Concept

Literatura Vasca: Siglo XIX

Bizkaiera euskalki literario bezala XVIII. mende amaiera eta XIX.aren hasieran sortu zen, J. A. Mogel eta P. A. Añibarroren eskutik. Bizkaiera literarioa 1800-1820 bitartean sortu eta garatu zen, liburuen argitalpenak bere gailurra azken urteetan jotzen duela. Idazle nagusiak Juan Antonio Mogel, Fr. Pedro Añibarro, Fr. Bartolome Madariaga (Santa Teresa), Fr. Pedro Astarloa, Juan Jose Mogel eta Bizenta Mogel izan ziren. Literatura aldetik Peru Abarka-ren egilea nabarmentzen da.

Eibarren jaioa, Markinako erretorea izan zen. Euskalzale porrokatua, balio literarioko obrak idatzi zituen, baita euskararen aldekoak ere gazteleraz. Añibarro eta J. B. Agirre idazleen adiskidea zen. 1800ean Humboldt ezagutu zuen.

Obrak:

Erlijio irakaskizunen gaineko liburuak. Gipuzkeraz: Konfesio ta Komunioko Sakramentuen gañean Erakasteak (1800). El Catequista Bascongado-Kristau Erakasle Euskalduna, ia bi mende geroago argitaratua (1993, 1994). Bizkaieraz: Konfesino Ona (1803). Liburu hauek moral nahikoa estua erakusten dute, kontakizun eta etsenplu ugari dakartzate, eta balio etnografikoa dute. Mogelen dotrina laburrak (Kristinaubaren jakinbidia) edizio ugari izan du; luzea, ordea, argitara gabe geratu zen bere garaian (Kristaubaren Ikasbidea edo Doktrina Kristiana, 1987).

Bere garaian ospea erlijio liburuek eman zioten, baina egun Mogel Peru Abarka liburuagatik da ezaguna: El Doctor Peru Abarka, Catedrático de la Lengua Bascongada en la Universidad de Basarte o Diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan (1881). Baimenik ezaz ezin izan zen argitaratu idatzi zenean (1802) eta XIX. mendean barrena kopia bidez ezagutu zuten, harik eta Pizkunde garaian argia ikusi zuen arte.

Peru Abarka neoklasizismo eta erromantizismoaurrearen artean dago. Neoklasizismoaren izpiritua nabari da irakasteko asmoan, genero eta forma literarioan, baita ideia batzuetan. Baina, bestalde, herri-bertsogintza eta herri-jakintza goraipatzen da eta erromantizismoaurreko ideia batzuk ere agertzen dira, adibidez hiriko bizitzaren kritika, natura garbia hirietako luxuari kontrajartzea edo euskaldunen jatorri historikoen aldarrikatzea. Peru Abarka euskal prosa literarioaren hasieratzat jo izan da (zentzu estuan).

Alegiak ere idatzi zituen, hitz neurtuz eta lauz; multzo handi bat bizkaieraz, gero horiek berak gipuzkeraz moldaraziz eta argitararazi baitzizkion bere iloba Bizenta Mogeli (Ipui Onak, 1804). Juan Antonio Mogelen alegi gehienak idazle klasikoen (Esopo, Fedro) itzulpenak dira, baina ez hitzez hitz. Aitzitik, ipuina bere erara kontatzen du, kontakizunaren azalpena zehazten eta aterakizuna trinko eta indartsu lantzen. Gainera euskal gizarte eta baserri mundura egokitzen ditu alegi klasikoak.

Latinezko hitzaldi klasikoen itzulpenak argitara zituen gipuzkeraz, Humboldten eskariz itzuli zituenak: Versiones Bascongadas de varias arengas y oraciones selctas de los mejores Autores latinos o Demonstración practica de la pureza, fecundidad y elocuencia del idioma Bascuence contra las preocupaciones de varios escritores extraños, y contra algunos bascongados que solo tienen una noticia superficial del idioma patrio (1802). Peru Abarka-n bizkaieraz datozen berak dira.

Gaztelaniaz apologia, etimologia eta gutunak idatzi zituen, askoz geroago argitaratuak: La Historia y Geografía de España ilustradas por el idioma vascuence (1936). Apología de la lengua bascuence contra las erradas ideas y conjeturas de D. Joaquín Traggia (1891); Vargas Ponce jakintsuari eginiko gutunak (1854). Baita plegu-orri batzuk euskarazko liburuen zailtasunez, adibidez Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, sus correspondientes vizcaynas y castellanas, para que se puedan entender ambos dialectos (1801).

Areatzan (Bizkaia) jaioa, frantziskotarra, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan ibili zen misioak ematen. Eliz-liburu asko idatzi zuen, bere burukoak nahiz itzulpen eta moldaketak. Gehienak bizkaieraz, bat edo beste gipuzkeraz eta nafarreraz. Hiztegigile eta gramatikagilea ere izan zen.

Obrak:

Esku-librua (1802, 1821, 1827). Hau da Añibarroren liburu ezagunena eta irakurriena. Lora-sorta espirituala (1803). Kristau dotriña (...) Nafarroako euskaran (Iruña, 1801inguruan). Bertsoz, eta gipuzkeraz: Misioko Kanta Santuak (Donostia, 1803).

Obra gehienak, ordea, ezin izan zituen argitaratu dirurik ezaz. Duela urte gutxi argitaratu dira honako hauek: Geroko Gero, Axularren liburuaren itzulpena (2001). Jesu Kristoren lau Ebanjelioak batera alkarturik (1991). Beste batzuk argitaratzeke daude oraindik.

Haren arabera, kristau bizitzarako ez eze liburuok eragingarriak ziren euskara apaintzeko ere. Euskalkien ezagupen handia eta sakona zuen Añibarrok. Hitzak herritarrengandik jasotzen ditu, gutxi Larramendiren labeko hitz berriak. Oso landua da. Azalpen argi eta didaktikoak ematen ditu, haren idaztankera ez da hizlari batena.

Durangon jaio eta Markinan hazia, frantziskotarra, Bilboko komentuan karguak izan zituen (1794-1803), Filosofia eta Teologiako irakasle izan zen Probintziako katedretan, eta azkenik Kantabriako Probintzial (1818-1821). Sermoilaria izan zen.

Obrak:

Urteko Domeka gustijetarako berbaldi ikasbidekuak, bi liburukiz osatuta (1816,1818). Dotrinagaiak dira. Astarloaren euskara ulergarria, hizkune eta esakune egokiz betea eta ona da. Hiztegian Larramendi eta anaia P. P. Astarloaren eragina nabari da baina ez da garbizalea. Etorri handikoa da, nolanahi ere. Hoben eta hutsen deskripzio errealistak agertzen dira Astarloaren berbaldiotan.

Gabon-kantak: Bilboko San Frantziskoko komentuan argitaratu ziren batzuen egilea da, izenik jarri gabe, ordea (1795, 1803, 1813, 1815, 1816, 1817).

Markin-Etxebarrikoa (Bizkaia), Markinako karmeldarren komentuan predikalari (1802-1807) eta idazle (1815) karguak izan zituen. Frantsestean jazarria, ondoren Markinako komentua eraiki eta gero beste komentu eta probintzia batzuetan jardun zuen. Sermoigintzan Bizkaian ez ezik Gipuzkoan eta Nafarroan ere ibili zen, ospetsu eginez.

Obrak:

Euskal-errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba (1816). Jostaketa eta bereziki euskal dantzei buruzkoa da, ikuspegi moral aski estu batetik egina. Honetan Mendiburu, Palacios eta Añibarroren ildotik ihardun zuen. Tonua gatz eta pipertsua da.

Ikasikizunak (3 liburuki, 1916, 1917, 1919). Hau da Fr. Bartolomeren obra nagusia. Predikuak dira, dotrina gaiak darabiltzatenak. Hizlari estiloa darabil egileak, eta, izan ere, hizlaria zen idazlea baino areago, etorri handikoa eta oparoa. Dotrinagaiak elizan irakurtzeko libururik ez zegoen-eta beraz premia hori asetzera zetorren, Fr. P. Astarloaren Urteko Domeka bezala. Bi obra hauek agertu zirenean, predikalkitik liburu horietako platikak irakurtzeko agindu zuen Kalagurriko apezpikuak (1819).

Markina inguruko euskara darabil, ez oso garbia baina aberatsa eta beti bizia eta indartsua.

Gazteleraz: Plauto Bascongado (1828) eta Anti-Plauto Polígloto (1829?): Lecluse-rekin eztabaidatzen du, honek euskarari buruz zituen irizpideez.

Deban jaioa, Juan Antonio Mogelen iloba. Ikasketak Oñatiko Ikastetxe Nagusian egin zituen. Markinako abade izan zen 1811tik aurrera. Sermoi eta platika asko idatzi eta predikatu zuen. Bizkaiko Aldundi Karlistan Deputatu Nagusi izendatu zuten lehen karlistatean (1834-1837 urteetan). Guda agindu batzuengatik Kalagurriko apezpikuak zigortzeko eskatu zuen. Gerrate bukaeran kanporatua, 1842an bere herrira itzuli zen.

Obrak:

Baseerritaar nekezaleentzako eskolia (1816). Bigarren edizio bat atera zuen zuzenketa eta aldaketekin: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia (1845).

Egunoroko lan on ta erregubak (1820).

Maiatz illerako Berba-aldijak (1885). Egilea hilda gero argitaratua. Bere azken urteetan egina, jaiera hori urte haietan zabaltzen hasi baitzen. Sermoi multzo bat ere idatzi zuen.

Moral irakaskizunak dira J. J. Mogelen liburuak. Xede nagusitzat baserritarren kristau heziketa dute eta hezkuntza modu hau oso estua eta elizkoia da. J. J. Mogelen liburuek harrera ona izan zuten Pizkundean.

Bertsoak ondu zituen. 1823an Konstituzioaren kontra egilearen izenik gabe argitaratu ziren bertso-paper batzuk harenak dirudite. Bertsogile ona da J. J. Mogel.

J. J. Mogelen euskara Markinakoan oinarritua eta J. A. Mogelen eraginezkoa da, jatorra zinez.

XIX. mendeko gerrate, matxinada, legezaharreko eta berrikoen arteko etsaigo eta agintaldi aldaketa, fraideen komentuetatik kanporatze eta abarrek baldintzatzen dute garaiko idazlangintza eta liburu argitalpena. Ohiko arazoez gain (baimena, dirua), gerrate eta etenaldi horietan oso zaila zen liburuak argitaratzea. Gai eta edukiari dagokionez, erlijiozkoez gain bestelakoak ere agertuko dira, adibidez eskolarakoak.

XIX. mende hasieran apaiz belaunaldi bat dugu Kardaberaz, Mendiburu eta Ubillosen bidetik dabilena: J. A. Mogel (1745-1803), J. B. Agirre Asteasuko (1742-1823) eta Gerriko (1740-1824). 1812-1819 urteetan gipuzkeraz ia ez zen argitaratu libururik. 1821-1830 bitartean J. K. Etxeberria frantziskotarrak (1773-1853) lau liburu atera zituen. Iztuetak ere aldi honetan atera zuen bere dantzen liburua, 1824an.

Etenaldi luze baten ondoren (lehen karlistatea) susperraldi bat dator, lehenik Iztueta eta Iturriagaren eskutik, geroxeago Lardizabal eta Arruerenetik. 1850ean Agirre-ren Erakusaldiak eta 1858an Gerrikoren Saiakera argitaratzen dira, bestetik Lardizabal-en Testamentu Zarreko eta Berriko Kondaira. Lardizabalek, gainera, gramatika bat idatzi zuen, eskolan irakastekoa, Gipuzkoako Aldundiak egilea hil ondoan argitaratua. Hain zuzen, hizkuntzaren larrialdiaz jabetuz. Aldundi horrek 1855ean Hernaniko Batzar Nagusietan erabaki hori hartu zuen, baita lehenengo irakaskintza mailako maisuei ale bana ematea, euskararen irakastea zabal zedin. Lardizabal-en Testamentua-k eta Arrue-ren Santa Jenobebaren bizitza izan ziren libururik irakurrienak garai hartan. Arruek berak hogei eta hainbat liburu argitaratu zituen eta joan den mendeko idazlerik ugarienetakoa da. Bi idazle hauen liburuok ez dira dotrina azalpenera mugatzen, aitzitik berebiziko interesa dute, gainera, kontaera eta estilo aldetik.

Asteasun jaioa, bere herriko erretorea, Gipuzkoako Artzapezpikutegi Nagusian karguduna 1820 inguruan.

Obrak:

Konfesio eta Komunioko Sakramentuen gañean Erakusaldiak (1803).

Sakramentu, Amar Aginte eta Misterioen Erakusaldiak (1850), hiru liburukitan.

Oso harrera ona izan zuen lehenak eta oso erabilia izan da Gipuzkoan. Oso aintzat hartua izan da Agirre. Gipuzkeraz klasiko nagusitzat joa da, 1880 baino lehenagokoen artean behintzat, hizkuntzaren jabe delako. Berezko euskara jatorra dario haren lumari. Maisua da ideiak azaltzen, adierazten eta mamitzen. Horretarako ez du Larramendiren hitz berrien premia handirik. Gainera, garai hartako ideia, ohitura eta zerzelada ugari aurki daitezke haren liburuetan, J. A. Mogelenetan bezala.

Zaldibikoa, bertako apaiza.

Obrak:

Testamentu Zarreko eta Berriko Kondaira (1855, 1887). D. Royamont-enarenetik moldatua da, Larregirena bezala. Azalpen eta kontaera liburua da, eta betibateko edo zurrun izan arren kontalari ona eta hizkuntzaren jabe dela erakusten du egileak. Beterrikoan eta aurreko autoreetan du oinarria (Larregi, Ubillos, Fr, Bartolome...). Bonaparterentzat eredugarria zen: hari jarraitzeko agindu zion Uriarte-ri Biblia itzularaztean. Lardizabalek idaztankera landua, garbia eta argia du. Oso irakurria izan da liburu hau Gipuzkoan eta edizio ugari izan ditu.

Gramática Vascongada (1856), Larramendirenean oinarritua.

Hernanin jaio, Zarautzen eskolamaisu izan zen. Aipu onekoa da idazle eta itzultzaile gisa.

G. Arrueren liburu gehienak itzulpenak dira: hamabost bat liburu mardo, gaztelaniatik nahiz beste euskalkietatik. Gaztelania aditzen ez zutenentzat idatzi zuen gehienbat. Guztien artean aipagarriena Santa Jenobebaren bizitza da (1868, 1885), euskal etxeetan gehien irakurri den liburua agian. Zapirainek bertsotan jarri zuen.

Beste euskalkietako klasiko batzuk gipuzkeratu zituen: J. J. Mogelen Baserritar jakintsuaren etxeko eskola (1878); Mendibururen Jesusen Biotzaren debozioa (1883).

Arrueren euskarak bere sorterrian duke zola. Baina aurreko autore mordoxka ezagutzen zuen eta horien kutsua jaso ere bai, bereziki Mendiburu eta Kardaberazena. Etorri ugaria du eta ahalik garbien eta argien idazten saiatzen da.

Genero narratiboaren azpimota hau Frantzian garatu zen klasizismo eta neoklasizismo garaietan (XVII. eta XVIII. mendeak). Gizabanakoari eta gizarteari argitasunez eta jostatuz irakastea eta on egitea du helburu. Euskaraz ipuin izena ere hartu izan du. Euskal alegigintza Mogeldarrekin hasten da, XVIII. mendearen amaieran edo XIX. mendearen hasieran. Alegilari klasikoen (Esopo) eta modernoen (gaztelaniaz Samaniego, frantsesez La Fontaine) itzulpenak eta batzuetan moldapenak dira baina helburu literariokoak. Gehienak neurtitzetan itzuliak dira (Zabala, Iturriaga, Arxu, Goihetxe, Zaldubi); Juan Antonio Mogelek hitz lauz ere idatzi zituen, eta Bizenta Mogelek hitz lauz baino ez. Generoak funtsean irakasteko asmoa badu ere, Fedro eta La Fontaine-en eraginez gizarte kritika egiteko joera hartu zuen (Juan Antonio Mogel); Erromantizismo garaian politika gaietara lerratu zen (Zaldubi).

XIX. mendeko euskal alegigileak Juan Antonio Mogel (ik. lehenago Juan Antonio Mogel), Bizenta Mogel, Fr. J. M. Zabala eta Iturriaga dira. J. Antonio Mogelek gehienak bizkaieraz itzuli edo moldatu zituen, Bizenta Mogelek eta Iturriagak gipuzkeraz. Haien bien liburuek edizio franko izan dituzte; Zabalaren alegiak bizkaieraz eginak dira eta Urkixok argitaratu zituen XX. mende hasieran. Beste idazle batzuek Lore Jokoetara aurkeztu zituzten beren alegiak, adibidez, Jose Artola, Arrese Beitia edo Karmelo Etxegaraik.

  • Bizenta Mogel (1782-1854)

Azkoitian jaioa, Markinan hazi eta hezi zen, osaba J. Antonio zuela irakasle. Bilbora ezkondu ondoan, itzultzaile gisa aritu zen Bizkaiko Aldundian, baita Abandoko Ulibarrirekin S. Fraiskuko gabon-kantak ontzen. Ospetsua izan omen zen Bilbo aldean sasimediku gisa begiko gaixotasunak osatzen zekielako enplastoen bidez. Andre humanista hau euskal literaturako lehen emakume idazlea da, emakumeek idaztea ondo ikusia ez zegoen garaian. Alegiak, neurtitzak eta itzulpenak argitaratu zituen.

Obrak:

Ipui Onak, lehen alegi liburu argitaratua, gipuzkeraz (1804). Behin eta berriro argitaratua izan da. Esoporen 50 alegi dira, hitz lauz. Nekazari eta gaztetxoentzat itzuli zituen alegiok, haien bizitza zuzentzeko eredugarri izan zitezen. Iturri klasikoak huts-hutsik erabili arren, egileak abereen herri-ipuinen lekukotasuna jasotzen du, erromantizismoarekin aintzat hartuko dena.

Neurtitzak: gabon-kantak, izenpetu gabeak (1818, 1819, 1820, 1824, 1825, 1828, 1829, 1830, 1831, 1832; 1814ko S. Bizentekoak ere?). Eguberritan Bilboko S. Fraisku, S. Bizente eta Jaundone Jakueko elizan kantatzen ziren, aspaldiko tradizioari jarraituz. Bilbo inguruko euskaldun eta bereziki baserritarrentzat atera ohi zituzten. Pentsamolde jakina erakusten dute, legezaharrekoena. Egilea bizkaitar nekazariei zuzentzen zaie, haien interesen alde egiteko eta ohiturak garbitzeko dei eginez. Foruak, euskara eta ohitura "onak" gordetzeko kezka agertzen du, erlijioarekin eta xenofobiarekin kutsatua. Bilbora etorri zirela eta, D. Fernando eta Maria Josefa Amalia errege-erreginen omenez onduak ere harenak dirateke (1828).

Itzulpen ofizial zenbait ere egin zituen, Bizkaiko Aldundiaren mandatuz. Politika arloko hitz teknikoak euskaratzean, Larramendiren hitz berriak eta etimologiazko zentzuaren araberakoak erabiltzen ditu Bizenta Mogelek.

  • Juan Mateo Zabala (1777-1840)

Bilbon jaioa, frantziskotarra, Zarauzko komentuko nagusia izan zen. Zehatza eta kritikoa zen.

Obrak:

Ipuin edo alegiak, Fábulas en dialecto vizcaíno izenez J. Urkixok argitaratuak (1907, 1909). Bilduma horretan 35 hitz neurtuzko alegi daude, horietatik 22 soilki Zabalarenak, gainerako gehienak J. A. Mogelenak.

Sermoi multzoa ere idatzi zuen, askoz geroago argitaratuak (1996, 2000), eta gutun batzuk euskaraz, Ulibarri eta beraren artekoak.

El Verbo Regular Vascongado del dialecto vizcaíno (1848). Bizkaierazko aditz irabiakera da, tauletan jarria.

Noticia de las obras bascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el P. Larramendi (1856). Euskal liburu eta idazleen kritika zorrotza da. Zabala gramatikalaria zen batez ere. Oso ondo ezagutzen zuen hizkuntza, zuzen eta ondo zekien idazten baina gatz gutxikoak eta hotzak dira haren alegiak, eta berez genero honek gatza behar du, hain zuzen, besteak beste.

  • Agustin Pascual Iturriaga(1778-1851)

Hernanin jaioa, latin gramatika gazteei irakasten aritu zen apaiztu baino lehen, eta, ondoren ere, bere herriko apaiz zela. 1817an Gipuzkoako Aldundiari ikastetxe berri bat eraikitzeko eskaria egin zion, baita euskara eskolan sartzeko proposamena. Proposamena ontzat eman zuten baina salaketak izan ziren eta ikastetxea ixtea erabaki zuten. Gainera, 1823an Konstituzioaren aldekoei irakasten aritzea galarazi zitzaien. Lehen karlistatean Iparraldera erbesteratua izan zen. 1841an berriro Hernanin zegoen. Iztuetaren adiskide mina izan zen.

Iturriagak elebitasuna gauzatzeko edo euskara eskolan lehen mailako irakaskuntzan sartzeko bide bat ireki zuen. Hizkuntzak eta hezkuntza alde batetik, eta hizkuntza eta kultura bestetik, oso lotuta daudela ulertu zuen. Horregatik eta horretarako idatzi eta argitaratu zituen bere obrak. Bestalde, Iturriagak literatura klasiko eta modernoa ezagutzen zuen.

Obrak:

Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano (1842). Hau da egilearen obrarik ezagunena, ediziorik gehien izan duena eta hari ospea eman diona. Ipuiak (hau da, alegiak) izenez ere ezagutzen da. 55 alegi dira, Samaniegorenetatik itzuliak. Alegilari ona da; grazia eta dotoretasuna dute haren alegiek eta, gainera, bere burutik asmatuak dirudite. Iturriaga bertsogile trebea zen eta herri moldeen ezagutzailea.

Beste bertso batzuk ere itzuli edo bere burutik sortu zituen egile honek: Virgilio-ren I. eta III. eglogak, S. Inazioren martxako letra eta ezpatadantzakoa. Gehienak itzulpenak diren arren, alegien liburua literatur helburuzko obra da, egilearen gainerakoak ez bezala. Euskarari dagokionez, lapurteraren kutsua nabari da, batez ere hiztegian.

Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipuzcoa (1842; 1857). Jolasak izenez ezagutua da hitz lauzko liburu hau. Haurrei, zekiten euskaratik abiaturik, gaztelera ahalik ongiena irakasteko irakurgaiez osatua da.

Gazteleraz honako liburuska hau argitara zuen: Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de las primeras letras de Guipuzcoa (1841). Esaldi arrunt edo elkarrizketazkoez osatutako gramatika bat da.

Jolasak eta esaldi gramatika gaztelania irakasteko egin zituen Iturriagak, euskara tresna laguntzaile gisa hartuz.

Iparraldean J. B. Arxu, Goihetxe eta G. Adema "Zaldubi" dira alegigileak. La Fontainenak itzultzen dituzte neurtitzetan, hark ospe handia eman baitzion alegigintzari. Zubereraz argitaratu zituen Arxuk, lapurteraz Goihetxek eta Zaldubik. Zaldubirenak moldapenak dira, itzulpenak baino gehiago.

  • Jean Baptiste Arxu (1811-1881)

Altzürükün (Zuberoa) sortua, eskolamaisua eta eskoletako ikuskatzailea izan zen. Euskarazko irakaskuntzaz axolatua, kari horretara argitaratu zituen gramatika (Üskara ta Franzes Gramatika, uskalherrietako haurrentzat egina, 1852), baita alegiak ere.

Arxuren euskarazko idazlan gehienak itzulpenak dira. Alegilari modura da, batez ere, ezaguna, La Fontaine-n alegiak itzuli baitzituen zubereraz, frantsesezko testua ezarriz ezkerretara: La Fontainaren alegia berheziak, neurt-hitzez franzesetik uskarara itzuliak (1848).

Arxuren Kantu Patriotikak (1848) liburuko batzuk, adibidez "La Marseillese" ospetsua, itzuliak dira, baina beste batzuk, ordea, berak asmatuak. L. L. Bonaparterentzat itzuli zituen Ruth-en libria (Londres, 1861), Jonas-en libria eta Salomon-en kantika (1888). Bernat Etxepareren poema multzo bat eta Oihenarten atsotitzak ere frantseseratu zituen.

  • L. Goihetxe

L. Goihetxe Urruñakoa (Lapurdi) eta apaiza izan zen. La Fontaine-en alegi multzo handi bat (216 alegia) bertsotan itzuli eta argitara zuen: Fableak edo alegiak Lafontenenetarik berexiz hartuak (1852).

Euskara tresna politiko edo irakasbide gisa darabilten idazkiak badira, gehienak itzulpenak. Hegoaldean aipagarriak dira Ulibarriren gutunak, euskararen aldeko bere asmo eta ekintzen lekuko.

Iparraldean Frantziako Iraultzaren (1789) ondotik, lehen urteetan bederen, agiri ofizialak euskaratu zituzten. Hegoaldean agintariek ez zuten agiriak itzultzeko ohiturarik hartu 1820 inguru arte. Konstituzioaren aldekoen hiru urteko agintaldia (1820-1823) hasten denean gipuzkoar apaiz batek itzuli zuen konstituzioa gazteleratik euskarara, nahiz ez zen argiratu: Jakin-bide Iritarautia Españiako Neurkidaren, edo Konstituzio berriaren erara adrezatua ... (1820).

Bizkaiko Aldundiak bazuen agiri ofizialen itzultzaile bat. XIX. mende erdi ingurutsuan Korrejidorearen hitzaldiak itzuli ohi zituzten.

Okendokoa (Araba) zen. Abandon (Bilbo) bizi izan zen, hango "fiel errejidore" eta artxibatzaile-kontularia ere izanik. Jaurerriko arazoetan ere parte hartu zuen. Ideologiaz Konstituzioaren aurkakoa zen. Harremanak izan zituen garai hartako euskaltzaleekin: Zabala, Iztueta, Bizenta Mogel, etab.

Ulibarri euskal kontzientziaren iratzarle izan zen: euskara irakasbide bezala eta non-nahi erabiltzearen eta euskaldunei euskaraz egitearen alde agertu zen. Proiektuak edo kanpainak egin zituen euskal eskola bat eraikitzeko, non euskara ez ezik irakasgai guztiak euskaraz irakatsiko baitziren. 1829an Gernikako Batzar Nagusietarako txosten bat prestatu zuen karia honetara. 1841ean euskal katedra bat sortzeko erabakia hartu zen, egiteko asmoa zuten Bizkaiko Institutoan jarriko zena. Euskal Akademia bat sortzearen alde ere atera zen.

Ulibarrik Gutunliburua idatzi zuen (1975, faksimile eran). Liburu hau berak idatzitako gutunek eta berari idatziek osatua da, baita kontakizun eta neurtitz batzuek.

Ulibarrirena bide da "Egunari euskerazkoa", lehen egutegia euskaraz (1815). Abandoko elizateko gabon kanta batzuk ere (1814, 1826koak bederen) harenak dira. Horietan egileak darabiltzan gai nagusi batzuk agertzen dira: foruak, euskara, ekonomia eta ohitura onak. Euskara ereduari dagokionez, Ulibarrik Larramendiren hitz berriak erruz darabiltza.

L. L. Bonaparte printzearen (1813-1891) ekintza eta argitalpenak funtsezkoak dira euskal dialektologian eta literaturan. Bonaparte printzeak euskalki, azpi-euskalki eta tokian tokiko hizkerak bata bestetik bereiztea eta sailkatzea zuen helburu, eta bere ikerketaren emaitzak agertarazi zituen Le verbe basque en tableaux liburuan (Londres, 1869) eta Carte des sept dialectes basques mapan (1869). Sailkapenak egiteko testu idatziez baliatzen zen. Horregatik, haren mandatuz eginak eta argitaratuak izan ziren hainbat eta hainbat itzulpen bibliko eta idazlan.

Bibliaren itzulpena, lapurterara eta gipuzkerara soilki bihurrarazia, da denen artean aipagarriena. Itzularazitako testu gehientsuenak euskalki literarioetan egin ziren. Baina, beste alde batetik, euskara bizia, bere egunetakoa eta tokian tokikoa nahi zuen. Ez zuen onartzen liburuetako -hots, Larramendiren labeko- hitz berririk edo jendearen ahotan bizirik ez zegoenik, eta, adibidez, Iturriagaren solasetako hitz larramenditarrak kendu egin zituen bere Londreseko edizioan (1857).

Testu itzuli hauek, hala ere, gehienetan itzultzailearen trebetasuna edo hizkuntzaren baliabideak erakusteko gehiago balio dute hizkuntza bizia jasotzeko baino. Bestalde, itzulpen eta testu hauek eragin handiagoa izan zezaketen Bonapartek ale gehiago argitaratu izan balitu -ale oso gutti ateratzen baitzituen Londresen zeukan inprentak- eta argitalpen baimena eskatu izan balio Eliza Katolikoari, debekatutako liburuen zerrendan egon beharrean.

Bonaparteren laguntzaile eta itzultzaile garrantzitsuenak Fr. J. A. Uriarte bizkaitarra, J. Duvoisin lapurtarra eta M. Intxauspe zuberotarra izan ziren. Beste laguntzaile batzuk ere aipagarriak dira, hala nola G. Arrue Zarauzko maisua, K. Otaegi zegamarra, B. Etxenike baztandarra, Casenave eta Salaberry behe-nafartarrak.

Arrigorriagakoa (Bizkaia), frantziskotarra, 1856tik aurrera printzearen laguntzaile zintzoena. Bizkaiko Aldundiko itzultzaile, bere eskuetatik igaro ohi ziren euskaraz argitaratzen zirenak eta ez zirenak. Uriarteren idazlan gehienak itzulpenak dira eta Bonaparte printzearen mandatuz eginak eta haren kontura argitaratuak.

Obrak:

Biblia edo Testamentu zar eta berria (1859); lehen 3 liburuak soilik argitaratu ziren. Vulgatatik gipuzkerara itzulia da. J. B. Agirre Asteasuko eta batez ere Lardizabalengan oinarritu zen Uriarte.

Beste testu batzuk ere itzuli zituen euskalkietara (Iturriaga-ren Jolasak bizkaierara) edo halako eta holako herriko euskarara. Bere itzulpenetan Uriartek L. L. Bonaparteren irizpideak eta agindu zehatzak jarraitzen zituen.

Bonaparteren mandatuzko itzulpenez gainera, Uriartek debozio liburuak idatzi zituen.

XIX. gizaldiko euskal literatura ezagutzeko iturri oparo eta aberatsa ere utzi zigun, poesi bilduma handi bat, Bizkaian handik eta hemendik jasotako bertsoekin osatua: Poesía bascongada, dialecto vizcaíno , 1987an argitaratua. Bilduma honetan lehenik alegiak datoz (Mogel, Iturriaga, Zabala, R. Etxezarreta), gero bertsoak (J. A. eta J. J. Mogel, Meagher, karlistate eta Afrikako gerratekoak, Aboitizenak, Durangoko zilarginenak) eta azkenik E. M. Azkueren poemak.

Ainhoan sortua (Lapurdi). 1856an Bonaparte printzea ezagutu zuen eta harrezkero mugazaintza utzi eta haren zerbitzu eta soldatapean ari izan zen. D'Abbadie-ren Lore Jokoetan ere parte hartu zuen bai lehiakide eta bai epaimahaikide gisa. Duvoisin itzultzailea ez ezik, bere buruko obren egilea, ipuingilea, kritikaria, gramatikaria, hiztegigilea eta abar izan zen.

Printzearen mandatuzko lan garrantzitsuena Biblia osoaren lapurterazko itzulpena da, Vulgatatik egina sei urteren buruan: Bible edo Testament zahar eta berria (1859-1865).

Beste itzulpen batzuk ere egin zituen, lapurteraz, esaterako Iturriagaren Jolasak.

Baita Fénelon-en obra ospetsua: Telemake Ulisen semearen gertakuntzak, osatu gabea, 1833an egina, 1988an argitaratua. Itzulpen librea da, ez Bibliakoa bezala.

Bonaparteren irizpideak eta aginduak garbiak ziren: ahalik eta testuari lotuen itzul, Lapurdin erabiltzen ziren hitzez soilki balia eta euskalkien nahasterik ez. Horregatik latin kutsua du Duvoisin-ek. Beraz euskararen aberastasunak edo gaitasunak erakusteko hobea da Telemake-ren itzulpena Bibliarena baino.

Duvoisinen obra klasikoena Laborantzako Liburua, edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean (1858) da. Duvoisinek euskara malgu, dotorea eta aberatsa darabil.

Gazte denborako idazlana da Baigorriko zazpi liliak (1884-1885). 1832an bildutako herri ipuin, kondaira eta alegiak dira, artazuriketako kontakizunen erakoak, idazleak euskara ederrean apainduak. Argitaragabe utzi zuen idazlan mordoxka bat: hiztegia, gramatika eta ortografiari buruzko lanak, itzulpenak (Demóstenes, Kixote...), poesiak, historialanak, printzeari gutun batzuk eta kritikalanak. Ortografia berriaren -ez frantses eredukoaren- aldekoa zen, Intxausperen alderantziz. Literatura kritikaria ere izan zen eta kazetetan agertzen zituen bere iritziak.

Intxauspe zuberotar eta zubererazko idazlearen zenbait obra L. L. Bonaparte printzearentzat eginak dira: Iturriagaren Jolasak eta Apokalipsia (1858), Le verbe basque (1858) izenekoaz gainera.

Bonaparteren mandatuzkoez gainera, honako hauen egilea da: Jinkuak gizonareki egin patoak (1851); Maria Birjinaren hilabetia (1894), haren buruko obra jatorrena, zinezko maisu lana; Kempis (1883). Axular-en 3. edizioa prestatu zuen, ordena aldatuz eta zati batzuk moztuz (Geroko gero, 1864). Kantika Saintiak bilduma ere argitara zuen (1897).

Erromantizismoak kultur joera edo mugimendu bat izendatzen du, klasizismoaren aurkakoa, XIX. mendean Europan nagusituz doana. Izatez, XVIII. mende erditik aurrera Ingalaterrako eta Alemaniako literaturan agertuz doaz erromantizismoaren genero batzuk (eleberri eta komedia sentimentala, adibidez), eragileak (bereziki Rousseau eta Herder) eta idazle goiztiarrak (Young, Goethe).

Erromantizismoa, sortzez, ilustrazioko argien eta arrazoiaren kontra jaiki zen. Filosofia aldetik, idealismoarekin batera garatzen da, eta, honen eraginpean, idealen munduan sinesten du, materia, historia erreal eta eguneroko mundutik ihes egiten du, bere mundua sortuz, ametsari eta irudimenari leku emanez. Arteari dagokionez, subjetibismotik abiatuta erlatibismo estetikoa defendatzen du eta estetika berri bat ekarriko du, are bizitzeko era berri bat.

Erromantizismoak gizabanakoaren beregaintasuna eta nagusitasuna predikatzen du, haren nitasuna, nortasuna, berezitasuna eta bakantasuna gora aldarrikatzen. Gizabanakoaren parean herrien nortasuna eta beregaintasuna, are herri txikiena ere, aintzat hartzen du. Politikoki Europako nazionalismoaren sorrera eta garapenarekin batera dator, nahiz ereduak desberdinak diren (Frantziar estatuarena eta germaniar edo helvetiar konfederazioena, adibidez). Politikak kutsatuta, erromantiko batzuk iraultzaileak izango dira, idealak predikatuz (askatasuna, berdintasuna, anaitasuna), eta beste batzuk kontserbadoreak.

Erromatizismoaren gai orokor gogokoenak maitasuna eta izadia dira. Erromantikoen maitasuna izpiritua eta natura elkartzen saiatuko da. Izadiaren zaletasuna eta mirespenean gizabanakoak babesa eta lasaitasuna bilatzen du. Erromantikoek iraganera eta batez ere Erdi Arora jotzen dute beren eredu, gertaeren kokaleku eta iruditeriaren bila.

Euskal literaturan erromantizismoa poesian nabarmendu zen. Iparraldean poeta erromantikotzat hartzen ditugu Kamusarri eta Etxahun; erromantikoa da Xaho ere, bere Azti-Begia idazlanagatik (1834) eta Kantutegiagatik. Halaber Elizanburu eta Lore Jokoetako bertso eta olerki asko. Hegoaldean "Bilintx", arlo politikoari lotuago dauden Iparragirre, P. M. Otaño eta Arrese Beitia, eta alderdi batzuetan E. M Azkue.

Baina joera desberdinak daude. Kamusarrik poeta landu eta bertsolarien arteko bereizketa egingo du, poeten alde jarriz eta neurtitz landuak eginez. Egileek garrantzi handiagoa eta beste estatus bat hartzen dute erromantizismoarekin. Mugimendu honek, gainera, nitasuna bultzatzen du, poeta landuengan ez ezik, bertso-jartzaile -eta aldi berean poeta- hoberenengan eragina duena, horrela uler baitaiteke Etxahun eta "Bilintx"en nitasuna.

Erromantizismoak folklorezaletasuna eta herri kulturaren bilketak bultzatu zituen. Euskal folklorearen bilketan Juan Ignazio Iztueta aitzindaria da, euskal dantzen bilduma baliotsua argitaratu zuelako 1824an.

Kultura alderdien artean (hizkuntza, ohiturak, musika etab.) herri literatura ere aintzat hartu zuen Erromantizismoak. Herri-literaturaren barruan, beste genero batzuen ondoan (elezahar edo leiendak, herri-ipuinak, errefrauak...), herri-poesiak esku handia izan zuen.

Bilduma aipagarrienak F. Michel (1857), Mahn (1857), J. A. Uriarte, Salaberri (1870), Manterola (1877-1880) eta Vinsonenak (1883) dira. Bilduma horiek euskal folklorea eta literatura ezagutarazten eta zabaltzen asko lagundu izan dute. Gainera, horietako askotan egileen berri ematen da; F. Michel, Sallaberri, Vinson eta Manterolarenetan bertso eta kantuen frantses eta gaztelerazko itzulpenak ere agertzen dira. Mahn, Uriarte eta bereziki Manterolarena (Cancionero Basco, 1877-1880) bilduma literarioak dira, ez folkloriko hutsak, egile klasiko nahiz garaiko poeten neurtitz ugari biltzen dituztelako. Ahozko literatura hutsekoa da, ostera, Vinson-en Le Folklore du Pays Basque (1883). Lehen bilduma 1789koa da; hau eta Uriarterena ez dira oraintsu arte argitaratu.

  • Juan Ignazio Iztueta (1767-1845)

Zaldibin jaio eta hil zen. Gipuzkerazko literatura zaharrean elizgizona ez zen idazle bakarra da, nortasun berezi eta konplexukoa. Presondegian egon zen Kontzezirekin (ustez haur-galtzailea eta gero bere bigarren emaztea izango zena), bide-lapur omen zelako. Geroago, ordea, Donostian zerga-biltzaile eta presondegi-zaintzaile izan zen, eta, azken urteetan, bere sorterrian dantza-irakasle.

Idazle bezala alderdi anitzekoa da Iztueta: etnografo edo folklorezalea, kondairagilea, bertso jartzailea eta hiztegigilea. Dantzei buruzko liburuagatik da, batez ere, ezaguna.

Obrak:

Gipuzcoako Dantza gogoangarrien Kondaira edo Historia (1824). Iztuetak euskal dantzak biltzea du asmo; 36 dantza deskribatzen ditu eta dantzez gainera beste jolas eta ohiturak ere, bertsolariak, adibidez. Liburu hau da dantzei buruzko iturri zahar nagusia. Obra etnografiko oinarrizkoa da.

Iztuetak euskal dantza jatorren ahazte, galera edo kutsaketa hizkuntzarenarekin lotzen du; egoera horren zergatia, Iztuetaren arabera, kanpoan ikasitako gazteen gutxiespenezko jarreran dago. Honetan Iztueta kultura eta hizkuntza elkarren kontra jartzen dutenen aurka ateratzen da. Iztuetak dantzei buruzko ideologia ohikoa bat erakusten du: dantzak, gizarte antolamenduari dagokion errito bat dira. Bestalde, gipuzkoar izaera galtzeko arriskuan ikusirik lehenbiziko euskaldunengana itzulera aldarrikatzen du; haren ustez -Jovellanos eta J. A. Zamakolak esandakoak aintzat hartuz- dantza agerikoak moraltasunaren eta aitzinakoen bertuten erakusle ziren.

Gipuzkoako Probinziaren Kondaira edo Historia (1847). Garai hartako historiaren eta egilearen nortasunaren lekuko ez eze jaiolurraren maitetasun eta goraipamena ere bada. Bi parte desberdin ditu: lehen partean egileak berak ezagutzen zuena (tokiak, laboreak, harrobiak, zuhaitzak eta abereak) kontatzen digu. Bigarrenean, gipuzkoarren guduak, Zaldibia historialariari jarraituz.

Bertsoak ere ondu zituen Iztuetak, ahozko tradizioaren nahiz olerki idatziaren bidetik. Horietako batzuk ospetsu bihurtu ziren, adibidez "Kontzeziri" eskainiak, kartzelan idatziak, "Maite bat maitatzen det maitagarria" bertsolerroz hasten direnak.

Jakintza arloko idatzietan hitz berri larramenditarren zaleena da Iztueta gipuzkerazko idazle zaharren artean; neurriz kanpo erabili zituen. Hitz berriok zailagotzen dute haren hitz laua. Bertsoetan, ordea, ez zuen halakorik erabili.

Lehen poeta erromantikoa Kamusarri da, poeta landua. Etxahun-ek bere bizitza zorigaiztokoa kantatu zuen guganaino belaunaldiz belaunaldi heldu diren bertso hunkigarrietan. Xaho kazetari eta politikaria ere erromatikotzat hartua da haren ospe, irudimenezko eta asmakizunezko idazlan (Azti-begia, Aitor) eta kantutegiagatik.

  • J.B. Kamusarri (1815-1842)

Ziburutarra. 1838-1839an Larresoron irakasle egona, Elizanburu edo Adema "Zaldubi"gan eragin handia izan zuen 1840-1850 urteetan, hauek irakaslearen poemak miresten eta kopiatu edo kantutegietan sartu baitzituzten. Ondoren, Donibane Garazin bikario (1839-1842). Osasun eskasekoa izan zen; haren poemetan deitore edo iletarako isuria nabari da.

Poeta erromantikoa, kalitate handikoa, bertsolarien -"basa-koplariak" deitzen zituen- kritikoa eta poeta landuen eskolakoa (errima aberatsa etab.). Aipagarriak dira poesia hauek bederen: "Eri baten gogoetak", "Eri baten liraren auhenak", "Hiltzeko menean den gazte baten gogoetak", "Zumalakarregi-ri 31 koplak", "Alexis-en heriotzearen gaineko bi artzainen solasak" (Virgiliorengandik itzuliak).

  • Pierre Topet Etxahun (1786-1862)

Barkoxekoa (Zuberoa). Haurtzaro eta gaztaro zorigaitzez betea izan zuen. Familiarekin arazoak izan zituen, amodio eta seniparte kontuak zirela-eta. Auzietan ibili zen ondasunak eskuratzearren. Erroman eta Done Iakuen izan zen. Ospetsu egin zen: A. von Chamisso (1781-1838) alemandar poeta erromantiko ospetsuak haren omenez poema bat ondu zuen garai hartan eta Xahok haren historia bat idatzi (1842).

Etxahun, bertso-jartzailea izanaz gain, bat-bateko bertsolaria ere izan zen. Haren bertsoak ahoz-aho eta izkribuz zabaldu ziren. Etxahunen kantuak, guztira, 40 bat dira. Gai eta generoka, hiru multzotan sailka daitezke: autobiografikoak, ziri bertsoak eta egokierazkoak.

Autobiografikoen artean aipagarriak dira "Ürxapal bat" (1805-1808), kantu zaharrena, bere maitale behartsua utzi beharraren kariaz egina; "Mündian malerusik" (1827, 1842); "Bi berset dolorusik" (1831); "Etxahunen bizitziaren kantoria" (1834); "Ahaire delezius huntan" (1849).

Ziri-bertso edo satiren arteko batzuk fartsak dira, beste batzuek ogibideen kritika egiten dute. Ugariak dira emakumeari iseka egiten diotenak, herriko kronika eskandalagarrien bidez ("Bi ama-alhaba", "Maria Solt eta Kastero"). Diatribak edo aurkakoen inarrotsaldi bortitzak ere badira, non egilea mendekatzaile agertzen den berarekin ikustekorik izan eta ustez bidegabeki tratatu dutenekin ("Bi berseten egitez", 1853ko poesia lehiaketako epaimahaiko apaizak astintzen ditu sariztatu ez zutelako; "Barkoxeko eliza" (1859), erretorearen aurka, elizatik kanpo ezarri zuelako).

Egokierazkoen artean badira goresmenezkoak ("Musde Deffis", 1828). Baita poema politikoak: "Musde Xaho" (1849), politikari eta kazetariari zuzentzen zaiona bere kantuak inprima ditzan; "Musde Renaud" (1850), Donibaneko politikari errepublikazalea deputatu hautatua izan zelarik.

Aitorkizunak, ziriak eta okasiozko kontuak elkarren ondoan doaz. Aitorkizunak mingarriak dira, bere zorigaitzak azaldu nahi dizkie jendeei. Baina erasokorra da, gorrotoz betea eta guztiaren eta guztien kontra erreboltatua. Alderdi satirikoa da nagusi.

Etxahun ahozko tradizioari jarraitzen zaio. Haren bertso guztiak doinu bati lotuak dira. Zuberera aberatsa eta askotarikoa darabil.

  • Augustin Xaho (1811-1858)

Zuberotarra. Kazetari eta politikari errepublizale ezkertiarra eta masoia, euskalzalea eta euskalaria, literatura eta politikara emana. Baionako Udal Kontseilukoa eta Pirineo Apaletako Kontseilukoa izan zen eta garai hartako zenbait kazeta, albistari eta aldizkaritan erakutsi zuen bere luma zorrotz, zirikatzailea. Ariel kazeta sortu zuen, bere kazeta, Baionan ateratzen zuena (1844-1852). Hor Iraultza Frantseseko bertsoak, amodio kantak, Hiribarren-en "Iruñeko bestak" (1845) etab. argitara zituen. Erromantizismoko gizon jator bezala, herri kantu zenbait argitaratu zituen Ariel kazetan, horretan ere aurrelari izanez. Kantutegi bat prestatu zuen (1844-1855), duela gutxi argitaratua (2006). Aitor-en (euskaldunen lehen aita) istorio edo legenda asmatu edo sortu zuen.

Ariel-en euskarazko anaia bizkia ere sortu zuen 1848an, Iraultzaren gerizapean: Uskal-Herriko Gaseta, lehen euskal kazeta; bi ale baizik ez zituen jalgiarazi. Izan ere, urte haietan iraultza eta askatasun haizeak zebiltzan Europa osoan. Xaho bereziki laborariei zuzentzen zaie, kargudun eta funtzionariak dituztela etsai erakutsi nahiz. Errepublika ere kritikatzen du ezkerretik, eta karlismoarekiko haustura aldarrikatzen du. 1851ean L. Napoleon Bonapartek, estatu kolpea emanez, prentsa askatasunari ere eman zion, eta Xahok erbesteko bide hartu behar izan zuen.

Azti-begia saiakera (Paris, 1834), frantsesera itzulia (1840) kosmogonia filosofikoaren esparruko saiakera da. Xahok kristau eta ekialdeko alegoria eta sinboloak (Uholdea, Sugea, Kristo, Bildotsa etab.) argitu nahi ditu, aztien argibide izateko. Horretarako mintzaira metaforikoa darabil, irudi nagusiena haritza izanik (1851ean azalduko du Errepublikaren sinboloa dela eta hiru adarduna, hots, askatasunaren, berdintasunaren eta anaitasunaren irudia). Xahoren euskarazko testu gehienak Urkizuk berrargitaratu ditu (Azti-begia eta beste izkribu zenbait, 1992). Haren euskara zubereran oinarritua eta bere gisara batutakoa da; kazeta-lanetan prediku erretorikoa da harena, beti indartsua.

Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques argitara zuen (Paris, 1836), gaztelera eta alemanierara itzuli zena. Les études grammaticales sur la langue euskarienne (Paris, 1836), D'Abbadierekin batera egina, konparatismoaren joerakoa da. Bere lan nagusia, hiztegia, amaitu gabe utzi zuen.

Euskal literaturan tradiziozko bertsogintzaren -kantuari lotua- eta neurtitz kultoen arteko tenka nabarmen agertzen da, XVI eta XVII. mendetik hasita. XIX. mendean ere zenbaitek (Kamusarri, Xaho, F. Michel...) bertsolari edo bertso-molde ohikoa erabiltzen dutenen (bertso-jartzaileak, adib.) eta poeta landuen arteko bereizketa egin nahi izan zuten. Bereizketa hau, hala ere, egile edo ofizioaren araberakoa da, eskola eta bertso-moldeen araberakoa baino gehiago. Izan ere, egileek garrantzi handiagoa eta beste status bat hartzen dute erromantizismoarekin.

Egun bat-bateko bertsolari eta aldi berean bertso-jartzaile gisa ezagunagoak diren batzuk (Etxahun, "Bilintx", Otaño...) poeta izan zirelako iritzi zabala dago (ez denek onartua, hala ere), eta iritzi honen arabera bertsolari bat poeta izan daitekeela ez da erabat ukatzen.

Nolanahi ere, herri bertsogintzaren eragina oso handia da, ez bakarrik XIX. mendeko bertso-jartzaileengan, poeta edo neurtizlari gehienengan ere bai. Lore Joko edo Euskal Festetako poesia bertsolaritzaren seme da gai, teknika, baliabide eta hizkuntza poetikoaren aldetik eta XX. mendeko olerkariak etorri arte ez da aldakuntza handirik gertatuko.

Erromantizismoak eta Lore Joko edo Euskal Festek (1853an hasiak), poesia instituzionalizatuz eta eratuz, baldintzatzen dituzte bai bertsolaritza eta bai poesia landua. Beroriek markatzen eta bereizten dute aurreko garaia eta ondokoa.

XIX. mendeko bigarren erdian Antonio Abadiak Euskal Festak edo Lore Jokoak eratu zituen, lehena Urruñan 1853an eta azkena Ezpeletan 1896an.

Lehiaketetan hasieran poesia agertzen da, gai nahitaezkoa Ameriketarako emigrazioa izanik. Aurki bat-bateko bertso lehiaketa ere agertuko da 1856tik aitzina; bertso-saiotan jarri ohi ziren gaiak bizimodu, ogibide eta antzekoekin lotuak ziren (hiritarra eta laboraria, ezkondua eta donadoa etab.). 1853tik aitzina koblakariok aitortzen dute beraien bertsoak doinu ezagun bati egokituz eginak direla.

Lore Jokoek bertsolari eta bertso jartzaile anitz erakarri zuten, are mugaz honaindikoak, baita poeta batzuk. Euskal Festetako bertso-jartzaile eta poeten artean aipagarriak dira J. B. Elizanburu, L. Elizanburu, G. Adema "Zaldubi", Pierre Dibarrart (1838-1919) Joanes Oxalde (1814-1897), J. B. Larralde (1804-1870), M. Guilbeau (1839-1912), Ch. Bécas (1847-1911), J. Gorostarzu (1829-1868), P. Harispe, A. Etxeberri etab. Hegoaldekoen artean aipagarriak dira Arrese Beitia, Arana, Iraola, Artola, López Alen, Casal, K. Etxegarai, A. Arzak, K. Otaegi (1836-1890) etab.

Lore Jokoak ez ziren izan literatura esparruko gertakari bat, Catalunyan bezala, folklorearen osagai bat baizik (bertsolariak ez ezik herri-kirolariak ere aritzen ziren). Kultura maila apala zen. Lore-Jokoetatik sortzen den poesia etorkiz eta formaz bertsolaritzaren seme da gai, teknika eta baliabide formalen aldetik. Hizkuntza poetikoari dagokionez ere, bertsolariena da poetena baino gehiago.

Lore Jokoek euskara zabaldu eta euskal literatura eratu eta erakundetu zuten. Poesia zuzpertu zuten eta ondotik kontaera eta teatroa abian jarriko dira.

  • Jean Baptiste Elizanburu (1828-1891)

Saran sortua, aduanazaintzan aritu zen bere anaiekin, horien arteko bat, Leon, bera bezala poeta izango zena. 30 urtez sorterritik kanpo hainbat herritan ibili ondoren, 1870an, Napoleon III.aren erorikoan, Sarara etxeratu zen, kapitain mailarekin. Politikan errepublikarra zen eta kazeta-artikulu zenbait idatzi zuen politikaz, euskaraz. G. Adéma "Zaldubi"ren eta garaiko euskalarien (Webster, Guilbeau, Manterola...) adiskidea izan zen.

Elizanburu ez da bat-bateko bertsolaria. Poeta gisa ezagutzen da batez ere. Hamalau bat dira J. B. Elizanbururen poesiak. Hona kantu ospetsuenetako batzuk, gaika: jaiolurra eta baserriko bizitzaren baretasuna ("Nere etxea" edo "Laboraria", 1862, "Ikusten duzu goizean" hasten dena); maitasuna ("Aingeru bati"); andrearen edertasuna ("Maria", 1865); ziri eta maiseoa ("Lau andren besta"); herrimina ("Agur herriari", "Xori berriketaria"); herria eta politika ("Biba Frantzia", "Lehen eta orai"). Aipagarriak dira gainerakoak ere: "Infirmerian", Gazte hiltzera doana"; "Apexa eta Lorea", "Eskuara eta eskualdunak", "Zapataina (edo Gizon zuhurra)" eta "Maite zaitut".

Neurtizlari trebea da Elizanburu: 11-12 bertso mota darabiltza, ugarienak 7/6, 7/5 moldekoak (Iparraldean 13-12 silabako laukoak). Doinuen berriztatzailea da, Iparragirre bezala: herri-kantuak erabiltzen ditu, operakoak ("Aingeru bati"), edo agian berak asmatuak ("Nere etxea").

Hizkuntzaren jabe da Elizanburu. Lapurtera garbia eta ulerterreza darabil. XIX. mendeko poeta hoberena da, askoren ustez.

Hitz lauz: Piarres Adame Saratarraren zenbait hitztorio (1889) eleberri laburra argitara zuen. Piarres Adame saratar jator, ditxolari eta bertsolariak Pello gazteari, Olhetako festetara doazela, kontatzen dizkion istorioek, berari gertatuek, betetzen dute liburuskaren zati handi bat. Zaharrak gazteari bizitzako ikasbidea erakusten dio beraz. Egileak euskalduntasunaren irudi bat eman nahi duela dirudi, tradizioaren elementu garrantzitsuen bidez (jatortasuna, umorea, jan-edana, dantza etab.). Umorea eta atsegina dario kontaerari.

  • Gratien Adéma "Zaldubi" (1828-1907)

Senperetarra (Lapurdi). Baionako katedraleko kalonje. Lurdeseko agerraldiak gertatu ondoren (1858) erromesentzat prediku, kantika eta gidaliburuskak egin zituen (1875, 1877). Neurtizgile ospetsua izan zen eta 1893an omenaldi bat egin zioten, berak karia horretara "Gauden Euskaldun!" kantu ospetsua ondu zuela ("Zazpi Euskalherriek bat egin dezagun / Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun!" errepika dutenak). 1901ean Iparraldeko eta Hegoaldeko idazleen bileretan (Hendaia, 1901; Hondarribia, 1902) Adéma mahaiburuko izendatu zuten, baina ez zen gai izan bilkura horiek bideratzeko.

"Zaldubi" neurtizlari ikasia da, ez bat-bateko bertsolaria. G. Adémaren neurtitzak Eskualduna kazetan argitaratu ziren, gero RIEV II.ean 1908an. Neurkeraz "Art poetique basque" artikulu saila agertarazi zuen (1899).

"Zaldubi"k alegien saila landu zuen, La Fontaine-n hamazortzi bat alegia itzuliz eta are bersortuz. Zortziko txikietan moldatu zituen eta elkarrizketa bizi, hitz joko eta umorez jantzi. Sariak eskuratu zituen Lore Jokoetan: 1783an "Bildotsa eta otsoa" eta "Belea eta Axeria"rekin. "Zaldubi"k politika sartzen du alegiotan, bere garaiko gatazkei buruz ari baita, Errepublikak ekarritako pentsabide eta bizimodua gaitzetsiz. "Zaldubi"k kantikak edo eliz kantuak ere ondu zituen (31 gutxienez), katixima, Ama birjina, santuen bizitza etab. gaitzat hartzen dituztenak, harenak izanik egun elizetan kantatzen diren zenbait.

Kantu profano asko ere harenak dira, horietako franko ezagunak egin direnak. Batzuk, irrigarriak: "Martin eta Kattalin" (1851) edo "Hitzuntziak" (1857). Beste batzuk, politikazkoak, hots, Errepublikaren kontrakoak: "Betiri Sants" bigarrena (1875), "Errepublika" (1876). Baditu pilotarienak ere: "Pilotariak" (1857). Eta sorterrizaleak, azken aldikoak: "Eskualdunak" (1882) edo "Gauden gu eskualdun" (1893).

"Zaldubi"ren neurtitz guztiak kantatzeko eginak dira, doinuak berak asmatuak izan edo ez. Musikaren arabera ondu zituen bere bertsoak. Aberatsa da estrofa molde desberdinetan (25 bat): horien artean hamahiru silabako lauko berdina edo zortziko txikia nagusi da.

"Zaldubi" neurtizlari zehatza da, nahiz ez Elizanburu bezain gozoa. Iparraldeko bertsolarien hizkuntzamoldean eta prosan eragin handia izan zuen.

  • Martin Hiribarren (1810-1866)

Azkainekoa, Bardozen apaiz egona. Euskalaria, idazlea eta poligrafoa. Tradizioei atxikia zen. Xahoren adiskide eta garaitsukoa da.

Bi bertso-liburu argitara zituen:

Montevideoko berriak liburuska (1853), Ameriketarako emigrazioaren aurka.

Eskaldunak (1853), 5.000 bertso-lerro dituen poema, garaiko gauza eta pertsonen zerzeladaz beteriko kontuak biltzen dituena.

Hitz lauz: Eskaraz egia (1858). Sinestegabeei edota erlijio guztiak onartzeko modukoak direla ziotenei ihardesteko eta ihorditzeko idatzia.

Argitaragabe utzi zuen Napoléon Lehena (1856en idatzia, 1994an argit.) eta Laborariak poema. Erran zahar eta aforismo ugari idatzi zituen, orotara 1300 inguru.

Martin Hiribarren poeta baino areago neurtizlaria da, erritmoaren zentzua duena. Bertso eliptikoak dira harenak, bihurketa gehiegizkoak egiten ditu errimaren faboretan. Hiztegi aberatsa du. Herri-bertsogintza moldetan dabil.

  • Piarres D'Ibarrart (1838-1919)

Piarres D'Ibarrart, Jatsukoa, gazte denboran bertsolari gisa ibilia, Baigorriko xantre edo eliza-kantari jarri zen eta harrezkero ez zen plazetan agertu, erretorak debekatu baitzion. Bertso jartzaile bezala da ezaguna eta Euskal Festetan saritua izan zen (1882, 1893). Harenak dira "Itsua eta sastrea", "Mixelengo zubia", "Mutil zahar bat bere mahastian" eta beste zenbait kobla ezagun.

  • Joanes Otxalde (1814-1897)

Joanes Otxalde, Bidarraikoa (Nafarroa Beherea), aduanazaina. Bertsolari eskolatua eta bertso-jartzailea, herriko festa, eztei, pilota partida eta abarretan ibilia; ditxolari paregabea. Arrakastatsua izan zen mende erdi batez. Errepublikarra, hots, "gorria". Otxaldek Euskal Festetara zenbait bertso bidali zuen: 1867an "Xuriko"ren bertso aipatuak, G. Adémak orrazturik; 1890an "Etxahun eta Otxalde" izenekoak, orduko hila zen zuberotarraren omena zabaltzen lagundu zutenak; 1878an "Kilo-egilearen kantuak", saritua izan zena.

  • Jose Mendiage (1845-1937)

Jose Mendiage, Hazparnekoa, Amerika Beherera joan zen, Montevideon eta Buenos Airesen euskaldunen biltzarretan bere bertsoak kantatu zituen eta euskaldunen arteko elkartasuna bultzatu, P. M. Otañok bezala.

Haren kantuen bilduma, Zazpiak bat-Eskualdun kantuak, arrakastatsua eta behin eta berriz argitaratua izan zen (Buenos Aires, 1900, 1904, 1910; Txileko Santiago, 1916). Aski ezaguna da haren "Kantuz" izenekoa, non bertso-lerro guztiak hitz horrekin hasten baitira. Umore ona eta zorroztasuna darie haren bertsoei.

Bilintx eta Otaño bertso-jartzaile eta benetako poetak dira, bertsolaritzan ere aritu arren. Biak dira bertsolaritzaren Urre Arokoak, bertso-paperek indar handia duten garaikoak. Iparragirrek bertsolaritzara ekarria ere aintzat hartzekoa da. Erromantizismoaren ikuspegia nabaria da egile hauengan. "Bilintx"ek gai berria dakar -maitasuna- eta hizkuntza poetiko landua, eta Iparragirrek doinu, ahapaldi eta gai berriak -herria, lur- eta urruti-mina-.

  • Jose Maria Iparragirre (1820-1881)

Urretxukoa (Gipuzkoa). Ez dakigu ziur jendaurreko bertsogintzan aritu ote zen, bai ordea bertso-jartzaile izan zela. Lehen karlistate ondoan Euskal Herria zegoen egoera tamalgarriak hunkituta, kantari ibili zen batetik bestera. Iparragirreren saio onenak eta euskal gaiak gehienbat 1857 artekoak edo erbesteratu aurrekoak dira.

Xenpelarrek aitortzen du "Iparragirre abilla dala", "eskola ona eta musika / bertsolaria gaiñera". Baina "baserritar legera" egiten dio erronka, hau da, bat-bateko bertsotan norgehiagoka. Bestenaz "ni enauzu ibiltzen" / kantuz dirua biltzen / komediante moduan" esatean, berak, Xenpelarrek, debalde kantatzen zuela adierazten du. Bertsogintza eta irudi berri bat ekarri zuen beraz Iparragirrek.

Iparragirreren bertso edo kantuak gaika sailkatzean, multzo eta azpimultzo batzuk bereiz daitezke. Lehenbizi, Euskal Herria edo, zehatzago, haren sinboloa ("Gernikako Arbola"), borrokaren zantzua ("Nere amak baleki"), herrimina ("Agur Euskalerriari", "Kantari euskalduna", "Nere etorrera" edo "Hara nun diran" hasten dena), jaioterria ("Ameriketatik Urretxuko semeei"), etorkizuna ("Jainkoa eta arbola", "Gu gera"), lurra ("Nere oldozmena").

Bigarrenik, emakumearen ikusmolde erromantikoa ("Nere maitearentzat" edo "Ume eder bat..." hitzekin hasten dena, "Zugana, Manuela", "Nere izarra", "Beltzerana").

Hirugarrenik, fartza modukoak, nahiz dela jan-edan ("Glu, glu, glu"), gose ("Errukarria") edo andrearen parodia ("Ezkongaietan").

Laugarrenik, konpromezu bertsoak ("Gora Euskera", "Okendori", "Nabarrako Euzko Bazkuna" etab.).

Iparragirrek euskal gaia indartsu sartzen du bertsolaritzan eta eragin handia izan dute lehen multzoko gaiok: Gernikako Arbola sinbolo bezala, Euskal Herria foruetan mamitua, erbesteratuen herrimina, lurra hezurrak uzteko lekua...

P. M. Otañok hurbiletik jarraitzen dio euskal gai honetan. Iparragirreren eragina tropo eta topiko bihurtu diren esaeretan ere agertzen da: "Eman da zabal zazu / munduan fruitua", "Baiñan biotzak dio / zoaz Euskalerrira", "nere lur maite ontan / ezurrak uzteko". Baita zortzikoaren finkapenean eta doinu berrien premia eta egokitzapenean eginiko saioan -nahiz batzuk kanpokoak izan-. Musika erromantikoa da hark dakarrena.

Zortziko txikian moldatu zituen bertso gehienak (7 / 6), gutxiago zortziko nagusian. Puntua nahikoa aberatsa izan arren, erraza da eta ez "Xenpelar" edo "Bilintx"ena bezain zehatza.

  • Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" (1831-1876)

Donostiakoa. Bi karlistateen bitartean bizi, ondu eta argitaratu zituen bere bertsoak, erromantizismo garaian. Pertsonaia ezaguna, bizitzan zorigaitzak joa izan zen.

Bertso asko egileak izenpetu gabe agertu ziren. 35 poesia inguru gordetzen dira; beste asko, galdu egin dira. Oso ezagunak dira batzuk, herri kantutegira igaro baitira: "Biyotz erituba" edo "Triste bizi naiz eta" hasten dena, "Loriak udan", "Domingo Kanpaña", "Ja-jai", "Juana Bixenta Olabe"....

"Bilintx" kultura-zaletasun eta arte sentiberatasun handikoa zen, etorri ugarikoa, sentimendu sakon eta finekoa. Gaztelaniazko poetak irakurri eta haien eragina izan zuen: Becquer, Campoamor, Trueba, Aguilera...

"Bilintx"en gai nagusia maitasuna da. Nabaria da erromantizismoak "Bilintx"en bertsoetan duen eragina maitasunaren gaian, hartaz duen ikusmoldean, nitasunak hartzen duen garrantzian, damaren irudiaren deskripzio eta konparazioetan, eta topiko erromantikoen erabileran. Maitasunaren kontaera-bidea bertsolarien eskolakoa da gehienetan (zortziko txikian), baina epigrama erara kontatuak ere badira ("Ja-jai", "Nik au pensatu nuen"), edo era lirikoan ("Juana Bixenta Olabe"), baita jostagailu gisa ("Doloresi"). "Bilintx"en beste alderdi bat erakusten dute ziri-bertsoek. Horiek bertsolarien eskolakoak dira ("Potajiarena", "Domingo Kanpaña", "Zaldi baten bizitza"). Kontaera gisakoak dira beste batzuk ("Begirozute pikadoriak", "Pobriaren suertia", "Penetan daramazkit").

"Bilintx"ek landu egiten du bere poesia. Baliabide poetiko ugari eta desberdinak erabiltzen ditu: konparazioak, bertsolarien klitxeak, baliabide erretorikoak eta hizkuntza poetikoari dagozkionak.

Teknika aldetik, bertsolarien usariozko legeak garaiko joerekin lotzen ditu ("Ja-jai"), idatzitako poesia eta bertsolaritza elkarri hurbilduz. Puntu aberatsa da harena. Doinu ez ohikoak ere erabiltzen ditu ("Hurra Pepito", kontaerakoa, "Juana Bixenta Olabe" izenekoan). Zehatza da erritmo eta neurkerari dagokionez, agian literatura idatziaren eraginez.

  • Eusebio Maria Azkue (1813-1876)

Lekeition jaioa, itsasoan urtetan ibilia eta bere herrian Nautika irakaslea. Pentsakeraz tradizionalista edo kontserbadorea zen. Manterolaren Cancionero Vascon haren poesia anitz bildu zen. Hilda gero, haren poesiak R. M. Azkue semeak argitara zituen Parnasorako bidea izenburupean (1896).

E. M. Azkueren poemetan badira: debozio-poemak ("Dies irae" edo "Ave Maris stella" itzulpenak), ipuin edo alegiak, jolasgarriak, kondairazkoak, irrigarriak, ziri-bertsoak, bilantzikoak eta serioak (hauen artean aipagarria da "Apolo eta Musak"). Klasikozalea zen, mitologiaren erabileran erakusten duenez.

E. M. Azkue poeta narratiboa da batez ere, ez lirikoa, "Euskaradija" poeman erakusten duenez. E. M. Azkue ez da bat-bateko bertsolaria; klasikoen eta garaiko erromantikoen eskolan ikasia da. Erromantizismoaren eta kostunbrismoaren zantzuak nabari dira haren poemetan, adibidez nitasunaren garrantzia, lehen pertsonaren erabilera, inspirazioaren indarra, patu tristea jarraitu behar duenaren zorigaitza, exotismo-joera, etab.

  • Pello Mari Otaño (1857-1910)

Zizurkilekoa (Gipuzkoa), hiru aldiz Ameriketara joana, euskararen irakasle gisa jardun zuen Buenos Airesen. Abots kaskarrekoa baina bertsolari fina zen. Bertso-liburu bat argitara zuen: Alkar (1894, 1930).

Otañoren gai nagusiak Iparragirrerenen beretsuak dira: Euskal Herria, euskara, erbesteratuen herrimina, lurra. Nahikoa ezagunak dira haren bertso batzuk: "Ameriketako panpetan", "Aita-semeak", "Txepetxa", "Limosnatxo bat"...

Eragin handia izan dute hark idatzitako bertsoek bertsolaritzaren hizkuntzamoldearen eraberritzean, adibidez "Basarri"gan, tematikari -gero eta abertzaleagoa- eta batez ere hizkera txukunari dagokionez.

  • Felipe Arrese Beitia (1841-1906)

Otxandiokoa, ogibidez santugina. Alderdi Karlista utzi zuen, liberalek eta karlistek euskara eta foruez axola gutxi eta guda nahi zutela ikusirik. Haren "Ama Euskeriari azken agurrak" poemak Elizondoko Lore Jokoetan lehen saria irabazi zuen (1879). Izan ere, euskararen eta euskalduntasunaren etorkizunaren kezka bizia agertzen du, eta kezka hori Pizkundearen ezaugarria da. Beste 13 aldiz ere saritua izan zen Lore Jokoetan. Kanpion eta Duvoisin-ek Arrese Beitia goretsi egin zuten.

Euskal-Erria eta Euskalzale-n argitara ziren haren neurtitzak eta 1900ean Ama Euskeriaren Liburu kantaria-n bildu ziren. 1902an Asti-orduetako bertsozko lanak argitara zuen.

Gaien arabera sailka daitezke haren neurtitzak: kantu herrikoiak (euskara, foruak, Gernikako Arbola...), lirikoak, eliz kantak, alegiak, ipuinak, irakurgaiak, hamalaukoak, odak, goresmen kantuak (gizon ospetsuei, adibidez), baita gaztelaniazko poeta zenbaiten (Herrera, Caro, Balbuena, Quintana, Zorrilla) itzulpenak.

Arrese Beitiak euskara indartsua, ugaria eta ederra du. Haren bertsoetan etorria, elokuentzia eta erretorika dago, lirika baino gehiago.

1876an bigarren karlistatea amaitzen da, eta euskaldunek foruak galtzen dituzte. Kezka bizi bat sortzen da euskararen biziari eta etorkizunari buruz. Mugimendu honen erakusburu dira euskal liburuen argitalpen eta berrargitalpenak. Orduan agertzen dira, adibidez, J. A. Mogelen Peru Abarka, P. P. Astarloaren Discursos Filosóficos, Larramendiren Corografía, Aizkibel-en Hiztegia etab.

Jose Manterola donostiarrak (1849-1884) euskalzaleak biltzen ditu bere poesia bilduma eta aldizkariaren inguruan, eta euskal literaturan aro berri bat hasten da. Cancionero Vasco (1877-1880) bilduman euskalki eta garai guztietako bertso eta kantuak bildu zituen generoka: amodiozkoak, ziri-bertsoak, alegiak, historia-, aberri- eta erlijio-kantak itzulpenekin, azalpen oharrekin, iritzi kritikoekin, egileei buruzko datuekin, are doinuekin. Manterolak bere kantutegian Etxepare, Meagher, Iztueta, Iturriaga, Iparragirre, Elizanburu, Arxu, Guilbeau, Dibarrart, Bilintx, Artola, Azkue, Uriarte, J. I. Arana, eta abarren bertso eta poesiak bildu zituen. Bilduma literarioa da, beraz, eta ez folklorikoa.

Ondoren Manterola Euskal-Erria aldizkaria ateratzen hasi zen (1880-1918). Euskaraz hainbat lan argitaratu ziren hor, bertsoak batez ere, baina ez zen izan aldizkari literario bat huts-hutsik, Euskal Herriko hizkuntza eta historia ere lantzen baitzituen. Hor bildu ziren Aita J. I. Arana, R. Artola, F. Arrese Beitia, E. M. Azkue, A. Kanpion, S. Baroja, K. Etxegarai, A. Abbadie, J. B. Elizanburu, J. Vinson, Harispe, Duvoisin, K. Otaegi, M. Soroa, A. Trueba, G. Adéma, P. M. Urruzuno, V. Arana, etab.

Pizkundea Donostian mugimendu literarioari lotuago egon zen. Bizkaian, Araban eta Nafarroan beste erakunde batzuk sortu ziren. Erakunde horietan bildu ziren orduko euskalzale jakintsuak, euskal kultura sustatzeko asmoz. Adib., Nafarroan Asociación Eúskara de Navarra eta Revista eúskara (1878-1883), Gasteizen Revista de las Provincias Eúskaras (1878-1879). Bizkaian A. Artiñano Euskararen Akademia bat sortzeko asmoa agertu zuen 1886an.

Iparraldean 1853az geroz D'Abbadie jaunak urtero antolatzen zituen Euskal Festak 1879an ospatzen dira lehen aldiz mugaz honaindian, eta lehen aldiz probintzia guztietako poetak eta bertsolariak aurkezten dira. Urte horretan Arrese Beitia-ren "Ama Euskeraren azken agurrak" sariztatua da. Poesia horrek giro bat sortu zuen, hari erantzunez ondu ziren bertsoak lekuko, adibidez A. Arzak-en "Iltzen bazaigu Ama Euskera Euskaldunak illak gara". "Ama Euskera" topiko bihurtu zen: K. Etxegarai eta J. I. Uranga-ren bertso zenbaiten izenburuan ere agertzen da.

Lore Jokoekin eta Donostiako Euskal Festekin euskal literatura hasten da bere adiera hertsian. Genero berriak agertzen dira, eta batzuk literatura hutsekoak: kontaera -bereziki eleberrigintza- eta antzertia. Poesia ere ugaltzen da.

1879an Donostian "Itz jostaldiak" antolatzen hasten dira, Udalaren babesaz eta J. Manterolaren eraginpean. Lehiaketan istorio, elezahar edo ohitura oroigarriren bat gaitzat hartu behar zen. Ohargarria da aurkezten diren idazle gehienak laikoak direla.

Donostiako Euskal Festen inguruan agertzen diren elezahar edo leiendek, deskripzioek eta antzerkiek prosaren nagusitasuna ekarriko dute.

Eleberria oso berandu hasten da, XIX. mende bukaeran, eta (sasi)kondairarako joeratik ohitura eleberrigintzara iraganen da, eta hartan iraunen du luzaz, harik eta nobela esistentzialista etorri arte ("Txillardegi"ren Leturiaren egunkari ezkutua, 1957). Ipuin eta kontakizun laburrek kontaeraren esparrua zabalduko dute: askok folkloregaiak landuko dituzte, beste asko farregarriak izango dira eta jazoerak asmakizunekin nahasita ager daitezke.

Peru Abarka -ko autuak eta santuen bizitzetako kontakizunak (Laphitze, G. Arrue, edo Birjinia ), euskal eleberriaren hasikintzat joak izan arren, eleberri edo ipuinez bestelako genero mota batzuetan idatziak dira.

Daskonagerre-ren Atheka gaitzeko oihartzunak da lehen euskal eleberria (1870), baina itzulpena da Les échos du pas de Roland -ena (1867). Nobela horretan "Ganix" kontrabandistaren ibilerak kontatzen dira lapurtera "kostatarra" deitzen den hizkeran. Itzulpena da Amodioaren martirra foiletoi-nobela ere (Le Pays basque-Eskual-herria, 1900-1901), Ernest Daudet idazle frantsesaren (1837-1921) Dolorès nobelarena (1879), gaztelaniazko bertsiotik egina (1886). Kontatzeko era tradizionalagokoak dira Elizanbururen Piarres Adame eta Duvoisin-en Baigorriko zazpi liliak.

Hasierako aldiko kontakizun gehienak kazeta edo aldizkarietan agertu ziren atalka.

1879-1891 bitartean, Donostiako Udalak Manterolaren bultzadaz antolatutako lehiaketei esker, 30 bat elezahar edo leienda idatzi eta argitaratu ziren "Oroimengarriak" bildumetan, baita aldizkarietan ere (Euskal-Erria-n batez ere).

Pizkunde garai honetan edo lehenxeago, nagusi da erromantizismo sasihistoriazalea, lehenagoko euskaldunen egintza harrigarri eta miragarri ustezkoak eta mitoak sortzen zituena (Aitor, Altabizkarko Kantua...). Euskal idazleek (K. Otaegi, Tx. Agirre, T. Alzaga, G. Arrue, A. Arzak, A. Kanpion, K. Etxegarai, Lopez Alen, Guilbeau etab.) gaztelaniazko egileak itzultzen edo imitatzen zituzten (Navarro Villoslada, J. M. Goizueta, V. Arana, J. V. Araquistain), kalitate eskaseko literatura idazten zutenak.

  • Txomin Agirre (1864-1920)

Ondarroan jaioa, Zumaiako monjen komentuan kapilau izan zen. Haren Auñemendiko Lorea (1898) jotzen da lehen euskal eleberritzat. Urte batzuk lehenago A. Apaolaza medikuaren Patxiko Txerren (1890) ipuin luze edo nobela laburra atera zen, A. Trueba-ren El Judas de la casa-ren egokitzapen trebea.

Auñemendiko Lorea kondaira eleberria da, VII. mendeko gertaerak kontatzen dituena, egilearen ustez kristautasuna sartuz zihoan garaikoak. Riktrudis da jokalari nagusia. Riktrudis San Amandoren ikaslea da, euskaldun kristaua, eta bere maitaletzat Adabaldo frantses kristaua hautatzean euskaldunen artean gerra sortzen da. Bizkaiera herrikoian idatzia dago, garbizaleegia da baina ez aranatarra, larramenditarra baizik.

Kondaira joerako eleberrietatik ohitura eleberrietara iraganen da Agirre (Kresala, 1901; Garoa, 1907).

  • Resurrección María Azkue (1864-1951)

Resurrección María Azkue, Lekeition jaioa, Eusebio Maria Azkueren semea. Apaiztu ondoren, Bizkaiko Aldundiak eratu euskararen katedra irabazi zuen (1888) S. Arana eta Unamunorekin lehian. Musika ikasketak egin zituen eta Euskaltzaindiaren lehen burua izan zen, hil arte.

Obrak:

Euskal Izkindea. Gramática Euskara (Bilbao, 1891), elebiduna.

Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-1906), 2 lib.

Morfología Vasca (1923).

Cancionero Popular Vasco (1925). Euskalerriaren Yakintza. Literatura Popular del País Vasco (1935-1947), 4 liburuki.

Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariak sortu, zuzendu eta bertan artikulu ugari idatzi zuen. Euskalzale-ko bere bizkaierazko eta gipuzkerazko irakurgai barregarrien bilduma bat eginda Txirristadak liburua atera zuen (1898).

Zartzuelak sortu zituen: Vizcaytik Bizkaira, 1895; Eguzkia Nora, 1897; Pasa de Chimbos, 1898; Sasi-eskola (1898). Operak ere bai: Ortzuri, 1910; Urlo, 1912.

Ipuinak: Behin da betiko (1893, 1898) eta Batxi Guzur (1897). Batak eta besteak kostaldeko herrixka baten bizimodua eta ohiturak kontatzen dituzte. Gizarte bereizketa bat ageri da (euskaldunak eta erdaldunak) eta helburu didaktiko bat (zuhurtzia). Euskararen aldetik balio handiagoa dukete literatura aldetik baino.

Eleberriak: Ardi Galdua (1918). Latsibi, 1919 inguruan idatzia, 1989an argitaratua.

Abertzaletasunarekin batera, Sabin Aranak euskal kultura eraberritu eta euskara "garbia" ezarri nahi izan zuen, ortografiatik hasi eta morfologia, joskera eta batez ere lexikoan aldatuz, hau da, erdal usaina zuten hitz guztiak kendu eta hitz berriak asmatuz. Aranak ordura arteko tradizio idatzia gutxietsi eta euskara berria ezarri nahi zuen. Jarraitzaile ugari izan zituen: Arriandiaga "Mibisus", Zabala-Arana, L. Eleizalde, P. Orkaiztegi, "Kirikiño", Olabide... Olerkarien artean, "Lauaxeta" batez ere.

Azkuek ere, hasieran bereziki (Euskal Izkindea, 1891), euskara arlo guztietan aldatu nahi izan zuen. Garbizalea izan zen eta haren hiztegiak aldi oso bat markatu izan du; haren hitz berriak, ordea, gramatika aldetik zuzenak eta gardenak dira. Joskeran ere haustura gertatu zen, Altuberen lege hertsiekin.

Arana eta Azkueren hizkuntz ereduen eragina nabarmena da hitz lauz nahiz neurtuz eta genero guztietan; Hegoaldean nagusi izan da ia 1960 ingurura arte.

Bi antzerti mota ageri dira XIX. mendean: alde batetik, herri-tradiziozko antzertia, bereziki Zuberoakoa, hau da, asto-lasterrak eta pastoralak; bestetik, antzerti konbentzionala, Pizkunde giroan eta Lore Jokoen eta Euskal Festen babesean Donostian sortu zena. XIX. mendeko asto-lasterrei dagokienez, gutxi dakigu. Hérellek dio urtero pare bat antzerki gutxienez antzezten zirela, eta dozena baten antzezpenen berri ematen digu, hauexena, esaterako: Malku eta Malkulina (1807), Kaniko eta Beltxitina (J. Oihenartena, 1848), Belkader, Afrikako errege (1892) etab. Pastoralen berriak ugariagoak dira, 35 pastoral desberdin baino gehiago antzeztu ziren XIX. mendean. Haien artean, badira Testamentu Zaharrekoak, Testamentu Berrikoak eta Antzinako Elizakoak (Josue, 1820; Nabukodonosor, 1857), santuen bizitzak (Santa Margarita, 1818; Santa Katalina, 1839), antzinate profanokoak (Edipa, 1816), gerra kantetakoak (Roland, 1811; Aymonen lau semi(a)k, 1818), abentura eleberrietakoak (Santa Genobeba, 1802; Jean de Calais, 1818; Robert Le Diable, 1849), legendetako istorioetakoak (Napoleon, 1849; Jean d'Arc, 1891).

Antzerti konbentzionala 2. karlistate ondoan eta Donostian sortzen da. Donostiar giroko teatroa zen eta donostiar hizkera bereziz, gainera. Antzerti irrigarri eta satirikoa; moldeei dagokienez, gehienbat jostirudi edo komedia barregarri eta drama negarregileen artekoak. M. Soroa da teatro berri edo moderno honen aita. Hark eta teatro mota honek jarraitzaile ugari izan zituen: J. Artola, E. Gorostidi, V. Mokoroa, R. Illarramendi, J. I.Uranga, B. Iraola, T. Alzaga, R. Azkarate, S. Baroja...

Mende bukaeran Alzaga eta Barriolari esker duintasun bat jaristen du, ordura arteko txokokeria gaindituz. Donostiatik irten eta Gipuzkoa osora iraganen da antzertia, eta gero Bizkaira, azken honetara batez ere Azkueri esker. Azkueren arabera, teatroak, gizarteari begira, eginkizun bat zuen, herria euskalzaletzea; S. Aranak ere antzertia euskal abertzaletasuna suspertzeko tresnatzat zeukan. Alzagak antzertia hedatuko du itzulpen eta egokitzapenekin, nahiz batez ere komediak idatzi zituen. Barriolak, ordea, drama landuko du batik bat, drama burgesa deitua.

Drama burgesaz gainera, badira beste zenbait drama mota: lirikoa edo musikala eta historikoa. Lehen drama lirikoa Pudente izan zen (1878), Serafin Barojaren libreto eta Santestebanen musikarekin. Geroago Azkueren Vizcaytik Bizkaira (1895) eta T. Alzaga eta B. Zapirainen Txanton Piperri (1899) sortuko dira. Drama lirikoa hiriburuetan antzeztu ohi zen eta 1910 inguruan jo zuen gailurra: A. Etxabe eta J. Guridiren Mirentxu (Bilbao, 1910), J. Artola eta J. M. Usandizagaren Mendi-Mendiyan (Bilbao, 1910), Guridiren Amaya (1920).

Drama historikoa erromantizismoaren fruitua da eta euskaldunen egintzak eta balentriak (asmatuak eta ustezkoak barne) goraipatzen ditu. Adib., Iparraldean J. M. Hiribarrenen (1810-1866) 891n Eskaldun gerla eta J. P. Harisperen (1854-1929) Karmela, hitz neurtuz (Euskal-Erria, 1886). Hegoaldean, S. Barojaren Hirni ama alabak (1882), hitz neurtuz; Ramos Azkarateren Beotibarko jazarra (1886); Katalina Eleizegiren Garbiñe (1916) eta Loreti (1918).

Aldizkariek bultzada handia eman zioten antzertiari; haien orrialdeetan argitaratu ziren: Euskal-Erria (1880-1918), Euskalzale (1897-1899), Ibaizabal (1902-1903), Euzkerea (Bilboko aldizkari sabindarra), Euskal Esnalea (1911-1931), Euskalerria, geroago Antzerti (1932-1936), Iparraldean Gure Herria, etab.

Donostiarra. Ogibidez teatrogizona ez bazen ere, hainbat teatrolan idatzi, itzuli edo moldatu eta antzezteko prestakuntzak egin zituen.

Obrak:

Zartzuelak: Iriyarena, gaztelaniaz gehiena, euskarazko zati batzuekin, 1876 eta 1878an antzeztua arrakasta handiz; Gorgonioren estuasunak edo boltsa galdu (1894), J. Gimon-en musikarekin.

Komediak: Gabon (1880an antzeztua), Au ostatuba! (1884), Alkate berriya (1885), Lapurrak, lapurrak! (1885), Barrenen arra (1886), Urrutiko intxaurrak (1887), Abek Istillubak (1894), Ezer ez ta festa (1899), Baña zein naiz ni? (1907), Auxe da eguna.

Itzulpenak: Anton Kaiku (1882), XV. mendeko La Pharse du Maitre Pathelin lanetik moldatua.

Elkarrizketa: Baratzan (Euskal-Erria, 1886).

Artikuluak (euskaraz eta gazteleraz): Azak eta Naste bilduma (1894, 1895, 2 lib.), bertsoak eta komedia bat duena.

Saiaera-itzulpenak: Euskal Naparren Joaera edo Emigrazioa (1885), J. Colá y Goiti-rena. Egilearen beste obrak baino landuagoa da, hitz larramenditarrak darabiltza baina baita Donostiako hizkera ere.

Soroak harrera ona eta arrakasta izan zuen ikusleen nahiz kritikaren aldetik. Donostian ez ezik, Gipuzkoako toki askotan ere antzeztu ziren haren obrak, baita bera hilda gero ere.

Soroak gai barregarriak erabiltzen ditu, irri egiteko moldatzen baititu antzerkiak. Hitz-jokoetan oinarritutako barre algara lasaia eta axolagabea eskeintzen du. Antzerki asko musika eta abestiz apainduak dira. Donostia zaharreko ohiturak agertzen dira eta bertako hizkeran mintzatzen dira hango pertsonaia edo, hobeki esan, tipoak.

Donostiarra. 13 urtetik antzezlanei osoki emana, berak idatzi eta zuzendu zituen antzerki gehien, emanaldi gehien eskaini eta jokalari gehien hezi. 1914an Abelino Barriola zinegotzi abertzale eta antzerkizaleak Euskal Iztundea ("Academia de Declamación Vasca") delakoa sortarazteko proiektua aurkeztu zuen, eta katedradun Alzaga hautatu zuten. Alzaga izan zen egile garrantzitsuena XIX. mende bukaeratik XX. mende herena ia bete arte, antzertia bere inguruan higiarazi zuena.

Alzagaren teatrolanak 30 bat dira guztira, gehienak 1920ko hamarkadan idatziak. Komedian nabarmendu zen. Ekitaldi bakarrekoetan aipagarria da Burruntziya (1926); bi ekitaldikoetan, Bost urtian (1922) eta Amatxi (1923); hiru ekitaldikoetan, Osaba (1926) eta Andre Joxepa Tronpeta (1920), azken hau luzeagoa, konplexuagoa eta handinahiagoa.

Antzerki koralak dira San Tomaseko feriya (1892) eta Zanpantzar (1924). Ohitura antzerkiak dira, Donostiako bi jai handietan girotuak.

Operak diraTxanton Piperri (1899), Anboto (1906) eta Gli kornamenti, azken hau B. Zapirain-en musikarekin.

Itzulpen edo moldaketak dira Ramuntxo (1920), P. Loti-rena, eta Irritza (1924), Shakespeareren Macbeth tragediaren moldapena.

Artikuluak ere argitaratu zituen Euskal-Errian, ehundik gora.

Baserritarrak, neskatxak, mozkorrak, arloteak, tipo xelebreak eta antzekoak dira Alzagaren pertsonaiak. Beroriek marrazten asmatzen du, baina "tipoak" dira, nortasunik gabekoak. Farregarritasuna lortzen du, egoera bitxiak sortuz eta, batez ere, elkarrizketa bizien bidez. Honetan guztian maisua da eta, beraz, antzerki laburretan ematen du Alzagak bere benetako neurria, adibidez, Burruntziya-n.

Alzaga eta ingurukoen teatroan Donostiako gizarte giroa eta honek hizkuntz erabilerarekin duen ikustekoa islatzen da. Hortik dator antzerkiotan agertzen den baserritar eta morroi-neskame arteko giroa. Egoera hori hausteko saioa egiten du Alzagak, hizkuntza-maila jasoz, hitz berriak erabiliz (ondoan erdaratiko hitza dutela), frantses eta ingelesaren bidez kutsu kosmopolita txertatzeko modua bilatuz... Honetan jasoagoak dira Osaba eta Irritza.

Serafín Baroja (1840-1912). Hirni ama alabac, drama en dos actos, en vascuence y en verso de doce sílabas, con su traducción en prosa castellana (1882). Pudente (1878), drama lirikoa.

Victoriano Iraola (1841-1919). Onenzaro gaba! (1894), jostirudia. Bi itxubak (1884), zartzuela; Petra txardin-saltzallia (Euskal Erria, 1888, Sarriegiren musikarekin). Iraolaren Oroitzak ta beste ipui asko liburua Baserritarra aldizkarian 1906-1908 bitartean argitaratutako artikuluekin eginiko bilduma da (1962an argit.).

Jose Artola (1864-1929). Praisku (1892), bakarrizketa; Legorreko arrantzalia (1898), jostirudia; Bixente (Ibaizabal, 1903), komedia; Xabiroya (1902), komedia, hitz lauz eta neurtuz; Pello Kirten (1906), bakarrizketa, etab.

Beste antzerkigile batzuk: Ramon Illarramendi (1903 inguruan), Baleriano Mokoroa (1871-1941), Juan Ignazio Uranga (1863-1934).

1870tik aitzina Frantziako Estatu laikoaren (III. Errepublika) eta Eliza Katolikoaren arteko gatazka piztu zen. Erlijio "gerra" hau Estatuaren eta Elizen arteko Bereizkuntza legearen (1905) ondoren ematuz joan zen. Iparraldean erlijio katolikoaren aldeko liburuak eta prentsa katolikoa argitaratzen dira batez ere.

Erlijio liburuen artean genero garrantzitsuenetako bat hagiografia da (santuen bizitzak). Genero honetan kontaera nagusi da. Laphitz, Ioanategi, G. Arrue eta K. Beobide dira egile aipagarrienak. Hegoaldean ere erlijio eta eliz

Mende bukaeran erlijio eta Eliza katolikoaren aldeko liburu ugari argitaratu zituzten Iparraldeko idazleek. Elizgizonak ziren eta euskaldun fededunak laizismotik babesteko idatzi zituzten otoitz-, dotrina- eta debozio-liburuak, santuen bizitzak, gizarte-gaiezkoak nahiz gertaera historikoen istorio interpretatuak. Laphitzen liburua III. Errepublika eraiki baino urte batzuk lehenagoakoa da.

  • Frantzisko Laphitz (1832-1905)

Laphitz Arizkunen (Baztan) sortu zen, baina aita Irisarrikoa (Nafarroa Beherea) zenez, hemen iragan zuen haurtzaroa. 1867an aita Betharramdar izateko botuak egin eta Montevideora joan zen, eta ondoren Paraguay eta Buenos Airesera; horko "Euskal Etxea"rekin harreman estuak izan zituen.

Haren liburu ezaguna egilearen izenik gabe agertu zen: Bi saindu heskualdunen bizia: San Inazio Loiolakoarena eta San Franzisko Zabierekoarena (1867). Laphitzen mintzaira ulerterraza da. Haren liburua kontakizun bizi eta dramatizatua da.

  • Basilio Joanategi (1837-1921)

Isturitzen (Nafarroa Beherea) jaioa, 1880an Belloc-eko beneditar egin zen. XX. mende hasieran, fraideak Belloc-etik egotziak izan zirelarik, Lazkaora (Gipuzkoa) etorri zen, hil arte hor egonez.

Joanategik batez ere hagiografia liburuak argitaratu zituen, nahiz debozioliburuak ere idatzi zituen: Ehun bat Sainduen bizitzea (1876), San Benoaten bizitzea (1887). Sainduen Bizitzea (I, 1890; II, 1900). Bihotz sakratuaren hilabetheko esku-liburua (1894).

Almanak egilea ere izan zen urte askotan: Fedearen Propagazioneko urtekaria edo Fedearen Propagazioneko berriak urteka ematen dituena. Misiolariek frantsesez bidaltzen zituzten berriak itzuli zituen bi hilabetekari horretan.

Joanategiren idaztankera argia eta samurra da.

  • Jean Pierre Arbelbide (1841-1905)

Eiheralarre-Zaron sortua (Nafarroa Beherean), Hazparneko misiolarien buruzagia izan zen.

Obrak:

Bokazionea edo Jainkoaren Deia (1887).

Erlisionea (1890).

Igandea edo Jaunaren Eguna Meza-Bezperen othoitzekin (1895). Hitzaurrean egileak euskarari eta euskaldungoari buruz dituen ideiak agertzen ditu: garbizaletasuna, euskara atzerritarrekiko babes gisa, euskal emigrazioaren arriskuak etab.

Heren Ordrea (1890).

Arbelbidek azalpen argia eskaintzen du, haren estiloak prediku kutsu nabarmena du eta hots handikoa da. Hizkuntza landua du, hautatua, garbia eta jatorra, aberatsa hiztegian, dotorea.

  • Etienne Lapeyre (1840-1893)

Kredo edo Sinhesten dut Esplikatua (1891). Hazparneko Kalbarioa (1892) liburuan ere badira haren bi prediku, Lapeyre predikalaria baitzen.

  • Laurent D'Iharasarri (1848-1902)

Saran sortua eta Orzaizen hila, Kanboko erretore izan zen. Hauteskundeetan "xurien" deputatugai izan zen 1894an.

D'Iharasarrik argitaratu zituen liburuak itzulpenak dira: Aphezen dretxoak eta eginbideak eletzionetan (1890); Erlisionearen ixtorioa laburzki (1890); S. Antonio Padukoa (1897); Maiatzeko liburu berria (1900). Harena dateke Oraiko eskolak (1892) liburuska, gurasoei adierazten diena zein diren eskola onak (dotrina katolikoa irakasten duten eskolak) eta txarrak (eskola laikoak), haurrak eskola txarretara ez bidaltzeko aginduz. D'Iharasarrrik azalpen argi eta garbiak egin ohi ditu, hizkuntza soila erabiliz eta apaindura ardurarik gabe.

  • Mixel Elizanburu (1826-1895)

"Frère Innocentius" Heletan sortua izan zen eta Hazparneko Lasalletarren ikastetxean irakasle eta zuzendari gisa ari izana.

Obrak:

Zer izan diren eta zer diren oraino Framazonak munduan (1890). Bigarren edizioa urte hartan berean: Framazonak (bigarren edizionea) eta Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki (1890). Egileak framazonak edo masoiak eta judutarrak gaitzesten ditu. Grinaz, amorruz eta txispaz idatziak dira, bizitasunez, argitasunez eta zalutasunez.

Lehenagoko eskualdunak zer ziren (1889). Egileak haurtzaroan ezagutu zuen bizimodua goratzen du eta garai berriak gaitzesten, umoreari ere leku eginez eta hizkera bizi eta herrikoian ixtorio sorta kontatuz.

Joanes Batista dohatsuaren Bizia (1891).

Mixel Elizanburuk hitzak non-nahitik hartu eta erabiltzen ditu, etorkiari begiratu gabe. Haren idaztankera ez da landua eta hots handikoa, Arbelbiderena bezala. Burrukalaria edo oldarkorra da, polikidura eta tolestura gabea, berezkoa.

Iparraldean bezalatsu, Hegoaldean ere liberalismotik eta laizismotik babesteko idatzi zituzten elizgizon zenbaitek beren erlijio liburuak. Hagiografia garrantzitsua da; aipatu dugu G. Arrueren Santa Jenobebaren bizitza.

Krispin Beobide (1848-1891). Azpeitikoa. Asis-ko Loria (1885) San Frantziskoren biografia luzea da, herri-sundazko euskara aberats eta jatorrean idatzia (1885).

Jose Ignazio Arana (1838-1896). Azkoitiakoa eta jesuita. Euskal literatura eta metrikan oso aditua. Euskal neurkerazko lan bat idatzi zuen (Arte métrica bascongada, 1992.ean argit.), baita ortografiazko lanak. Poesia ugari idatzi zituen, bere garaikideenak baino landuagoak. Obrak:

San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua euskaraz eta gaztelaniaz (1872), gipuzkeraz. Bai, pekatu da liberalkeriya (1888), Sardá y Salvany-ren El liberalismo es pecado-ren itzulpena da.

Andres Iturzaeta (1838-1912). Otxandioko (Bizkaia) abadea. Urtearen domeka guztietarako berbaldiak (1894), Berbaldiak izenez ezagutuak. Aita Gaspar Astete-ren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak (1899) aurrekoa baino are larramenditarragoa da.

III. Errepublika eta Eliza Katolikoa elkarren kontra ari izan ziren ia I. Mundu-Gerraraino. Frantses estatuak eskolak laikotu zituen eta frantses hizkuntza hedatu euskararen kaltetan, ondorioz erlijioaren eta euskararen arteko lotura sendotu egin zen. Iparraldean Errepublikaren kontrakoek ("xuriek" edo kontserbadoreek) batez ere Eskualduna kazetan plazaratu zituzten beren ideiak, interesak eta jokabidea.

Errepublikarrek Réveil Basque astekari elebiduna, hots, Euskal Iratzartzea (1886-1894) ateratzen zuten; 1898an Le Pays Basque-Eskual-Herria k (1898-1914) hartu zuen haren segida. Reveil Basque-ri erantzunez "xuriek" Eskualduna sortu zuten, 1887an. Eskualduna ideologiaz tradizioaren aldekoa zen eta erlijioarentzat askatasun osoa aldarrikatzen zuen. Kazeta politiko gisa jokatu zuen, gobernu errepublikarrei eraso eginez.

Eskualduna-k euskal idazle multzo handia bildu zuen. Kazeta horren eta geroago Herria (1944tik aitzina) astekariaren bidez nagusituko da nafar-lapurtera literarioa, lapurtera eta behenafarreran arteko euskara batu literarioa.

Hazparnekoa. Larresoroko seminarioko irakaslea eta Eskualduna-ko zuzendaria. Kazetalan zinez ugari idatzi zuen berak kudeatzen zuen kazetan, horietako multzo batzuk berrargitaratu dira. Lehen orrialdeburuan editorial gisako artikulua berak idatzi ohi zuen astero-astero. Beste sailetako artikulu asko idatzi zituen (kronikak, jostagarriak, istorioak), ia orotariko gaiez. Horregatik guztiagatik eta bere euskara landu eta erretorikoagatik idazletzat ere jo genezake, kazetaritzat ez ezik. Areago: maisutzat ezagutu zuten haren ondoko idazleek (J. Etxepare, Saint-Pierre, Lafitte...).

Kazeta-mintzaira ulerterraza nahi zuen, hitz zaharregi edo berriegirik gabe. Hiriart-Urrutiren idaztankera malgua, zalua, bizia, labur eta trinkoa da. "Euskararekin jostatzen zen haren luma", J. Etxepareren arabera. Eta irakurleak ez omen zituen behin ere aspertzen.

Arnaud Abbadie (1843-1916). Bitirinekoa (Nafarroa Beherekoa), Filosofiako irakasle eta seminarioko buruzagi izan zen Larresoron. "Laborarier" saila idatzi zuen Eskualduna-n urte luzeetan.

Jean Blaise Adema (1861-1936). Senperekoa, "Zaldubi" koblakariaren iloba, erretore Saran eta Uztaritzen. Hiriart-Urruti hiltzean asterokoaren zuzendaritza hartu zuen. 40 bat urtez jardun zuen idazten Eskualduna-n. "Asteko berriak" saila (Frantziako eta auzo erresumetako gorabehera politikoak) bete ohi zuen, lapurtera erraz eta garbian, labur eta mamitsu.

  • ALTUNA, F. (argit.). Juan Bautista Agirre. Erakusaldiak. Antologia. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1998.
  • ALTUNA, P. (argit.). Jean Pierre Duvoisin. Laborantzako Liburua. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1986.
  • ALTUNA, P. (argit.) Agustin Iturriaga. Jolasak. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1987.
  • ALTZIBAR, X. (argit.). Juan Antonio Mogel. Ipuinak. Bilbo: Eibarko Udala-Ego Ibarra Batzordea; Markina-Xemeingo Udala: Labayru Ikastegia-BBK, 1995.
  • ALTZIBAR, X. (argit.). Ni kazeta-egilea naiz. Bilbo: Labayru Ikastegia-BBK Fundazioa, 2004.
  • AREJITA, A. (argit.). Juan Antonio Mogel. Peru Abarka. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1990.
  • BENGOETXEA, A. (argit.). Gratien Adéma Zalduby. Kantikak eta Neurtitzak. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1991.
  • EUSKALTZAINDIA. Literatura Terminoen Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia, 2008.
  • EZEIZABARRENA, M. J. (argit.). Juan Inazio Iztueta. Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1990.
  • GOIHETXE, M. Fableac edo Aleguiac Lafontenenetaric berechiz hartuac, eta Goyhetche aphezac franxesetic escoarara berxutan itçuliac. Baiona: Forec eta Lasserre, 1852.
  • HARITSCHELHAR, J. L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahoun (Texte-Traduction-Variantes-Notes). Euskera. Euskaltzaindia, 1970.
  • HÉRELLE, G. Repertoire du théâtre basque. Catalogue sommaire de toutes les pastorales connus à ce jour. Paris: Imprimerie Nationale, 1922.
  • IRIBAR, M. (argit.). Bizenta Antonia Mogel. Ipui onak. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1991.
  • MENDIGUREN, X. (argit.). Toribio Alzaga. Jostirudiak. Irritza. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1990.
  • MITXELENA, L. Historia de la literatura vasca. Madrid: Minotauro, 1960.
  • PIKABEA, J. (argit.). Frantzisko Laphitz. Bi saindu heskualdunen bizia. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1986.
  • SARASOLA, I. (argit.). Jean Baptiste Elissamburu. Piarres Adame. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1986.
  • TOLEDO, A. (argit.). Txomin Agirre. Auñemendiko lorea. Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak bilduma, 1998.
  • URKIZU, P. (argit.). Azti-begia eta beste izkribu zenbait. Klasikoak, Elkar, 1992.
  • URKIZU, P. (argit.). Anton Abbadiaren koplarien Guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma, 1851-1897. Donostia: Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, 1997.
  • URKIZU, P. et al.. Historia de la Literatura Vasca. Madrid: UNED Ediciones, 2000.
  • URKIZU, P. Agosti Chahoren kantutegia. 1844-1855. Susa Liburuak, 2006.
  • ZABALA, A. Bilintx. Indalecio Bizcarrondo. 1831-1876. Bizitza ta bertsoak (Vida y poesías). Donostia: Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 1978.
  • ZABALA, A. (argit.) Agustin P.U. Iturriaga. Ipuiak. Auspoa Liburutegia, 1967.