Literatoak

Urquijo Ybarra, Julio

1871ko apirilaren 3an Deustun jaiotako jakintsu eta euskalaria. Donostian hil zen 1950eko urriaren 28an.

Hainbat kontzeptutan nabarmentzen zen familia bateko semea: bere anala zaharrena, Adolfo, Uquijoko kondea, politikaren eta administrazioaren munduan ibili zen. Jose Maria anaiak "La Gaceta del Norte" sortu zuen eta buruzagi politiko garrantzitsua izan zen. Rafaela izebak Comunidad de los Angeles Custodios delakoa sortu zuen.

Bilboko Institutuan egin zuen batxilergoa eta Deustun Zuzenbide ikasketak egin zituen. Handik Salamancara jo zuen doktoregoa egiteko (1887-1892).

Hizkuntzalaritzako zaletasuna berehala esnatu zitzaion; izan ere, Aita Arana eta Resurrección Mª de Azkue zituen irakasle, azken hori, Ybarra eta Urquijo familietako kapilau izan zen. Volapük gogoko zuen oso eta Konils Volapükik edo Ipuin Volapukistak izeneko liburu bat idatzi zuen. Gerora, arlo horretan ikasketak utzi egin zituen, Aita Cejador, ere maisuaren teoriek asebete ez zutelako.

Kirolzalea zen eta Espainiako lehenengo autoetako bat izan zuen eskuetan. 1894an Vicenta de Olazabalekin ezkondu zen Donibane Lohitzuneko "Urkixo baita" jauretxera.

Karlista izanik, 1903an Gorteetarako Diputatu izendatu zuten.

Vinsonen euskarazko "Bibliografia" agertu eta bertan zenbait akats eta gabezia sumatuta, euskal filologiarako zaletasuna eta liburuzaletasun itzela berpiztu zitzaizkion. Zaletasun horiek ez zituen sekula alboratu. Pasio horri esker, euskarazko bibliografia-ondare askok ihes egin zion suntsipenari eta ahazturari.

1905ean desagertuta zeuden Joannes de Etcheberryren lanak aurkitu zituen eta bi urte beranduago, Lacomberekin batera, Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria sortu zuen Parisen. Hura izan zen, handik aurrera, Europa eta Amerikako euskalzale guztien topaleku. Aldizkaria berari esker garatu zen. Urte hartan Etcheberryren lanak editatu zituen. 1908an Egiptoko Medjidich Ordenako Ofizial Nagusi titulua eskuratu zuen eta Lapurdiko Kanbon egin zen "Euskeltzaleen Biltzarreko" presidente izan zen (Euskaltzaindiaren aurrekaria, Urquijo anaien -Julio eta Adolfo- kezka nagusia).

Bere argitalpenek, bere kolaborazioek bezalaxe, zorroztasun eta dokumentazio itzela gordetzen dute. Hori aintzat hartzekoa da oso, oraindik ere euskarari buruz zentzugabeko teoriak zabaltzen ziren garai batean. Arocenaren esaldi dagoeneko ezagunaren arabera Urquijok Eusko Ikaskuntzetan "antolakuntza ipini" zuen. 1909an Real Academia de la Historia Españolako urgazle izendatu zuten. 1911n "Euskalerriaren Alde" aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen.

Bere jarduera bibliofiloa oso handia da: baserriz baserri eta sakristiaz sakristia ibili zen, bere hautes-agenteei botoez baino gehiago liburuez ardura zitezela gomendatu zien. Bidaiak idatzizko euskal literaturaren jarioa pilatzeko ere baliatu zituen, bere iloba, Juan Ramonek aipatu zuen bezala:

"Lehen Mundu Gerrako garaietatik, nire aitak aginduta itsasontziak lortzeko Londonera, Parisera eta Berlinera bidaiatzen zuenean, xehetasunez betetako bere agenda garbietan, ohar interesgarri andanaren artean, Greziako nabigazio jakin batzuen aurka idatzitako nolabaiteko destaina azaltzen zuten esaldien artean galduta, sarri aurki daitezke "Maggs-Bros", "Bernard Quarich", "Rosenthal", "Vald Ras-mussen", "Max Nicmeyer" edota "Karl Gerlinghans-era" egindako bisitak. Bertan, liburu eta salneurrien zerrendak ageri dira, guztiak Euskal Herriari dagozkionak. Horrek zera erakusten du: zereginik gabeko unetan sarritan liburuzain horiengana jotzen zuela, eta gainera, haiekin laguntasun harremana izan zuela. Hainbeste non, gaur egun, pertsonalki frogatu ahal izan dut Julio jauna oso maitatua eta miretsia izan zela; bereziki, Maggs, Quarich eta Rosenthal jaunek maite eta miretsi zuten".

Erakusgarri bitez, bere Liburutegia paregabeko bilakatuko duen bilaketa arduratsua neurtzeko, bere Egunerokoan paratutako oharrak. B. Estornes Lasak aipatzen duenez, behin 2.000 ale baino gehiagoko liburutegi bat eskuratu zuen Axularrek idatzitako Gero liburuaren ale bat lortzeko asmoz. Apurka liburutegi ospetsu hura garatzen joan zen.

"Pasadizoz pasadizo Urquijoren Liburutegiko apalak ale bitxi eta ederrez bete ziren. Egun batez Peñafloridako Kondearen Borracho Burlado lagunarteko txantxa batean 2 pezetaren truk eskuratu zuen bezalaxe, beste egun batez, Materre kausi zitekeen bere liburutegian, ezagutzen zen bigarren alea. Horrez gain, ale bakarrek ere aurkitu zuten liburutegirako bidea Arzadun eta Beriainen Kristau-ikasbideek, esaterako".

Lehen Mundu Gerra amaitzean, agian, Alemaniaren aldeko jarrera gatazkatsuak eraginda (Alemaniako jakintsuekin harreman garrantzitsuak izan zituen) Donibane Lohitzune utzi eta Donostira jo zuen.

Eusko Ikaskuntza (EI) sortu zuen taldean izan zen 1918an, eta urte hartan Oñatiko Kongresu ezagunean hitzaldi dokumentatu bat eman zuen. Bere jarduera EI (1923-33 bitartean Hizkuntza Saileko batzordekide izan zen, 1922an EIren eskuetan utzi zuen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariko zuzendari, 1933az geroztik Literaturako batzordekide) eta Euskaltzaindiaren inguruan garatu zen beti.

Urte haietakoa da Mellarekin izandako tira-bira. Horren ondorioz, Jaimeren aldeko agertu zen eta Jaime jaunak Galarazitako Legitimitateko Zaldun izendatu zuen. Bere irmotasun gatazkatsuaren eraginez, beranduago (1924) Peñafloridako Kondearen ortodoxia ideologikoaren alde agertu zen. Ortodoxia haren aurka zeuden Menendez Pelayo eta Gasteizko Gotzaina, M. Nuñez.

Zientziaren esparruan egindako lanak ordaina jaso zuen, izan ere, Meyer-Lübke euskalaria aurkezle zela, Bonneko Unibertsitateko Honoris Causa Doktore (1924) eta Real Academia de la Lengua Españolako kide (Hizkuntza Erregionaletako Sailean) izendatu zuten (1927; 1929an hartu zuen kargua). Azken hori Primo de Riverak esleitzen zien berak burututako diktaduran zapalkuntza jaso zuten herrialdeei. Bere sarrera-hitzaldian euskarak beste hizkuntza batzuekin zuen harremanari (balizkoa edo benetakoa) buruz hitz egin zuen. Urquijo euskararen ordezkari izan zen korporazio horretan, hil artean.

Errepublika aldarrikatu zenean, Gipuzkoan Gorteetako Diputatu izendatu zuen Katolikoek eta Foruzaleek osatutako koalizioak, 1931ko ekainean.

Elizaren pribilegioak defendatu zituen sutsuki , hala eta guztiz ere, garai errepublikanoa oso gatazkatsua izan arren, alde batekoak zein bestekoak hartu zituen amultsutasun eta interes bera azalduz; izan ere, Justo Garatek esan zuenez "tratu aparteko zalduna zen, sakontasun handikoa, eszeptizismo naturala zuena, zolitasun paregabea zuen, sen on itzela, eta, batez ere, oso gizatiarra zen". Hori horrela izanik, Ciriquiain Gaiztarrok bete-betean asmatu zuen bere Donostiako etxeari buruz "euskal tradizioaren Sancta Sanctorum bat" zela eta Urquijo "bertako apaiz gorena" zela esan zuenean.

1936an gerra lehertu zenean, Donostiatik ihes egin zuen eta bere etxea kontrola galdutako patruilen mehatxupean zegoen. Gauzak horrela, 14.000 liburu baino gehiagoz hornitutako liburutegia -aurreko urtean Gasteizko Euskal Liburuaren Erakusketan jendaurrean erakutsi zena- suntsitzeko zorian izan zen.

EIk Manuel de Irujo arriskuaz ohartarazi eta hura Gipuzkoako Foru Aldundiko Idazkariarekin jarri zen harremanetan, Leizaolarekin. Hala, Leizaolak Mikelete multzo bat eta konfiantzazko hainbat pertsona bidali zituen, eta konfiskazioa aitzakia modura jarrita, liburuak bildu eta handik atera ahal izan zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat "lehen mailako balio historikoa" zutela argudiatuta (1936ko abuztuak 2).

Gatazkaren ostean, Urquijoren anaia eta bost senitarteko hurbileko bortizki hil ziren eta berak bizimodu lasaiagoa hartzea erabaki zuen.

1943an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidente izendatu zuten baina ez zuen Euskaltzaindiaren berpizkundea biziko, ezta EI eta hainbaeste maite zuen RIEV-rena ere.

1949 Gipuzkoako adopziorako seme izendatu zuten. Urte horretantxe bere omenezko liburu bat argitaratu zen (3 liburuki).

Donostian hil zen 1950eko urriaren 28an.

Hil osteko lehen urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak haren Liburutegia eskuratu zuen.

Tartean Artxibategi Epistolar oparo bat barneratzen da (Urquijok, mende laurdena baino gehiagoz munduko hizkuntzalaritza korronte nagusietako ordezkari anitzekin trukatutako gutunak). Artxibategi hori Euskal Herriko kulturaren harribitxi handietako bat da eta gaur egun "Koldo Mitxelena" Zentro Kulturalean gordetzen da, balio handiko katalogo batekin batera.

Bere ekoizpen naroa RIEV, "Euskalerriaren Alde", "Euskerea", "Euskal Esnalea" eta hianbat aldizkari espezializatutan zehar sakabanatuta aurki daiteke.

Izenburu batzuk aparteko tiradak izan zituzten, liburu modura argitaratuta. Hona hemen horietako batzuk: Bibliografía vascongada. Un manuscrito vasco-latino que se creía perdido, Donostia, 1905, 7 or.; Los refranes vascos de Sauguis traducidos y anotados por A. Lamaignère, Baiona, 1909, 58 or.; La tercera Celestina y el Canto de Lelo, Paris, 1911, 18 or.; Una fuente del "Guero" (Axular: Fr. Luis de Granadaren imitatzaile), Donibane Lohitzune, 1912, 13 or.; Estado actual de los estudios relativos a la lengua vasca. Discurso pronunciado en el Congreso de Oñate el 3 de septiembre de 1918, Bilbo, 1918, 35 or.; Lengua Internacional y Lenguas nacionales. El "euskera", lengua de civilización, Donostia, 1919, 19 or.; Euskal errefrau-bilduma, I. liburukia: Garibayren errefrauak, Donostia, 1919, 81 or.; Un juicio sujeto a revisión. Menéndez Pelayo y los Caballeros de Azcoitia, Donostia, 1925, 152 or.; La cruz de sangre. El Cura Santa Cruz. Pequeña rectificación histórica (G. Bernoville gogoratuz), Donostia, 1928, 62 or.; Discursos leídos ante la Real Academia en la recepción pública de D. Julio de Urquijo e Ibarra el día 24 de noviembre de 1929, Donostia, 1929, 69 or.; Los amigos del País, según cartas y otros documentos inéditos del s. XVIII, Donostia, 1929, 104 or.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Julio Urkixori buruz.