Architecture

Arizkunenea Jauregia. Elizondo

Arkitektura barrokoa XVII. mendearen bukaeran hasi zen ezartzen Nafarroan, eta XVIII. mende osoan iraun zuen. XVII. mendeko krisi ekonomikoak, Europako gainerako lekuetan bezalaxe jo zuen Nafarroan eta, hori dela eta, esparru guztietan iharduera artistikoa jaitsi egin zen. Hala eta guztiz ere, XVIII. mendearen hasieran, dinastia aldaketa eman zela eta Borboien politikaren arau berriekin eta ekonomiaren gorakadarekin egoera berri bat sortu zela kontuan hartu behar da. Horren ondorioz, XVII. mendearen amaieran baina batez ere XVIII.ean, ekonomiaren oparotasunaz batera, arkitektura barroko aberatsa eman zen.

Periodo honetan, Nafarroako arkitektura zibilak berebiziko garapena izan zuela eta erlijiosoari gaina hartu ziola esan daiteke. Aurrez baino monumentu zibil gehiago altxatu zen eta, honekin batera, hirien hirigintzan ere hazkundea bizi zen. Herririk garrantzitsuenetako plaza nagusian udaletxeak eraiki ziren eta kale nagusian jauregiak, jauretxeak eta bestelako eraikin zibil egin ziren, momentu edo egoera artistiko horren lekuko gisa.

Besteak beste, aipatzekoa da Baztan Bailara, dituen XVIII. mendeko jauregi anitz dela eta. Izan ere, baztandar asko aberastu egin zen, bai Borboien gorteko administrazio politikaren barruan kargu izateagatik, bai Amerikako egonalditik onura ateratzeagatik. Bi kasutan, bai noblezia eta burgesia aberastuta, bai indianoak, kontinente amerikanoan aberastu zen emigrantea, irabazitako diruaren zati bat erabiliz, goratu ziren jauregi asko jaioterrietan, beraien leinua goresteko modura.

Baztan Bailaran anitz dira mota honetako jauregiak baina, Arizkunenea jauregia garai oparo honetako eraikuntzarik esanguratsuena da. Arizkunenea jauregiari, Gobernadoresen jauregia edo Errege jauregia ere deitzen zaio. Elizondon aurkitzen da eta antzinako kale nagusian, hau da, Jaime Urrutia kalean kokatuta dago, udaletxetik urbil. Miguel de Arizkunek, 1691. urtean Elizondo jaio zena, sustatu zuen obra honen eraikuntza. Santiagoko Ordenaren zalduna izateaz gain, Iturbietako lehen Markesaren titulua 1741ean, alegia, zendu zen urtean, jaso zuen. Baztandarra izan arren, XVIII. mendearen hirugarren hamarkadan Madrilen bizi izan zen eta Patiñoren gortean eragin handiko pertsona izan zela jakina da. Hil zen urtean, jauregiaren tasazio bat egin zen eta, datuen arabera, hargintza lanek 46.315 erreal eta zurgintza lanek 80.738 erreal balio zituzten.

Arizkuneneak zehatz-mehatz jasotzen du Nafarroako iparraldeko jauregietako XVIII. mendeko gustua. Lurralde honetako eraikin noble eta dotoreen eraikuntza materiala harlandu gorria izaten da eta, Arizkunenearen kasuan, aipatutako materiala ertzetan eta baoen markoetan agertzen da, gainerako paramentua, berriz, harlangaitzezkoa da eta zarpeatuta dago.

Tipologiari dagokionez, dorreduna da eta Frantziako hotelaren estiloari jarraitzen dio. Bikaina eta bitxia da eraikin hau, ez bakarrik tamaina handikoa izateagatik, baizik eta oinplanoa "U" formakoa izateagatik. Izan ere, multzo honen alboetan bi dorre agertzen dira eta hauen erdian eta atzera kokatuta gorputz nagusia aurkitzen da. Bi dorreak, Gipuzkoako dorretxeak gogora ekartzen diguten arren, ez dira trinkoak, lirainak baizik. Bi gorputz kubiko hauek hiru solairu dituzte, harlandu gorrizko inposta lauez banatuta daude eta hutsune eta trinkotasunaren antolaketa orekatu bat daukate, hiru bider hiruko erretikula bat osatuz. Bi fatxada hauek, nahiz eta maila onargarrian eginak egon, soilak eta zorrotzak dira, apaingarri elementurik gabe. Ez dago atikorik eta bi dorreen teilatuan txapitula-formako gorputz txiki bat agertzen da, neurri txikiko ganbara modura. Bukatzeko, teilatu hegal batez koroatuta daude bi gorputz dorredun hauek.

Fatxada nagusiaren aparailua harlanduz egina da eta hiru pisuko altuera ere dauka. Alboetako gorputzetan bezala, moldurak erabiltzen dira hiru pisuen bereizketarako. Berriro ere, alboetako gorputz dorredunen modura, hiru bider hiruko eskema errepikatzen da. Beheko pisuak hiru bao dauzka; erdikoa sarbidea da eta lerronahasizko baketoiez apainduta dago, alboetan bi lehio molduraz irekitzen dira. Bigarren eta hirugarren pisuetan bao balkoidunak zabaltzen dira eta bi kasuetan, moldurak erabiltzen dira baoen markoetarako, belarriz eta zangoz angeluetan hausten direnak.

Hirugarren solairuari Iturbietako Markesaren armarria erantsi zaio erdiko ardatzan, hain zuzen ere, eta ikusgarria eta aberatsa izateagatik deskribapena xehetasunez merezi du. Moldura lerronahasi batek markoztatzen du eta lau koarteleko antolamendua dauka. Lehenengo eta laugarrengoan izarrak agertzen dira, bigarren eta hirugarrengoan, berriz, Baztango Bailarari dagokion dameroa. Gainera, beheko aldean artileriako kainoi bat tiro egiteko momentuan eta erauzitako bolak azaltzen dira. Armarria ixten da Santiagoko Ordenaren Zaldunaren gurutzetaz. Armarriaren inguruan agertzen den orla apaingarria da eta, besteak beste, mamu baten burua edo maskara, lehoiak, karakolak, haur sostengatzaileak, ugaritasun adarrak eta intsignia moduko markes-koroa dira osagai nabarmenenak. Multzo honen kalitatea aipagarria da fin landua baita.

Erremateko elementua arreta berezia merezi du barroko aurreratuaren estiloa jarraitzeagatik. Agertzen den baogunea adintelatua da eta apaintzeko goiko partean frontoi klasiko triangeluar bat erantsi da; alboetan, berriz, mugimendu edo dinamismoa zehazteko kiribildura batzuk gaineratu zaizkio. Multzo honen amaieran zutabe batzuen artean kokatuta dago erdizirkulo frontoi bat eta lerronahasizko elementuz eta bolez apainduta dago.

Fatxada nagusiari, atzeratuta dagoena, etxarte bat erantsi zaio. Kalera emandako ate nagusiak puntu erdiko arkua dauka eta angeluzuzeneko egitura batean markoztatzen da. Bi zutabek eta beste elementu barroko batzuek apaintzen dute multzo guzti hau. Burdinsarean 1740 data idatzita agertzen da.

Bukatzeko esan behar da fatxada nagusian agertzen diren elementuek, batik bat, armarria eta erremateko atala, barroko kutsua daukatela, eta, haiei esker, gorputz hau, nahiz eta bigarren planoan agertu, oso nabarmendua gelditzen dela, efektu argiluna eta goranzko mugimendua azpimarratzeagatik.

Urte askotan Arizkunenea jauregia bizilekua izan da eta bertan pertsona garrantzitsuak egon dira, aipatzekoak, Borboi etxeko Karlos eta Zumalakarregi eta Espoz y Mina jeneralak.

Etxarteko ateko ateburuan agertzen den arabera, 1982.urteko maiatzaren hamaikan jabeek, alegia, Martos Marques de Arizkun eta Fernandez de Lascoiti y Zulueta, eman zioten jauregia Elizondoko udalari. Berriztapen lanak egin ondoren, egokitu behar izan zuten eraikin osoa helburu berrietarako eta Arizkunenea Kultur Etxea sortu zen.

Baztango Bailaran beste jauregi dorredunen adibide batzuk aurki daitezke, besteak beste, Erreparatz jauregia, Oieregin; Gaston Iriarte jauregia, Iruritan; Sagardia jauregia, Iturenen; eta Arrarboa jauregia, Amaiurren.

  • AZANZA LÓPEZ, J. J. "El palacio y la casa señorial". El arte de Navarra. Renacimiento, Barroco y del Neoclasicismo al arte actual. Tomo II. Diario de Navarra: 1994. ppg.: 434-444.
  • ECHEVERRIA GOÑI, P. y FERNÁNDEZ GRACIA, R. "Arquitectura civil en Navarra durante el renacimiento". Ibaiak eta Haranak. Guía del patrimonio histórico-artístico y paisajístico. Etor. San Sebastián: 1991. ppg. 217-228.
  • MARTINENA RUIZ, J.J. Navarra. Castillos y Palacios. Pamplona. CAN: 1980.