Erakundeak

UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea

Itzultzaile, terminologo, edizio-arduradun eta terminalistaz osatutako taldea da Itzulpen Zerbitzua. Burututako itzulpenak espezialitateko gaiak izan ohi dira, teknikoak edo zientifikoak izanik.

Itzulpenen kalitatea bermatu ahal izateko honako baliabideak dituzte erabilgarri:

  1. Kontsulta terminologikoa (hiztegien datu-base guztiak eta haietako informazioa kontsultatzeko erreztasuna).
  2. Itzulpenen datu-basearen kontsulta (lehendik egindako itzulpenak erraz kontsultatzeko aukera).
  3. Itzulpen-memorien laguntza.
  4. Kalitate-kontrola.

Itzulpen lan ugari egiten da eta bezeroen artean ere, era askotako erakunde eta enpresak ageri dira.

Prestakuntza alorrean, ikastaro ezberdinak ere antolatzen direla aipatu beharra dago. Hauetan, ikastaroaren arabera prestaturiko ikasmaterialak erabiltzen direlarik.

Innobasqueko (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) partaide eta eragile izanik, hizkuntzaren teknologien arloko ikerketa nahiz garapen lanetan ari ohi da UZEI. EUSLEM (Euskararen lematizatzaile automatikoa) egiteko proiektuan lanean jardun ondoren beste ikerketa-proiektu batzuetan ere parte hartu izan du, batez ere administrazio publikoekin sinatutako hitzarmenen bidez. Honela, egindako lanaren ondorioz lorturiko zenbait emaitza honakoak dira:

  1. Oinarrizko lexikoaren ikerketa, Euskaltzaindia egiten ari den Hiztegi Baturako ezinbesteko informazio-iturri izanik.
  2. XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoaren diseinua eta garapena.
  3. EUSKALTERM Terminologia Bankua, Euskal Banku Publikoa dena.
  4. UZEIk EHUrekin batera Unibertsitate-Enpresa proiektuetan parte hartu du (IXA taldea) garaturiko proiektuen artean XUXEN (zuzentzaile ortografikoa), EUSLEM (lematizatzailea), EDBL (euskararen datu-base lexikala), eta MORFEUS (analizatzaile morfologikoa) aipa daitezkeelarik.

UZEI aitzindari izan da ordenagailuz lagundutako itzulpen-sistemetan. Honela ere, Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen eLENA izeneko itzulpen-memoriak kudeatzeko sistema eleaniztuna garatu du.

Bide honetatik jarraituz, terminoen erabilera aztertu ahal izateko TEIS (Termino Ezarpenaren Informazio Sistema) ere garatu du. Sistema honetan, hizkuntza naturalaren prozesamendurako teknologiak eta testuetako terminoen detekzio automatikoa egiteko tresnak erabiltzen dira.

UZEIk, euskararen tratamendu automatikorako euLEX hizkuntza-baliabidea ere sortu du. Hau etengabe eguneratuz doan Euskararen datu-base lexikala da.

Ikerketa eta berrikuntza-taldeak informazio-sistema bat ere garatu du, dokumentu kategorizazioen bidez dokumentu idatzien gaia zehazteko balio duen GAIKA sistema hain zuzen ere. Sistema honen bitartez dokumentua automatikoki tratatuaz, zein arlotakoa den jakin daiteke (zuzenbidea, ekonomia, biologia, informatika, etab.).

UZEIk, bere web orriaren bitartez ere on-line kontsultak errazten ditu, garatutako zenbait produktuetako edukiak kontsultatzeko aukera emanaz (Euskalterm, XX.mendeko euskararen corpusa, sinonimoen hiztegia, etab.).