Irakasleak

Oregi Aranburu, Josu

Osirantzu, Zubiartea

Euskalaria. Bergaran (Gipuzkoa) jaio zen 1919ko abenduaren 18an. Jaioterrian hil zen 1995eko apirilaren 14an.

Batxilerato ikasketak Bergarako Dominikoetan eta Lekarozko Kaputxinoetan burutu zituen. Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, guraso eta arrebarekin Mundakara ihesi joan beharra izan zuen armetan jaiki ziren militarrak Bergaran sartu baino lehen. Bizkaia galdu zenean, Donibane Lohizunera (Lapurdi) jo zuten. Handik Belgikara bidali zuten ikasketak jarraitzeko asmoz. Liege (Belgika) hirian jesuitek zuten Institut Gramme izeneko eskolan ibili zen injinerutza ikasten 1939 eta 1940. urteetan. Handik ordea, Bigarren Mundu Gerra hasteko zorian atera beharra gertatu zitzaion eta ez zituen ikasketok burutu ahal izan. Handik etxera itzulitakoan familiaren lantegian hasi zen lanean, Oregi Textilean. Han jarraituko zuen 1975a arte, fabrikak porrot egin zuen arte.

Bergarara 1945ean itzuli ondoren, euskarazko ikastaroak antolatu eta emateari ekin zion Josu Oregik. Bergarako Eskola Elementalean. Ikastaro horiek emateko hasi zen, beharbada, euskal aditza aztertzen eta aditz-formen paradigma garatzen. Fabrika utzitakoan, ondoren, 1977an, Deia egunkari sortu berrian sartu zen, euskal orriaren arduradun moduan.

Eusko Legebiltzarra eratu zenean, bertako itzulpen-zerbitzuez ere arduratu zen. Han egin zituen lehen aldi baterako interpretazio-saioak, Jose Agustin Orbegozo fraide pasiotarrarekin batera. Itzulpen- eta interpretazio-zerbitzua sortu eta haren arduradun izan zen erretiroa hartu arte, 1987ra arte. Euskararen Aholku Batzordeko kidea ere izan zen eta EITBko kontseilari 1981-1985. urteetan.

Euskalari bezala, euskal aditza izan zuen aztergai eta idazgai nagusi. Euskal aditzaren paradigma osoak, gipuzkeraz nahiz bizkaieraz, jasotzen eta aztertzen jardun zuen urte luzeetan, 60ko hamarkada arte, eskuz idatzitako hiru koadernoetan. Haratago joanez, euskal aditzaren zenbait alderdi jorratu zituen, aldizkari desberdinetan argitaratuz: Euskalerriaren Adiskideak Elkartearen buletinean saioren bat edo beste eta Jakin-en beste zenbait lan.

Politika arloan, Josu, izatez Eusko Alderdi Jertzale (EAJ) alderdikoa zen nahiz eta geroago alderdi horretan gertatu zen etenduraren ondotik EAn geratu zen. Dena den, Josu Oregiren sentipen eta ideia sakonenak Euskal Herriaren nortasuna eta euskaldunon batasunera mugatzen ziren. Politikagintza ez bazuen ere inoiz landu, bolada batez EAJ alderdiarentzat lan egin zuen, euskara eta kultura arloan.

1965eko irailaren 24ko batzarrean, euskararen alde egin zituen lanegatik eta aurrerantzean egin zezakeenarengatik, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatua zuen.

  • OREGI, Eneko. Josu Oregi Aranburu (1919-1995). Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko aurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2009.