Arkitektura

Deustuko Unibertsitatea. 'La Literaria' eraikina. Arkitektura

Deustuko Unibertsitatearen Bilboko Kanpusa, Nerbioi ibaiaren eta Artxanda mendiaren arteko gune batean dago kokatua eta sei eraikinez osatutako multzoa da gaur egun. Bertan dira "La Literaria" bezala ezaguna den eraikin nagusiaz gain, "La Comercial", "Mendeurrenekoa", ESIDE ingeniaritza eskola, CRAI liburutegia eta ikasle-egoitza nagusia. Unibertsitatearen hastapenetan, ordea, "La Literaria" eraikina izan zen kanpusaren abiapuntua.

Deusto

Deustuko unibertsitatea 1886an inauguratu bazen ere, hiru urte lehenagotik "La Literaria" eraikitzen hasiak ziren. Haren proiektua Francisco de Cubas eta José María Basterra arkitektoek burutu zuten elkarlanean.

  • Francisco de Cubas

Marqués de Cubas bezala ezaguna zen Francisco de Cubas arkitekto madrildarrak, ordurako Jesuitentzako lana egina zuen Madrilgo Luistarren elizan. Bestalde, bere sorterrian egindako lan ugariengatik, "Madrilgo aristokraziaren arkitekto ofizial" bezala aipatua izan da. Bertan egin zituen lanetan bereziki aipagarria da Almudena katedrala (1881) eta Bizkaiara gerturatuta, ezaguna da Gatikan kokatutako Butroeko gaztelua.

  • José María Basterra

José María Basterra, garaiko arkitekto entzutetsuenetako bat izan zen Bilbon, eta baita Bizkaia mailan ere. Deustuko kanpusean bertan, urte batzuk geroago, 1916rako, "La Comercial" eraikinaren proiektua Basterrak burutu zuen Emiliano Amann arkitektoarekin batera.