Architecture

Universidad de Deusto. Edificio 'La Literaria'. Arquitectura

Ver versión en euskera.

Nerbioi ertzean kokatzen da eraikina eta ibaialdera du fatxada nagusia, horrela, Bilboko itsasadarraren paisaiako osagai esanguratsuenetako batean bilakatuaz. "La Literaria" osatzen duten espazio esanguratsuak -nola paraninfoa, hala liburutegia, kaperak edo beste zenbait gune- bi patio edo klaustro bikiren bueltan antolatzen dira modu simetrikoan. Era berean, oinean hiruhortzeko bikoitzaren forma hartzen du eraikinak.

Deusto

Fatxada nagusia mihise horizontala bailitzan altxatzen bada ere, hiru ardatz bertikal egituratzaile nagusitzen dira horizontaltasuna hautsiz. Horrela, fatxadaren izkinetako zein erdialdeko ardatz hauei erantzunez, hiru gorputz aurreratu egiten dira. Erdialdeko bolumena besteak baino dimentsio handiagokoa da zabaleran zein altueran eta, ondorioz, nagusitu egiten da. Gainera, gorputz honek, aurrealdean eraikinaren harmailadi nagusia du.

Deusto

Lengoaia aldetik, konposaketa eklektikoa du fatxada nagusiak. Konposaketak guztiz simetriko eta harmonikoa badirudi ere, oinarri arkitektoniko berdina duten bolumenetan ezberdintasunak sortzen dira, konposizio eta ornamentu elementuetan erabilitako lengoaia anitzen bidez. Horrela, orokorrean, eraikuntza zibiletan ohikoa zen moduan, korronte neoklasikoari erantzuten zaiola esan badaiteke ere, berpizkundeko zein elizari erreferentzia egiten dioten kutsu erromanikoko elementuak aurki daitezke.

"La Literariak" eraldaketa ugari jasan ditu bere sorreratik gaurdaino. Eraikina osatzen duten espazioetan erabilera aldaketak eman dira garaian garaiko beharrei erantzunez eta eraikinaren ekialdeko handitzea ere egin zen XX. mendearen amaieran. Azken eraldaketa esanguratsuena, 2011an burutako zaharberritzea litzateke.

Zaharberritzea Idom enpresak burutu zuen eta euren esanetan, interbentzioaren premisa nagusia, jatorrizko eraikinaren ezaugarri espazial, estetiko eta funtzionalak errespetatu eta balioan jartzea zen. Gainera, kontuan hartzekoa zen eraikinak ondare ikuspuntutik 2002. urtetik duen babesa, "Monumentu" izendapenarekin kalifikatua baitago Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Zentzu berean, babes espezifikoa dute sarrera nagusiak, atariak, harmailadi nagusiak, paraninfoak, kapera gotikoak eta liburutegi zaharrak eta bestalde, errespetatu beharrekoak dira barne bolumenen banaketa eta komunikazio bertikaleko elementu nagusiak.

Irizpide nagusi bezala, eraikinaren garai ezberdinak errespetatzea hartu zen eta ondorioz, jatorrizko ezaugarri, estilo eta lengoaiak mimetizatu ordez, haien berrirakurketari erantzuten dien lengoai abstraktu eta garaikideagoa erabili ziren. Estrategia zehatzagoei erantzunez aldiz, hainbat alorretako erabakiak hartu ziren.

Klaustroek eraikinean duten izaera enblematikoa aintzat hartuta, espazio hauek estaltzea erabaki zen. Era horretara, gune hauen erabilgarritasuna handitzen zen ekitaldi ezberdinak egiteko (erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak...) eta, ondorioz, plaza estali modura ulertuta, are eta garrantzia handiagoa hartzen zuten eraikinaren egunerokotasunean. Gainera, bi klaustroetako bat, mendebaldekoa, barnealdeko parke modura planteatu zen eraikineko elkargune modura funtziona zezan.

DeustoDeusto

Bestalde, klaustro hauek eraikinaren bolumetriarekiko duten izaera egituratzailea abiapuntu hartuta, eta denboran zehar eraikinaren antolamendu eskema jatorrizkotik eraldatua izan zela kontuan izanda, klaustroen inguruko deanbulatorioa berreskuratzea planteatu zen. Honek, oin nagusietan patioen inguruko zirkulazio jarraitua baimenduko zuen, eta horretarako, banaketa horma eta beste zenbait elementu desagerrarazi eta espazio ezberdinen arteko mugak zoladuretako materialez bereizi zituzten.

DeustoDeusto

Zaharberritzearen funtsezko beste helburuetako bat, energiaren ikuspuntutik eraikinaren funtzionamendua hobetzea zen. Horretarako, lehen aipatutako klaustroen estaltzea burutzeaz gain, leihoetako arotzien konponketa eta ordezkapenak egin ziren jatorrizkoen ezaugarri formal eta materialak aintzat hartuta. Era berean, itxitura hormen portaera hobetzeko isolamendua gehitu zen zenbait gunetan.

Deusto

"La Literaria"ren aurpegia txukuntzeko, fatxadetan garbiketa lanak egiteaz gain, zenbait ornamentu elementu zaharberritu eta alboetako fatxadak berregin ziren.

Azkenik, eta irisgarritasun arazoei soluzio emanez, arkitektura-oztopo ezberdinei aurre egiteko arrapalak eraiki eta zenbait seinale jartzeaz gain, bi igogailu panoramiko instalatu ziren. Era honetara, eraikina, bere osotasunean irisgarri izatea lortu zen.

Deusto

  • EUSKO JAURLARITZA. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila. Kultura Ondarearen Zentroa. [Kontsulta data: 2016ko urtarrilak 7].
  • MAS SERRA, Elias. "La Universidad de Deusto". Periódico Bilbao. 2005, 199.zenb., 9. orr.
  • NAVASCUÉS PALACIO, Pedro. "La Obra Arquitectónica del Marqués de Cubas". Villa de Madrid, 1972, 9.alea, 34.zenb., 19-31 orr.
  • "Rehabilitación del Edificio Central de la Universidad de Deusto. Las grandes posibilidades de un edificio histórico". Promateriales. Revista de construcción y arquitectura actual. 65. zenb. (2013ko maiatza), 42-53 orr.
  • "Universidad de Deusto". Bilbao Architecture. [Kontsulta data: 2016ko urtarrilak 7].