Arkitektura

San Adrian Markesaren jauregia. Tutera

Euskal Herriko lurraldean berpizkunde estiloa XVI. mendean garatu zen. Mende honen hasieran elementu gotikoekin batera agertu zen eta azkeneko hamarkadetan barrokoak baztertu zuen, hortaz, esan daiteke tarte labur batean soilik garatu zela berpizkundea. Hala eta guztiz ere, aldi honetako adibide onak eta esanguratsuak ditugu lurralde osoan eta esparru artistiko guztietan.

Nafarroako probintziaren kasuan, arkitekturari dagokionez, Erdi Aroko hirigintza mantendu zen hiri eta hiribilduetan eta estu eta trinko trazatu honetan sortu ziren garai berri honetako eraikin zibil nabarmenenak, hau da, udaletxeak, hospitaleak eta, batik bat, jauregiak eta jauretxeak. Eraikuntza mota hauetan joera berriaren ezaugarri garrantzitsuenak nabaritzen dira baina, alderdi geografikaren arabera (Ebro ibaiertza, mendialdea eta erdialdea), bereizketa egin behar da.

Garai honetan jauregi ugari eraiki zen Erriberan eta horietako bat San Adrian Markesaren jauregia da, Tuteran kokatuta dagoena. Eraikuntza hau Tuterako hirigune historikoan aurkitzen da, Magallon kalean, hain zuzen ere. 1696. urte arte, Magallon familiaren senideak bizi ziren bertan eta horregatik zenbait liburutan eta dokumentutan Magallonen jauregi izenez ere agertzen da. Aipatutako urtean, San Adrian Markesaren titulua jaso zuten jabeek, Espainako erregeak emandakoa eta, geroztik, San Adrian Markesaren jauregia deitzen zaio. Datuen arabera, eraikuntza lanak, Pedro de Magallonek bultzatutak, 1525. urtean hasiak izango ziren eta fatxada osoa 1556erako amaituak ziren jada. Bestalde, Guillaume Brimbeuf barruko patio trazatzailea izan zela eta Pietro Moronek eskailera nagusiaren diseinua eta dekorazioa egin zuela jakina da. Horretaz gain, egurrezko teilatu hegala Esteban de Obray egilea izan zela uste da.



Esan dugun bezala, XVI. mendearen lehen erdian eraikia izan zen jauregi hau eta estiloa aztertzen badugu, berpizkundeko elementu estrukturalak eta osagaiak edukitzeaz gain, ezaugarri mudejarrak eta manieristak sumatzen dira.

Eraikuntza materialari dagokienez, adreiluzko multzo bat da, beheko solairuan harrizko basamentua izan arren. Kanpoko paramentu mota honek mudejar eragin nabarmena du eta Ebro Bailarako eraikuntzetan zabalduta dago; adibidez, Zaragozako Auzitegia eta Tarazonako Guaras jauregia paramentu leun berdintsuetan moldatuta daude.

Kanpotik, etxe molde honek bolumen trinkoa osatzen du eta fatxaden osaketa bi solairuetan eta atikoan antolatuta dago, xumetasuna eta oreka uztartuz. Fatxada nagusiari, hutsuneetan eta elementu trinkoetan antolamendu harmoniotsu eta zuzena agertzen zaio. Beheko gorputzan erdi puntuko baoak, lehioak eta sarrera nagusia irekitzen dira. Bigarren pisuan, solairu nagusia dena, erdi puntuko baoak eta okulo bikoteak aldizkatzen dira. Gorputz honi jarraian, loggia moduan, pilastren gaineko erdipuntuko arkuz egindako galeria bat zabaltzen da. Landare eta pertsona famatuen (Erromako enperadoreak) irudiaz eta forma desberdinetako edergarriz apaindutako zurezko teilatu hegal batek koroatzen du multzo monumental hau. Azkeneko osagai hau eraikin honen elementu nabarmenetako bat da eta manierismoaren xehetasunak aurkezten ditu. Xehetasun hauetako batzuk, aipagarriak dira, adibidez, kasetoi poligonalak, landare zintzilikatuz eta pinaburuz hornitutak.

Alabaina, beste fatxadak soilak dira, apaindura gutxikoak. Deigarriena da goiko aldeko paramentuan agertzen diren mudejar edergarriak, erronbo formarekin, baina ez daukate teilatu hegalik.

Bestalde, eraikinaren elementu nagusietako bat barruko patioa da, Italiako loggia gogorazten diguna, bai bere neurri eta oreka izateagatik, bai bere edertasunagatik. Angelezuzeneko planta dauka eta bi pisu ditu. Beheko gorputzaren egiturak zortzi toskanar ordenako zutabe dauzka eta arkitrabatua da. Bigarren solairuaren egitura, berriz, arku erdizirkuluaren bidez moldatzen da; arku hauek, kararriz eginiko zutabeen gainean daude, eta beraien kapiteletan, konposatuak direnak, landare eta buru txikiak zizelatutak agertzen dira.

Horretaz gain, nabarmendu behar da jatorrizko eskailera nagusia, 1569. inguruko urtean Pietro Moronek dekoratuta. Elementu honek eskailera kaxa karratu bat dauka, hiru eskailera-atala ditu eta estaltzen da egitura ordoki batekin, egurrez egina dagoena eta kasetoiez eta errosetaz dekoratuta. Eskailerako hormak margoz apainduta daude eta dekorazio mota hau deigarria da, bai erabilitako teknikagatik, grisalla izenekoa, bai irudikatutako eta garatutako gaiagatik, irudi mitologikoak direnak. Grabatuetan inspiratuta daudela uste da eta Pedro de Magallonen emaztea, Laura de Soriaren bertuteak goraipatzen dituzte. Irudi guztiak berpizkundeko marko arkitektoniko batean sartutak agertzen dira eta aldi horretako Florentziako pinturarekin lotura daukate.

Jauregia 1931. urtean Bihotza Santuko Anaiei eman zitzaien eta 1963. urte arte ikastetxea izan zen. Gaur egun San Adrian Markesaren jauregia ez da ez etxebizitza ez ikastetxea, UNEDen egoitza baizik. Horretarako zaharberritzeko lanak aurrera eraman ziren eta barruko antolamendua erabat aldatu zen. Beheko solairuan hainbat bulego, admimistrazio gunea, atezaindegia eta zenbait biltegi kokatzen dira. Solairu honetan, barruko patioren ondoko gunean, antzinako zerbitzurako bulegoak eta dependentziak zirenak, irakaskuntzarako gelak antolatu dira. Lehen eta bigarren pisuan tutoritzako gelak sortu dira eta goiko pisuan liburutegia, irakurtzeko gela handi bat eta erabilera ezberdinetarako hainbat areto kokatu dira.

Politikaren, ekonomikaren eta kulturaren ikuspuntuetatik, Tutera hiriak izugarrizko arrakasta bizi izan zuen XVI. mendean. Erriberako hiriburua izanik, Aragoi lurraldearekin harreman zuzena izan zuen eta Carlos I eta Felipe II erregeen, Adriano VI aita santuaren eta beste hainbeste pertsona famatuen bisita eta fabore jaso zituen. Ospe handiko familiek jauregiak eta jauretxeak eraikitzen lagundu zuten eta beste adibide batzuen artean, aipa daitezke: Almirante edo Cabanillas Berrozpeen etxea, Señorenaren etxea eta Ibañez Lunaren etxea. Bukatzeko, Deanaren jauregia, ezaugarri bikaina izateagatik aipagarria da.

  • AZANZA LÓPEZ, J. J. "El palacio y la casa señorial". El arte de Navarra. Renacimiento, Barroco y del Neoclasicismo al arte actual. Tomo II. Diario de Navarra: 1994. ppg.: 434-444.
  • ECHEVERRIA GOÑI, P. "Casas señoriales y palacios del siglo XVI". El arte de Navarra. Del arte prehistórico al Románico, Gótico y Renacimiento. Tomo I. Diario de Navarra:1994. ppg.: 274-285.
  • ECHEVERRIA GOÑI, P. y FERNÁNDEZ GRACIA, R. "Arquitectura civil en Navarra durante el renacimiento". Ibaiak eta Haranak. Guía del patrimonio histórico-artístico y paisajístico. Etor. San Sebastián: 1991. ppg. 217-228.
  • GARCÍA GAINZA, M. A., HEREDIA MORENO, M. C., RIVAS CARMONA, J. y ORBE SIVATTE, M. Catálogo Monumental de Navarra. Merindad de Tudela. Volumen I. Ed. Institución Príncipe de Viana, Arzobispado de Pamplona, Universidad de Navarra. Navarra: 1980.
  • MARTINENA RUIZ, J.J. Navarra. Castillos y Palacios. Pamplona. CAN: 1980.
  • MARTÍNEZ - ESCALADA, J. Historia de Tudela contada por sus calles. Navarro&Navarro. Zaragoza, 1999.
  • FERNÁNDEZ GRACIA, R (Coor), ECHEVERRIA GOÑI, P. y GARCÍA GAINZA, M. A. El arte del renacimiento en Navarra. Gobierno de Navarra. Departamento de Cultura y Turismo. Institución Príncipe de Viana. Pamplona: 2005.