Kontzeptua

Bertsolaritza

XX. mendean zehar, bertsolaritzak eraldaketa progresiboa eta erabatekoa izan du. Nahiz eta izena mantendu, XX. mende hasierako bertsolaritzak mende bukaerakoarekin antz gutxi dauka. Azaleko aldaketa izatetik urrun, bertsolaritzaren parametro ia guztiei eragin die.

Beste gauzen artean, bertsolaritzaren idatzizko modalitateak, mende hasieran garrantzitsuena, nagusitasuna bat-bateko modalitateari utziko dio. Bertsolaria da, XX. mende bukaeran behintzat, jendearen aurrean bertsoak inprobisatzen dituena.

Bertsolaritzan eman diren aldaketak bultzatu, edo izan diren aro ezberdinak adierazten eta bereizten dituztenak behintzat, Txapelketa Nazionalak izan dira.

Ikus dezagun bilakaera nolakoa izan den, eraldaketaren arrazoiak zein izan diren eta zein momentutan gertatu diren.

1935ean, lehen aldiz eta Bertsolari Gudua izenarekin Baskonia osoko bertsolariak bertso txapelketa batean parte hartzeko biltzen dira.

Txapelketa hauek baino lehenago, mitin politikoetan abesten zuen Kepa Enbeita "Urretxindorra"-rena bezalako salbuespenekin, bat-bateko bertsolaritza batez ere umore eta dibertimendu gaietan aritzen zen, eta gai serioagoak eta landuagoak (politika, erlijioa, guda, ohiturak) idatzizko modalitateak garatzen zituen.

Urte hauetatik aurrera Juan Mari Lekuonak Pizkunde Garaia deitutakoa hasiko da. Bat-bateko bertsolaritza nekazal inguruetatik ateratzen hasiko da eta euskal kulturan garrantzia eta protagonismoa hartzen joango da, euskararen defentsa, nazionalismoa... bezalako gaiei helduz.

Bi txapelketa hauek, lehen eta bigarren txapelketa nazionaltzat hartzen direnak, Euskaltzaleak elkarteak eta Eusko Gaztedi gazteen erakunde nazionalistak antolatu zituzten, eta elkartetako kideek txapelketetan bertsolariek abestutako bertsoak transkribatu zituzten. 1935ean eta 1936an egin ziren Donostiako Poxpolin eta Victoria Eugenia Antzokietan hurrenez hurren.

Lehendabizikoan Baskonia osoko 20 bertsolari aritu ziren eta ez zen aldez aurreko kanporaketarik egon. Beste batzuen artean Ignacio Eizmendi "Basarri" zegoen, Euzkadi egunkariko ohiko kolaboratzailea. Garaiko bertsolari kulturaduna eta nazionalismoarentzat garrantzi handiko pertsona zen. Lehen txapelduna izan zen.

Bigarren txapelketan 30 bertsolari lehiatu ziren, finalak zituen 10 postuetako bat eskuratzeko. Finalera taberna-zuloetan ohikoa zen bat, nekazari bohemio bat eta Jose Manuel Lujanbio "Txirrita", bat-batean jarduten jenioa eta lehen txapelketan baztertua, iritsi ziren. Txirrita bitartekaria zen XIX. mendeko bertsolariarekin, Xenpelarri abesten entzun zion, Pello Errotarekin eta Otañorekin lehian aritu zen, ia hirurogeita hamar urte herriz herri abesten eta dotorezia arraroa eta perfekzio moral handia zituzten orri satirikoak argitaratzen zeramatzan. Mito biziduna bihurtu zen, eta nahiz eta antolatzaileek nahi zuten ereduaren antitesia izan, ezin zioten meritua ukatu. Zaharra, neka-neka eginda, analfabetoa, taula gainean bikain aritu zen. Txapelduna izan zen.

Ondoren Espainiako Gerra Zibilak (1936-1937) bilakaerari bidea moztu zion eta hura berriz nabaritzeko XX. mendeko 60ko hamarkada arte itxaron behar izan zen.

Aipatutako gerratearen eta Euskal Herri kontinentalean eragina izan zuen II. Mundu Gerraren ostean, bertsolarien kantuak itzali ziren, eremu publikoari eta antolatutako txapelketei dagokienez behintzat. Baina pixkanaka-pixkanaka herriko enparantzetan Basarri eta Uztapide bezalako bertsolari gazteak agertzen hasi ziren, lehen txapelketetan nabarmendu zirenak, eta hauekin batera Lasarte, Xalbador, Mattin, Balentin Enbeita, Mitxelena, Narbarte... horrela, gerraosteko bertsolarien belaunaldia osatuz.

Gerrako eta frankismoko urte gogorrenen parentesiaren ostean, Euskararen Akademiak (Euskaltzaindia) 1960an bertsolarien txapelketa bat antolatzeko baimena lortu zuen.

Lehenik ere probintzia ezberdinetan txapelketa batzuk egin ziren, 1945. urtean Tolosan (Gipuzkoa) eta, batez ere Euskal Herri kontinentalean 1946tik aurrera probintzia ezberdinetako bertsolarien arteko hainbat topaketa egin ziren. Baina Txapelketa Nazionala 1960an heldu zen. Ordurako Euskaltzaindiak 1958ko eta 1959ko Bizkaiko Txapelketak antolatu zituen, irabazlea Balentin Enbeita izan zen bietan, eta aurretiko kanporaketak antolatzen hasi zen, kasu batzuetan txapelketa probintzialak izango zirenak. Kanporaketa hauetan 56 bertsolarik parte hartu zuten. 10 finalisten artean, Iñaki Eizmendi "Basarri" bigarrenez txapeldun izendatu zuten.

1962ko, 1965eko eta 1967ko txapelketek Manuel Olaizola "Uztapide"-ren nagusitasuna ekarri zuten, guztiak irabazi zituelako. Uztapidek 1936ko txapelketan parte hartu zuen, ondoren diktadura frankistak derrigorrezko lanak egitera kondenatu zuen eta horietan Basarrirekin topo egin zuen. Bi hauek berrogeiko eta berrogeita hamarreko urte gogorretan bertsolaritza publikoa mantendu zuen bikotea osatu zuten. Etorkizuneko bertsolariek behar zuten gutxieneko giroa sortzen joan ziren, eta pixkanaka-pixkanaka belaunaldi berriak batu zitzaizkien.

Hala ere 1967ko txapelketan izandako gertakari larri batek bertsoaren mundua gogor markatuko zuen: Xalbador finalaren azken fasean lehiatzeko aukeratu zutenean, bost minutu baino gehiago iraun zituen txistualdi batek abestea galarazi zion. Xalbador bertsolari lirikoa zen, itxuraz hotza eta sakona mezuan. Guzti honi Nafarroa Behereko euskalkia hitz egiten zuela gehitu behar zaio, eskolara joan ez zen publiko gipuzkoarrarentzat zaila (oraindik euskara batua, hizkuntza estandarra, ez zegoen ezarrita eta are gutxiago zabalduta). Ez zen "herritarra" eta beste bertsolari batzuen aldeko interes doilorrak zeuden. Azkenean aditzera eman ahal izan zenean, behar zen mailan egon zen Xalbador eta gaur egun historikoa den bertsoa, hark egindako beste asko bezala, bota zuen. Bertsoa ez amaitzeko zorian egon zen, publikoak, berriz ere, galarazi ziolako. Baina oraingoan txistuak txalo beroak bihurtu ziren. Gertaera honek bertsolariak biziki hunkitu zituen. Hamahiru urte igaro ziren hurrengo txapelketa egin zuten arte.

Txapelketa hauetaz aparte bertsolaritza komunikabideetan sartzea artea gizarteratzen eta Baskonian publiko berria sortzen lagundu zuen; liburuak, irratiak eta aldizkariak. Batez ere irratiak urteetan zehar lan handia egin zuen bertsolaritza, garai horietan onartuta zegoen euskararen adierazpen bakarra zena, hedatzeko.

Politika eta gizarte gaiak bat-bateko bertsolaritzan sartu ziren bete-betean eta enparantzetan gidariak (gai-jartzaileak) agertzen hasiko dira, txapelketen emaitza zirenak, jorratuko zituzten gaien esparrua zabalduko zen horrela.

Azken eraldaketa hau Juan Mari Lekuonak Bertsolaritza Sozialtzat jo zuen eta Jon Lopategi eta Jon Azpillaga nabarmendu behar dira hemen, frankismoaren azken urteetan Baskonia osoan zehar ibili ziren mutil ospetsu gazteak.

Franko diktadorearen heriotzaren ostean, berriz ere Euskaltzaindiaren eskutik, txapelketa nazionalak egin ziren.

Horrela, 1980ko eta 1982ko txapelketek bertsolaritzako eraberritze garrantzitsua ekarri zuten, Xabier Amuriza koroatuz. Apaiz ohia eta preso politiko ohia, Amuriza kausa nazionalarekin eta kausa sozialarekin oso konprometitua zegoen belaunaldiaren ordezkaria zen. Sei urte baino gehiagoko gatibualdian ikasi, idatzi, argitaratu... egin zuen. Jakina zen kartzelan idatzi zituen eta eskuz esku ibili ziren bertso-paperei esker, Amuriza paperezko bertsolari ikaragarria zela. Eta 1980an inprobisatzen ere bazekiela erakutsi zuen. Bertsolaritzaren iragan osoa bere gain hartuta eta poesia modernoaren eraginei irekita, bertsolaritzaren irudia berritu zuen, metaforak sartu zituen, doinu berriak ekarri zituen eta euskara estandarra bat-batean aritzeko beste euskalkiak bezain erabilgarria zela frogatu zuen. Biltzailea, ikerlaria, pedagogoa, idazlea, Xabier Amuriza XX. mende bukaerako bertsolari askok izan duten ispilua izan da.

Urte hauetan bertso eskola-tailerrak sortu ziren eta pixkanaka bertsolaritza irakaskuntza arautuan sartzen joango da. Horrela, 1980an eskolen arteko lehendabiziko txapelketa egin zen Gipuzkoan, ikasketarako material didaktikoa editatzen hasi zen, etab.

Bertsolariak eta Euskaltzaindia nabarmenki urrundu ziren, txapelketen antolakuntzari buruz irizpide ezberdinak zituztelako eta, horren ondorioz, haien artean desadostasun handiak sortu zirelako. Bertsolariek, zaletuen talde baten babesarekin, 1986an beren aldetik txapelketa bat egitea erabaki zuten. Erabaki hau Euskal Herriko Bertsolarien Elkartea sortzearen oinarrian dago, gerora Euskal Herriko Bertsozale Elkartea bihurtuko zen, eta ondoren egingo ziren txapelketen antolakuntzaz aparte, bertsolaritzaren transmisioan, analisian eta hedapenean jarriko zituen indar guztiak.

Lehiaketa hauetan batez beste 100 bertsolarik hartzen dute parte. Kontuan izanda guztiek ez dutela parte-hartzea errepikatzen, zifra osasun onaren adierazlea da. Beste zifra garrantzitsu bat entzuleen kopuruari dagokiona da. Elkarteak antolatutako txapelketa guztiak Anoetako Belodromoa (Donostia) jendez gainezka dagoela bukatu dira, txapelketak lortutako ospe mailaren adierazle.

Sebastian Lizaso, 1986ko txapelduna, dialektika ironikoaren eta arrazoiketa azkarraren eta garratzaren maisua da. Eztabaidan garaiezina, Lizaso Txirrita eta Pello Errota historikoen oinordeko pribilegiatua da.

Jon Lopategi, 1989ko txapelduna, ibilbide luzea duen bertsolaria da, frankismoan hasi zen eta sarritan jazarri zuten. Enbeitatarren inguruan sortutako eskola bizkaitarraren ordezkari jatorra, bere bertsoa konpromisoaren eta gustu onaren arteko sintesia da.

Andoni Egaña, 1993ko, 1997ko eta 2001eko txapelduna, bertsolaritzara Amurizaren ereduaz erakarrita hurbildu zen eta bere estilo pertsonala sortzea lortu du: itxuraz fina, arrazoiketan sakona, kulturaduna mintzaeran, umorean ironikoa.

Oraingoan bera baino besterik ez da bertsolari gazte askok daukaten ispilua.

Txapelketa nazional hauetaz gain, txapelketa probintzialak, eskolen artekoak, gazteentzako lehiaketak, eta abar luzea ere badaude egon.

Txapelketa hauetan nabarmentzen diren bertsolariak eta, ondorioz, plaza eta festibalak jendez betetzen dituztenak, gero eta gazteagoak dira. Horrela, Igor Elortza eta Unai Iturriaga 1990eko Bizkaiko bertsolaritza txapelketako finalera heldu ziren, hurrenez hurren 15 eta 16 urte zituztela, Iturriaga txapeldunorde izanik. Jon Sarasua eta Iturriaga bera ere Txapelketa Nazioneko finalera heldu ziren 19 urterekin, lehena 1986an eta bigarrena 1993an. Amets Arzallusek Nafarroako txapela 2000. urtean 16 urterekin irabazi zuen, Aitor mendiluzek gauza bera egingo zuen Gipuzkoan 20 urterekin...

Urte hauetan bertsolaritzak inoiz izan duen zabalkunderik handiena ezagutu du. XX. mendeko 90eko hamarkadaren hasieran bertsolaritzaren "booma" deitua izan dena eman zen. Xabier Amurizaren teorizazioaren ondorioz bertsolaritzako eskola-tailerrak sortzearen eta irakaskuntzan pixkanaka sartzearen ondorioz, bertsolari gazteak eta unibertsitarioak... eta tartea ezagutzen duen publikoa, zorrotzagoa, eta askotarikoa sortu dira, eta guzti honen ondorioz, bertsolariak komunikatzeko daukan modua baldintza berrietara egokitu beharko du. Komunikabideak, telebista batez ere, bertsolaritza munduan sartu eta gero, zaletasuna asko hedatu da.

Ikus dezagun bada 90eko hamarkadako "boomaren" ostean eta finkapen, hausnarketen, ikerketen, proben... beste hamarkada baten ostean, bertsolaritza nola adierazten den eta zer nolako ezaugarriak dituen.

FIA