Kontzeptua

Xirolarrua

Gaita, Bota

Euskal Herrian XX. mende hasieratik jotzen ez badira ere, dokumentazioa eta ikonografia zaharrean oinarriturik, zalantzarik gabe esan daiteke, gure artean oso erabiliak izan direla zahagidun gaitak bezalako soinu-tresnak. Nagusiki bi motako zahagidun gaitak agertzen dira: bota izenarekin agertzen den mihi bikoitza sistemako oboe motako xirola duena, eta Pirinioetako ipar aldean mihi bakun batiente sistemako klarinete motakoak diren boha eta bohasac izenekoak. Azken hauek, albokaren antzera, klarinete bikoitzak dira.

Oboe motako xirola duen bota edo gaita izenarekin ezagutzen den xirolarrua XX. mende arte kontserbatu da Errioxa aldean, eta dokumentu zaharretan agertzen diren zahagidun gaita gehienak halakoak izango zirelakoan gaude. Dena dela boha motakoak ere joko ziren eta horren lekuko interesgarriak agertzen dira besteak beste Uxue, Iruñea, Baiona, Gasteiz eta Guardiako ikonografian.

Aurkitutako idatzietan, zahagidun gaitak hainbat izendapenekin agertzen dira: Cabreta: XIV. mendearen bukaeran Aymeric de Peyrat-ek idatzitakoan, bota edo Gaita de bota (Oion, 1662), "Chirolarrua" 1745eko M. Larramendiren hiztegian, "Tuta" eta Xirolarru 1926ko Pierre Lhanderen Dictionnaire Basque-Français hiztegian, "Txaranbel" 1906ko R. M. Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés delakoan, cornamusa, gaita bretona eta batzuetan gaita, gayta eta gaita gallega izenekin ere agertzen dira.

Bestalde, kontuan hartzekoa da, gaita eta nafar-gaita izenekin ezagutzen dela gure artean zahagi gabeko oboe motako den beste soinu-tresna, dultzaina izenekin ere ezagutzen dena.


Xirolarruak honako zatiez osaturik dago:

  • Xirola melodikoa (flauta - punteroa):

Bota motakoetan tutua konikoa da eta pita sartzen den aldetik zahagiari loturik dago. Digitaziorako zortzi zulo ditu (zazpi aurrealdean eta bat atzealdean, pitatik gertuena dagoena). Behealdean, kanpai aldean, alboetan bat bestearen parean, aurrez aurre eginak, gaitari tonalitatea ematen dioten beste bi zulo ditu.

Boha motakoetan, prisma formako zurezko pieza batean luzetara zulatutako tutu zilindrikoa da. Hau, pieza berean pordoiaren tutuarekin paraleloki egina dago. Boha arruntek digitaziorako sei zulo ditu, bost aurrealdean (albokak bezala) eta bat atzealdean.

  • Gaitaren pordoia:

Bota: Gaitaren beste zatiak bezala zurez egina izaten da. Hiru zatitan egina dago eta tutu zilindrikoa du. Honek modu iraunkorrean xirolarruaren tonalitatearen pordoia den azpiko nota ematen du. Pordoi horrekin minorrean ere jo daiteke. Ikografian ikus daitekeenez halako xirolarru batzuek pordoi bat baino gehiago eduki dute.

Boha: xirola melodikoarekin batera, paraleloki jarrita dago. Behealdean zulo bat du, eta luzapen gisa, beheko muturrean ahokatzen den piezatxo bat. Zuloa eta luzapen pieza erabiliz, pordoiak hiru tonu ezberdin emateko aukera ditu. Adibidez, xirolaren tonua SOL bada: zuloa irekita SOL (tonika), zuloa itxita MI (LA minorrean jotzeko bosgarrena) eta luzapeneko piezatxoa jarrita RE (SOL tonuko bosgarrena).

  • Aire zahagia:

Hots iraunkorra emanez jo ahal izateko erabiltzen den aire erreserba duen zagia antxumea edo antzekoaren larruarekin egin ohi da eta gehienetan zahagia babesten eta apaintzen duen "atorra" batekin forraturik dago.

  • Tutu puzkailua:

Hezurrezkoa edo adarrekoa izaten den punta ezik zurezkoa izaten da. Zahagian sartzen den muturrean larruzko balbula txiki bat du. Hau putz egiterakoan ireki egiten da airea pasatzen utziz eta puzten ez denean tutu puzkailua hermetikoki itxi egiten da.


Xirolarruak Euskal Herrian izan duen erabilpenari buruzko dokumentazio ugaria dugu. Hona hemen, zahagidun gaitari buruz, dokumentu zaharren artean aurkitutako aipamenetako batzuk (Beltran, 2012):

"Horien artean bada oso bitxia den bat, Carlomagnoren garaikoa da (800-814), eta A. Donostiak jaso zuen Música y músicos en el Pais Vasco idatzitako liburuan. Horretan, Aimeric de Peyrat-ek (1377-1406) Stromatheus Tragicus de gestis Caroli Magni idatzitakoan, egin ziren festei buruz zera dio:

"quidam cabreta vasconizabant,
levis pedibus persaltantes"

Hona hemen A. Donostiak ematen digun testu honen itzulpena: "algunos, al son de la cabreta, vasconizaban saltando, danzando con pies ágiles" (Donostia, 1951).

Frantziako zenbait tokitan xirolarru gisako soinu-tresnei cabreta edo cabrette izena ematen diete. Konkretuki Okzitaniako Midi-Pyrénées aldean cabreta izenekoa jotzen da. Bestalde, garai hartan euskaldunen modura edo estilora dantza egite hori gaita edo xirolarruarekin jotzen bazen, datu honek kornamusa motako soinu-tresnak gure artean erabiltzen zirela eta errotutik zeudela esateko ziurtasun gehiago ematen digu.

Arturo Campión idazle, hizkuntzalari eta historialari nafarrak idatzitako Narraciones vascas narrazio historikoen artean, XI. mende bukaeran eta XII. hasieran giroturik dagoen "El Bardo de Itzaltzu" narrazioaren protagonista Gartxot Itzaltzuko bardoa da. Hau, bere semea zen Mikelotekin batera Orreagako monasterioko ostatutik pasatzen ziren pelegrinentzat abestu eta jo egiten zuten: "Gartxot tocaba la cornamusa o gaita bretona. Mikelot, la rota" (Campion, 1934).

Antzina, halako soinu-tresnak Nafarroan erabiliko zirelakoan gaude. Monseñor Higinio Anglés ospe handiko musikologo kataluniarrak idatzitako Historia de la Música Medieval en Navarra liburuan XIV mendeko datu interesgarri hau ematen digu. Carlos III "el Noble"deitutako erregea zen orduko Nafarroako erregea, eta honek bazituen bere ministril-musikariak, eta hauen artean kornamusa jole zirenak (Angles, 1970: 296... orr.). Bestalde, A. Donostiak beste hau erakusten digu:"Consignemos que en la copia del "Privilegio de la Unión" que se conserva en el Archivo Municipal de Pamplona hay un dibujo del siglo XV representando a un gaitero con disfraz de caballo" (haize zakua, tutu puzkailua, tutu melodikoa eta pordoia dituen gaita) (Donostia, 1951).

1573an Ambroise Paré -k idatzitako Des monstres et Prodiges euskal bale arrantzaleari buruzko informazioa ematen du eta bertan agertzen diren irudien artean, ikus dezakegu, Miarritzekoa omen den portuan, euskal bale arrantzaleekin batera halako xirolarru-jole bat momentu hori musikatzen. The Universe Of Bagpipes-eko Oliver Seeler adituentzat hau izan daiteke The Lost Basque Bagpipe.

Euskal bale arrantzaleak. Ezkerrean gaita-jolea. Arg.: Ambroise Pare-ren Des monstres et Prodiges (1573).

Oion herriko 1611. urteko dokumentu zahar batek hala dio: "... se pagaron setenta y siete reales al gaitero por el trabajo de tocar la bota para el Festejo de la Concepción" (Jiménez, 1972: 6 orr.). Bota izenarekin ezagutzen da gaur egun Errioxa aldean zahagidun gaita, eta zalantzarik gabe, izendapen hori, airea gordetzeko duen zahato edo zahagi gisako haize-zakuarengatik hartu du.

XVIII. mendean Iruñeako festetara joandako soinularien artean zahagidun gaita jotzaileak izango zirela pentsa dezakegu. Hona hemen, soinularien zerrenda horretan agertzen diren izenen artean aurkitutako adibide bat: "Gregorio Arrieta - Gaita, dulzaina , guitarra - Torres del Rio, Sansol - 1763-73, 75-86, 88, 90-92, 94 - (toca en 1769 gaita con trompetilla, en 1778 dulzaina y gaita, guitarra en 1791, dulzaina en 1763, 79, 82, 83, 92; y gaita en el resto de los años, destacándose el año 1771 que toca acompañado (6g+t)" (Ramos, 1990).

Dena dela, Arabako hegoaldea izan da zahagidun gaitaren erabileraren azken euskal lurraldea. Hona hemen zer dion A. Donostiak: "... Parece que a fines del siglo XVIII y comienzos del XIX no se tocaba el tamboril en algunos pueblos de Alava. En algunas hermandades situadas en los extremos de la provincia (Araba), y en ellas se suple el defecto de esta música (tamboril) con la de la gaita gallega," dice Marina (1802)" (Donostia, 1952).

Charles Davillier baroiak 1862an idatzitako Viaje por España liburuan ageri da las provincias vascongadas aldeko gaitaren erabilerari buruzko datu interesgarri bat. Liburuko III tomoko Danzas españolas izenburuko XX kapituluan honako ataltxoa dago: "Además del pandero, los vascos bailan al son de la gaita, lo mismo que los asturianos y los gallegos" (Davillier, 1874: 68-73 orr.).

Aurkeztutakoan garbi ikus daiteke zahagidun gaita mendeetan zehar erabili izan dela Euskal Herrian. Ez dakigu zehatz-mehatz zenbat erabili izan den, ez dakigu ere zergatik gertatuko zen bere galera, baina badakigu, azken garaietan, Arabako hegoaldean XX. mende hasiera arte entzun direla gaita hauen hotsa eta musika, eta hori ziurtatzeko hor dugu zuzeneko lekukoa den Jose Mari Lopez de Elorriaga dultzainero arabarrak esaten duena: 1950-60 hamarkadetan Arabako Errioxa aldeko herri batzuetara dultzaina jotzera joaten zirenean bertako zahar batzuek esaten ziotela beraiek bazekitela edo entzuna zeukatela: "Aquí, antes de que vinierais a tocar los dulzaineros solían venir a tocar los gaiteros", honekin garbi adierazi nahi zioten herri horietan lehenago zahagidun gaita jotzen zela. Ez dakigu beraien haurtzaroan eta gaztaroan zuzenean ezagutuko zuten hori, edo zaharrei entzundako kontua izango zen.

Ez dakigu noiz arte eta zer nolako gaita joko zen Iparraldean, hori bai jakin badakigu eskualde horretako mugan dagoen Gaskoniako Landetan eta Bearnen gaur egun arte erabili dutela boha izeneko gaita-xirolarru txikia. Badakigu ere Errioxako eskualde batzuetan 1950. hamarkadan oraindik gaita de bota jotzen zela, eta urte batzuetan baztertua eta beste soinu-tresnez ordezkaturik izan ondoren, gaur egun berriro bota entzuten dela horietako herri batzuetan.

1960. hamarkadaren bukaera aldean sortu zen Argia Euskal Dantzari Taldea-ren eskutik soinu-tresna honen berreskurapen edo berrerabilpenaren aldeko mugimendua. Geroztik, hamaika euskal musika eta folklore taldeek erabili dituzte xirolarru motako soinu-tresnak euren proiektuetan, eta 2012-2013 ikasturtean sortu zen Oiartzungo Herri Musikaren Eskola barruan Xirolarru eskola.