Monarkia eta noblezia

Enrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa

Nafarroako Erregea (1572-1610) eta Frantziakoa (1589-1610), "Handia" eta "Biarnokoa" goitizenez ezaguna.

Gurasoak Juana III. Albretekoa, Nafarroako erregina, eta Frantziako printze Antonio Borbonekoa, Vendômeko dukea, izan zituen. 1553ko abenduaren 13 eta 14 artean jaio zen, Pauen, Biarnoko bizkonderriko hiri nagusian; ama zuen bizkonderri horretako titularra. Amaren bidetik Nafarroako tronutik kendutako Katalina I. eta Juan I. Albretekoaren ondorengoa zen eta, bi aldeetatik ere, Frantziako errege Luis IX.arena.

1572. urtean lehendabiziko aldiz ezkondu zen Margarita Valoisekoarekin, "Margot Erregina" izenez ezaguna. Ezkontza hori 1599an bertan behera geratu ostean, bigarren aldiz ezkondu zen, 1600 urtean, Maria Medicisekoa florentziarrarekin. Maria Toskanako Francisco I. duke handiaren alaba zen, eta Juana Austriakoa artxidukesarena. Bestalde, errege honek hainbat maitale izan zituen. Horien artean ezagunenak, hauexek: Gabriela d'Estrées; Jaqueline Bueilekoa, Moreteko kondesa; Carlota Margarita Montmorencykoa; Catalina Enriqueta Balzac d'Entraguesekoa, Verneuileko markesa; Carlota des Essarts, Romorantineko kondesa; eta Diana Andoinsekoa, Guicheko kondesa eta Gramont de Bidacheko dama.

mapa

1569. urtean, Jarnac-en, hugonote frantziarren buruzagia, Condeko printzea, erail zuten eta, handik aurrera, Enrike Frantzia eta Nafarroako hugonoteen alderdiko buruzagi izendatu zuten. 15 urte zituen orduan.

1570eko abuztuaren 8an, Frantziako hirugarren erlijio-gerrari amaiera emateko asmoz, protestante eta katolikoek Saint Germaineko bakea izenpetu zuten Layen. Bake hori Juana Albretekoa erreginak bere oinordekoaren eta Margarita Valoisekoa, Frantziako Carlos IX. Frantziakoaren arrebaren artean hitzartutako ezkontzaren mesederako izan zen. Hala ere, Aita Saindua eta Felipe II.a, Europako katolizismoaren bermatzaile, eta printzesa katoliko honen eta protestante baten arteko ezkontzaren kontra azaldu ziren.

Juana Albretekoa 1572. urtean hil zen, Parisen, eta bere seme Enrikek haren lurren agintea bere gain hartu zuen, Enrike III. Nafarroakoa bezala.

1572ko abuztuaren 18an Enrike Margaritarekin ezkondu zen, Parisen. Astebete beranduago, hiriburuan ezteiak zirela eta hugonote kopuru handia bildu zela baliatuz, horien artean hugonoteen buruzagiak eta noble protestanteen parte garrantzitsu bat, San Bartolomeko gaueko sarraskia gertatu zen. Triskantza horretan 3.000 bat hugonote erail zituzten muturreko katolikoek, eta bertan Guisako dukeak, Anjouko dukeak eta milizia burgesek parte hartu zuten. Enrike erregea atxilotu egin zuten eta bere fedeari uko egin behar izan zion bizia salbatzeko. Frantziako gortean bizitzera behartu zuten, zaintzapean, eta bertatik ihes egiten saiatu zen hainbatetan. Azkenik 1576ko otsailean ihes egitea lortu zuen eta bere agindupeko Nafar-Biarnoko lurretan bilatu zuen babesa.

Nafarroako erregea Frantziako Batasun Kalbinistako zuzendaria zen, eta fede protestanteari atxiki zitzaion berriro, katolikoen aurkako gerrari ekinez. Gerra hau, Frantziako bosgarren erlijio-gerratzat hartzen dena, 1576ko maiatzean amaitu zen, Frantziako Enrike III. erregeak Beaulieuko ediktua sinatu zuenean; ediktu horretan hugonoteen kultu-askatasuna aldarrikatzen zen. Hainbat katolikok erregeak huts egin ziela sentitu zuten eta Liga Katolikoa osatzeko bat egin zuten. Enrike III. Frantziakoak liga horren buruan jartzea lortu zuen, eta berriro ere katolikoak eta protestanteak elkarren aurka egin zuten seigarren erlijio-gerran. Gatazka 1577. urtean amaitu zen Bergeraceko bakearekin eta Poitierseko Ediktua aldarrikatu zuten; bertan Beaulieuko Ediktuak aitortutako kultu protestantearen baldintzak mugatu egiten ziren.

Bestalde, Frantziako erregeak ez zuen oinordeko zuzenik. Bere anaia Francisco, Anjou eta Alençoneko dukea zuen tronurako ondorengoa eta hura hildakoan, 1584. urtean, Frantziako tronurako eskubide gehien zuen erregegaia Enrike III. Nafarroakoa zen. Erresumarako sarbidea prestatzeko, Enrikek bere arreba Katalina Borbonekoa, Enrike Lorenakoa, Bareko dukearen emaztea utzi zuen Behe Nafarroako eta bere agintepeko lurretako erregeorde, eta Katalina lurralde horietako buru izan zen 1593 urtera arte. Halaber, Enrikek Baigorriko bizkonde Antonio Echauzekoaren laguntza ere bazuen; gaitasun diplomatiko handiko gizona zen, erregeari ere baliagarri suertatu zitzaizkionak, Gorteko hainbat gatazka ebatzi edo Espainiako enbaxadetan ordezkari izateko adibidez.

Anjouko dukea hildakoan, gatazka armatuek berriro ere eztanda egin zuten. Monarkiaren legezko oinordekoa hugonote bat zen eta hori ez zuten batere atsegin ez katoliko frantsesek, ezta Europako beste hainbat erregek ere. 1585. urtean hasitako gerra-aldia, Frantziako zortzigarren erlijio-gerrari bidea eman ziona, "Hiru Enrikeen Gerra" bezala ezaguna da, izan ere gatazka honetan Enrike Guisakoa, Liga Katolikoaren buruzagia eta Felipe II. Espainiakoaren aliatua, Enrike III. Frantziakoa eta Enrike III. Nafarroakoa lehiatu ziren eta. Halaber, gatazkan Sixto V. Aita Sainduak ere hartu zuen parte, Felipe II.aren borondateari jarraiki Nafarroako erregearen eskubideak bertan behera uzten zituen bulda sinatuz. Gatazkak 1588 eta 1589. urteetan izan zuen amaiera; 1588an Enrike III. Frantziakoak Enrike Guisakoa erailtzea agindu zuen, eta 1589an Frantziako erregea hil zen, erailketa baten biktima hura ere. Hil baino lehenago Enrike III. Nafarroakoa izendatu zuen oinordeko. Honek tronua hutsik zuen aurrean, baina hura hartzearen aurka agertu ziren Frantziako katolikoak eta Felipe II.ak bidalitako Espainiako tropak. Espainiako erregearen nahia zen Frantziako tronua bere alaba Isabel Clara Eugeniak hartzea -Frantziako tronuan desagertu berria zen Valoiseko etxeko oinordekoa-, eta Frantziako katolikoen jarrera zatitua ageri zen; horietako batzuk atzerriko errege baten gobernua onartzeko prest zeuden, baina beste hainbatek oinordeko frantziarra nahiago zuten.

Bestalde, Enrike III.aren mendeko lurretan zenbait gatazka gertatu ziren Carlos Luxekoa, Tardetseko jaun buruzagi katoliko adindunaren eta Belsunce, Enrike erregearekiko hugonote fidelaren artean.

Enrikek 1589. urtean hartu zuen Frantziako tronua eta harekin hasi zen Borbonen dinastia Frantziako erresuman. Erlijio-gerrak unerik larrienak bizi zituen orduan Frantzian eta Nafarroan, atzerriko parte hartzeak areagotuta gainera. Hasiera batean, ekintza militarrek Enrikeri mesede egin zioten; 1589ko irailean, Arquesen, katolikoak garaitu zituen, baita 1590. urtean Ivry-n ere. Urte horretan bertan Frantziako erresumara ekarri zituen bere ondasun guztiak, Biarno eta Behe Nafarroa izan ezik.

mapa

Ondoren okupazio espainiarra gertatu zen, eta egoera erregearen kontra jarri zen. Gertukoenek, baita Sully bere ministroak ere, fede kalbinistari uko egin eta katolizismora aldatzera behartu zuten, eta bere fedearen arnegatze publikoa egin zuen 1593ko uztailaren 25ean, Saint Denisen, Bourgeseko gotzainaren aurrean. Ekitaldi horrek berehala eragin zuen plaza katoliko garrantzitsuenen segidako errendizioa. Hurrengo urteko otsailean Chartresen errege koroatu zuten, eta hilabete beranduago Parisen hartu zuten. Aita Sainduak begi onez hartu zuen arnegatze-ekitaldia, ez ordea bere tropak Frantziako lurretan mantendu zituen Felipe II.ak. Azkenerako, Espainiako erregeak bere tropak kendu behar izan zituen, baita bere alaba tronurako hautagai izateko asmoa bertan behera utzi ere. Liga Katolikoaren aurkako gerra 1595 eta 1596 urteen artean amaitu zen, eta 1598an Espainiaren aurkakoa, Vervinseko ituna sinatuta. Urte horretan bertan, Enrikek, Enrike IV. Frantziakoak orain, Nanteseko Ediktua izenpetu zuen; bertan erlijio-tolerantzia aldarrikatzen zuen Frantziako erresuma osoan. Une hartatik aurrera erregearen helburu nagusia herrialdearen garapen ekonomikoa izan zen, nekazaritza-jarduerei, industriari eta merkataritzari erreparatuz.

Frantziak gerrek eragindako egoera larriari aurre egiteko modua izan zuen, Enrikeren finantza-ministro Sullyko dukearen jardunari esker. Ministro honek ere katolizismora aldatu behar izan zuen, errezeloak errezelo, gortean gatazkarik ez sortzearren.

Sullyk hainbat administrazio-erreforma ezarri zituen, probintzietako karguen zenbait atribuzio kentzea adibidez, baita hainbat kargu kendu ere. Bere jardunek ogasunaren diru-sarrerak bikoiztea eragin zuten, eta zor publikoak behera egin zuen. Modu honetan, Enrike IV.aren erregealdiaren hamabi urteek Frantziak aspaldian ezagutu gabeko bakealdia ekarri zuten, eta gainera urte oparoak izan ziren. Hazkunde ekonomikoa halakoa izanik, garai haietan lehendabiziko kolonia frantsesak ezarri zituzten Kanadan.

Enrike III.aren ondasunak eta bere agintepeko lurralde feudatario eta pertsonalak (dukerriak, bizkonderriak, baroierriak eta bestelako jaurerriak) Frantziako Koroari gehitu zitzaizkion 1607ko uztaileko ediktuaren bitartez, Nafarroako erresuma eta Biarnoko bizkonderria salbu. 1607ko ediktuak Nafarroa berezko erresuma gisa aitortzen zuen.

Erresuma horretatik zigilua, txanponak eta Estatu Kontseilua mantendu egin ziren. Hala eta guztiz ere, horrekin batera hainbat neurri bategile hartu ziren; adibidez, pertsona bera jarri zen Frantziako eta Nafarroako Kantzelaritzaren buru, edo bi erresumen Estatu Idazkaritzan, etab. Neurri administratibo horien eraginez, bi koroek bat egin zuten.

Enrike erregea François Ravaillac izeneko Angulemako gazte batek erail zuen. Gazteak sastakaiz hil zuen, Parisen, 1610eko maiatzaren 14an. Ravaillac erailketa gauzatzera eraman zuten arrazoiak azal dezaketen hainbat interpretazio dago.

Enrikek Luis XIII.a utzi zuen oinordeko, bere bigarren emaztearen semea. Erregealdian, Luis XIII.ak aitak izenpetutako Nanteseko ediktua bertan behera utzi zuen, eta Biarnoko kontseilua eta Nafarroako kantzelaritza Frantziara ekarri zituen, Batasun Ediktuaren bitartez (1624).

  • ARBELOA, Víctor Manuel. La Corte protestante de Navarra (1527-1563). Iruña: Nafarroako Gobernua, 1992.
  • BABELON, Jean Pierre. Henri IV. Paris: Fayard, 1982.
  • CAZAUX, Yves. Henri IV ou la Grande Victoire. Paris: Albin Michel, 2000.
  • CENTENERA SÁNCHEZ-SECO, Fernando. "Tiranía y tiranicidio en Francia (1589). Las formulaciones católicas más radicales". Tiempos modernos. 21 zenb. (2010), 1-44 or.
  • DESMOND, Seward. The First Bourbon. Henri IV King of France and Navarre. Londres: Constable, 1971.
  • GALLASTEGUI UCÍN, Javier. Juana de Albret. La reina protestante de Navarra (familia y tiempo histórico). Madril: Letra Clara, 2010.
  • HH.EE. Historia moderna. Madriñ: Akal, 2005.
  • LE ROY LADURIE, Emmanuel. Henri IV, ou l'Ouverture. Paris: Bayard Centurion, 2005.
  • VIVANTI, Corrado. Guerre civile et paix religieuse dans la France d'Henri IV. Paris: Desjonquères, 2006.