Arkitektura

Arizkunenea Jauregia. Elizondo

Arkitektura barrokoa XVII. mendearen bukaeran hasi zen ezartzen Nafarroan, eta XVIII. mende osoan iraun zuen. XVII. mendeko krisi ekonomikoak, Europako gainerako lekuetan bezalaxe jo zuen Nafarroan eta, hori dela eta, esparru guztietan iharduera artistikoa jaitsi egin zen. Hala eta guztiz ere, XVIII. mendearen hasieran, dinastia aldaketa eman zela eta Borboien politikaren arau berriekin eta ekonomiaren gorakadarekin egoera berri bat sortu zela kontuan hartu behar da. Horren ondorioz, XVII. mendearen amaieran baina batez ere XVIII.ean, ekonomiaren oparotasunaz batera, arkitektura barroko aberatsa eman zen.

Periodo honetan, Nafarroako arkitektura zibilak berebiziko garapena izan zuela eta erlijiosoari gaina hartu ziola esan daiteke. Aurrez baino monumentu zibil gehiago altxatu zen eta, honekin batera, hirien hirigintzan ere hazkundea bizi zen. Herririk garrantzitsuenetako plaza nagusian udaletxeak eraiki ziren eta kale nagusian jauregiak, jauretxeak eta bestelako eraikin zibil egin ziren, momentu edo egoera artistiko horren lekuko gisa.

Besteak beste, aipatzekoa da Baztan Bailara, dituen XVIII. mendeko jauregi anitz dela eta. Izan ere, baztandar asko aberastu egin zen, bai Borboien gorteko administrazio politikaren barruan kargu izateagatik, bai Amerikako egonalditik onura ateratzeagatik. Bi kasutan, bai noblezia eta burgesia aberastuta, bai indianoak, kontinente amerikanoan aberastu zen emigrantea, irabazitako diruaren zati bat erabiliz, goratu ziren jauregi asko jaioterrietan, beraien leinua goresteko modura.

Baztan Bailaran anitz dira mota honetako jauregiak baina, Arizkunenea jauregia garai oparo honetako eraikuntzarik esanguratsuena da. Arizkunenea jauregiari, Gobernadoresen jauregia edo Errege jauregia ere deitzen zaio. Elizondon aurkitzen da eta antzinako kale nagusian, hau da, Jaime Urrutia kalean kokatuta dago, udaletxetik urbil. Miguel de Arizkunek, 1691. urtean Elizondo jaio zena, sustatu zuen obra honen eraikuntza. Santiagoko Ordenaren zalduna izateaz gain, Iturbietako lehen Markesaren titulua 1741ean, alegia, zendu zen urtean, jaso zuen. Baztandarra izan arren, XVIII. mendearen hirugarren hamarkadan Madrilen bizi izan zen eta Patiñoren gortean eragin handiko pertsona izan zela jakina da. Hil zen urtean, jauregiaren tasazio bat egin zen eta, datuen arabera, hargintza lanek 46.315 erreal eta zurgintza lanek 80.738 erreal balio zituzten.