Kontzeptua

Bertsolaritza

Gure artean ahozko literaturak hiru adierazpen bereizgarri ditu: bertsolaritza, kopla zaarrak eta dekorazio olerkia edo gairik gabekoa.

Bertsolaritzak bat-bateko fenomeno bezala bere garaian gaur egun baino hedapen handiagoa izan zuen. Hedapen horizontala edo geografikoa munduan eta hedapen bertikala, hau herri bakoitzean fenomenoak daukan intentsitatea eta indarra dela esan dezakegu, bat-batean jarduteko trebetasuna gizarte-maila guztietan gaur egun baino zabalduagoa zegoela kontuan izanik.

Ikusi dugunez Itun Zaharrean ofiziozko Profetak bakarrik ez ziren bat-batean aritzen, Job eta haren lagunak ere bat-batean aritzen zirelako hain zuzen. Eta Itun Berrian ez zen bakarrik Zakarias Apaiza aritzen, Simeon zaharra, Ama Birjina eta Jesu Kristo bera ere bat-batean aritzen ziren.

Europan, bat-bateko gutxi gorabehera perfektuaren zantzuak Portugalen eta Galizian aurkitu ditugu, noski. Galiziako enchoyadei buruz hurrengoa dio Jose Perez Ballesterosek "Cancionero popular gallego" liburuan (Folclore español. Madril, 1885. Biblioteca de las Tradiciones Populares Españolas. VII. liburukia, I. liburukia, 81 orr.): "Enchoyadak deitzen zaie bi gaztek bat-bateko koplak abestuz egiten dituzten borrokei" (Itzulpen moldatua gazteleratik). 92. orrialdean gaineratzen du: "Cantadeirasak edo enchoyadak (elkarrizketak) abesten dira, esan den bezala, inprobisatzaileen lehiaketa edo borroka horietan: nahiz eta, gehienetan, inprobisaziotzat nekazarien artean oso arruntak diren bertsoak hartzen diren" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Virgilioren III. Eglogan Menalcas eta Dametas poetek bertsoen bitartez borrokaldi bat daukate, eta autoreak, horrela, bertsolaritza txapelketen existentzia ezagutzen duela argi uzten du; hala ere, Egloga hura bat-bateko bertsoen kasua izatetik urrun dago.

Sebillotet, Le folk-lore - Litterature orale et ethnographique traditionelle (Paris. Octave Doin et Fils, 1913, 11-9 kapituluak) liburuan inprobisazioari buruzko Europako bi kasu aipatzen ditu: lehendabizikoa inprobisazio bakartia da, agurra edo ezkontzako goraipamen gisa, Pontaven (Finisterre-Bretainia frantsesa) 1873. urtean; bigarrena, berriz, lehiaketa edo borrokaldi itxurako inprobisazioa, Gales Herrialdean. Euskalerria aldizkarian (Donostia, 1896. urtea, XXXV. liburukia, 2. seihilekoa) Angel Maria Castellen "Bertsolaris... ingleses" izeneko artikuluan herri inprobisatzaile baten kasu jasotzen da: Carnavonen eta Bangorren - Gales Herrialdeko leku garrantzitsuak- Cymrygydions izeneko festa nazionaletan zehar, lehiaketa batean poetek bertsoan konposizio errazak egiten dituzte publikoa inguruan dutela.

Azpimarratzekoa da inprobisazio kasu guzti hauek Europako mendebaldean ematen direla, etnografikoki zelta arrazari esleitutako lurraldean. Gurean aurreko garaietan (XV. mendea) Usoa de Alos emakume harroputza, Deban, eta Lasturko dama, Lasturko Milia ohoretsuaren ahizpa, Arrasaten Peru Garcia de Ororekin ezkondua, bat-batekoan aritzen ziren. Gaurko Gizartean, ordea, inprobisazioa bakar batzuen ondarea da, maila apaleko jendearena, horregatik bertsolari deituak.

MLE



Gizateriaren garapen sozialaren lau etapa handietan, ehiztaria izatetik artzaina izatera, artzaina izatetik nekazaria izatera, eta nekazaria izatetik industrialaria izatera, bertsolaritzaren sorrera, duda gabe, artzainaren aroan dago, duela 10.000 urtetik gaur arte.

Artzainen bizitza ahozko literatura garatu ahal izateko hoberen egokitzen dena da, eta ahozko literaturaren berezkoa da bertsoak inprobisatzea eta abestea, jasota daukagunez. Oso adierazgarria da Virgilioren Eglogan aipatzen den Menalcasen eta Dametasen arteko bertso lehiaketa, zeinaren kopia Egloga izan nahi duen, larreen artean, eta ez beste leku batean, izatea. Artzainak denbora asko egoten ziren ardiak zaintzen eta, horrela, nekazal lan gogorretan aritzen ziren nekazariak baino inspirazio poetikorako aukera gehiago zeukaten. Gaur egungo esaera batek bertsolaria sarritan nekazari txarra baina artzain ez hain txarra dela dio.

Ikusten denez bertsolaritza Gizateriaren prehistoriari bikainki dagokion artea da eta, nahiz eta normalean prehistoriari buruz beste zerbait pentsatzen dugun, kulturaren alderdi interesgarri askotan ez da pentsatzen dugun bezain atzeratua, alderdi interesgarri asko ditu: hain zuzen ere bertsolaritza dugu horren lekuko.

MLE

Antzina, esan dugun bezala, bertsoak inprobisatzea pertsona ikasi ororen ondarea zela dirudi. Hala ere, zalantzarik gabe, jarduera horretarako pertsona batzuk beste batzuk baino prestatuagoak egongo ziren, eta herriak bertsoak egiteko hauek aukeratuko zituen. Gaur egun ere, gero ikusiko dugunez, Euskal Herria osoak bertsolaritza berea dela sentitzen du. Baina "abesten" dakitenak, inprobisatzen dakitenak, bertsolaritzaren subjektu aktiboak, gutxi samar dira. Hauei herriak bertsolari izena jarri die.

Bertsolari izenaren etimologiari dagokionez, "bertsotan aritzen denaren" sinonimoa dela esan dezakegu, hau da, "egiten" dituenak, gure kasuan "abesten" dituenak eta "bat-batean" abesten dituenak, aurretik esan dugunez euskal bertso herritarra abesten eta inprobisatzen jaio edo sortu delako. Gure kasuan bertsolaria "ahozko poesiaren subjektu aktiboa" da; horrela, ahozko literaturaren ezaugarri bereizgarri guztiak dagozkio, oroimenerako gaitasuna eta lokuzio erritmikoa inprobisatzeko trebetasuna, honek dituen ondorio guztiekin. Baina nahiz eta poeta herrikoiak mnemotekniako eta inprobisaziorako gaitasun hauek izan, ez zaio oraindik bertsolari deituko, hitzaren adiera herrikoiari kasu eginez gero. Herriak elkarrizketan burutsua eta zorrotza, eta satiran argia eta azkarra den gizakia ikusten duenean, besterik gabe pertsona hura bertsolaria ez ote den galdetzen du (Zuiñundikan ere bertsolaria zera).

Hona hemen bertsolariaren deskripzioari gehitu beharreko ezaugarri berria. Bertsolaria ahozko poesiaren subjektu aktiboa bakarrik izango balitz, ez zen egindako bertsoak abestuko zituen kantaria baino gehiago izango, abesten zituen bitartean inprobisatuak, oroimenean gordetzeko idazkiak egiteko ardura hartu gabe. Baina bertsolaritzari buruz herriak daukan irudia kontuan izanda, egiten ari garen deskripzioa osatugabea da. Ezaugarri bat falta da, agian herriak bere juglareetan gehien estimatzen duena: argitasuna, zolitasuna, zorioneko burutazioa, egokitasuna, zorroztasuna. Herriak batez ere poeta burutsua, satiraren erabileran trebea, maite du eta izena ematen dio; bere pentsamendua kontraste indartsuekin adierazten dakiena; beti gauzen alde harrigarriak bilatzen dituena; jendearen aurrean agertzen denean burutsua, bizkorra eta argia dena. Ezaugarri hauek izan dituzten guztiei herriak bertsolari izen entzutetsua eman die.

Horrela izan zen Xenpelar, historiara herri abeslariaren eredu adierazgarri bezala igaro dena. Horrela, lehen, Pernando Amezketarra, nahi bada bertsotan abestu zituenak baino, jarduterako orduan zituen burutazioei esker ezagunagoa dena. Horrela, Hernaniko Xabalotegi eta Amezketako Zabala. Horrela, beranduago, Zizurkilgo Joxe Bernardo eta haren iloba Pello Mari. Horrela, Udarregi, Usurbilgoa, eta Pello Errota, Asteasukoa, Ardotz, Oiartzungoa, eta Juan Krutz eta Larraburu, bailara berekoak. Horrela, Etxahundarrak, Bordelldarrak eta Zaldubidarrak, Bidasoaz bestaldekoak. Horrela, Txirrita, Altzakoa, eta Saiburu, Errenteriakoa, Telleritxiki, hiribildu berekoa, eta Nekezabal, Azpeitikoa, Larralde, Luhossoakoa, eta Larramendi baxenabartarra, eta Ligeix zuberotarra; horrela, Enbeitatar eta Uriartetar bizkaitarrak, eta Zabaletatarrak, Errenteria-Oiartzungoak; horrela, azkenik, bukaezinak ez egiteko, 1935. urteko txapelketa publikoan sarituak izan zirenak, Basarri, Zarauzkoa, Zepai, Errezilgoa, Matxin (Xenpelarren iloba) Senperekoa, eta Uztapide, Zestoakoa, Xalbador, Urepelekoa, Lazkao-Txiki, etab.

Guzti hauek, abesten dituzten bertso zehatzak egiterako orduan inprobisazio argiak egiteko gaitasun bereziaz aparte, indar ironiko arraroa daukate, publikoa denbora luzez esaten dutena arreta handiz entzuten mantentzen duena, eta noizbehinka barre-algarak lehertzea lortzen duena.

MLE

Orain arte esan dugun guztia bertsolariari buruzkoa izan da, hau da, bertsolaritzaren subjektu aktiboari buruzkoa. Zerbait esan dezagun, beraz, subjektu pasiboari buruz, bertsolariek botatzen dituzten bertsoak entzuten dituen herriari buruz. Izan ere, kontuan izan behar da bertsolaritza ez duela bertsolariak bakarrik egiten. Bertsolaritza abesten duen bertsolariaren eta entzuten duen herriaren arteko batasuna da, bigarrenak lehenaren espirituarekin eta inspirazioarekin bat egiten du, eta, horrela, sinkronizazio maila altua lortzen dute, askotan herriak bertsolaria inprobisatzen ari den bertsoaren azken partea asmatzen du eta, behin baino gehiagotan ikusi dugunez, berarekin batera abesten du, poztasun eta berotasun handiarekin gainera. Gertakari horrek suposatzen du bertsolariaren eta herriaren artean adostasun psikologikoa dagoela, eta askotan bertsolariak jendearengan eragiteko aukera izan du -batez ere tribuno zantzuak bazituen edo plebearen gidaria bazen-, asaldura politikoaren garaietan gobernuak inspiratu zituzten, eta, kasu batzuetan, bertsolariak herritik kanporatzeko aginduak eman zituzten, beldurra eta mesfidantza sortarazten zutelako.

Iparragirrerekin hori gertatu zen foruaren auzia dela eta. Herrialdean lehen Gerra Karlistako auzi dinastiko-erlijioso-forala galdu zen. Gorteek Bergarako Hitzarmena sinatu zuen Espartero jeneralaren eskariz, 1839ko urriaren 25eko legea bozkatu zuten zeinaren bitartez "foruak berresten" ziren, baina ondo kalkulatutako "batasun konstituzionalari kalterik ez egiteko" klausularekin, 1841ean Espartero jeneralak euskal erregimen pribatua indargabetzeko aprobetxatuko zuena. Irain honek, beste batzuekin batera, Herrialdeko bestelako elementuen erreakzio handia ekarriko zuen... Gure mendietan tragedia politikoa susmatzen zen... Baldintza hauetan Iparragirreren ahotsak, Gipuzkoako azoketan zehar bertsoak abestuz, beldurrak sortarazi zituen. Herrialde osotik joandako milaka pertsonen aurrean kantatzen zituen, Gernika'ko arbola, karlista guda-taldeetako gudari zaharra eta beste bertso askoren egilearen inspirazioen suarekin beraiek ere pizteko. Zalantzarik gabe, kontzentrazio haiek -Madrilgo Ganberan Egaña diputatuak [Disertación sobre los fueros. Gasteiz-Manteli, 1864, 207 orr.] hain ondo deskribatzen zituenak- guda berria eragin ahal zuten mugimenduak sortu ahal zituzten... Eta bertsolaria disimuluan Tolosara eraman eta bertan espetxeratu zuten, gero Santanderreko lurretara eraman zuten erbestearen samintasunak dastatzera.

Zibillak esan dute
biziro egoki,
Tolosa'n bear dala
gauza au erabaki.
Giltzapean sartu naute
poliki-poliki...
Negar egingo luke
nere amak baleki.

"Zibilek esan dute oso era egokian, Tolosan gauza hauek erabaki behar direla. Poliki-poliki giltzapean sartu naute... Nire amak jakingo balu, negar egingo luke".

MLE

Baina, ohiz kanpoko gertaera hauek alde batera utzita, bertsolaritzaren fenomenoan deigarrien gertatzen den gauzetariko bat, dudarik gabe, Euskal Herriak bere bertsolariak entzuteko duen zaletasun handia da. Handizkatu gabe esan dezakegu hiribilduko plazan bertsolarien txapelketa ona iragartzearekin batera baserriak husten direla. Norgehiagokak egoten zirenean ez zen arraroa jendea inguruko herrietatik eta baita urrutiko herrietatik ere joatea.

Ehunka pertsona joan ziren lanegun batean Pasaiako portura -aurreko mendearen bukaerako urtarrilaren 26 batean- Pello Mari Otaño agurtzera, egun horretan Euskal Herrian azkenengo bertsoak abestuko zituela entzun bezain pronto, izan ere, bertsolariak herrialdea bigarrenez utzi nahi zuen, baina oraingoan betirako, Argentinako Panpara joateko. Bertaratutako guztiak bertsolariak edo noizbait inprobisazioaren arte zailean saiakerak egin zituzten zaleak ziren. Billabonako Enparantzan lau milatik bost milara pertsona bildu ziren, 1802. urtean, bi ordu baino gehiago iraun zuen Xabalotegi hernaniarraren eta Zabala amezketarraren arteko norgehiagoka ikusteko.... Otsaila zen, negu gorria, eta 1802ko grazia urtea, trenbiderik gabe eta Gipuzkoan Irun-Madril errepide nagusia baino gehiagorik ia ez zegoen. Halaber, 1935. urtean 2.000tik 3.000ra ikusle Donostiako Kursaalaren beheko partea materialki indarrez hartzen ikusi genituen, Herrialde osotik etorritako hogei bertsolarien arteko txapelketa ikusi nahi zutelako. Bertan gure herrixketako baserritarrei askotan entzun dieguna ikusi ahal izan genuen: "Bertsolarien arteko norgehiagoka bat ikusten, jaten baino alaiago egongo zirela". Txapelketa goizeko hamaiketan puntuan hasi zen eta ordu bietan publikoak interes berberarekin jarraitzen zuen lehiaketa osatzen zuten lau ariketetako azkena, gauzak horrela bazkaltzeaz gogoratu zirenean eta ostatuetara joan zirenean bazkalordua erabat pasatuta zegoen. Hogei lehiakide izan ziren Donostiako Kursaalen. Bakoitzak hamar ahapaldi abestu zituen lau ariketa ezberdinetan. Guztira berrehun ahapaldi abestu zituzten eta ahapaldi bakoitzeko hamar bertso batez beste. Guztira, bi mila bertso eta mila kontsonante baino gehiago.

Datu guzti hauek bertsolariak oso entzutetsuak zirela erakusten dute, eta hau are gehiago baieztatzen da Herrialdean inprobisatzaileen izenek izan zuten ospea kontuan izanez gero. Xenpelar 1867. urtean hil zen, gazte oraindik, 34 urte zituela. Baina hala ere, gaur egun, hil zenetik ehun urte baino gehiago igaro ostean, bere izena oso ezaguna da Gipuzkoa osoan, Nafarroako mendian eta baita Bizkaiko leku gehienetan ere. Zalantzarik gabe, idazlerik entzutetsuena, jeneralik ausartena eta politikaririk trebeena baino askoz ere ospetsuagoa da; eta hainbat lekutan kirolaririk famatuena baino ospetsuagoa. Gogora dezagun oso famatua den hurrengo esaldia, Bertso berriak Xenpelarrek jarriak, hura esaera zahar bihurtu dela esan dezakegu.

Gainerakoan, bertsolaria herrietako festa gehienetan publikoaren aurrean jarduten du, festetako beste ekitaldi bat izanik. Normala denez festetan parte hartzeko eskualdeko bertsolari ospetsuenak aukeratzen dituzte. Hala ere, hauek eta maila gutxiko beste batzuk ez dira inoiz falta tabernetan edo baserrietako sagardotegietan igande zein jaiegunen arratsaldetan edo azoketan.

Herrialdeko eskualdeei dagokienez, bertsolariak edonon daudela esan dezakegu, euskaraz hitz egiten den edozein lekutan, Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan. Orain arte egin ditugun hainbat zerrendatan, Herrialdeko eskualde euskaldun guztietako bertsolariak aipatu ditugula ikus daiteke.

MLE

Ahozko literaturaren oinarrizko printzipio nagusiak kontuan izanda, bertsolaritzaren azterketa sakona egin aurretik, beharrezkoa da fenomenoa adierazteko bi modu ezberdin daudela esatea. Bertsolaria adierazteko dituen bi moduak hurrengoak direla esan dezakegu:

a) publikoaren aurrean bertsolaria bat-batean aritzea, beste bertsolari batekin lehian, edo bera bakarrik
b) bertso berriak izeneko orrien bitartez, bertsolaria bakarrik dagoenean egiten dituenak.

Jakina denez bertsolaritzak ospe handiena lortzen du inprobisazio arte bezala, hau da, bertsolaria bat-batean aritzen denean, eta, batez ere, norgehiagoka edo txapelketa batean jarduten duenean; bertsolaritzaz ari garenean adierazpen mota honi buruz ari gara, ez bertso berriak izeneko orriei buruz. Gauzak horrela, bertsolaritza ahozko literaturak gure artean duen adierazgarririk nagusiena dela esan dezakegu. "Adierazgarririk nagusiena" dela diogu, kopla zaharra eta poesia dekoratiboa baino adierazgarriagoa, izan ere bertsolaritzaren caeteris paribusak arte honek bat-bateko biziaren abantaila izatea egiten du.

Bertsolaritza arte dinamikoen edo mugimendua dutenen taldean -drama, oratoria, errezitazio poetikoa eta dantza- sar dezakegu, eta haren lagunekin harremanak ditu; baina arte horietatik berezko ezaugarri batzuetan ezberdintzen da. Elementu hauetatik bertsolaritzan hiru ematen dira: inprobisazioa, bertsogintza eta kantua. Besteetan aipatutako elementu horietatik bakar batzuk baino ez dira ematen. Drama, esaterako, ez da abestua, edo abestua izanez gero -drama lirikoan edo operan gertatzen den bezala- ez da bat-batekoa. Oratoria, berriz, ez da bat-batekoa, edo izanez gero -bere izaera ikusita bat-batekoa dela dirudi- ez da abesten eta ez dago bertsoan. Errezitazio poetikoan bertsoak daude, baina ez dira bat-batekoak eta ez dira abesten. Dantzan, bestalde, gaur egun praktikatzen den bezala, hitzak ez daude, edo egonez gero -panderetaren dantzan gertatzen den bezala- bertsoak ez dira bat-batekoak. Bertsolariaren lana, aldiz, aldi berean bat-batekoa, bertsoan egina eta abestua da.

MLE

Hemen ez dugu ezer esango bertsolaritzaren inprobisazio, pentsamenduaren erritmo eta oroimenaren garapenari buruz. Bakarrik gaineratuko dugu, koplariarekin gertatzen den bezala, bertsolariak azken ahapaldirako bertsoaren parte garrantzitsuena gordetzen duela. Hori dela eta, bertsoaren azken parteak entzuleak ahalik eta gehien hunkitzeko, bertsolariak bertsoaren lehen partearen eta azken parte garrantzitsuaren arteko nolabaiteko inkoherentzia nahita sortarazten du, aurreko ahapaldiak intentziorik eta erlaziorik gabekoak direla ematen du, bertsoaren bukaera asko nabarmentzeko eta entzuleengan ahalik eta indar handienarekin eragiteko.

Horrelakoa da bertsolaritzaren ahapaldiaren eredu herritarra. Eredu hau jarraitzen duten bertsoak herriak gehien eta hoberen sentitzen dituenak izaten dira baita ere. Bertso berriak eta koplak erabiltzen duten prozeduraren antzekotasuna bertsolari zuberotarretan are nabarmenagoa da. Zuberoako Larrauko Ligeix bertsolariak egindako bertso baten eta kopla klasiko baten arteko antzekotasuna hain handia da, batasun perfektuaren mugara iristen direla. Ori mendiko artzain atsegin hau bat-batean aritzen entzun dugu eta bere artea bertsolariarena baino benetako koplariarena dela ikusi ahal izan dugu, postulazio errondetako benetako koplarioaren altxor bitxia eman ziguten koplariena. Nahiz eta bertso txapelketa batean egon, hark bertsoak naturako eszena pintoresko batekin hasten zituen -zeru urdina gurutzatzen duten lainoak, oihana alaitzen duten txoriak, mendi-mazela ilunen artean marmar egiten duen errekatxoa, pago zabartsu baten oinetan gauetik goizera ernetzen den onddoa, etab.-, eta kantuaren erdian aurkariak nahita egindako erasoari erantzuten hasten zen -beti ere irribarrea ezpainetan izanik-. Eta erabiltzen duen arte "poetikoa" goresten bazaio, hori berak Xenpelar bertsolariak daukan borrokarako kemena ez duela nolabait disimulatzeko erabiltzen duen baliabidea dela erantzuten du, Xenpelarrek daukan adoreari eta kemenari esker ahapaldi guztietan nahita erabiltzen duen metraila kargatua izan dezakeela, baina berak abesten dituen hasierako bertsoak gogoa epeltzeko erabili behar dituela, bukaeran erantzun egokia eman ahal izateko. Hauxe da Ligeix bertsolari zuberotarrak ematen duen erantzuna.

Dena dela, koplari zuberotarrak -Zuberoako musikaren antzera, bitxiki oso sentimentala den arima duenak- eszena pintoreskoak erabiltzeari esker bertso berriaren modalitate zinez iradokitzailea eta ederra sortu du, horrela benetako kopla primitiboaren iturria biziarekin eta jarioarekin mantentzen delarik.

MLE

Bertsoaren kanpoko itxura bi elementuk osatzen dute, bertsolariak bertsoa egiteko daukan denbora apurrean -segundo pare bat- adierazi nahi duena pentsatzeko orduan kontuan izan behar dituenak. Lehendabiziko elementua bertsoaren barne erritmoa da; eta bigarrena, berriz, azkenengo errima, izan ere, ahapaldiko bertso bikoitzek, lau guztira, kontsonantzia izan behar dute. Ahapaldiaren prozesu erritmikoa bertso bakoitzak dituen oinen kopurua eta konbinazioa da. Prozesu erritmiko arinaren muntaketa bertsolariak lasai egiten du bat-batean aritzean erabiltzen duen melodian barneratu eta gero, melodiaren xarman axolagabe eramaten utziko balitz bezala. Musikak bat-batean egingo dituen bertsoen prozesu erritmikoaren arazoa konpontzen dio. Zalantzarik gabe fenomeno honek erritmoaren zentzua oso garatua izatea eskatzen du, bestela bertsolaria erabat galduta egongo zen. Puntu honetan bertsolaria dantzaria bezalakoa izan behar da, senezko erreakzioa izan behar du, izan ere, dantzariak jotzen duten edozein neurri edo erritmoaren aurrean oinak moldatzen ditu modu naturalean, arin eta arduragabe. Dantzariaren antzera, bertsolariak aldez aurretik erritmoaren zentzua asko garatu behar du, erritmoan birtuosoa izatera heldu behar da. Guzti hau bertsolariak bertsolaritzan asko ibili ostean lortzen du; izan ere, hasiberria bada eta entrenamendu egokia ez badauka, oso erraza da bertso "herrenak" egitea, bertsoaren barne erritmoaren oinetariko batean silabak faltan edo soberan izango dituelako.

Beraz, dudarik gabe melodia eta musika bertsolariak bat-batean jarduten duenean dituen lagun onenak dira. Seguruenik musikaren laguntzarik gabe ezin izango zuen bat-batean "soinu lehorra" deitzen denarekin jardun. Erritmoarekin lotutakoa azaldu ostean, bertsolariak inprobisatzerako orduan kontuan izan beharreko bigarren elementuarekin lotutakoa azaltzeari ekingo diogu. Errima dugu bigarren elementua. Errimaren inprobisazioa edo bertsoen kontsonantzia. Hauxe dugu bertsolaritzaren inprobisazio teknikaren punturik interesgarriena. Puntu honetan ezin dugu axolagabetasunari, arduragabetasunari edo berezkotasunari buruz hitz egin, bertsolariak bost zentzumenak eta gehiago jarri behar ditu bere zeregina ondo egin ahal izateko. Puntu honetan bat-batekotasunari buruz baino, aurreikuspenari edo hornikuntzari buruz hitz egin behar dugu, baina aurreikuspena eta hornikuntza robot batek egin dezakeen arintasunaz, buruko azkartasunaz baino gehiago. Bertsolariak berehala lau hitz "kontsonante" aukeratu behar ditu, ondoren, bertsoak aurrera egin ahala bata bestearen atzetik aipatuko ditu, orain lehena, gero bigarrena, etab... laugarrena aipatu arte, eta azkena izan behar da, hain zuzen ere, indar handienekoa, egokiena, zorrotzena, publikoaren algara edota txalo-zaparrada beroa sorrarazi behar duena. Kopla zaharren eta, orokorrean, kopla osoaren berezko muntaia da, beste hizkuntzatan grafikoki in cauda venenum = "pozoia buztanean" esaten dena. Indartsuena azkenean.

Ahapaldiaren eraiketa hau, bertso indartsuena azkenean daramana, oso garrantzitsua da, ahapaldia osatzen duten aurreko beste hiru bertsoen kontsonantzia edo errima -bertsolariak puntua deitzen diolarik- ezartzen duelako. Hori dela eta -hemen dago bertsolaritzaren bat-batekotasunaren gauzarik bikainena-, inprobisatzaileak bere buruan izan behar duen lehen gauza, bere artean esan behar duen lehen gauza, ahapaldiaren azken partea da. Azkenengoa lehendabizikoa da. Ia Navarro Villosladaren Amaya da asieria = "El fin es el principio" eleberrian bezala. Hau da, euskal atsotitzaren atzekoz aurrera. Osotasunaren sorrera bukaeratik hasten da. Edo amaieraz ari direla eskolastikoek erabiltzen duten primum in conceptione, ultimum in exequtione: "amaiera ekintzan azkena da baina ulerkuntzan lehena". Bukaera animalia arrazional batek lehendabizi ulertzen duena da... bertsolariak antzeko gauza egiten du, lehenengo bertsoaren azkenengo partea pentsatzen du eta hori oinarritzat izanda beste guztia eraikitzen du, aurreko beste hiru distikoak azken ahapaldiko azken hitzari egokituz, horrela, bertsoaren errima osoa eginez. Baina prozesua behar den neurrian aztertzeko, kontuan izan behar da bertsolariak txapelketan dagoenean muntaia egiteko segundo gutxi dituela, eta azkenengo errima oinarritzat dituzten lau errimak oso arin egiten dituela. Esan bezala, prozesuak segundo gutxi irauten du, aurreko lehiakideak bere bertsoa amaitu eta berehala, hurrengo bertsolaria, apenas arnastu gabe, bere bertsoarekin aurkariari erantzuteko irrikitan dago.

Argi dagoenez, guztia lan eta entrenamendu handiaren, eta, agian, bertsolaria izateko hautagaiak herentzia atabikoaren ondorioz daukan aldez aurretiko jarrera psikologikoaren emaitza da. Entrenamenduaren berehalako emaitzetako bat, bertsolariak beraren bitartez gero erabiliko dituen mota guztietako errimak sortzen dituela da, errazak, -ea, -ia, -ean, -ian, oa, -ua, -oan, -uan... bukatzen direnak, edo arraroagoak direnak, -ana, -ona, -una, -aña, -iña, -oña, -uña, -ela, -ola, -atza, -otza, -are, -ere, -on, -un, etab. Sortzen duen errepertoriotik behar dituen kontsonantziak aukeratuko ditu, ahalik eta azkarren, eta ahapaldiaren hasieran erabiltzen hasiko da bukaeran jarri nahi duen bertso nagusiarekin bat datorrela kontuan izanda.

Bertsolaritza txapelketetako merituetariko bat lehen eta azken bertsoen artean dagoen lotura logikoa da hain zuzen ere. Gai honekin lotuta oso tipikoa da inprobisazio perfektu baten kasu historikoa, derrigorrez aipatu behar dena eta Gipuzkoako bertsolaritzaren historiara igaro dena. Batzuen arabera Zarauzko Aian izan zen, beste batzuen arabera, berriz, Elgoibarren. Protagonista Pello Errota asteasuar ospetsua izan zen. Bigarren Gerra Karlista bukatu zenean gertatu zen, 1875. urtearen inguruan. Gerra bukatu berria zenean, herri batzuetan, biztanle gehien zituztenetan edo gerra galdu zuten karlistekiko nolabaiteko begikotasuna zutelakoan susmagarriak zirenetan, goarnizio txikiak zeuden oraindik, edo gutxienez postuko Guardia Zibilak ingurua gero eta gehiago zelatatzen zuen, hurbiltzen ziren kanpotar guztiei dokumentazioa eskatuz. Herriaren sarreran postuko komandanteak Pello Errotari, beste guztiei bezala, dokumentazioa eskatu zion, gaztelaniaz noski. "A ver, el papel". Pellok, ironiarekin bertsolari ona zelako, eskaerari hurrengo bertsoarekin erantzun zion:

Buenos días, txanbergo jauna,
erantzirikan txapela;
gaurku onetan ez bait-det uste
izango dedan kartzela...
Aspaldi ontan, urria baño
geyago degu papela;
ta ikusi dezan, ar baza, jauna,
Komuniyoko Txartela.

"Egunon, txanbergo jauna, / txapela kenduta; / gaur ez dut uste/ kartzelara joango naizenik. / Azkenaldian, urrea baino gehiago / papera daukagu inguruan; / eta ikus dezazun, har ezazu, jauna / nire jaunartzeko txartela"

Bat-batekoa azter dezagun. Pello ironikoak, kasu honetan Komandanteari erantzuteko bertso bat egin behar zuenez, lehendabizi bertsoaren bukaera pentsatu zuen: "...ar beza, jauna / Komuniyoko Txartela". Orain -ela-rekin errimatzen zuten hiru hitz behar zituen; eta berehala txapela, kartzela eta papera hitzak pentsatu zituen, gaiarekin primeran bat egiten zutelako. Komandanteak papera edo dokumentua exijitzen zion eta kartzelan sartzeko mehatxua egin zion gutxi gorabehera; gauzak horrela, eskaria jaso duena makurtzen da, ironikoki, txapela kenduta. Guztia oso logikoa da baldintza horietan. Bertsoaren hasieraren eta bukaeraren artean egiten duen parentesiak ere bere garrantzia dauka, baliogabea eta intentzio-gabea dirudien arren, urrearen gabezia dagoela eta papera metal preziatua baino gehiago dagoela esaten duenean: bigarren gerra karlista bukatu zenean herrialdearen ekonomian aldaketa eman zen, urrea zirkulaziotik kendu zuten eta haren ordez zirkulazio fiduziarioa, "paperarena", hasi zen.

Ikusten denez, Pello Errotak egoera horietan ahapaldi tipikoa egin zuen bertsoa osatzeko hitz alferrak erabili gabe, izan ere, oso mamitsua da, herrikoia bezain egokia, azaltzen ari garen "atzekoz aurrera", hau da, "bukaeratik hastea", prozedura jarraituz. Baina prozedura hau ez da bertsolariek erabiltzen duten bakarra. Bat-batean jarduterakoan batzuk prozedura hau alde batera uzten dute eta bertsoa abesten hasten dira, abenturara doaz, azken ahapaldia ez dute oinarritzat hartzen, lehendabiziko distikoan erabiltzen duten errima bertso osoa eraikitzeko erabiltzen dute; baina prozedura hau erabilita arrakasta bertsolaritzan maisu handiak direnak lortzen dute bakarrik, esaterako, Uztapide, Xalbador, Basarri, etab.; Basarrik aldi berean azaldu dugun lehen prozedura arrakasta miresgarriarekin erabiltzen zuen.

MLE

Bertsolaritzan abesterakoan errima musikaren esku geratzen dela nabarmendu behar da, haren ibilgutik poetak bere inspirazioaren hitzak husten ditu, eta arduragabe egiten duela dirudi. Bertsolariak ez ditu bertsoetako silaba kopurua zenbatzen, ezta azentu kopurua ere, eta ez zaio hori egitea bururatzen. Doinuaren joerari jarraitzearekin nahikoa du, hark eramaten dion lekutik ardurarik gabe joanez.

Melodiak silaba bakoitzeko nota bakarra izanez gero (melodia silabikoa) ez dirudi zailtasun handiegirik dagoenik: nota bakoitzeko silaba bana sartzen da. Baina doinuak silaba bakoitzean hainbat nota dituenean, bat-bateko jardunean hau ez da ohikoena, poetak ezagutza praktiko egokia izan behar du, doinuarekiko konfiantza, silabak nota talde bakoitzean sartzen joateko, pneuma bakoitzeko kantu gregorianoaren teknikan esango zen bezala, hain zuzen, bertsolariek abesteko duten formarekin antz handia duena. Diptongoei dagokienez, Pirinioetako bi aldeetako bertsolarien artean jokabidean edo erabileran ezberdintasunak daudela nabaritzen da. Hegoaldekoek ea, oa, ia eta ua (joan aditza kasu batzuetan salbuetsita) konbinazioak ez dituzte inoiz silaba bakartzat jotzen. Lapurtarrek, Nafarroa Beherekoek eta Zuberotarrek, aldiz, diptongoak izango balira bezala erabiltzen dituzte, silaba bakarra osatuko balute bezala, au eta ai korrelatiboekin egiten duten antzera.

Bertsolariek ahapaldiko kontsonante kopurua baino ez dute kontuan hartzen, eta hauei beren termino teknikoan puntuak deitzen diete. Kontzienteki, errimaz baino ez da arduratzen. Eta errimaren arabera, nomenklatura teknikoa eta haren sailkapena ezarrita dauka, ez bertsoena, ahapaldiena baizik. Horrela, bederatzi puntuko bertsoez hitz egiten entzuten da, herri poetikaren zailenak direnak, bertsolari on ororen tour de force-a osatzen dutenak. Xenpelarren Betroiaren tratua eta Bilintxen Zaldi baten bizitza bederatzi puntuko bertsoak dira. Eta euskarazko herri poetikaren eta gaztelerazko poetikaren artean ezberdintasuna dagoela ikusi behar da, adibidez: gatelerazkoak ez ditu ahapaldi bakoitzean lau kontsonantzia perfektu baino gehiago onartzen, eta euskarazkoak, ikusten dugunez, bederatzi ere onar ditzake. Hala eta guztiz ere, bertsolariek abesten dituzten bertso gehienek lau kontsonantekoak dira. Batzuk ere bost puntukoak dira Pello Mari Otañoren Mutil koxkor bat itsu-aurreko edota Bilintxen Mando baten gañean adibidez; seikoak ere badaude, Xenpelar-Musarroren Aizak, Mañuel mañontzi esaterako.

Gazteleraz kontsonantzia lortzeko ahapaldi berberean hitz bera errepikatzea onartzen ez duen legeak, nekazal inguruetako poetikan aplikazio berezia dauka. Bertsolariak ezin du kontsonantzia lortzeko bertsoaren bukaeran hitz bera errepikatu, baina ez hori bakarrik, izan ere ezin du hitz bera ahapaldiko bestelako punturen batean errepikatu. Ahapaldi batean behin erabilitako hitza ahapaldi berean berriz ere ezin da errepikatu, bertsolariak ahaztu behar du, bestela potoa deitzen dutena egingo luke, eta hau porrotaren sinonimoa da, moztuta geratzea (poto egin). Potoa akats larria da eta bertsolari saiatu batek ez luke inoiz egin behar, esan dugunez porrotaren sinonimoa delako. Gainontzean, kontsonantzia egiterakoan kontuan izan behar da aditzaren laguntzaileak (da eta du batez ere) eta bat zenbatzaileak atzizkitzat hartzen direla eta, horrela, bertsoaren bukaeran edo beste edonon errepikatu ahal dira ez baita potorik egiten (gizon bat, esaterako, aiton bat hitzekin kontsonantzia perfektuan dago; egin du, jakin du-rekin; gaizki da, jailki da-rekin, etab). Guzti honetaz aparte, ziurtatu dezakegu bertsolaria orokorrean ez dela pozik geratzen bertsoetako azken silabak bokaletik aurrera bakarrik soinua dutenean, batez ere bokala a edo an, etab, artikuluarena, denean, nahiz eta bertso zorrotza edo katalektikoa (oinetariko bat akastuna denean) izan, gazteleraz gertatuko zen moduan; bertsolariak kontsonantzia azken-aurreko silaban hastea exijitzen du. Inoiz ez ditu burua eta begia, besoa eta ilea, edo behatza eta hanka behar bezain kontsonantetzat hartuko. Ez horrela bukaera i edo o duenean (gogo, jango; utzi, gorantzi); baina kasu hauetan silaba osoaren kontsonantzia eskatuko zuen, ez bakarrik bokalarena (kasu horretan, go eta tzi); non eta aurreko bokala ere batera etortzen ez bada (ondo, gogo; jantzi, jakin). Arau orokor bezala esan dezakegu kontsonantea zenbat eta errazagoa izan (a, a, ak, etan; kin; tzen; ten, etab, atzizkiak) herri poetikaren jenioa aukeraketan zorrotzagoa izango dela. Eta ahapaldiak zenbat eta silaba gehiago izan, berarekiko tolerantzia are handiagoa izango da, bederatzi puntuetakoarekin gertatzen den moduan. Bere garaian Xenpelarrek piztutako mirespenaren arrazoietako bat, bederatzi puntuetako ahapaldietan ere kontsonantzia perfektua egiteko erraztasun handia zeukala zen.

MLE

Doinuari dagokionez, bertsoen erritmoa haren esku geratzen da aurretik esan dugun bezala, beharrezkoa da, ezer baino lehen, bertso berriaren eta bat-batekoaren artean lehen egin dugun bereizketa berriro ere azpimarratzea. Bertso berrietan doinu mota gehiago daude bat-bateko bertsolaritzan baino. Inprobisazioan aritzen denean bertsolariak doinu batzuk gustukoen ditu, orokorrean gutxi dira, eta horietara behin eta berriz bueltatzen da konturatu gabe, nahiz eta esfortzu handiarekin batzuetan beste doinu batzuk erabiltzea lortzen duen, baina hau gutxitan izaten da. Melodia hauen ezaugarri orokorrak ia akonpainamendurik ez dutela, erritmoen arintasun nabarmena eta mugimenduak egiteko azkartasuna dira. Inprobisazioan bertsoa hain da azkar sortzen da, bertsolariak ahapaldiak antolatzeko, kantatzeko erabiliko duen denbora baino gehiago ez duela behar, eta astiroago abesteak emango zion lasaitasuna aprobetxatu gabe gainera. Honen ildotik aipatu behar da, adibidez, Pello Joxeperen kantu pausatua, lauko konpasa erabiltzen zuen eta Etxeberria Guimonek egindako transkripzioari esker ezagutzen dugu, hala ere gure bertsolarien artean ezezaguna da, nahiz eta hauek kantu batzuk melodia berdinarekin kantatzen dituzten, baina bost-zortziko konpasa erabiltzen dute, ez laukoa, zortzikoaren antzera baina arina, punturik gabe, eta kantu gregoriarraren itxura pixka bat du (lehen adibidea ikusi). Eta beste era batera abesteari bertsolariek "kaletar eran" abestea deitzen diote, Xenpelarrek "jauntxo eran" edo "Iparragirreren antzera" deituko zuena.

Horretaz gain, bertsolariak abesten duenaren lerro melodikoan nabaritzen da lerro garrantzitsuenak mantentzeko formula edo diseinu melodiko askori ukitua eman diola, askotan oso adierazgarriak dira gainera, baina nahiz eta aldaketa horiek egin, bertsolariak melodia berberatzat hartzen du, ukitu pertsonala eman badio ere. Estilo hau kontuan izanda, herri poetarentzat Eun libera balio-ko edo Txorietan buruzagi-ko lehendabiziko lau konpasak eta Gu gera iru probentzi-ko konpasak berdinak dira. Bertsolariek bat-batean jarduteko nahiago dituzten doinuak zeintzuk diren esan aurretik, garrantzitsua da eskualdeen artean dauden ezberdintasunak zein diren ikustea. Pirinioen bestaldeko inprobisatzaileek orokorrean gipuzkoarrek baino doinu zainduagoak eta musikalki hobeto fraseatuak abesten dituzte. Bizkaiko bertsolarien artean Enbeitak zortziko bat zabaldu du, "XIX. mendeko Euskara Festen estilokoa", zehaztasun melodiko handiagokoa eta erritmo biziagokoa, duela urte gutxi Arrese Beitiak kantatzen zuen Arbola bat zen paradisuan doinuaren antzekoa -ukitu batzuekin berdina ez bada-.

MLE

Metrika. Bertso txapelketetako eta bertso berrietako doinu ezberdinek sortzen dituzten erritmo ezberdin guztiak hemen erakustea ezinezkoa denez, doinuekin egin dugun bezala adibide bakar batzuk ekarriko ditugu. Erritmo arruntenak zortziko nagusi deitutakoa - bertso bakoiti dekasilabiko akatalektikoen eta bikoiti oktosilabiko katalektiko kontsonanteen tetrapodio daktilikoa-; eta zortziko txikia -bertso bakoiti heptasilabiko akatalektikoen eta bikoiti hexasilabiko katalektiko kontsonanteen tripodio daktikoa- dira. Hauei bertso oktosilabikoak, katalektikoak eta kontsonanteak dituzten Ikusten duzu goizean edo Uso txuria bezalako tetrapodio daktilikoak gehitu ahal zaizkie, guztiak bat izan ezik, ahapaldiaren erdian dagoena -laugarrena Ikusten duzu-n eta hirugarrena Uso txuria-n-, hura dekasilabiko akatalektiko eta ez kontsonantea baita. Orokorrean kontsonantzia oin katalektikoan edo altuan dago. Oin akatalektikoa edo baxua gutxitan errimatzen da. Ikusi esaten ditugun ahapaldien eskemak. Zortziko nagusiarena horrelakoa da:

?   υ  υ   ?         ?   υ  υ   ?      

?   υ  υ   ?         ?         ??

kontutan izanik daktiloa eta espondeoaren arteko hurrenkera ( ?   υ  υ   ?      ) alderantzizkoa ere izan daitekeela ( ?         ?   υ  υ). Hona hemen adibide bat:

?         ?   υ  υ ?   υ  υ   ?      
ume eder bat ikusi nuan
   ?   υ  υ   ?         ?         ??
donostia'ko kalean.

Zortziko txikiarena honelakoa da:

?   υ  υ   ?         ?      
?   υ  υ   ?         ??

aurreko ereduan aipatutako ohar berarekin: daktiloa-espondeoa-espondeoa hurrenkera ezberdina izan daitekeela ( ?         ?   υ  υ   ?       o ?         ?         ?   υ  υ). Hona hemen adibide bat:

?   υ  υ   ?         ?      
z i b i l l a k esan deutse

?         ?   υ  υ   ??
Iparragirre'ri

Uso txuria-ren eredua honelakoa litzateke:

?   υ  υ   ?         ?         ??
?   υ  υ   ?         ?         ??
?   υ  υ   ?         ?   υ  υ   ?      
?   υ  υ   ?         ?         ??
?   υ  υ   ?         ?         ??
?   υ  υ   ?         ?         ??

aurreko oharra ere aintzat hartuz. Hona hemen adibidea:

?             ?   υ  υ       ?         ??
uso txuria errazu
?         ?   υ  υ   ?         ??
norat joaiten zeran zu
?   υ  υ   ?         ?   υ  υ   ?      
espainia'ko porruak oro
?   υ  υ   ?   υ  υ   ?         ??
elurrez beterik dituzu
?   υ  υ   ?         ?         ??
gaur gaberako ostatu
?         ?   υ  υ   ?         ??
nere e t x e a n ba'dezu

MLE

Laugarren elementu erritmikoari dagokionez, dantza, ez dugu hura bertsoarekin lotzen duen kasu bakarra ere ezagutzen, letrak esan nahi duena gorputzaren mugimendu erritmikoekin indartzeari dagokionez behintzat. Agian trikitiak edo hitzak dituzten dantzak horren oroitzapenak izan daitezke, Txakolin eta Ziriko beltza adibidez, baina gaur egun hauek praktikatzen diren era ikusita, "dantzak hitzekin" baino ez dira, inolaz ere bertso dantzatuak. Zalantzarik gabe, poeta abeslariak -bertsolariak- ez du abesten duen letra gorputzaren erritmoarekin inoiz indartzen. Oratoria, guztiarekin ere, ez da Lapurdi eta Zuberoako bertsolarientzat ezezaguna. Gipuzkoarra, berriz, orokorrean geldi egoten da eta errespetu osoz, norgehiagokaren momenturik beroenetan ere. Txirritaren aurpegiak eta, bereziki, haren lehengusu Saibururenak, nolabaiteko introspekzioa erakusten zuten abesten zutenean.

MLE

Euskaldunari ez zaio inoiz bere bizitza pribatuko historia idatzita uztea gustatu eta bertsolaritzari dagokionarekin ere gauza bera egin duela esan dezakegu. Eremu honetan Garibairen kasua baino askoz gehiago ez daukagu, bere Memorietako kapitulu batean bi emakumek idatzitako bi hileta-eresia transkribatu zituenak: Milia Lasturkoren ahizpak eta Martin Ibañez de Artazubiagaren alargunak, Santxa Ochoa de Ozaetak (XV. mendea), idatzitakoak. Bi horiei itxuraz Beltran de Alosena zen gorpuaren aurrean haren alabak, Usoa de Alosek, abestu zuen beste eresia bat, tradizioak gogora ekartzen diguna, gehitu behar zaie.

Baina kronikari atzerritarrak eremu honetan are urriagoak izan dira; Vita Sancti Amandi (674. urtea) lana idatzi zuen autoreaz aparte gutxi izan dira gai honi buruz ezer esan digutenak. Vita horrek abestiekin eta keinuekin elizako entzule euskaldunak apaizak predikatzen zuen bitartean distraitzen saiatzen zen juglare bati buruz hitz egiten digu. Gai honetan oso arraroa da Eskritura Santua ikertzen dutenak, Itun Zaharreko eta Berriko kantiken inprobisazioaren arazoa argitzeko interes handia dutenak, batez ere bat-batean aritzen dena emakume bat denean, adibidez, Maria Ama Birjina -inprobisatzaile hauen egiantza eta posibilitatea batzuek zalantzan jarri dutelarik-, gaia argitzeko ez dutela inoiz gure herriko bertsolaritzaren inprobisazioarengana jo, eta, aldiz, urrutiko eremuetara jo dutela, Saharako tuaregetara edo Afganistango dunsetara, Madagaskarreko Hain Teny Merinetara, Marcel Joussek egin zuen bezala, edo Suaren Lurreko tribu yagoietara, Grandmaisonek egin moduan; idazten zuten lekutik (Paris) oso gertu zeukaten gure herrian, diogunez, bat-batean jarduten zutenen loraldi ederra, inprobisazio biblikoaren arazo nagusiak azaltzeko eta ebazteko gai zirenak, nahiz eta bat-batekoak emakumeek egindakoak izan. Emakumea zen gure Santxa Otxoa de Ozaeta, Martin Ibañez de Artazubiagaren emaztea, Milia Lasturko ahizpa bezala, baita Usoa de Alos zorigaiztoa bera ere... Guk Pello Errotaren familiako bi emakume ezagutu ditugu (arreba eta iloba) gizonezkoen kontra bertsolaritza txapelketetan aisetasunarekin lehiatzen zirenak: era berean, Xenpelarren iloba bat ezagutu genuen, neska apala eta lotsatia, jendaurrean ez zituen bertsoak botatzen, baina intimitatean profesional baten maisutasunarekin inprobisatzen zuen.

Eta jarrera hura eskrituralariek izatea harrigarriagoa da, izan ere, idazten zuten garaian (1925-1929) Frantzian bertan eta maisuki, bertsolaritzaren eszena tipikoak zehaztasun handiarekin deskribatzen zituzten lanak idatzita zeuden, Pierre Lotiren Ramuncho eleberria edo Agustin Xahoren Biarritz-Itinéraire pittoresque horren adibide. Azken idazle erromantiko itzel honek eszenak puztu egiten ditu nahi bada, bertsolaria poeta lirikoen moduluen eraginpean egotea nahi duelako, horiek asko gustatzen zaizkiolako, baina benetako eta egiazko bertsolariek erabiltzen zituzten moduluetatik oso urrun daude, oso ezberdinak dira, aurretik esan dugun bezala, eta nahiz eta puztuta egon, zehaztasun handiarekin deskribatzen dituen eszenak egiazko inprobisazioarenak dira.

Bertsolaritzaren atzerriko historiaren gaiari berriro helduz bi deskripzio gehiago gehituko ditugu hemen, beste horrenbeste jarduera historikoenak, baina kasu honetan ez dira hain zaharrak. Lehendabizikoa Beran 1880. urtean izan zen, bigarren gerra karlistaz geroztik; bigarrena Donostiako Kursaalaren etxabean 1935. urte gogoangarriko urtarrilaren 20an gertatu zena. Nahiz eta azken honen lekukoak izan ginen, biei buruz beste esku batek egindako kontaketa emango dugu. Prentsak argitaratu zituen kontakizunekin azkenaren deskribapena osatuko dugu, gure ohar batzuekin batera. Lehenerako Madrazok "España" izeneko bildumako Navarra y Logroño liburukian Manterolari kopiatuz, hura ere deskribatzen duen espektakuluaren lekukoa izan baitzen, idatzitakoa kopiatuko dugu.

"Arratsaldeko hiruretan enparantza jendez gainezka zegoen Pedro Jose Elizegi (Asteasuko errotaria) eta haren anai Juan Cruz Elizegi, hiribildu berekoa baina orain Oiartzunen bizi dena, bertsolari-inprobisatzaileen aurkezpena itxaroten, Elkarteak (Lore Joko Euskaroena) iragarri zuen lehiaketan indarrak neurtzera joan zirenak.

Epaimahaia zegokion lekuan egonda, lehiaketa hiru eta erdietan puntuan hasi zen, eta lau eta laurdenak arte iraun zuen. Berrogei minutu eskasetan bi nekazariek, gure bertsolari ezagunen berezko zorroztasunarekin, zeinen argitasuna entzuten zaienean gehiago miresten den, herriaren txaloen artean 36 ahapaldi inprobisatu zituzten, bakoitza 8 bertsoduna, entzuten ari zen jende andana pozik eta gustura utzita. Elizegi anaiak emanaldiaren lehendabiziko partean baino maila altuagoan egon ziren, hamabost minutu eskasetan azkartasun harrigarriarekin inprobisatzen, eta kultura literariorik gabeko pertsonengan oso miresgarria zen zentzutasunarekin eta trebetasunarekin, eta gure herrietako gizonek daukaten zentzu praktiko inbidiagarriarekin, errotariak 16 ahapaldi eta haren anaiak 15 bota zituzten, bakoitza 8 bertsoduna, guztira 31 ahapaldi eta 248 bertso, guztiei deigarria iruditu zitzaien emankortasun ikaragarria, eta euskara bertsolaritzarako ezaugarri ezin hobeak dituela erakusten duen datua. Antzinako desadostasunak ahaztea, alderdi politikoetatik egindako urrunketa zuhurra, urte askotan zehar banandu gaituztenak eta desengainu mingotsak eta gure gizarte eta administrazio antolakuntzan zauri sakonak sorrarazi dutenak; Euskalerriko seme guztien batasun zintzoaren eta praktikoaren beharra eta egokitasuna, gure historia eta tradizioa osatzen duten printzipio handien barnean; gure hizkuntza primitibo miresgarria eta gure ohiturak eta usadioak zaintzea: hauek izan ziren nekazari latz horiek berriz hasitako inprobisazioaren lehen partean, jendetzak behin eta berriz txaloekin eteten zuena, zorroztasun eta trebetasun miresgarriarekin jorratu zituzten gaiak. Emanaldia zortzietan puntuan amaitu zen bi lehiakideen arteko herritar izaerako elkarrizketa pipertsuarekin; Euskara Elkarteak ezarritako 80 pezetako saria eman zizkieten eta erdibana banatu zuten. Laburpen bezala hurrengo datu bitxia hemen ematea ez da gaizki egongo: borroka baketsu eta interesgarri honek iraun zituen "hirurogeita hamar" minutuetan, atsedenaldi txikiak kenduta, Elizegi anaiek "zortzi bertsoetako ehun eta hogeita zazpi ahapaldi" inprobisatu zituzten, hau da "hamar mila eta sei bertso": horrek esan nahi du minutu bakoitzean batez beste hamalau bertso eta erdi bota zituztela. Horrela ulertuko da inprobisatzaile emankor hauei jarraitzea oso zaila dela, beren ezpainetatik irteten diren ideiak hartzea batere erraza ez dela, nahiz eta horretarako takigrafiaren edo estenografiaren artea erabili." (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Hona hemen Jose de Arteche publizistak 1935. urteko urtarrilaren 25eko Euzkadi aldizkarian Kursaaleko festari buruz zioena:

"Puntualtasun azpimarragarriarekin, hamaiketan puntuan lokalaren ateak itxi zituzten, eta pertsona gogotsu asko ezin izan ziren barrura sartu, esertzeko lekua ez zuten inolaz ere aurkituko, lehiaketa hasi zen, formalitate guztiekin, euskaldunen artean tankera honetako ekitaldiek daukaten seriotasunarekin. Epaimahai kalifikatzailearen eta publikoaren aurrean Basarri, Sepai, Txapel, eskarmentu handiko Txirrita, Urnietako Alkain, Kortatxo, Matxin lapurtarra eta Larralde baxenabartarra, nabarmen gutxiagoa ez zuten beste askorekin batera, formatu zuten. "Bertsolariei" eta publikoari azken oharpenak eginda, Basarri apartak norgehiagokari hasiera eman zion eta ondoren besteak etorri ziren, bi itzulitan beraiek aukeratutako gaia landuz. Joerak, estiloak eta jardunbideak sumatzen dira jada. Eta lehen zatia norgehiagokan bete-betean eta era sinestezinean sartu den jendetzaren esku-zarta gogotsuarekin amaitu da". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Momentu batean egunkariaren kontakizunean etenaldia eginda, testigu bezala lehendabiziko ariketan ikusi genituen xehetasun pare bat gaineratuko ditugu, bertsolariak momentu oro inprobisazioak erraz egiteko daukan segurtasun handia erakusten dutenak. Txapelketara aurkeztu ziren bertsolari gehienek gai librea zeukan lehendabiziko ariketa honetarako ahapaldiak aldez aurretik prestatuta zekartzaten. Baina hori ez zuten lehiakide guztiek egin; lerro hauetan askotan aipatu ditugun Txirritak eta haren lehengusu Saiburuk, momentu horretan festan gertatzen ari zen edozein gauzari buruz kantatzea erabaki zuten. Ez zeukaten lehiaketaren lehen ariketan esango zutena aldez aurretik pentsatuta, bertsolari handiek egiten duten bezala. Espero ez zen gertakizun batek ariketa honetan inprobisazio elokuente bati bidea eman zion. Ariketa hasi zenean oraindik Bidasoaz bestaldeko Matxin eta Larralde lehiakideak falta ziren eta Alkain urnietarra abestera zihoan momentuan agertu ziren, eta haren ostean Matxinen txanda zen. Gauzak horrela, Matxinek ez zuen izan ariketaren baldintzak zein ziren jakiteko aukerarik.

Alkainek bederatzi puntuko ahapaldi ederra abestu zuen, Betroi baten tratua-ren doinuarekin. Matxinek arretaz entzun zion eta ondoren, doinua eta gaia derrigorrezkoak zirela pentsatuz, Alkainek erabilitako gaiarekin jarraitu zuen konturatu gabe, doinu bera erabiliz eta ahapaldiak derrigorrez eskatzen zituen bederatzi kontsonanteetan hanka sartu gabe, eta egoeraz ohartu zirenen, Alkainek erabilitako doinua eta gaia derrigorrezkoak ez zirela jakin gabe errepikatu zituela ikusi zutenen, bertsolariak jendearen mirespena lortu zuen. Baina itzul gaitezen berriz Euzkadi egunkariaren kontakizunera:

"Bigarren zatia. Oraingoan epaimahaiak "bertsolariek" erabili behar duten gaia ezarri du eta hurrengoa da hain zuzen ere: "Euskara desagertzen bada, zer izango da gure euskal lurrari buruz...?". Basarrik gero eta gehiago dituen kulturaren eta garbiketaren ezaugarriak hemen nabarmendu dira. Beste batzuek inprobisazioetan iniziatibak eta proiektuak nabarmendu dituzte. Eskarmentu handiko Txirritak umorezko ukitua eman du, sorbaldaren gainean hirurogeita hamalau urte dituela eta erdara ezagutzen ez duela esanez. Baina -gaineratzen du- euskara desagertzen bada neurriak hartuko ditu. Latinezko irakasle bat kontratatuko du hizkuntza hura ikasteko. Hirugarren ariketa. Bertsolariek urduritasunarekin itxaroten dute. Epaimahaiko kide batek, Zubimendik, "bertsolariei" egin behar duten bertsoaren neurria esaten die. Hala ere, ariketaren zailtasuna ez dago hemen. Zubimendi Epaimahaitik bertsolari guztiengana abiatu da, banan-banan lehiakide bakoitzari ahapaldiaren hasiera ezberdin bat ematera -lengoaia teknikoan "mutur" deitzen dena-. Bertsolari bakoitzak hasiera hori kontuan izanda bertsoa bukatu behar du, berehala gainera. Ariketa liluragarria. Momentu horretara arte poetak ez daki egin behar duen bertsoaren kontsonantea zein den, eta gure artisten argitasuna, orain arte hain mespretxatua izan dena, orain agerian jartzen da. Zer nolako arretarekin espero dute "bertsolariek" Epaimahaitik zuzentzen dieten galdera, oharra, iradokizuna edo ironia! Eta zein azkar ulertzen dute esaten dietena eta zein azkar jarraitzen dute bertsoa, askotan galdera egiten duen pertsona barregarri utziz! Ez litzateke egon behar ariketa sinestezin eta liluragarri hura ikusi ez duen euskaldunik. "Dunixik", batzuetan Bilintxek Domingo Kanpañari eskainitako -Mando baten gañian- ironia miresgarria idatzi ote zuenaren inguruko zalantzak izan zituenak, igandetik aurrea duda guztiak bazter ditzake... Euskaldunak berehala poesia miresgarrienak egiteko gai dira. Eta gaitasun antzemanezin hau gure herriko artista apaletan dago hain zuzen ere. Oraindik laugarren ariketa falta da. Epaimahaiak "bertsolari" bakoitzari lanbide zehatz bat ezarri dio. Binaka lehiatu behar dira; bakoitzak egokitu zaion lanbidearen gorespena egin behar du eta bestearen lanbideaz burla egin. Larralde baxenabartarrak, eta Matxin zuberotarrak publikoari lehia barregarria eskaini diote. Epaimahaiak Basarri lehen postuan sailkatu du. Erabakia ez da harritzekoa, bertsolariaren merezimenduaren ondorioa da. Basarri Zarauzko mutiko bat da, meritu handiko euskal idazlea eta hizlaria. Basarrik eskola sortuko du. Sortu behar du. Bat-batean aritzeko duen modua beste "bertsolari" zaharragoek erabiltzen dituzten moduen bestelakoa da. Estilo zaindua duelako, gustu aparta, kultura... Osagai hauekin ez da harritzekoa jendeak Basarri gustuko izatea. Basarrik, gainera, bete beharreko misio bat dauka. Bere inguruan "bertsolaritza" maite duten pertsonak arte horretan hezitzea. Matxin lapurtarrak bigarren saria eraman zuen. Gozoa da ia beti eta, baxenabartarra bezala, abesti lapurtar atsegin baten airean bere bertsoak eratzen ditu. Lo, lo, ene maitia... txapelketa bukatzerakoan entzuten egon ziren pertsona guztiek ahapetik kantatzen zuten doinua gogoratu nahian. Baina Matxin, Urnietako Alkain bezala, nahi duenean mingarria eta garratza da. Errezilgo Sepai aipatzea falta zaigu, gaztea oraindik, eskola zaharrekoa, "bertsolari" ona zalantzarik gabe. Sailkapenean hirugarren postua erdietsi zuen merezimendu osoz.

Baliabideen eskasia pena handia izan zen, lehiaketaren elkarte antolatzaile kementsuak, euskaldun guztien estimulua merezi duenak, beti haiekin borrokan ibiltzen da, eta horiek sailkapenean bertsolari gehiago nabarmendu ahal izatea galarazi zuten. Horien artean Kortatxo, Lasturkoa, Uriate poeta bizkaitarra, Txapel azpeitiarra, Errenderikoak, Ordiziakoak, Ayetekoak, denak salbuespenik gabe. (Itzulpen moldatua gazteleratik)

MLE

Bertsolariak botatzen zituzten ahapaldien bitartez jendearen oroimenean geratzeko kideen bertso-lanei zuzenean erasotzeko zaleak ez zirenean ere, iraganeko garaietako herriaren inprobisazio peripezia batzuk nahiko zuzenean islatzen dituzten ahapaldiak ez dira falta. Horren adibide borrokaldietarako prestatzen zituzten desafio bertsoak eta horien ondorioz sortzen ziren sententziak ditugu, eta, horrela, hauetariko bertso asko kuriositate bezala herriaren oroimenean denbora luzean zehar mantendu dira. Orain aipatuko ditugun bertsoak horren adibide argiak dira. Adibide hauek aipatzen ditugu bertsolaritzaren historiarako daukaten balio dokumental zuzenagatik eta herriak ahazteko zorian dituen bertsolarien izenei aipamena egiten dietelako. Bertso berrien autoreei dagokienez, bertsolaritzaren mutur honen historia kontsultatzeko lekuetako bat izan dadin, autorearen azken ahapaldiak idatziko ditugu, zeinetan batzuetan autoreak bere izena idazten duen, batez ere bertsoak satirikoak edo beste arrazoi batzuengatik autorea konprometitzen dutenak ez badira. Desafioekin lotuta, genero honetako ereduak diren bertso batzuk ezagutzen ditugu eta idatzita utziko ditugu. Hona hemen Oiartzungo Ardotxek Berako Ezkerrari zuzendutako desafioaren testua:

Exkerra Bera'tarra
zuretzat goraintzi:
lengo kostumbre
etzaizkizu antzi.
Zakelak utsak eta
poltsan diru gutxi,
inbusteriz mantendu,
bertsuetan jantzi...
Orla bizi denak eztik
iltzia merezi.

Exkerra, nai ba-dezu
nerekin jarduna,
zarrak señalatu itzazu
illa ta eguna;
erritikan artzazu
nai dezun laguna,
bertsutan jokatzeta
atoz Oyartzun'a;
etzaizu paltatuko
zeñek erantzuna.

"Exkerra beratarra, goraintziak zuretzat: ez zaizkizu lehengo ohiturak ahaztu. Zakelak hutsik eta poltsan diru gutxi daukazu, enbusteriaz bizi zara eta bertsoz janzten zara... Horrela bizi denak ez du hiltzea merezi". "Exkerra, nirekin lehiatu nahi baduzu, jarrri hila eta eguna; zure herriko nahi duzun kidea hartu, eta Oiartzunera etorri bertsotan jarduteko; erantzungo dizunik ez da faltako".

Hona hemen Hernaniko Bakallok, Astigarragako bizilagunak, Xenpelarri -garai hartako Oiartzungo Egurrolan hazi zena- zuzendutako bi desafio ahapaldi eta jaso zuen erantzuna:

Bakallo:

"Iñork ba-dakizute
Oyartzun'go berri,
eskumuñak Ardotxi
eta Xenpelar'i.
Libertsiyo polit bat
nai ba-dute jarri,
bidez erdi bezela
dago Bentaberri;
gonbidatutzen ditut
nai ba-dute etorri."
"Desapiyo ori da
Bencaberri'rako,
konpormatzen ba-dira
bidez erdirako.
Ezpazaye egiten
gogorik arako,
lagun bat artuko det
nere guardirako,
berdin prestatuko naiz
Errenteri'rako."

Xenpelar:

"Pazkubigarren-goizez
artu nuen karta;
bestek firmatua da,
ez da zure palta.
Suma ederra dezu,
eztarriya alta,
abiyatuko nauzu
itz oyek esan-ta:
gizona gonbitzia
libertsiyo bat da."
"Xenpelar probatzeko
egin dute faza,
gizon baten itzari
eman diyot traza.
Ez Astigarra`tikan
onuntzago pasa;
bertara juango naz,
egon zaite lasa;
nai dezun ordurako
eska zazu plaza."

"Zuetariko inork Oiartzungo berririk badauka, (eman) goraintziak Arditxi eta Xenpelarri, dibertimendu polita jarri nahi badute, gutxi gorabehera bide erdian Bentaberri dago; gonbitea luzatzen dizuet etorri nahi baduzue". "Desafio hori Bentaberrirentzat da, bide erdiarekin konformatzen badira. Hara joateko gogorik ez badute, nire guardiarako lagun bat hartuko dut, eta agian Errenteriarako (joateko) prestatuko naiz". -"Pazkoako bigarren goizean zure eskutitza jaso nuen; beste batek sinatzen du; ez da zure hutsa. Asmamen ederra daukazu, eztarri zorrotza; -abiatuko naiz hitz hauek bukatzerakoan: gizon bati gonbitea luzatzea dibertimendu bat da". "Xenpelar probatzeko plana egin dute; gizon baten hitzari traza eman diot. Ez zaitez Astigarragatik pasa! ni joango naiz, Egon zaitez lasai; nahi duzun ordurako eskatu plaza".

Hernaniko hiribilduan -Iturriaga euskal alegilaria bertako epaile ospetsua izan zela esaten dutelarik- izandako lehia bat eta horretan parte hartu zuten bertsolariak hurrengo bertsoetan ageri dira:

-Lagunduko al-digu
guziyon Jabiak;
Berak eman dizkigu
abillidadiak.
Asitzera dijuaz
Predikadoriak
sekula ixtudíatzen
ibilli gabiak.

Asiera eman du
Pello Errotaríyak;
errespuesta orain
Juan Joxe Uarregiyak.
Batek ainbat deretxo
daukagu guk biyak;
gure kolejiyuak
sagardotegiyak.

"Guztion Jabeak lagunduko ahal digu; hark eman zigun trebetasun hau. Hasiko dira inoiz ikasi ez duten predikariak". "Pello errotariak hasiera eman du; orain Juan Jose Udarregiren erantzuna. Batak eta besteak eskubide berbera daukagu; gure ikastetxeak sagardotegiak dira".

Ahapaldi-dokumentu baten adibide bezala bi ahapaldi gehiago aipatu ahal ditugu baita ere, interesgarriak gainera bederatzi puntutakoak edo kontsonantekoak direlako, beraietan bertsolarien izenak ere idatzita jasotzen dira, eta beren gaitasun poetikoari buruzko irizpena ematen dute. Lehendabizi hurrengoa ikusi, ez dakigu noizkoa den baina aipatzen diren izenetariko batzuk oraindik herriaren oroitzapenean kontserbatzen dira:

Urrestil'go semea
Bautista Urribarren,
Martin Azkarate'ko
ba'dakit nor den;
Zabala Amezketarra
zerbait izan arren,
Pernando buruzagi

zuten erriyan len;
au Altamira'ren (?),
Beratar bat emen,
ta ni zazpigarren,
kabu Oiartzun'en...
Orain mundu guziyak
gaitik entzunen.

"Bautsita Uribarren Urrestillako semea da; Martin Azkarate ere badakit nor den; nahiz eta Zabala amezketarra izan, antzina herriko nagusitzat Fernando ezgutzen zuten denek: hura Altamirakoa da; hemen Berako bat; eta zazpigarrena (Ardotx) Oiartzunen kabu... Orain bai entzungo gaituela mundu guztiak".

Ondoren datorren alean ahapaldien triptiko bat ikus dezakegu, eta Xenpelarrek eta Larraburuk ahapaldietan aipatzen diren bederatzi bertsolariek parte hartu zuten bertso eztabaidaren (Oiartzungo Txiki-Erdin izan zela uste da) emaitzari buruz seriotasun ironikoarekin daukaten iritzia ematen dute:

Xenpelar:

Panderiyako onek
memoriya erne;
Lexotik jartzen digu
zenbait umore;
txarrik ezin bota du
Ibarre'k naitare;
-nik oyekin ezín det
luzitu batere-;
Xorrola dotore;
baita Bordondore;
Ardotx paregabe;
Arotxa kantore..
Larraburu jartzen det
gobernadore.

Larraburu'k Xenpelar
graziyaz ondratu;
errespuesta ordañez
diyot paratu.
Ni gobernadore, eta
ark juez lonbratu
okasiyorik gabe

Larraburu:

Ez det esan bearrik
ezer Xenpelar'ez;
Larraburu lonbratzen
gobernadorez.
Aspaldiyan or negon
enpliorik gabez;
zu ere ala zaude
aditzen dedanez;
tokatzen dan legez,
arrazoya-bidez,
ba-zaude aberets,
jarri zaite juez...
Orra libertadia
nere poderez.
Xenpelar:
gera konpormatu:
ori gogoratu
ni nola adoratu:
ezta deskuidatu,
nai nau anparatu...
Orrenbeste fabore
nola pagatu?

"Fanderiako honek buru argia dauka; Lexotik umorea jartzen du, Ibartek nahita ere ez daki (bertso) txarrak botatzen; -nik horiekin ezin dut arrakastarik izan-; Xarrola dotorea da; baita Bordondo ere; Ardotx paregabea; Arotxa abeslaria (ona)... Larraburu gobernadore izendatzen dut". "Xenpelarri buruz ez dut ezer esateko; Larraburu gobernadore izendatu du. Aspaldian lanik gabe nengoen... Zu ere horrela zaude entzun dudanaren arabera. Legez tokatzen den moduan aberatsa bazara, epaile egin zaitez... hori egiteko ahalmena daukazu nire botereagatik". "Larraburuk Xenpelar graziarekin ondratu du; gutunaren bitartez erantzuna eman diot. Nik gobernadoreari; hark epaile izendatu nau. Liskarrik gabe osatu gara. Hark goraipatu nahi nau; ez da deskuidatu: babestu nahi nau... Nola ordainduko dizkiot hainbeste fabore?"

Era berean, Usurbilgo Udarregik idatzitako bederatzi puntuko (21 ahapaldi) bertso berrien orria interesgarria da, bertan Mr. D'Abbadiek 1881. urtean Azpeitian egin zen bertsolaritza lehiaketarako emandako saria (urrezko ehun franko) Pello Errotak nola banandu zuen gaitzesten du autoreak. Gaiarekin harreman estuena daukana kopiatuko dugu, agertzen diren izenak kontuan izanda:

Sariya eman ziyoten
Pello Errota'ri
-ez dan gauzik esaten
ez gera ari tata
zerbait luzatutzeko
bere lagunari:
Juan Jose Alkain edo

Joxe Benardo'ri...
Triste Udarregi,
deskubritu bedi,
gezurra ugari
sakatu dit neri...
Asko partitu gabe
juana da ori.

"Pello Errotari saria eman zioten -gertatu ez den gauzik ez dugu esango- bere lagunei sariaren parte bat emateko: Juan Jose. Alkain edo Jose Bernardo... Udarregi gaixoa! ebidentzian gera bedi eta zenbat gezur leporatu dizkit... Baina azkenean ezer banatu gabe joan zen".

Udarregi Juan Joxe deitzen zen, Jose Bernardo Otaño, Pello Mari Otañoren osaba zen; Ahapaldi honetan agertzen den Alkain, Alkain "zaharra" da.

MLE

Jardunaldi hauek 2003. urtean Donostian egin ziren eta Mexikoko, Sardiniako, Georgiako, Kurdistango, Balear Uharteetako eta Marokoko ordezkariek bakoitzaren tradizioei buruz hitz egin zuten.

Bilkura Jon Sarasuak Euskal Herriko bertsolaritzaren egoerari buruzko ikuspegia emanez hasi zuen. Ondoren, parte hartu zuten herrialdeetan ahozko inprobisazioak zuen egoera zerrendatu zen eta ordezkariek bakoitzaren tradizioei buruz hitz egin eta egungo egoera lerro gutxitan laburbildu zuten. Azaldutako munduko ikuspegiaren punturik larriena Kurdistani dagokio, izan ere mendeetako tradizio bat XXI. mende hasieran desagertzear dago.

XX. mendean zehar, bertsolaritzak eraldaketa progresiboa eta erabatekoa izan du. Nahiz eta izena mantendu, XX. mende hasierako bertsolaritzak mende bukaerakoarekin antz gutxi dauka. Azaleko aldaketa izatetik urrun, bertsolaritzaren parametro ia guztiei eragin die.

Beste gauzen artean, bertsolaritzaren idatzizko modalitateak, mende hasieran garrantzitsuena, nagusitasuna bat-bateko modalitateari utziko dio. Bertsolaria da, XX. mende bukaeran behintzat, jendearen aurrean bertsoak inprobisatzen dituena.

Bertsolaritzan eman diren aldaketak bultzatu, edo izan diren aro ezberdinak adierazten eta bereizten dituztenak behintzat, Txapelketa Nazionalak izan dira.

Ikus dezagun bilakaera nolakoa izan den, eraldaketaren arrazoiak zein izan diren eta zein momentutan gertatu diren.

1935ean, lehen aldiz eta Bertsolari Gudua izenarekin Baskonia osoko bertsolariak bertso txapelketa batean parte hartzeko biltzen dira.

Txapelketa hauek baino lehenago, mitin politikoetan abesten zuen Kepa Enbeita "Urretxindorra"-rena bezalako salbuespenekin, bat-bateko bertsolaritza batez ere umore eta dibertimendu gaietan aritzen zen, eta gai serioagoak eta landuagoak (politika, erlijioa, guda, ohiturak) idatzizko modalitateak garatzen zituen.

Urte hauetatik aurrera Juan Mari Lekuonak Pizkunde Garaia deitutakoa hasiko da. Bat-bateko bertsolaritza nekazal inguruetatik ateratzen hasiko da eta euskal kulturan garrantzia eta protagonismoa hartzen joango da, euskararen defentsa, nazionalismoa... bezalako gaiei helduz.

Bi txapelketa hauek, lehen eta bigarren txapelketa nazionaltzat hartzen direnak, Euskaltzaleak elkarteak eta Eusko Gaztedi gazteen erakunde nazionalistak antolatu zituzten, eta elkartetako kideek txapelketetan bertsolariek abestutako bertsoak transkribatu zituzten. 1935ean eta 1936an egin ziren Donostiako Poxpolin eta Victoria Eugenia Antzokietan hurrenez hurren.

Lehendabizikoan Baskonia osoko 20 bertsolari aritu ziren eta ez zen aldez aurreko kanporaketarik egon. Beste batzuen artean Ignacio Eizmendi "Basarri" zegoen, Euzkadi egunkariko ohiko kolaboratzailea. Garaiko bertsolari kulturaduna eta nazionalismoarentzat garrantzi handiko pertsona zen. Lehen txapelduna izan zen.

Bigarren txapelketan 30 bertsolari lehiatu ziren, finalak zituen 10 postuetako bat eskuratzeko. Finalera taberna-zuloetan ohikoa zen bat, nekazari bohemio bat eta Jose Manuel Lujanbio "Txirrita", bat-batean jarduten jenioa eta lehen txapelketan baztertua, iritsi ziren. Txirrita bitartekaria zen XIX. mendeko bertsolariarekin, Xenpelarri abesten entzun zion, Pello Errotarekin eta Otañorekin lehian aritu zen, ia hirurogeita hamar urte herriz herri abesten eta dotorezia arraroa eta perfekzio moral handia zituzten orri satirikoak argitaratzen zeramatzan. Mito biziduna bihurtu zen, eta nahiz eta antolatzaileek nahi zuten ereduaren antitesia izan, ezin zioten meritua ukatu. Zaharra, neka-neka eginda, analfabetoa, taula gainean bikain aritu zen. Txapelduna izan zen.

Ondoren Espainiako Gerra Zibilak (1936-1937) bilakaerari bidea moztu zion eta hura berriz nabaritzeko XX. mendeko 60ko hamarkada arte itxaron behar izan zen.

Aipatutako gerratearen eta Euskal Herri kontinentalean eragina izan zuen II. Mundu Gerraren ostean, bertsolarien kantuak itzali ziren, eremu publikoari eta antolatutako txapelketei dagokienez behintzat. Baina pixkanaka-pixkanaka herriko enparantzetan Basarri eta Uztapide bezalako bertsolari gazteak agertzen hasi ziren, lehen txapelketetan nabarmendu zirenak, eta hauekin batera Lasarte, Xalbador, Mattin, Balentin Enbeita, Mitxelena, Narbarte... horrela, gerraosteko bertsolarien belaunaldia osatuz.

Gerrako eta frankismoko urte gogorrenen parentesiaren ostean, Euskararen Akademiak (Euskaltzaindia) 1960an bertsolarien txapelketa bat antolatzeko baimena lortu zuen.

Lehenik ere probintzia ezberdinetan txapelketa batzuk egin ziren, 1945. urtean Tolosan (Gipuzkoa) eta, batez ere Euskal Herri kontinentalean 1946tik aurrera probintzia ezberdinetako bertsolarien arteko hainbat topaketa egin ziren. Baina Txapelketa Nazionala 1960an heldu zen. Ordurako Euskaltzaindiak 1958ko eta 1959ko Bizkaiko Txapelketak antolatu zituen, irabazlea Balentin Enbeita izan zen bietan, eta aurretiko kanporaketak antolatzen hasi zen, kasu batzuetan txapelketa probintzialak izango zirenak. Kanporaketa hauetan 56 bertsolarik parte hartu zuten. 10 finalisten artean, Iñaki Eizmendi "Basarri" bigarrenez txapeldun izendatu zuten.

1962ko, 1965eko eta 1967ko txapelketek Manuel Olaizola "Uztapide"-ren nagusitasuna ekarri zuten, guztiak irabazi zituelako. Uztapidek 1936ko txapelketan parte hartu zuen, ondoren diktadura frankistak derrigorrezko lanak egitera kondenatu zuen eta horietan Basarrirekin topo egin zuen. Bi hauek berrogeiko eta berrogeita hamarreko urte gogorretan bertsolaritza publikoa mantendu zuen bikotea osatu zuten. Etorkizuneko bertsolariek behar zuten gutxieneko giroa sortzen joan ziren, eta pixkanaka-pixkanaka belaunaldi berriak batu zitzaizkien.

Hala ere 1967ko txapelketan izandako gertakari larri batek bertsoaren mundua gogor markatuko zuen: Xalbador finalaren azken fasean lehiatzeko aukeratu zutenean, bost minutu baino gehiago iraun zituen txistualdi batek abestea galarazi zion. Xalbador bertsolari lirikoa zen, itxuraz hotza eta sakona mezuan. Guzti honi Nafarroa Behereko euskalkia hitz egiten zuela gehitu behar zaio, eskolara joan ez zen publiko gipuzkoarrarentzat zaila (oraindik euskara batua, hizkuntza estandarra, ez zegoen ezarrita eta are gutxiago zabalduta). Ez zen "herritarra" eta beste bertsolari batzuen aldeko interes doilorrak zeuden. Azkenean aditzera eman ahal izan zenean, behar zen mailan egon zen Xalbador eta gaur egun historikoa den bertsoa, hark egindako beste asko bezala, bota zuen. Bertsoa ez amaitzeko zorian egon zen, publikoak, berriz ere, galarazi ziolako. Baina oraingoan txistuak txalo beroak bihurtu ziren. Gertaera honek bertsolariak biziki hunkitu zituen. Hamahiru urte igaro ziren hurrengo txapelketa egin zuten arte.

Txapelketa hauetaz aparte bertsolaritza komunikabideetan sartzea artea gizarteratzen eta Baskonian publiko berria sortzen lagundu zuen; liburuak, irratiak eta aldizkariak. Batez ere irratiak urteetan zehar lan handia egin zuen bertsolaritza, garai horietan onartuta zegoen euskararen adierazpen bakarra zena, hedatzeko.

Politika eta gizarte gaiak bat-bateko bertsolaritzan sartu ziren bete-betean eta enparantzetan gidariak (gai-jartzaileak) agertzen hasiko dira, txapelketen emaitza zirenak, jorratuko zituzten gaien esparrua zabalduko zen horrela.

Azken eraldaketa hau Juan Mari Lekuonak Bertsolaritza Sozialtzat jo zuen eta Jon Lopategi eta Jon Azpillaga nabarmendu behar dira hemen, frankismoaren azken urteetan Baskonia osoan zehar ibili ziren mutil ospetsu gazteak.

Franko diktadorearen heriotzaren ostean, berriz ere Euskaltzaindiaren eskutik, txapelketa nazionalak egin ziren.

Horrela, 1980ko eta 1982ko txapelketek bertsolaritzako eraberritze garrantzitsua ekarri zuten, Xabier Amuriza koroatuz. Apaiz ohia eta preso politiko ohia, Amuriza kausa nazionalarekin eta kausa sozialarekin oso konprometitua zegoen belaunaldiaren ordezkaria zen. Sei urte baino gehiagoko gatibualdian ikasi, idatzi, argitaratu... egin zuen. Jakina zen kartzelan idatzi zituen eta eskuz esku ibili ziren bertso-paperei esker, Amuriza paperezko bertsolari ikaragarria zela. Eta 1980an inprobisatzen ere bazekiela erakutsi zuen. Bertsolaritzaren iragan osoa bere gain hartuta eta poesia modernoaren eraginei irekita, bertsolaritzaren irudia berritu zuen, metaforak sartu zituen, doinu berriak ekarri zituen eta euskara estandarra bat-batean aritzeko beste euskalkiak bezain erabilgarria zela frogatu zuen. Biltzailea, ikerlaria, pedagogoa, idazlea, Xabier Amuriza XX. mende bukaerako bertsolari askok izan duten ispilua izan da.

Urte hauetan bertso eskola-tailerrak sortu ziren eta pixkanaka bertsolaritza irakaskuntza arautuan sartzen joango da. Horrela, 1980an eskolen arteko lehendabiziko txapelketa egin zen Gipuzkoan, ikasketarako material didaktikoa editatzen hasi zen, etab.

Bertsolariak eta Euskaltzaindia nabarmenki urrundu ziren, txapelketen antolakuntzari buruz irizpide ezberdinak zituztelako eta, horren ondorioz, haien artean desadostasun handiak sortu zirelako. Bertsolariek, zaletuen talde baten babesarekin, 1986an beren aldetik txapelketa bat egitea erabaki zuten. Erabaki hau Euskal Herriko Bertsolarien Elkartea sortzearen oinarrian dago, gerora Euskal Herriko Bertsozale Elkartea bihurtuko zen, eta ondoren egingo ziren txapelketen antolakuntzaz aparte, bertsolaritzaren transmisioan, analisian eta hedapenean jarriko zituen indar guztiak.

Lehiaketa hauetan batez beste 100 bertsolarik hartzen dute parte. Kontuan izanda guztiek ez dutela parte-hartzea errepikatzen, zifra osasun onaren adierazlea da. Beste zifra garrantzitsu bat entzuleen kopuruari dagokiona da. Elkarteak antolatutako txapelketa guztiak Anoetako Belodromoa (Donostia) jendez gainezka dagoela bukatu dira, txapelketak lortutako ospe mailaren adierazle.

Sebastian Lizaso, 1986ko txapelduna, dialektika ironikoaren eta arrazoiketa azkarraren eta garratzaren maisua da. Eztabaidan garaiezina, Lizaso Txirrita eta Pello Errota historikoen oinordeko pribilegiatua da.

Jon Lopategi, 1989ko txapelduna, ibilbide luzea duen bertsolaria da, frankismoan hasi zen eta sarritan jazarri zuten. Enbeitatarren inguruan sortutako eskola bizkaitarraren ordezkari jatorra, bere bertsoa konpromisoaren eta gustu onaren arteko sintesia da.

Andoni Egaña, 1993ko, 1997ko eta 2001eko txapelduna, bertsolaritzara Amurizaren ereduaz erakarrita hurbildu zen eta bere estilo pertsonala sortzea lortu du: itxuraz fina, arrazoiketan sakona, kulturaduna mintzaeran, umorean ironikoa.

Oraingoan bera baino besterik ez da bertsolari gazte askok daukaten ispilua.

Txapelketa nazional hauetaz gain, txapelketa probintzialak, eskolen artekoak, gazteentzako lehiaketak, eta abar luzea ere badaude egon.

Txapelketa hauetan nabarmentzen diren bertsolariak eta, ondorioz, plaza eta festibalak jendez betetzen dituztenak, gero eta gazteagoak dira. Horrela, Igor Elortza eta Unai Iturriaga 1990eko Bizkaiko bertsolaritza txapelketako finalera heldu ziren, hurrenez hurren 15 eta 16 urte zituztela, Iturriaga txapeldunorde izanik. Jon Sarasua eta Iturriaga bera ere Txapelketa Nazioneko finalera heldu ziren 19 urterekin, lehena 1986an eta bigarrena 1993an. Amets Arzallusek Nafarroako txapela 2000. urtean 16 urterekin irabazi zuen, Aitor mendiluzek gauza bera egingo zuen Gipuzkoan 20 urterekin...

Urte hauetan bertsolaritzak inoiz izan duen zabalkunderik handiena ezagutu du. XX. mendeko 90eko hamarkadaren hasieran bertsolaritzaren "booma" deitua izan dena eman zen. Xabier Amurizaren teorizazioaren ondorioz bertsolaritzako eskola-tailerrak sortzearen eta irakaskuntzan pixkanaka sartzearen ondorioz, bertsolari gazteak eta unibertsitarioak... eta tartea ezagutzen duen publikoa, zorrotzagoa, eta askotarikoa sortu dira, eta guzti honen ondorioz, bertsolariak komunikatzeko daukan modua baldintza berrietara egokitu beharko du. Komunikabideak, telebista batez ere, bertsolaritza munduan sartu eta gero, zaletasuna asko hedatu da.

Ikus dezagun bada 90eko hamarkadako "boomaren" ostean eta finkapen, hausnarketen, ikerketen, proben... beste hamarkada baten ostean, bertsolaritza nola adierazten den eta zer nolako ezaugarriak dituen.

FIA

XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera bertsolaritza emanaldiak biderkatu dira eta, batez ere, bere jarduera arloak zabaltzen joan dira. Joserra Garciak, Andoni Egañak eta Jon Sarasuak El arte del bertsolarismo (Bertsolari liburuak argitaletxea, 2001) liburuan gaur egungo bertsolaritzaren adierazpenak bost direla diote.

Gaur egungo bertsolaritzaren mailarik garrantzitsuena, nagusia, adierazpena espektakulu kultural gisa agertzea da. Leku itxi zein irekietan izaten dira eta urtero 1200 emanaldi inguru kontratatzen dira. Emanaldi hauek formaltasun maila ezberdinak dituzte: hiriburuetako zinema edo antzoki batean, festen egitarauen barnean herriko enparantzetan, frontoietan errezitaldiak ematen zein horretarako antolatu diren afarietan jarduten dira bertsolariak. Emanaldi hauetan gutxienez bi bertsolarik eta gehienez zortzik parte hartzen dute, antolatzaileek jardunean dauden ehun bertsolarien artean aukeratzen dituztenak (hala ere orokorrean deituenak hogei bat izaten dira).

Bertsolaritzako adierazpen publikoari buruzko lehen atal honetan, hainbat emanaldi mota ezberdindu ahal ditugu:

  • Bertsolariek bat-batean landuko dituzten gaiak proposatzen dituen gai-jartzaile batek zuzendutako errezitaldia. Antzoki, frontoi zein herrietako enparantzetan antolatzen da.
  • Bi edo hiru bertsolarik emandako errezitaldi askea, kasu honetan ez dago gaia proposatuko duen gai-jartzailerik eta bertsolariek beraiek emanaldiaren nondik norakoak zehaztuko dituzte.
  • Bazkalondoko errezitaldia. Bertso saioak egiteko antolatzen diren bazkalondo zein afalondo herritarretan egiten diren emanaldiak.
  • Bestelako gertaeratan egiten diren emanaldi osagarriak: hiletak, inaugurazioak, ezkontzak, ekitaldi politikoak, omenaldiak, gertaera sozialak, etab.
  • Formatu berriak: bertso-tramak (gai-jartzaileak proposaturiko antzerti-gidoi bat kontuan izanda bertsolariek egiten duten emanaldi inprobisatua), saio esperimentalak (gai bati buruzko monografikoak, bertsolari bakarrarekin, etab).
2001. urteko bertsolaritza emanaldiak
Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa
PROBINTZIA Jaialdiak Plazak Bazkalondoa Txapelketak Hitzaldiak
GIPUZKOA73599 6 8
BIZKAIA179 87 18 7 21
NAFARROA178 77 47 10 24
ARABA18 10 5 5 0
IPAR EUSKAL HERRIA7 2 2 0 0
GUZTIRA1553123363811

2001. urteko bertsolaritza emanaldiak
Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa
PROBINTZIA Ekitaldiak Bereziak Txapelketak Didaktikoak Bestelakoak
GIPUZKOA39 30 6 4 9
BIZKAIA72 36 10 14 6
NAFARROA28 8 7 2 7
ARABA10 1 4 1 17
IPAR EUSKAL HERRIA23 4 0 0 0
GUZTIRA88138523327

Adierazpen nagusi honen, adierazpen publikoaren, adierazpen berezia bertsolarien emanaldiak eta txapelketak dira, puntuazioen bitartez sariak (txapela lehiaketetako bereizgarria delarik) ematen dituen epaimahai baten aurrean inprobisatzaileak lehiatzen direnean. Hainbat mailako emanaldiak eta txapelketak egiten dira, haurrenak, gazteenak, eskualdekoak zein probintzialak, eta guztien gainetik bertsolaritza lehiaketako gertakari nagusiena dago, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, lau urtetan behin egiten dena.

Bertsolaritza lehen eta bigarren mailako hezkuntzaren elementu osagarria bihurtu da, XX. mendeko laurogeiko hamarkadan herabeki hasi zen bidea eginez eta azken hamarkadan gero eta finkatuagoa dago eremu horretan. Ez dago erabat orokortuta, baina bertsolaritzaren erabilera irakaskuntzaren hizkuntza eta literatura irakasgaien osagai bezala hedatu samarra dago.

Ia bi hamarkadetako esperimentazioa daramatzan alorra dugu honakoa. Saiakuntza ugari egin dira, batzuetan irakasle bakartuen eskutik, eta beste batzuetan Ikastolen Elkarteetan gai hau koordinatzea zeregin bakartzat duten profesionalen eskutik. Era berean, material didaktiko handia argitaratu da (horretarako prestatutako liburuetan, zein kasetetan, edota hizkuntza liburuetako eduki eta ariketa osogarri bezala ere). XXI. mendearen hasieran bertsolaritzak eskolako irakaskuntzan izan dezakeen ekarpenari buruzko planteamendu pedagogiko berriak garatzen ari dira, batez ere belaunaldi berrietan igartzen diren adierazpen linguistikoaren gabeziak (bereziki mintzaerari buruzkoak) arintzera zuzenduak.

Bertsolaritza lehen eta bigarren mailako hezkuntzaren elementu osagarria bihurtu da, XX. mendeko laurogeiko hamarkadan herabeki hasi zen bidea eginez eta azken hamarkadan gero eta finkatuagoa dago eremu horretan. Ez dago erabat orokortuta, baina bertsolaritzaren erabilera irakaskuntzaren hizkuntza eta literatura irakasgaien osagai bezala hedatu samarra dago.

Ia bi hamarkadetako esperimentazioa daramatzan alorra dugu honakoa. Saiakuntza ugari egin dira, batzuetan irakasle bakartuen eskutik, eta beste batzuetan Ikastolen Elkarteetan gai hau koordinatzea zeregin bakartzat duten profesionalen eskutik. Era berean, material didaktiko handia argitaratu da (horretarako prestatutako liburuetan, zein kasetetan, edota hizkuntza liburuetako eduki eta ariketa osogarri bezala ere). XXI. mendearen hasieran bertsolaritzak eskolako irakaskuntzan izan dezakeen ekarpenari buruzko planteamendu pedagogiko berriak garatzen ari dira, batez ere belaunaldi berrietan igartzen diren adierazpen linguistikoaren gabeziak (bereziki mintzaerari buruzkoak) arintzera zuzenduak.

Bertsolaritza ikus-entzunezko hedabideen azpigeneroa ere bada, telebistan eta irratian arteari eskainitako saioak ematen dituzte. Astean behingo saioak dira eta batez ere grabatutako bertsolarien emanaldiak eskaintzen dituzte, antologien iruzkinekin eginda. Jarduera hau irratian nahiko beteranoa da (irratitik bertsoak XX. mendeko 60ko hamarkadako urteetatik ematen dituzte). Telebista XX. mendeko 90eko hamarkadako urteetan hasi zen bertsolaritzarekin probak egiten, eta XXI. mende hasieran Hitzetik Hortzera, bertsolaritzari buruz astean behin ematen duten saioa, Euskal Telebistako (Euskal Telebista Publikoa) programa klasikoa bihurtu da.

Bertsolaria gaztea da, gehiengoa unibertsitarioa, eta sorkuntza literarioak dituen modalitate guztietan maiz aritzen da, ez da bakar batera mugatzen. XX. mende bukaeran emakume bertsolaria gizonaren mailan izana lorpen eztabaidaezina da.

Festibalek, mota guztietakoak lehen ikusi dugunez, jorratzen diren gaiak gero eta desberdinagoak eta zehatzagoak izatea egiten dute. Bertsolaria arrakasta izan ahal izateko, munduan gertatzen diren gauza guztien jakinaren gainean egon behar da.

Fikziozko pertsonaien aipamenak, zinea, literatura, dena proposatu dezakete bat-batean aritzeko gaia izateko, beste bertsolari batzuekin eztabaidan zein bakarka jarduteko. Baina edukia bakarrik ez: ezarritako dinamika ere ugaria eta aldakorra da, gero eta sofistikazio eta zailtasun maila handiagoak hartuz.

Bertsolaritzaren berezko sorkuntzaz gain, mugimendua zentzu hertsian esanda Euskal kulturaren ikuspegiaren esanguratsuenetarikoa da. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak egiten duen lanaren inguruan, bertsolaritzaren transmisioan, hedapenean eta ikerketan sakontzen da.

Bertso eskola-tailerrek (bertso-eskolak), irakaskuntza arautuan bertsolaritzari ematen zaion tratamenduarekin batera, gaur egungo bertsolaritza mugimenduaren oinarri soziala osatzen dute. Bertsolari gazteak agertzea eta zaletasun berria sendotzea bermatzen du, hein handi batean, bertsolaritza belaunez belaun transmititu ahal izatea.

Hedabideetan egoteak (prentsa idatzia, irratia eta telebista), txapelketak eta jardunaldiak antolatzeak edo bertso-liburuak, bertsolarien biografiak eta abar argitaratzeak bertsolaritza euskal gizartean bizirik egotea egiten du.

Orain arte egin diren txapelketa guztietan bat-batean bota diren bertsoen corpus garrantzitsu baten bildumak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 1998tik urtero inprobisatutako bertsoen antologia biltzen duen Bapatean izeneko liburua argitaratzeak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak idatzizko eta ikus-entzunezko corpus horren artxiboan eta katalogazioan egiten duen lan etengabeak, interesa duen ikertzaile ororen esku bildutako materiala jartzen duenak, alor honetan ikerkuntza azkar aurreratzea egiten dute. Historia osoan lehendabiziko aldiz bertsolariak lantzen duten arteari buruzko hausnarketa berrien eta interesgarrien ekarpenak egin izana eremu honetan nabarmendu beharreko gertaera da. Hausnarketa hauek, nahiz eta hasieran intuitiboak baino ez izan, bat-bateko bertsolaritza berezko generotzat eta genero desberdintzat hartzearen egokitasuna ezartzen dute.

FIA

  • El arte del Bertsolarismo, Andoain, Bertsolari liburuak, 2001.
  • Bertsozale.com
  • Ahozko euskal literatura, Donostia, Erein, 1982.
  • Xenpelar Dokumentazio Zentroa.
  • Bertsoen Mundua CD-ROMa. Usurbil, Elhuyar, 1997.
  • Bertsotan 1789-1936, Donostia, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, L.G. 1981.
  • Bertsotan II 1936-1980, Donostia, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, 1988.
  • Bosquejo de historia del bertsolarismo, Donostia, Auñamendi, L.G. 1964.

FIA