Konposatzaileak

Zubeldia Inda, Emiliana

1888ko abenduaren 6an Jaintzen jaiotako konpositore, pianista, zuzendari eta musikako irakaslea. 1987ko maiatzaren 26an Hermosillon (Mexiko) hil zen.

Haurra zela, bere familia Iruñera joan zen bizitzera eta han pianoa ikasi zuen Joaquin Mayarekin. 1904ean Madrileko Kontserbatorio Nazionalean eta Pariseko Schola Cantorumean hobekuntzako ikasketak egin zituen. 1909an Iruñera itzuli behar izan zuen aitaren heriotzarengatik eta musika akademia bat sortu zuen, irakaskuntza, konposizioa eta interpretazioa tartekatuz. Azken alderdi honetan errepertorio klasiko eta erromantikoa, Larregla eta aita Donostia bezalako garaiko euskal konpositoreekin nahasten zituen. 1920ean Parisera itzuli zen eta bertan klaseak ematen ditu, Diaguilev errusiar balletekin kolaboratzen du eta garaiko pianista hoberenetakoa bezala ezagutzera eman zen. Garai honetan, debussyar eraginak jasotzen ditu, bere sei abestietan bezala, atmosfera iradokitzaileak sortuz. Hala eta guztiz, kontrapuntua ere erabiltzen du eta bi tonalidadeetan, atonalismoan bezala sartu-irtenak egiten ditu. Neoklasizismoaren eragina, stravinskiar bigarren nazionalismoa eta euskal musika tradizionalean oinarritutako lanekin ikusi daiteke.

1928an Amerikara joan zen eta Brasil, Uruguai eta Argentinan birak egin ondoren New Yorken Augusto Novaro ikertzailea ezagutu zuen. Ikertzaile hau fenomeno akustiko naturaletan oinarritutako (ez eskala klasikoetan) musika sistema bat lantzen ari zen. Beste bira batekin Karibe eta Mexikotik ibili zen. 1937an azken herrialde honetan bizitzen jartzea erabaki zuen eta ikasketa eta konposizioan arreta jartzeaz gainera, klase pribatuak ematen zituen, baina kontzertu-aretoetaik urrun mantetzen zen. 1942an mexikar nazionalizatu zen eta 1947an Sonorako Unibertsitatean hasi zen lanean koruko zuzendari moduan eta dibulgatzaile eta kontzertista bezala lan izugarria egin zuen, bai inguru horretan baita Estatuko hiriburuan ere. Robert Stevensonen ustez bere lan batzuk Iruñean argitaratu zituen Emily Bydwealth izenarekin.

Konpositore bezala, motibu motz, erritmo-indartsu eta malgu eta disonantzien erabilpen ugarietan oinarritutako kontrapuntua asko erabiltzen duen produkzioa dauka, batez ere Novaroren teoriak jarraitzen dituenean. Askotan erabiltzen du pianoa eta ia beti harpa eta perkusioko instrumentu txikiak, beti tinbre kolore ezberdinak bilatuz. Orokorrean, Leticia Varelaren ustez, bere lana miniaturista da, gaiez betea eta garapen murritzekoa, dotorea eta orekatua, erritmo-grazia eta dinamika-neurritasunarekin. Hala ere, bere lana erabat katalogatu gabe dago eta merezi duen ikerketa burutu gabe dauka.

Bere izena daraman fundazio bat dago.



  • Stevenson, Robert: "Zubeldia, Emiliana de [Bydwealth, Emily]". Non: Oxford music online.
  • Varela, Leticia T. "Zubeldia Inda, Emiliana de". Non: Casares, E. (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericano. [Madril]: Egile eta Editoreen Elkartea, 1999. 10. t., 1197-200 orr.
  • Bere lan batzuk Eresbileko artxiboan