardura guztiarekin burutu dituela Juanek, den-denei garrantzia eman dielarik, bere baitan garbi baitzegoen katea luzea dela ikerkuntza, eta zehazkizunik txikiena ezinbesteko zubi bihur zekiokeela hurrengorako.

Bere tolosatartasuna salgai ez duen Juan Garmendia Larrañaga 1.926ko uztailaren 12an jaio zen eta bere jaioterrian eman du bizitza osoa. Oronozen, maristekin emandako urtebetea ezik Juan Garmendia Larrañagak Tolosan izan du bere lan egoitza eta handik irradiatu ditu etengabe ahaleginak, Euskal Herri osora heldu delarik. Patxadaz aritzen jakin izan du. Datua fidagarria izan zitekeela frogatu arte ez du sekula garbira pasatu. Denboraren gaineko Juanen kontzeptua ez da izan - zorionez bere ikerlanen kontsumitzaileentzat!- XX mendeko bigarren aldiak gehienon baitan markatzen zuen abiaduraren kideko. Juan bolondres galdu da Erronkariko arro harkaiztsuetan, Aramaioko baserririk altuenean, Zalduondoko gari soloetan edota Bedaioko bide sastrakatsuetan. Bere apunteetarako datu garbiaren bila abiatzen zenean zintzotasunak zuen lehentasuna, erlojuak marka zezakeen erritmoaren gainetik.

Juan etnografoa da. Baina ez du ahaztu nahi kondairagile gisa ere aritu dela. Bere lanak, dena den, antropologo, folklorezale, hizkuntzalari eta - oro har- euskal kulturarekin identifikatuta sentitzen diren guztiongana iristen da, erraz asko. Maisurik argienengandik edan du kultura doktrina eta hori, nahita ez, igarri egiten zaio Juani bere idazki guztietan. Zorroztasunaren legeaz izenpetzen ditu bere ekarpenak. Jose Miguel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja, Jorge Oteiza, XX mendeko euskal kultura eta zientziako izarrik dirdiratsuenak ondoan izan zituen Juan Garmendia Larrañagak, behar izan zituenean. Ez zioten laguntza ukatu eta horren zioa tolosarraren izaera erakargarrian aurki genezake. Maisu... eta adiskide izan zituen!

Gorago nioen moduan, Garmendia Larrañaga bere burua janzten joan da urteetan barrena. Sendi negozioaren ezkutuetatik abiatuta unibertsitate aulkirainoko ibilbideak gizakume jakintsu baten erretratua eskaintzen digu. Baina, bitxia bada ere, Juanek ez du bere burua inoren artzaintzat ezta besteren artaldeko arditzat hartzen. Euskal kulturako giza argi-dorre erraldoiek markatutako soloetan Juanek berak bakarrik sartu du goldea. Ez du esan nahi besteen lana gutxiesten duenik. Ez da hori. Baina berak garden ikusten du ez zuela talde lanerako balio, eta horrela aritu izan balitz burutu duenaren laurdenera ere ez zatekeela ailegatuko. Ikerlari bakartia izan da Juan, goiko erpinera berezko merituez heldu dena.

Tolosako hiriak Seme Kuttuna izendatu zuen Juan Garmendia Larrañaga 1.998an. Urte berean Eusko Ikaskuntzak, Caja Laboralarekin batera, Kurrikulum Onena Saria eskaini zion. Euskaltzaindiko Ohorezko Euskaltzaina dugu eta baita Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Kidea. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Kidea da eta beste hamaika golardo eta errekonozimenduzko goi aipamenak jaso ditu, 1.950ean euskal kulturaren aldeko jardunean abiatu zenetik.

Baina, horiezaz gain, Juan Garmendia Larrañagak beste sari bat ere jaso du, bere kurrikulumean inon ageri ez dena: euskaltzaleen eskerrona. Juanen ikerketa lanak gustura irakurri dituztenena, Juanen azalpen magistralak hitzaldietan entzun dituztenena, irratietako uhinen bitartez Juanen ikasgaiak entzutera ohituta daudenena, bere ikastola/institutu/fakultateko irakasleak agindu lan baterako datuaren bila edozein egunetan Juanen etxera telefonoz deitzen duen gaztearena, galdera bitxiren bat egiteko Juan kalean gerarazten duen ezezagunarena. Berak badio hala izango da, hots, ez dela inoiz ez artzain ezta ardi ere izan. Baina seguru nago, Juanek jarraitzaile ugari dituela; asko, izen-abizenekin; gehienak, batere zalantzarik gabe, Juanen eskuzabaltasunari esker euren kultura motxila aberastu duten anonimoak.