Écoles

La Salle-San Jose ikastetxea. Zarautz

1904-1913.

Gipuzkoara Kristau Eskoletako Anaien heltzea 1904ean izan zen. Hain zuzen ere, Zarautzera eta Azkoitira iritsi ziren. Zergatik joan ziren herri hauetara eta zergatik aukeratu zituzten herri hauek? Arrazoiak desberdinak dira: Zarautzen kasuan nobizioek egoitza zeukatelako eta Azkoitiaren kasuan Anaiek eta Udaletxeak akordio bat lortu zutelako. Dirudienez, hauek izan ziren arrazoi nagusiak. Ordea, Zarautzeko eskolak bere ateak berehala itxi zituen arrazoi ekonomikoengatik, alegia, 1914ean. Berriz, 1929an berriro, eskola berreskuratu zuten. Beste aldetik, Azkoitiko San Jose ikastetxeak 1936ra arte iraun zuen, nahiz eta 1930ean bere izena aldatu, Floreaga Eskola bihurtzen.

II. Errepublikako testuinguruan, gatazka ideologikoak sortu ziren eta horien ondorioz, Zarautzeko Anaiak ordezkapen bat pairatu zuten. Haien ordez, galiziar Anaiak etorri ziren eta Zarautzen geratu ziren. Zerbait antzekoa gertatu zen Azkoitian, baina kasu honetan, azkoitiar Anaiak herritik kanporatuak izan ziren. Hala ere, bai Zarautzen, bai Azkoitian, Eusko Alderdi Jeltzalerenganako hurbiltasuna leporatu zieten eta horrexegatik Anaiak zigortu zituzten.

Frantziatik kanporatuak izan ostean, Anaiek Zarautz aukeratu zuten bizitzeko eta herri honetara iritsi bezain laster, bi eskola sortu zituzten: Jesusen Bihotza 1904ean eta San Jose eskola 1929an. Jesusen Bihotzak denbora gutxi iraun zuen, 1914ean itxi zutelako. Hala ere, ikastetxe hauen historia ezagutu baino lehen, nobizioen egoitzari buruz hitz egin behar dugu eskola horien ibilbidea hobeto ulertzeko.

Dakigunez, 1904ean Frantziak Anaiak bota zituen eta erabaki horren ondorioz, hauek Gipuzkoara heldu ziren, baina lurralde honetan ezartzeko baimena eskatu behar izan zioten Gasteizko Gotzainari. Hori dela eta, otsailaren 24ean Gasteizko Elizbarrutiak ondorengoa erantzun eman zien: "Elizbarruti honen ateak zabal-zabalik daude gure Anaientzat". Eta horrela izan zen. Nobizioak iritsi zirenerako hiru Anaiek etxebizitza bat alokatua zuten eta lehenengo konponketak egiten hasi ziren. Uztailaren bukaeran Zarautzeko egoitzan 33 lagun ziren eta berehala ekitaldi guztiei ekin zizkieten. Esate baterako, azaroan, hiru nobiziok "abitu-hartzea" zeremonia ospatu zuten eta bi urte beranduago, 1905ean, lehenengo bokazio gipuzkoarrak sortu ziren.

Hain ona izan zen ongi etorria Anaientzat non hauek eskola berri bat ireki zuten. Eskola honen lehenengo zuzendaria frantziar bat izan zen, Maurice Anaia. Hau, Alkatearengana abiatu zen eta gutun baten bidez "ongi etorri maitagarria" eskertu zion. Ondorioz, Anaiek mesedea bueltatu zioten Zarautzi eskola bat sortuz. Horrela, Zarautzeko umeek eta gazteek aukera berri bat izango zuten, gaztelaniaz eta frantsesaz ikasiko zuten, ordea, aukera ez zen hain erraza izan. Helburu hura betetzeko Anaiek udaletxeko laguntza behar zuten. Hala nola, eskola berriak ondorengo baldintzak bete behar zituen: lokalak, altzariak eta haurren garbitasuna. Ondorengo egunetan udaletxea baldintzak betetzen hasi zen eta etxe-eskola bat eskaini zien Anaiei, "Portu" izenekoa, eta bide batez, altzariak ere eskaini zizkien. Egoera hau konponduta, eskolaren legalizazioari irtenbide bat eman behar zion eta hori 1906an lortu zen Hezkuntza eta Arte Ministerioari esker.

Beste aldetik, Anaiek beste helburu bat izan zuten: eskola dohainik izatea, baina kasu honetan ere, udaletxeko laguntza ekonomiko behar zuten, berriz, garai hartan udaletxeak zorrak besterik ez zituen eta ez zekien arazoa nola konpontzen. Behin egoera ikusita eta aztertua, Anaiek bi proposamen izan zituzten: alde batetik Udaletxeak mantendu behar zuen kuota, nahiz eta hau txikia izan, eta beste aldetik, gurasoek, bakoitzak bere neurrian, diru-laguntza ordainduko zuten. Hasieran udaletxeari ideia egokia iruditu zitzaion, baina bere kuota mantentzea ez zen lan makala izan, beraz irtenbide bat asmatu behar izan zuen eta hura zinegotzien eskutik etorri zen. Zinegotzi bakoitzak hilero bost pezeta jarriko zituen eta falta zen dirua, kuota osoa betetzeko gurasoek jarriko zuten. Lan hau aurrera eramateko udaletxeak langile bat eskaini zuen eta honek hilero diru-laguntza guztiak jasoko zituen.

1906an, arazo guztiak konponduta ematen zuenean, nobizioen egoitza aldaketa gertatu zen. Egoitza berria Irunen izango zen eta Zarautzeko Anaiak Irunera joan ziren, hiru Anaia izan ezik, irakaskuntzan lan egiten zutenak. Hauek, Zarautzen geratu zirenak, eskola etxe-eskola bihurtu zuten, baina horretarako eraikinak aldaketa batzuk behartu zituen, beraz, berriro udaletxera joan ziren laguntza eske. Udaletxearen erantzuna berriro baikorra izan zen eta eraikinak behar zituen konponketa guztiak bereganatu zituen. Ordea, Anaien pozak oso gutxi iraun zuen, 1913/14 ikasturtean I. Mundu Gerra hasita zegoen, diru-laguntza guztiak desagertu ziren eta haiekin batera Zarautzeko eskola.

Honekin amaitu ondoren, Anaiek ikasleen sailkapenari ekin zioten, ezaguerako maila desberdinak ezagutzeko eta eskola antolatzeko. Behin lan hau eginda, ikasleak hiru mailatan banandu zituzten. Esate baterako, 1905ean lehenengo gelan 30 ikasle zituzten, 40 ikasle bigarren gelan eta 60 hirugarren gelan, guztira 130 ikasle. Ikasle guzti hauek kontrolpean izateko Anaiek barneko arautegi bat sortu zuten. Arau hauen artean, batzuk oso bereziak ziren, esate baterako, lehenengo hezkuntzako ikasleek "Kristau Hezkuntza ikasi behar zuten", beste ikasleek ere ikasgai hau ikasi behar zuten, baina arautegian lehen hezkuntzakoak azpimarratzen zuten. Beste arau berezi bat adinarena zen, hau da, Zarautzeko ikasleak sei urterekin hasten ziren eta ikasketak hamahiru urterekin bukatzen zituzten, hau da, beste eskoletako ikasleen baino urte bat gehiago bete behar zuten. Arautegiarekin bukatzeko beste bi arau azpimarratuko ditugu: jai egunetakoa eta diziplinakoa. Jai egunetan Zarautzeko ikasleak eskolara joaten ziren otoitz egitera. Eskolan, irakaslearekin geratzen ziren eta elkarrekin "divinos oficios" entzuten zuten. Diziplinari buruz ez dago asko esaterik. Betidanik diziplina Salletarren ezaugarria izan da, diziplina zorrotza, oso zorrotza, eta horretarako sariak eta zigorrak erabiltzen zituzten.

Curriculumaren arloan, ikasleek ikasten zituzten ikasgaiak Moyano Legeagoak ziren, alegia, Erlijioa eta Doktrina, Irakurmena, Idazmena, Historia Sakratua, Gaztelania Gramatika, Aritmetika, Gizalegea eta Historia eta Geografia. Klaseak goizeko zortzietan hasten ziren Otoitza eta Hausnarketarekin. Ondoren, 8,30etan ikasleek ikasitako gaiak buruz esan behar zituzten. 9etan Gramatika Diktaketa eta Analisia egiten zituzten eta 10etan Estilo, Kontaketa eta Grafikoen Zuzenketa. Klaseak 11etan bukatzen ziren Otoitza eta irteerarekin baina 13etan berriro hasten ziren. Lehenengo jarduera Otoitza zen Idazketa eta marrazkiarekin jarraitzeko 13,45era arte. Momentu honetan Irakurketa azalpenekin egiten zuten eta ondoren, 14,45etan, Aritmetika eta ariketak. 15etan atsedena eta 15 minutu beranduago Historia eta Geografia. Bukatzeko 16etan Doktrina ikasten zuten eta eguna bukatzen zen 16,30 Otoitza eta irteerarekin. Ikusten dugunez, irakurketa eta idazmen ikasgaiak garrantzi handia zeukaten curriculumean.

1929an Anaiak Zarautzera bueltatu ziren eta dagoeneko ez ziren berriro handik mugitu gaur egun arte. Ordea, Gerra Zibila hasi baino lehen arazo larriak izan zituzten, itzultzearen arazoak esate baterako, frantziskotarren jarrera ez zen egokiegia izan, herriaren giroa pil-pilean zegoen eta institutu erlijiosoaren gorabeherak ere existitzen ziren.

Lehen aipatu dugunez, Anaiek 1914ean Zarautz utzi zuten eta horren ondorioz, herrian eskolar hutsune bat sortu zen. Egoera hura konpontzeko, José Epeldek, "Juventud Antoniana-ren" zuzendariak, gela batzuk elkarte honen eraikinean ireki zituen. Horretarako irakasle batzuk behar zituen eta oso azkar lortu zituen, irakasle laiko tituludun bat eta bi frantziskotar. Egoera horrekin hainbat urte iraun zuten, baina guraso batzuen iritziz, egoera hura ez zen egokiena. Beraz, guraso haiek Anaiengana jo zuten eta Zarautzera bueltatzea proposatu zieten Zarautzek eskola bat behar zuelako. Izan ere, 100 guraso bildu ziren eta batzorde bat sortu zuten. Behin batzordea osatua, honen talde bat Donostiara joan zen "Anaia Ikuskatzailearekin" (Bisitariarekin), bilera bat izateko. Honi herriko eskolaren gabezia azaldu zioten, baina lortu zuten erantzuna ezezkorra izan zen, langileria nahikoa ez zeukatelako. Batzordeak ez zuen amore eman eta beste mugimendu batzuekin jarraitu zituen. Hori dela eta, Errenteriara jo zuten eta han "Corazonistasekin" elkartu zen. Hauei, hasieran, ideia gustatu zitzaien, baina azken momentuan atzera egin zuten eta ideia baztertu zuten.

Dirudienez, mugimendu guzti hauek Gotzainak oso ondo zekizkien eta batzordeari beste proposamen berri bat eskaini zion: "Maristas-ek" antolatuko zuten Zarautzeko eskola. Hauen lehenengo erantzuna baiezkoa izan zen, baina beste kongregazio batzuetan bezala, proiektua bertan behera utzi zuten. Dena galduta ikusten zenean, Zumarragako Komunitateko zuzendaria agertu zen, Juan Bautista Minteguiaga, hain zuzen ere, eta Zarautzeko eskolaren alde lehenengo pausoak ematen hasi zen. Minteguiagak Valladolideko Anaiekin hitz egin zuen eta hauek Gipuzkoara ekarri zituen. Honen ondorioz, Minteguiagak Gotzainaren eta enpresaburu baten konfiantza lortu zuen, alegia, Elizaren laguntza morala eta akademikoa izan zituen eta, beste aldetik, Cándido Arocenaren, enpresaburuaren laguntza ekonomikoa lortu zuen eskola berreskuratzeko.

Testuinguru honetan 1929ko uztailean dokumentazio berria betetzen hasi ziren eta urrirako Gurasoen Elkartea indarrean jarri zuten. Azaroaren lehenengo egunetan "Anaia Ikuskatzailea Probintzialak", zuzendariari gutun bat idatzi zion eta gutun horren bidez berri on bat jakinarazten zien: "hurrengo egunetan bi Anai eta eskolastiko bat bidaliko dizkizuet", ordea, gutun hark gatza eta piper pixka bat zeraman: "si con este personal no hacen milagros en Zarauz o es porque Zarauz no los merece o porque han perdido la gracia y la sal de los vascongados".

Anaiek behin betirako finkatzeko "Nuncio Apostólico-ren" baimena behar zuten eta hori azaroaren 4ean lortu zuten. Horretarako hitzarmen bat sinatu behar izan zuten eta hori azaroaren 20an egin zuten. Hitzarmena dokumentu arrunt bat besterik ez zen eta logikoki bi aldeen konpromisoak islatzen ziren. Esate baterako, batzordeak Anaiei etxebizitza eta irakaskuntza gelak eskainiko zizkien eta mantentze lanak ere batzordeak bereganatuko zituen, liburu zientifikoak eta espiritualak barne. Beste aldetik, Anaiek lehen hezkuntza dohainik irakatsiko zuten eta horren ordez soldata sinboliko bat jasoko zuten. Akordio guzti hauek Bujedoko (Errioxan) Anaiek gainbegiratzen zituzten, Cesáreo Anaiak, hain zuzen ere. Honek ia-ia egunero hitz egiten zuen Zarautzeko eskolako zuzendariarekin eta bere iritziak eman zizkion. Iritzi haien artean bat oso harrigarria izan zen. Hau da, "komenigarria da gure ikasleak egunero mezara joatea eta astean behin aitortzea".

1931n Ikasle Ohien Elkartea sortu zuten. Berehala Elkartearen estatutuak idatzi zituzten eta lehenengo jarduerak egiten hasi ziren, adibidez, Elkarteak lokal berriak sortuko eta egokituko zituen, eta lokal haietan pedagogia modernoa indarrean jarriko zuten. Bestalde, Elkarteak maisuak eta irakasleak aukeratuko zituen eta hauek duinak izango ziren eta beraien gaitasunak erakutsiko beharko zituzten umeen aurrean lan hori lortzeko. Baina lehenengo gatazkak azkar sortu ziren eta hurrengo urtean, alegia, 1932an, Cándido Arocenak, nork bere garaian diru-laguntza eman zien Anaiei eskola sortzeko, Elkartea utzi zuen. "Tradizionalista" izatea leporatu zioten eta Cándidok ez zuen irain hura onartu. Egia esan, II. Errepublikaren garaian zeuden eta herri askotan bezala Zarautzen giro politikoa ez zen egokiena.

Uda igaro ostean, haserrea joan zitzaion Cándidori eta eguberrira arte itxaron zuen bere proposamen berria aurkezteko eta bultzatzeko. Cándidoren iritziz Zarautzek eskola behar zuen eta horretarako proposamen aurkeztu baino lehen, diru-laguntza batzuk jaso izan zituen. Ondoren, zuzendariarengana abiatu zen eta proiektu berria erakutsi zion. Honek, zuzendariak, ez zekien zer egin eta, azken momentuan, bilera bat egitea erabaki zuen. Horrela, 1933ko uztailean gurasoekin bildu ziren eta zuzendariak momentua aprobetxatu zuen bi berri emateko: zuzendariak Anaia izateari utzi zion eta Cándidoren proposamena azaldu zien. Lehenengo berria gurasoei ez zitzaien gehiegi kezkatu, baina bigarrena bai. Berehala Cándidoren proposamenaren aurka jarri ziren eta zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. Testuinguru hartan laguntzaile berezi bat aurkitu zuten: herriko parrokoa, nor buruzagi bihurtu zen. Parrokoa 1931n Zarautzera heldu zen eta lehenengo momentutik Anaiak erasotzen hasi zen. Behin zuzendariarekin bildu zen eta kristorenak bota zizkion: "eskola honetan gehiegi hitz egiten da euskaraz", "eskola honetan intsignia asko eramaten dituzte", "eskola hau keinu nazionalistaz beteta dago", "eskola honetan ez naute errespetatzen, hika tratatzen naute zuk-aren ordez" eta abar. Ikusten dugunez Zarautzeko giroa kutsatuta zegoen. Dirudienez, parrokoak baldintza guztiak inposatzen zituen eta eskolako zuzendariak betetzen zituen, baina hori ez zen nahikoa parrokoarentzat eta erasoak eskolaren aurka ez ziren gelditzen. Parrokoaren ustez, eskola hura ez zen eskola parrokiar bat, euskal eskola bat baizik eta hura ez zuen onartzen.

Hala ere, parrokoa ezaguna zen. Aurreko urtetan Altza auzoan izan zen eta auzo honetan ere istiluak izan zituen. Egun batean, pulpitutik mutilzaharren aurka hitz egiten hasi zen. Behin elizatik atera zenean mutilzahar oso ospetsu batekin topo egin zuen, Txirrita bertsolariarekin, hain zuzen ere. Honek, Txirritak, bat-batean bertso bat bota zion:

"Gure erriko parroco jaunak
pulpitotikan esan du,
kontzientziko kargan gaudela
ez giñalako ezkondu;
gazte denboran saiatu nintzan,
ezta neretzat izandu,
gazte polit bat aurkituko nuke
zuk billatuko bazendu".

Beste aldetik, eta nahiz eta Zarautzeko giroa oso kutsatuta izan, eskolaren matrikulazioak izugarrizko arrakasta izan zuen. Hainbesteko arrakasta izan zuen, non gradu berriak ireki zituzten, baina kutsaduraren ondorioz inbidiak eta gaiztakeriak herriko bazter guztietatik zabaldu ziren, alegia, diru-laguntza banaketa ordua heldu zenean, banaketa desorekatua izan zen. Hau da, frantziskotarrek 70 ikasle besterik ez zituzten. Anaiek berrehun baino gehiago, baina udaletxetik zetorren diru-laguntza ia-ia erdibana zen. Momentu hartan Zarautzeko udaletxea karlistaz eta tradizionalistaz zeuden. Horren ondorioz, Anaiak ez zeuden ondo ikusita udaletxean, beraz, ez da harritzekoa herrian zegoen giroa.

Hala eta guztiz ere, Gerra Zibila arte, eskolak hartutako ibilbidea aurrera joan zen, baina 1936/37an kurtsoa hasi zenerako gerraren ondorioak indarrean jarri zituzten, zuzendaria ordezkatu zuten eta Gobernu Zibiletik lehenengo agindua iristen zen. Gobernadorearen aginduak horrela esaten zuen: "Eskola itxiko dugu salaketa asko izan ditugulako", ordea, egun batzuk beranduago, Anaiek beste agiri bat jaso zuten. Honek horrela esaten zuen: "eskola ez da itxiko, baina Anaiak ordezkatuak izango dira. Hemengo Anaiak beste helbide batera joango dira eta haien ordez Anaia gaztelarrak eramango ditugu", eta horrela izan zen. Zarautzeko Anaiak Bujedora (Errioxa) eraman zituzten eta eskolara lau Anaia galiziar heldu ziren. Hauek, 1936ko azaroaren 16an, goizeko zortzi eta erdietan kurtso berri bati ekin zioten. 125 ikasle joan ziren lau gelatan bananduak.

San José eskolaren lehenengo garaia horrela bukatu zen. Ikusten dugun bezala Anaiek arrakasta handia izan zuten irakaskuntzaren arloan, baina klaseak euskaraz emateagatik, inposatutako ideiak ez defendatzeagatik edo beste arrazoiengatik zigortu zituzten eta bide batez, Zarautz herria zigortu zuten.

Eskola hasiera oso tradizionalista zen. Ikasleak meza bukatu ondoren eskolaraino joan ziren desfile batean. Eskolara ailegatu bezain laster ikasle sailkapen bat egin zuten, beraien ezaguera aritmetikoaren arabera, hau da, biderketak, zatiketak eta halako ezaguerak. Ondoren ortografia azterketa bat, "zeinek ikasleen gabeziak erakutsi zituen" baina gabeziak izan zituzten arren, Anaiek ikasleen ikasgura "ikusten zuten".

Matrikulazioaren garapena ondorengo taulan daukagu:

Ikasleen garapena (1929-1935)
Urtea1. klasea2. klasea3. klasea4. klasea5. klaseaGuztira
192919382884
1930424844134
1931384650134
1932445256152
193350545244200
19342236525264228
19351630504664206

Irakasleagoari buruz, hiru Anaia euskaldunak ziren eta bestea, Ciudad Real-en jaio zen, nahiz eta Bujedotik etorri. Hala ere, komunitate hau oso egonkorra izan zen, aldaketa txiki batzuk izan zituen arren.

1930etatik Gerra Zibilera arte eskolari "eskola librea diru-laguntzarik gabekoa" deitu zioten eta printzipioz, pedagogikoki, ez zuen arazo handirik izan, lehenengo hezkuntzarekin jarraitu zuen eta curriculuma zabaltzen saiatu zen. Izan ere, 1933/34eko kurtsoan batxilergo maila indarrean jarri zuten, nahiz eta ikasleek azterketak institutuan egin.

Bestalde, bidaia batzuk egin zituzten, bai Bilbora baita Iruñera ere, baina txango haiek izan ezik, beste ekitaldi guztiak akademiko edo jarduera erlijiosoei lotuta zeuden. Esate baterako, kurtso bukaeran azterketa publikoak egiten zituzten. Hauek, Anaien eta gurasoan gustukoak ziren zeren eta han emaitzak ikusten zituzten. Gainera, azterketa haiek erritual bat jarraitzen zuten, hau da, apaizek, herriko buruzagiek edo enpresariek zeremonia buru izaten zuten eta nola ez, San José eguna martxoan eta San Juan Bautista de La Salle ekainean urtero ospatzen zituzten.