Instrumentugilea

Uriarte Perez, Begoña

1937an Bilbon jaiotako piano-jotzaile bizkaitarra.

Lau urterekin hasi zituen piano ikasketak Vigon, Garcia de la Parra irakaslearekin. Gero Madrilera joan zen bertako Musika Kontserbatorioan prestakuntza jarraitzeko asmoz. Bertan, nota altuenak eskuratzeanz gain, 1955ean, Jose Cubilesen ikasle zela, Birtuosismoko Lehen saria erdietsi zuen. Sari hau eskuratzen zuen ikasle gazteena izan zen. Gero ikasketak Antonio Iglesias-ekin jarraitu zituen eta Parisen hobekuntza eskolak Ives Nat-en eskutik egin zituen.

1957an Piano Jaen Lehiaketako lehen saria eskuratu zuen eta "María Canals" Nazioarteko Lehiaketan ohorezko diploma jaso zuen. 1958an Alemaniako Gobernuaren beka bati esker Munichen Rosl Wschimidekin lau urtez ikasteko aukera izan zuen. 1969an Alemaniako Errepublika Federaleko Musikhochschulen lehiaketako Lehen Saria erdietsi zuen, Prokofieven 3. Kontzertua eta Gerd Albrechtek zuzentzen zuen Municheko Orkestra Filarmorikoarekin debuta egin ondoren. 1982an Espainiako "XX Aniversario de Yamaha" lehiaketako sari Berezia jaso zuen.

1967an bere senarrarekin batera, Karl-Hermann Mrongovius piano-jotzaile alemaniarra, Vercelliko pianoko bikoteentzat saria irabazi zuen. Geroago Bavaria Estatuaren Musika Saria eraman zuen.

Bere senarrarekin batera, mundu mailako pianoko bikote kontsolidatuena osatzen du. Nazioarteko jaialdi ezberdinetan parte hartzeko gonbidapenak jaso izan dituzte: Parisko Udazkena, Turingo Settembe Musica, Ruhreko piano jaialdia, Echternach, Lucerna, Granada, eta abar. Era berean hainbat telebistarako grabaketak egin dituzte Sawallisch, Kubelik, Gielen, Sir. A. David, J. Krenz, A. Wit eta J. Lopez Cobos bezalakoen zuzendaritzapean: Espainia, Luxenburgo, Alemania, garai bateko Sobietar Batasuna eta Japonia. Japonian, bertan iada sei gira egin dituzte, aldizkari garrantzitsuenen kritikak jaso ahal izan dituzte, Musica Nova ren ustez "1999ko Tokioko errezitaldi oberena" eta Clasic Internet esan zuenez "2000. urteko artista oberenak".

Begoña Uriartek kontzertista jarduera pedagogiarekin uztartzen du. Piano interpretazioko eskolak ematen ditu eta nazioarteko piano eta piano bikote lehiaketetan epaimahaikide da. Ferroleko Nazioarteko Lehiaketako zuzendaria izan da.

Eginiko grabaketa ezberdinek kritika bikainak jaso dituzte Europa, Japonia eta Estatu Batuetan. Grabaketek, piano bakarlariarentzat Aita Soler, Ravel, Ligeti eta Turinaren obrak biltzen dituzte; Aita Soler, Brahms, Schubert, Reger, Messiaen, Milhaud, Bartoken bi pianorako Karl-Hermann Mrongoviusekin batera grabatutako lanak eta Ravel, Stravinsky eta Straussen pianorako lan osoak. Era berean Begoña Uriarte eta Karl Mrongoviusek idatzi eta partzialki beraiei eskeinitako Espainiako musika garaikidearen disko bat grabatu du.