Instrumentugilea

Aldeiturriaga Zabala, Maurizia

1904ko irailaren 22an jaio zen Maurizia Aldeiturriaga pandero jolea, Zeberioko (Bizkaia) Egia auzunean. Sei neba-arrebatatik gazteena zen. Orduko Zeberio baserritarra zen goitik behera. Arotz, errementari, errotari, hargin, karreteru, joskile eta halako nekazal herrietako lanbideetatik bizi zenik ere bazegoen, baina ortuari eta abereei begira bizi zen jende gehiena. Ama Madalena Zabala Artola zuen, baserri hartakoa, eta aita, Frantzisko Aldeiturriaga Ateo, Laudiokoa, ofizioz arotza eta hargina.

Ume asko otsein joan ohi zen sasoi hartan. Mauriziaren kasuan ere bai, Basurtun ibili zen-eta neskame moduan, ahizpa batekin.

Musikarako sena goiz piztu zitzaion. Txiki-txikitarik danba botatzen zituen bertsoak, entzundakoak oso ondo harrapatzen zituelarik. Maurizia Aldeiturriaga pandero joleak eta musikariak oro har "jaio" egiten ziren garaiko ordezkaria da. Orduan ez zegoen irakaslerik. Horregatik bere perfekzioa eta freskotasuna imitatu ezinezkoa bihurtuko ziran. Mauriziaren osaba Kalixtok panderoa jotzen zuen. Seguru ez dakigu, baina badirudi aita ere pandero jolea zela. Hamabi urte eskasekin plazetan panderoa jotzen hasi zen Maurizia, Joakin Goti zeberioztarrarekin.

Miraballesgo "Fabrica de Hilados"en ibili zen Maurizia lanean, geroago. Kantuan egiten zuen Zeberiotik lantegirako joan-etorria. Urte asko geroago aitortu zuen moduan, ordea, bere gelan gordeta praktikatu behar izaten zuen teknika, isilka, igande arrastietan, emakumea izateko ogibide txarra aukeratu zuela-eta.

Bitartean, Benantzio Bernaola "Karakol" gaztea Arteako Lauretan zebilen anaia zaharrenaren ahuntzak zaintzen, eta soinu txikerra jotzen. Familiak ez zuen begi onez ikusten musikari karrera hura, baina anaia Juanek defendatu egiten zuen "itzi egiozue horri bakean" esanez. Benantzio Bernaola trikitilari bikaina bihurtu zen. Mutila Zeberiora jaitsi zen egun batean ezagutu zuten elkar Benantzio eta Mauriziak. 23 urte zituen Mauriziak, eta 24 Benantziok, ezkondu zirenean. Ezkontza 1927ko azaroaren 5ean egin zen. Zeberioko Santo Tomas elizan egin zen zeremonia, eta Arteako Elexabeitiara joan zen bikotea, San Migel elizaren parean dagoen "Etxenagusia" baserrira. Bizitza biko etxea da: bietako batean bizi izan ziren Maurizia, Benantzio eta euren sema bakarra, Frantzisko.

Benantzioren soinua eta Mauriziaren panderoa ez ziren ordutik banatu, harik eta "Karakol"i osasunak galarazi zion arte. Orduko garaietan, mikrofonorik gabe, soinuari, panderoari zein ahotsari ekin egin behar izaten zitzaion. Soinuen fitak eta panderoaren kaskabelak apurtu egiten ziren sarri indarraren indarraz. Bereziki gogoangarriak dira Bizkaiko hainbat musikarik Aspe-Arrazolan, Mendigoikoa jatetxean, egiten zituzten ekitaldiak. Berandura arte joan zen Maurizia bertara. Benantzio senarrari bihotz delikatuak uzten ez zionean ere, Leon Bilbao edo Fasiorekin hurreratzen zen ezkontzen eta ospakizunen gozagarri. Mendigoikoa izan zen, urte askoan, euren Meka. Ruper Ordorikak deskribatu zuen "musikaren lurraldearen" erpinetako bat zen. Ordorikak Maurizia, Leon eta Basili Elkar-Trikik 1995ean argitaratutako CDan zera dio: "Lurralde txikia baina amaigabea era berean, lau puntu kardinal hauek mugatua: Urbina (hegoaldea), Abadiño (ekialdea), Andraka (iparraldea), Zeberio (mendebaldea). Mauriziaren kantuerak egiten zuen mundu hau pertsonalizatu".

1937an, gerratik ihesi, Zeberioko Egiara itzuli zen Maurizia. Senarra intendente zebilen, eta ezin izan zen familiarekin joan. Nazionalak gero eta hurbilago, Maurizia eta etxekoek Somorrostrora egin zuten. Han zen Kalixto, osaba, txikitan Mauriziak miresten zuen pandero jolea. Karrantza, Arrigorriaga, Peña... paraje horietatik bueltan Basurtura heldu ziren. Milaka familia euskaldunek egin zuen mendebalderantz, harik eta Jibaja alderdian -Ramalesen ondoan, Enkarterrietan- bizimodu normalaren antz apur bat zeukan garai labur bat bizi izan zuten arte.

Benantzio laster harrapatu zuten. Mugaz bestaldera ihes egiteko ontzia erdi prest zegoen, baina ez zuen arrankatzen. Motorren gainean bazekien Benantziok, eta berak lortu zuen martxan jartzea. Ahaleginean zorabiatu egin zen gizona, eta lehorrean utzi zuten. Hiru urteko espetxealdia ezarri zioten: Santoñan bertan, Dueson, Cadizen, Cela Novan. Itzuleran Arteako Elexabeitiako auzuneko etxera sartzen ere ez zioten utzi Benantziori, eta auzoen etxean hartu zuen aterpe hasieran. Egian jarraitu zuen Mauriziak..

Benantziori ez zioten, hasieran behintzat, "Vasconia" fabrikako lanpostura itzultzen utzi, "Rojo separatista"ren doktrina aplikatuta. Bizitzari berriro ekitea lortu zuten apurka-apurka, eta Arteako Elexabeitiara itzuli ziren. Gerrak, jakina denez, plazarik plaza ibiltze hori eten egin zuen, baina laster hasi zen Maurizia ostera ere Dimara Pazkoatan, Laudiora Santa Luziatan eta abar. Benantzio eta Maurizia bikoteari Leon Bilbao batu zitzaien garaia zen hura. Benantzio 1978ko urtarrilaren 25ean hil zen, baina lehenagotik utzia zuen soinua. Maurizia hainbat musikarirekin ibili zen, lehenagoko kideekin eta etorri ziren beste musikariekin.

Oso modu arretatsuan hartzen zuen bere zeregina: taxia edo autoa bere bila etorri baino ordu bi lehenago hasten zen Maurizia mototsa orrazten. Askotan ekitaldi bi izaten zituen arrastiri batean. 1988ko maiatzaren 19an hil zen, eta ia azkenera arte panderoa jo izan zuen.

Ruper Ordorikak idatzita utzi zuen, Elkar etxearen grabazioen aurkezpen orrian: "Mauriziak alboka bezala egiten zuen kantuan edo, agian, Leonen albokak egingo zuen Mauriziaren ahotsaren moduan". Mauriziaren oktaba-saltoa oraindik harrigarria eta imitatu ezina zaigu.

Maurizia Aldeiturriagak hainbat soinu eta alboka jolerekin egin zituen bere saioak: Zeberioko Joakin Goti, Benantzio senarra, Leon Bilbao albokaria. Benantziok utzi zuenean aipatu dugun Fasio Arandia soinujole igorreztarrarekin 1964tik aurrera. Eta Basilio Undagoitia "Txiki"rekin, Fasio hil zenean. Rufino Arrola "Andrakas"ekin ere ibili zen. Bere ibilbidean konstante bat dago, ordea: aipatu dugun Leon Bilbao albokaria.

Panderoarekin bat egiten zuen, bat bere ahots-kordekin, eta bat bera ikustera bertaratutako publikoarekin. Zenbat eta jende gehiago egon entzuten, hobeto izan ohi zen beretzat. Berezkotasunaren eta profesionaltasunaren oreka bikainaren erakusgarri zen. Maurizia Aldeiturriagaren estilorik ez dago: bera zen pandero tradizionalaren estiloa. Gaur egun ere panderoa ikertzen edo ikasten dutenak eredutzat daukate Zeberiokoaren jotzeko modua. Gainera belaunaldi zaharren eta berrien arteko kate-begi izan ziren musikari haiek, batez ere Mauriziak, Leon eta Fasiok osatutako hirukotea egin zen famatu. Euskal kutsu tradizionaleko soinuari eutsi egin zioten Arratian, eta hori oso garrantzitsua izan zen, Franco hil osteko loraldian erreferenteak behar zirelako musika biziberritzeko.

Arratia, Ubide eta Zeberioko "Begitu" aldizkariak gehigarri berezia eskeini zion Maurizia Aldeiturriagari 2005eko urrian. Bertan Joseba Tapia trikitilariak zera dio:

"Bizkaitarrak bazirela bai, baina hortik aurrera ezer gutxi genekien hasieran. Bizkaiko trikitixa baino lehen Gipuzkoakoarekin geunden liluratuta. Ezagunagoak genituen hemengo joleak, Urola, Oria bailarakoak. Txapelketetan ikusten genituen, herri txikietako erromerietan, irrintzi batean, bizkor eta umoretsu. Mundu harexek erakarrita hasi ginen tresna zaharra zirudien hura ikasten.(...)

Orain, Mauriziari buruz berba egitean, ezinbestean, oroimina datorkigu. Denbora haiek hobeak balira moduan. Edozelan ere, Maurizia trikitilarion amabitxi bihurtu da. Bere ahotsean ezagutu dugu aurreko mundu bat, bizimodu ezberdin bat. Bizitzaren borroka eta dibertimendua. Tradizioak zergatik ez duen beti gauza txarra esan gura. Edertasunaren beste balio bat. "

Gehigarri berean Kepa Junkerak ere bere iritzia eman zuen:

"Trikia jozten nuenez Fasiok egiten zuenari jarraitzen nion. Oso hirukote berezia izan zen, bata bestearen osagarri ziren. Mauriziak karisma eta indarra zituen eta eskenatokian egoten bazekien. Fasiok soinuarekin poemak egiten zituen eta Leon hirukotearen kontrapuntua zen, antzinako instrumentua den albokarekin. Asko animatu ninduten hasieran, jende gaztearen alde egiten zuten.

Atera zuten diskoak -Maurizia, Leon, Basilio eta Fasio- oraindino emozionatu egiten nau. Bizkaiko trikitixaren ordezkariak ziren."

1976an Iurretan "Karakol" omendu zutenean Mauriziak ipini zion txapela senarrari buruan. 1982an Mauriziaren txanda izan zen. 1996ko abenduaren 1ean, Mauriziari hil-ondoko omenaldia egin zitzaion Artean, Leonekin batera ageri den eskultura desestali zelarik udaletxe ostean, frontoiaren ondoan. Iluntzean Mikel Laboa, Xabier Amuriza, Jon Sarasua, Ruper Ordorika, Tapia eta Leturia, Maixa eta Itziar, Hiru-Truku, Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez, Xiradela, Ibon Koteron eta Kepa Junkera igo ziren taulatura. Baita Frantzisko Bernaola ere, Maurizia eta "Karakol"en semea, akordeoiaz pieza bat jotzera.

  • ARRATIA. Herri Musika Sorta 15. LP. Edigsa, 1976. Benantzio Bernaolaren bi joaldi barne: "Martxea" (Trad.) 1:51 eta "Porrue" (Trad) 1:42.
  • Herrikoa musika. LP Movie Play, 1977. Mauriziak Leonekin batera hiru korte: "Jotea" (Herr./Maurizia) 2'07; "Porrusaldea" (Herrik./Maurizia) 1'37 eta "Biribilketea" (Herr./Maurizia) 4'42.
  • Bai euskarari jaialdia. 1978-6-17 San Mames. Kasetea. Partaideak: Pantxoa eta Peio, Iriondo, J.M. Llona, Aita Villasante, J.L. Davant, Leon eta Maurizia, Dulzaineros de Alava.
  • Alboka eta Trikitixa. Leon Maurizia eta Fasio LP. - Xoxoa, 1979.
  • Euskal Herriko soinu-tresnak. LP eta kasetea, Kea, 1985. Mauriziak Leonekin batera aurkezpena eta bi korte ditu: "Porrusalda buelta bikoak" (herrikoia) eta "Martxea" (herrikoia). 1991n CDan berrargitaratu zuen Elkarrek.
  • Maurizia Leon eta Basilio LP. Elkar, 1988.
  • Maurizia, Leon eta Basilio CD Elkar-Triki 95 (1988 eta 1979ko diskoen berrargitalpena)
  • Zertu Kultur Elkartea (2005) "Mauriziaren mendea, gehigarri berezia". Artea, Begitu Aldizkaria.
  • Agurtzane Intxaurraga (2006) "Bidegileak: Maurizia Aldeiturriaga". Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Maurizia Aldeiturriaga buruz.