Ikastolak

Urretxu-Zumarraga Ikastola

1937an Gerra amaitu ondoren, irabazleek ezarritako Erregimenak euskal abertzaletasuna eta euskal kultura zigortu eta ezabatu nahi izan zuen. Diktadurak euskal kutsua zuen edozein agerraldi debekatu zuen, euskaraz hitz egitea ere bai. Urretxu-Zumarragan Aita Pasionisten Komentuan aurkitu zuten babesa euskal zaleek. 1947an Nekaldiaren Anaidia (Cofradía de la Pasión) elkartea sortu eta erlijioa eta kultura landuz lan handia egin zuten: dantza taldeak, euskarazko klaseak, aldizkariak...

60ko hamarkadan, Zumarraga eta Urretxuko egoera demografikoak eta bereziki politikoagatik, euskarak jasandako atzerakadak hizkuntzaren jarraipena zalantzan jarri zuen. Egoerari aurre egiteko ideia bat garatuz joan zen herriko abertzale gazteengan, Ikastola eratzea. Ikastola 1966ko urriaren 3an sortu zen, bere izena Lourdesko Ama, eta titularitatea Pasiotarren Erakundearen esku zegoen.

Ikastola sortu bazen ere, ilegala zen, hau da, eskola emateko baimenik gabe. Honela, hasiera batean "Escuela Vasca para Párvulos" bezala agertzen zaigu izendatua. Pagoeta Komentuko antzoki eta atariaren artean bi gela prestatu eta, 3-6 urte bitarteko 88 haurrekin hasi ziren lanean Nekane Arrizabalaga izeneko andereñoa eta bi laguntzaileak.

1969ko ekainean, Lehen Hezkuntza emateko baimena lortu zuen Ikastolak Colegio Nuestra Señora de Lourdes izenarekin, legeztapena hiru urte ondoren lortu zen. 1972an Ikastolal lehen aldiz udalekuak antolatzen hasi zen, Angoston. (Araba). 1974an Martxoaren 14an OHO emateko behin betiko klasifikazioa lortu zuen. Ikastolaren gorakada honako datu hauek azaltzen dute: 1966-67 ikasturtean, 88 ikasle; 1968-69 ikasturtean, 157 ikasle; 1973-74 ikasturtean, 569 ikasle; 1976-77 ikasturtean, 797 ikasle; 1979-80 ikasturtean, 1.114 ikasle. 70eko hamarkadaren bukaeran ematen da gorakada handiena.

1970-72 urteren tartean hainbat arazo gertatu zen Gipuzkoako hainbat ikastoletan, Lourdesko Amaren Ikastolan ere bere gorabeherak izan zituen. Erlijioa eta heziketaren arteko eztabaida zen liskar hauen arrazoia.

1979an berezko entitate juridikoa izateko "Asociación Educativa Nuestra Señora de Lourdes" Gurasoen Elkartea sortzen da eta Ikastolaren titularitatea Gurasoen Elkarteak hartu zuen. Aldaketa hau bereziki ematen da ikastetxea eta titularren komunitatea, Aita Pasiotarrak, bereizteko asmoz, batez ere erlazio ekonomikoak argitzeko. Aipatu beharrekoa da, 1971etik 1980ra arte Ormaiztegiko San Andres Ikastola Lourdesko Ama Ikastolaren babesean izan zela, legeztatu gabe zegoenez Urretxuko Ikastolaren menpe jarriz lortu zuten bere gelak legalak izatea. 1981ean Ikastolak, Labeaga kaleko Institutu zaharraren erabilera eskuratu zuen eta talde elebidunak sortzen dira OHOko lehen mailan.

1982/83 ikasturtean Garaialde Lizeoaren lehen kurtsoa hasi zen, Legazpi Haztegi eta Urretxuko Lourdesko Amaren Ikastoletako 72 ikaslerekin. Irakaslegoa Ikastolatik aukeratutako zortzi irakaslek osatu zuten eta lehen zuzendaria Arantxa Aztiria izan zen. Juridikoki "Asociación Educativa Nuestra Señora de Lourdes"-en pean ireki zen Garaialde Lizeoa. Egoitza propiorik ez zuenez, 1985eko ekainaren 4ean Aita Pasiotarrei Pagoetako eraikina erosi eta eskrituratu ondoren, egoitzaren jabe egin zen Ikastola. Urriaren 6an, Gipuzkoako Ikastolen Festa, Kilometroak 85 antolatu zuen Legazpiko Haztegi Ikastolarekin batera. 1986/87 ikasturtean Garaialde Lizeoa eta Lourdesko Ama Ikastolaren arteko bateratzea eman zen. 1991/92 ikasturtean Ikastolak 25.urteurrena ospatu zuen.

1993ko maiatzean, Euskal Eskola Publikoaren legeari dagokion erabakia hartzerakoan, bazkideen erabakiz, sare publikoan ez integratzea erabaki zuen eta 1995ean publifikatu ez ziren beste Ikastolekin batera Partaide, bigarren graduko kooperatiba sortuz. Urte honetan Ikastola langileen kooperatiba bihurtu zen. Ikastolaren titularitatea Urretxu-Zumarraga Ikastola Kooperatiba Elkartera pasa zen, eta Lourdesko Ama Ikastola eta Garaialde Lizeoa izenak, Urretxu-Zumarragako Ikastola izenak ordezkatu zituen.

1998an Mankomunitate eta guraso askori erantzun nahian, UZLE S.L enpresa sortu zen haurtzaindegi zerbitzua eskaini hala izateko. 2001.urtetik aurrera Urretxu-Zumarraga Koop. Elkarteak Herri Onurako izaera du. 2002an Labeagako eraikinean gelak berritu ziren. Pagoetako eraikinean Haur Hezkuntzako 2-3-4 eta 5 urteko gelak berritu eta 2002ko urriaren 6an Gipuzkoako Ikastolen Festa, Kilometroak 02, ospatu zen.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.

  • Urretxu-Zumarraga Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 21].
  • Urretxu- Zumarraga Ikastola. 25. Urteurrena. Zumarraga.