Roman

Sagastizabal, Joxean

Eibar, 1956.

Eibarren sortua eta Gasteizen hazia, Ekonomia zientziak eta Irakasle ikasketak egin ondoren HABEn aritu zen zenbait urtez euskara irakasle. 1994tik aurrera, berriz, Josean Sagastizabalek Osakidetzan lan egiten du euskara teknikari gisa.

1983an argitaratu zuen bere lehen nobela laburra, Jolasean (Hordago). Nobela laburreko Café Iruña saria eskuratu zuen idazlan hori hiru gazte, bi neska eta mutil baten arteko harremanen inguruan eraikitako idazlana dugu, elkarrizketek (maitasunaz, euskarari buruz, zinemaz,...) eta sexu eszena eta aipamen ugariek bizitasun eta berritasuna ekarri zuten garaiko euskal letretan. Urte batzuk beranduago, 1987an, Elkar argitaletxeak berrargitaratu zuen Sagastizabalen lehen idazlan hau.

Idazle honek literatura generoak hautsi eta sorkuntza lan berriak plazaratzeko joera izan du. Horren adibide dira lehendik aipaturiko Jolasean nobela erotikoa, Zerura igotzeko (Susa, 1986) eta Inguratuta gatxeuden (Baroja, 1989) ipuinak, komikigintzaren eragina duen Paixibo (Elkar, 1987), euskal kulturaz eta politikaz barre egiten duen Gerturik daukagu odola (Pamiela, 1999), Australiako aborigenak abiapuntu duen Nomadak kantari datoz (Alberdania, 2005), eta abar. Sagastizabalen sorkuntzan beste konstante bat umorea dugu, obrak irakurtzen irakurlearen irribarrea bilatzen duten idazlanak egiten baititu; ikusi, Zorotariko euskal hiztegia (Alberdania, 1996) liburuari Mikel Aldalurrek eginiko komentarioa:

"Gramatika degeneratiboa eskaintzen digu Sagastizabalek. Hitzaurrea Joxerra Garziak apailatu du eta, bertan, hiztegi honetako hitzak literaturaren mendeku txiki-gozoak direla esaten zaigu. Ederki azaltzen du hitzaurreak hiztegiaren nondik-norakoa eta Garziaren hitzok osatzen dute liburu honen alderdi serioa, edota serioena behintzat. Sagastizabali dagokionez, ederki erakutsi eta frogatu digu lana serio eginda ere, batere serioa ez den emaitza lor daitekeela. Ez al du meritu handiagoa esistitzen ez diren hitzekin eginiko hiztegi batek, esistitzen direnekin eginiko beste batek baino?"

Euskaldunon Egunkaria, 1996-05-11.

Edo Iñigo Roquek Nomadak kantari datoz liburuaz esanikoa:

"Liburua olgeta hutsa da, eta bere horretan hartu behar da. Norberak ikusi egin behar jolasteko prest dagoen ala ez. Besterik ez bada ere, hasierako oharra irakurtzea merezi du."

Gara, 2006-03-04)

eta Javier Rojok Gerturik daukagu odola nobelaz ari denean:

"Sagastizabalek irakurle euskaldunei beren buruaz barre egiteko aukera eskaini ohi die bere idazki gehienetan. (...) Barre eragitea oso gauza serioa da, eta Sagastizabalek badaki nola egin."

El Correo, 2000-02-02.

Dibertsio hori, umore kutsua, egile honen idazlan ia guztietan dago presente, bai eta antzerki mundura eginiko inkurtsio bakarrean ere: Moskatel Team (Kutxa, 2005), Donostia Hiria saria antzerki 2005ean, txirrindularitzaren munduan kokaturiko umorezko lana. Izan ere, Josean Sagastizabal berak onartua da bere lanetan umorearen bidez edertasuna bilatzen duela:

"Bizitza oso kontu latza da, gogorra, oso. Jaungoikoari eskerrak -ni ez naiz sinestuna baina-, gizakiok baditugu arma batzuk, bizimodu honi aurre egiteko. Arma garrantzitsuenak: umorea, edertasuna, besteren kariñoa. Kariñoa diot, maitasuna oso gauza potoloa delako. Kariñoa badago munduan, maitasuna... dudak ditut. Umorea, edertasuna, besteren kariñoa. Jana eta edana ere badira, baina bigarren mailan jartzen ditut nik. Nik esan nezake nire literatura dela umorearen bidez egiten dudan edertasun bilaketa."

Argia, 2005eko apirilaren 17an argitaratua.

Eta Josean Sagastizabal euskal letretan ezaguna baldin bada orain arte inoiz euskaraz argitaratu den best seller salduenaren egilea delako da: 1994an plazaraturiko Kutsidazu bidea, Ixabel (Alberdania). Euskara ikasten ari den gazte baten egonaldia baserri batean narratzen duen nobela labur hau ateraldiz, hitz jokoz, egoera xelebrez eta hamaika pasadizo barregarriz osaturik dago. Felipe Juaristik honako hau dio liburuari buruz:

"Joxean Sagastizabalen liburu hau barre egiteko da. Ez barre murritza, edo barre motza, edo erdi barrea, barrea gogoz baizik. Eta barrerik sanoena, nork bere buruari egiten dionean, alegia. Istorioa bestalde, sinple samarra da: gazte bat, udako egunak bere hartuz, euskara ikastera ausartuko da Alkiza herrian, eta egunak eta orduak hobeto aprobetxatzeko, baserri batean hartuko dute apopilo gisa. (...) Joxean Sagastizabalek, neurri berean, barre egiten dio liburu honen bidez, baserri giroaren ikuspegi topiko bati: baserritarrak arloteak eta ezjakinak direla dioenari, hain zuzen. Azken finean, liburu honetan baserritarrak dira barrerik ozenena egingo dutenak."

Diario Vasco, 1994-05-07.

Nobelaren argumentua, alde horretatik, aitzakia da Juan Martin euskaldun berriaren egonaldiaz barre egiteko, euskara ikastera joan eta munduko beste muturrera iritsi dela uste duen gaztearen kontura, exajeraziora iritsi arte. Egileak berak Mielanjel Elustondorekin izaniko elkarrizketa batean onartu bezala:

"Umorea beti da exajerazioa. Exajerazio gabe nekez egin liteke umorea. Egin liteke umorea, baina beste bide batetik. Barre egiten dela baserritarraren kontura? Bai. Eta euskaldun berriaren kontura ez, ala? Saltsa horretan agertzen diren pertsonaje guztien kontura egiten dugu barre, baina, batez ere, baserrira joan den euskaldun berri "ezgauza" horren kontura! Eta, "ezgauza" hori neu naiz! Neure buruaren kontura egiten dut barre. Besteren kontura? Baita. Eta? Ez al dago egiterik ala? Baserritarrak ez direla horrelakoak? Ez, ez dira. Baina euskaldun berriak ere ez!"

Argia, 2005eko apirilaren 17an argitaratua.

Eta elkarrizketa horretan bertan Sagastizabalek klabe batzuk ematen ditu bere obren zergatia eta, neurri batean, arrakasta azaltzeko. Hots, euskaldunok behar dugun umore modernoa:

"Umoreak zenbait klabe behar ditu: argot bat, denoi irudi berberak eragiten dizkigun zerbait, humus hori, eta euskaraz ez dago. Ez dago Vaya Semanita euskaraz egiterik. Humus horren faltan, euskaldun denok barrez jarriko gaituen umorea ez da inondik ere erraza! Zergatik jotzen dugu "kaletarra", "baserritarra", eta horrelakoetara? Euskalduna hor mugitu izan delako orain arte. Gaur egun, euskara ikastea, euskaldun berria eta abarra. Baina dekoratu berriak behar ditugu euskal umore modernoa egiteko."

Argia, 2005eko apirilaren 17an argitaratua.

Kutsidazu bidea, Ixabel (ondoren bigarren zatia izan zuen, baina arrakasta handirik gabe: Kutsidazu berriz, Ixabel, 2006an) nobelak euskal sor lan batek Euskal Herrian inoiz izan duen oihartzun mediatiko handiena izan du. Antzerki lan moduan antzeztu izan da 180 aldiz; pelikula bat egin da, telesaila, DVD moduan komertzializatu, CD-Rom interaktibo moduan aurkeztu... eta 60.000 ale baino gehiago saldu.

  • ALDALUR, M. "Jamaika ikusteko jaio gaituk!", Euskaldunon Egunkaria, 1996-05-11.
  • ELUSTONDO, M. A. "Joxean Sagastizabal: 'Kutsidazu bidea Ixabel'ek fama badu, nik ez", Argia, 1988. [Kontsulta data: 2012ko ekainak 25].
  • JUARISTI, F. "Egidazu barre, mesedez", El Diario Vasco, 1994-05-07
  • ROJO, J. "Euskal odola", El Correo, 2000-02-02
  • ROQUE, I. "Alegiazko munduak", Gara, 2006-03-04