Arkitektura

Zubieta Jauregia

Euskal Herrian XVII. mendearen erdialdean hasi zen zabaltzen estilo artistiko berria barrokoa deitu zitzaion eta XVIII. mende osoan zehar luzatu zen. Mende hauen artean, dinastia berri batek, Borbondarrenak, hartu zuen Espainiako erregetza eta, nahiz eta arazo ugari izan (politikoak, ekonomikoak eta erlijiosoak) bakea eta oparoaldi uneak ere bizi izan ziren.



Gure lurraldean, Ameriketako indianoen edo finantza eta burokraziako nobleen aberastea hasi zen eta egoera berri hau arkitektura zibilaren hedapenean islatzen da, izan ere, asko dira aldi honetan eraikitako etxe eta jauregiak.

XVIII. mendeko barrokoaren pentsamolde berritzaleari jarraituz, eta Italiako joera kultu berriaren eraginez, kontzeptu berriak agertu ziren, besteak beste, naturaz gozatzea eta han bertan, hau da, natura-giro betean, bizitzea. Jauregia lursail baten erdigunean altxatzen zen eta kokapena honek, pribatutasuna jabeari emateaz gain, inguruko lurraldeen jabeak zirela jakinarazteko balio zuen.

Textuinguru honetan sortu zen Zubieta edo Adan Igartza jauregia. Eraikuntza hau, Lekeitioko errebaletan kokatu zuten, Lea ibaiaren paduraren ondoan. Arropain auzoan dago eta Ispaster udalerrikoa da. Bizkaiako lurraldean, barroko garaiko jauregi ederrenetako eta garrantzizkoenetako bat da.

XVIII. mendearen lehenengo herenean, Miguel Velez Larreak eta Josefa Jacinta Adan Yarzak sustatu zuten jauregi honen eraikuntza eta dokumentazio ezagunaren arabera, obretan parte hartu zuten, besteak beste, Martin de Zalduak, autore gisa, Domingo de Abariak eta Martin Malaxbeitiak, hargintza eta hozka arlotan; Antonio eta Gaspar de Amezuak, burdinsare lanetan; eta Andres de Monasteriok, Kantabriako eskultoreak, fatxada nagusiko nitxo baten agertzen zen San Miguel irudia egin zuenak.

Eraikuntzaren diseinatzaleari dagokionez, oraingoz, ez da ezagutzen baina jakina da 1716 urteko diseinua Madrilen egin zuela eta Churriguera familiako kideren batek ziurrenik egin zuela.