800 obra baino gehiago egin zituen, Europa eta Amerikako museoetan barna sakabanatzen direnak. Horien artean Bilboko Arte Ederretakoa (Javier Horn, Zuloagaren seme-alabek eta Ramon de la Sotak egindako dohaintzak), Baionako Euskal Museoa (Vieux Basqueren dohaintza) Arabako Museoa eta Donostiako San Telmo Museoa. Erakusketa bikain batean bere obra asko batu ziren Araban, Zumaian, San Telmon eta Zaragozako La Lonjan (1985-1986). 1989an "Marrazki ezezagunak" izeneko Erakusketa plazaratu zen. Madrilen hasi zen azken erakusketa horren ibilbidea eta Donostia, Santander, Baiona eta Paris zeharkatu zituen. Aldi berean, Bilboko Arte Ederretako Museoak 1990eko azaroan erakusketa antologiko bat inauguratu zuen Bilbo, Paris, Dallas, New York eta Madril (1990-1993) zeharkatu zituena. 1992an Gustavo de Maeztu Museoan pintorearen 44 margolan erakutsi ziren. Euskal gaia ez zen gure pintorearen interesekoa izan; hala ere, aipagarri dira Berlineko Museoan dagoen Amarretako obra, San Telmo Museoan paratzen den Los vascos obra eta New Yorkeko bilduma berezi baten barnean lekutzen den Bersolari. Paisaiari dagokionez, berak aitortu zuenez, asko maite arren margolanetara eramateko gai gisa ez zuen sentitzen, Nafarroako paisaia lehor eta higatua salbu. Unamunori idatzitako gutunetako batean hau irakur daiteke:
"Sarri askotan euskaldun txar izateaz leporatu naute gure lurraldean. Zergatik?, han ez dudalako ezer pintatzen, beti ez naizelako han bizi eta beti geratu izan naiz honakoa erantzuteko gogotsu: ez dut hemen pintatzen ez dudalako nire izaerarekin bat datorren herrialde piktorikoa aurkitzen. Ez naiz hemen bizi ez dagoelako artistarentzako bizimodurik... eta, gainera, zuek hemen bizi zarete, ez zaretelako kanpoan bizitzeko gai. Euskalduntzat dut nire burua, erraietarainoko euskaldun, nire lurraldea maite dut inork ez bezala, baina han nagusi diren txorakeriarik gabe" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).