Arkitektoak

Zaldua Aguirre, Martin de

Gipuzkoako arkitekto eta erretaula-egilea. Asteasun jaio zen 1654an, hargintza-tradizio handiko familia batean, eta Azpeitian hil zen, 1726an.

Madrilgo barrokoaren artista adierazgarrienetako bat izan zen, Gipuzkoan eta Bizkaian berak sartu baitzuen. Era berean, XVIII. mendeko euskal arkitekturan eragin handia izan zuen. Loiolako santutegiko eskailera handia eraiki zuen (Azpeitia, Gipuzkoa), 1962an, eta, hurrengo urtean, Loiolako fabrikaren Maisu Nagusi izendatu zuten. Postu hori mantendu zuen 1709ra arte, urte hartan Sebastian de Lecuonak ordezkatu baitzuen. Bilboko Gizakundea komentuko fatxadan parte hartu zuen (1692), eta 1696an, Oxirondoko Santa Marina dorrea eraiki zuen, Bergaran. 1701ean eta 1702an, Azpeitiko bautismo-kaperan eta elizaren dorrean aritu zen lanean. Garai hartan, halaber, Hernaniko San Juan (1705) eta Oñatiko San Migel (1712) elizen atariak eraiki zituen. 1716an, Eibarko udalaren traza egin zuen, eta Gordexolako San Juan del Molinar elizaren eraikuntzan parte hartu zuen. 1720 eta 1722 artean, Lekeition lan egin zuen: lehenengo urtean, jesuiten komentuan, eta, bigarrenean, Ispasterko Zubieta jauregiaren dekorazio-lanetan jardun zuen. Egur-zizelkari gisa, nabarmen parte hartu zuen Abandoko, Arrigorriagako eta Berrizko erretauletan (Bizkaia), baita Azpeitiko elizaren koruko aulkiterian (1729) ere.