Udalak

Zabalegi

Bere izenaren etimologiak adierazten duen bezala, Zabalegi herri zabala da, Elortzibarren erdian dagoen meseta baxu eta lau batean kokatua. Etxeek oinplano garatua dute, eta era exentuan agertzen dira, enparantza zabalak sortuz. Azkenaldi honetan, eta Iruñearen hurbiltasunagatik, itxura ezberdin eta anitzeko etxe berriak eraiki izan dira, koherentziarik gabeko multzoa sortuz.

Herriaren sarreran, oinplano garatu errektangeluarra duen etxea dago, lau hegalekin eta barla batekin erdian, angelu batean dorre bat ere ikus daitekeelarik. Erdi-arokoa jatorriz izan daiteke, nahiz eta baoek ez duten horrelakorik adierazten, leiho guztiak zuzenak direlako, sarrera erdi puntuko hamahiru dobela luzeak dituen dekoraziorik gabeko arkua den bitartean. Murruek galdu dute jatorriz zeramaten luzitua. Jauregi honetatik, bestalde, posiblea da komunikazioan jartzea, seinaleen bitartez, Iharnotz bezalako bailarako beste dorre batzuekin, baita Zubitzako cabo de armería jauregiarekin edota Elo eta Tiebaseko erret gazteluarekin ere. Honela ulertu dezakegu erresumaren defentsan landa-jauregi eta dorre hauek zuten garrantzia, nahiz eta, Zabalegiko kasu honetaz, hala ere, esan beharra dago inoiz ez zela Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan agertu. Enparantza berean ere, itxura tradizionaleko beste etxe batzuk daude, atxikiak batzutan, kale motz eta xumeak sortuz.

Elizaren gibelean Kontzeju-etxe berri bat eraiki dute, porlanezko blokeez egina, elizaren ingurua era ulertezinaz desitxuratuz. Honen parean oso eraldatua dagoen etxe batek XVI. mendeko ate dotore bat du, harlanduez eginiko hormatal batean irekia, hamabost dobela luze eta haria molduratua duen erdi puntuko arku batekin. Gainetik erlaitza horizontal molduratua doa, lehen solairuan dagoen leihorako karela sortzen duena.

Enparantza baten erdian putzu bat kontserbatu da gaur egun arte, eta parean XVIII. mendeko etxetzar bat dago. Oinplano lauangeluarra du, eta murruek ia erabat galdu dute jatorrizko luzitua, harlankaitzez eginiko hormak erakutsiz, izkinetan eta baoetan harlanduzko kateak ere ikus daitezkeelarik. Bi solairu ditu, atea erdi puntukoa eta leihoak zuzenak dira, eta erlaitza molduratu batek baoen karelak sortzen ditu.

  • Andre Mariaren Arrosariokoaren Parrokia

Elortzibarreko herrietan ohi denez, eliza erdi-arokoa da jatorriz, baina XVI. mendean eraldaketa sakonak egin zituzten, aurrealde nagusia eta gangak aldatuz. Habearte bakarreko oinplano sinplea du, lau tarteune berdinetan banatua, zeinetatik azkenak burualde zuzenaren papera betetzen duen. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barneko eskaileraren bolumena atxikia dago. Burualdeak bi kapera ditu itsatsita, transeptu baten antzera, eta sakristia burualdearen hormari atxikia doan oinplano errektangeluarreko gela da.

Murruak harlanduez egina doaz, hobeagoa XVI. mendean eginiko hormataletan, eta luzituak doaz barnealdean. Bi leiho dituzte, lehengoa hegoaldeko kaperan, zorrotza eta abozinatua, eta beste bat alde berean baina burualdean. Habeartearen oinetan koru jasoa dago, modernoa eta zurezko egiturarekin.

Habearteak estalki-sistema anitza du. Lehen tarteuneak gurutze-ganga sinplea du, hurrengo biek tertzeletezkoak, eta burualdeak diseinu korapilatsuagoa duen ganga izarratua. Eremu ezberdin hauek profil beheratua duten arku fajoiekin berezituak doaz. Kaperek kanoi-erdiko gangak dituzte, eta sakristiak, berriz, sabai leuna. Gangetako bultzadak perimetro-hormetara doaz, nerbioak murruetan txertatutako mentsuletan amaitzen baitira. Burualdeko mentsulak giza irudiekin apainduak doaz.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehengo tarteunearen gainean altxatzen da, ohi den bezala, eta fustea motz eta sinplea du, argizuloren batez eta kanpaietako bi bao beheratuez irekia. Inposta leun baten gaineko lau isurialdeko teilatuarekin estalita doa. Erdi puntuko hiru arkuekin irekita doan adreiluzko aterpe luzitu batek babesten du atea, eta arkuak eragin kasizista duten harrizko pilareen gainean doaz, karratuak eta moldura batekin kapitel gisan. Sarrera arku zorrotz abozinatu bat da, baketonez apainduak doazen lau arkiboltekin, eta kapitel jarraitua daramaten zutabetxoen gainean. Arkuaren kanpoaldea euri-babes moduko moldura batekin doa. Lehen esan bezala, elizaren iparraldeko aurrealdea zementuzko eraikin desegoki batekin estali dute arestian.

Barnealdean, presbiterioan XVI. mendeko edota hurrengo mende hasierako erretaula erromanista eder bat dago. Bere arkitektura, sinple eta ordenatua, estiloari dagokion moduan, badu bankua, hiru kaleko bi atal, gehi atikoa. Bi atalak orden joniar eta korintoarreko zutabe bikoiztuekin antolatuak daude, eta atikoa pilastren bidez. Sagrarioa trazaren garaikoa da, eta bankua eta lehen atala hartzen ditu, eta atikoak profil mistilineoko frontoia darama. Irudigintza guztia erliebez doa, atikoko mukulu biribileko eskulturak izan ezik. Bankuan Lau Ebanjelariak, tartekatuta Atxiloketaren eta Kalbariorako Bidearen eszenekin. Lehen atalean Azotaldia eta Arantzazko Koroapena, eta bigarren atalean Jesus Doktoreen Aurrean, Ama Birjinaren Jaiotza eta Zirkunzisioa. Bi atalen artean friso estu batek Bertuteen irudiak daramatza, eta sagrarioaren frontoiaren bi aldeetan etzanda dauden kerubinak, Michelangelok Medizitarren Kaperan ezarri zuen ereduaren modura. Atikoan, Kalbarioaren ondoan Moises eta Dabiden irudiak daude.

Korupean erdi-aroko bataiatzeko pontea dago, alderantzizko egitura tronkopiramidala hirukoitzarekin. Ebanjelioaren aldeko murruan XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat dago, eta alde bereko transeptuaren kaperan tenpluaren titularra den Arrosariko Ama Birjinaren irudi manierista, XVII. mendekoa. Ama zutik dago, eta Umeak munduaren bola du eskutan, amari begiratzeko biratzen den bitartean, jarrera bortxatu batean. Sakristian tiradera-altzari klasizista bat eta zilargintza lan batzuk daude.

  • Caro Baroja, J. La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K. 1982, 64 orr.
  • García Gaínza, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 270-273 orr.
  • Lacarra Ducay, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 277 orr.
  • A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elortzibarko Udala, Bianako Printzea, 1990, pp. 203-207.

JAS 2009