Bestelakoak

Sugoi

Horrela deitzen diote Arratian Sugaar edo Maju izeneko jeinuari. Batzuetan, suge-itxurarekin agertu ohi da, eta beste batzuetan, gizon-itxurarekin. Mariren zikloarekin estu lotuta dago. Zenbaitetan, beste jeinu baten itxura du: Mikelats, Mariren semea.

Bargondiako (Dima) Iturribeiti baserrian bizi ziren bi anaiek Sugoi ikusi zuten Baltzolako koba batean, suge baten itxurarekin. Gazteenak isatsa moztu zion, harrikada batez. Nagusiena errukitsuagoa zen, eta ez zuen jokaera onartu. Handik denbora batera, anaia nagusia jaioterritik urruti zegoela, herrimina sentitzen hasi zen, eta gizon ezezagun batek Baltzolako kobara garraiatu zuen berehalakoan. Kobako sarreran agur esaten ari zela, ongile misteriotsuak urrez betetako kutxa eman zion, eta gerriko gorri bat anaiarentzat. Hark ez zuen gerrikoa jarri nahi izan, eta etxe aurrean zuten intxaurrondo batean lotu zuen. Orduan, zuhaitza erre zen, eta horren lekuan, leize sakona baino ez zen geratu. Azken jazoera hori Saran ere gertatu zen, eta Axularren zikloaren parte da. Sarako jazoeran, baina, Sugoi beharrean Mikelats agertzen zaigu.

Erref. J. M. de Barandiaran: Mitología vasca, 142 or., Eusko-Folklore, XI; 3. seriea, 9. zk, 89-90 orr.; "Axular'en itzala", Gure Herria, 29. urtea, 2. zk.