Filologoak

Uriagereka, Juan

1989. urtetik, Marylandeko Unibertsitateko irakaslea.

Izan ere, unibertsitate horretako Hizkuntzalaritza katedraduna da. Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta Hizkuntzalaritzan doktoratu zen Connecticuteko Unibertsitatean. Haren lanaren oinarria biohizkuntzalaritza da; alegia, giza lengoaiaren gaitasunari buruzko azterketa, natura-zientzien ikuspuntutik.

Uriagereka Marylandeko Unibertsitateko Graduatu Programako zuzendaria izan da, eta irakasle bisitaria, Europako eta Amerikako hamar unibertsitatetan. National Science Foundation fundazioko lau proiektu lortu ditu eta hainbat sari jaso ditu: 2001ean, Euskadi Ikerketa Saria jaso zuen, eta 1998. urtean, American Association of Publishers elkarteak hizkuntzari buruzko liburu profesionalik onenaren saria eman zion, Rhyme and Reason liburuagatik (gaztelaniaz, Pies y Cabeza, Visor, 2005). Uriagerekak sei liburu argitaratu ditu, egile eta egilekide gisa, eta bi, editore moduan. Horrez gain, laurogei artikulu edo kapitulu profesional argitaratu eta berrehun hitzalditik gora eman ditu lau kontinentetan..

Aholkulari moduan, Uriagerekak hogei doktoretza-tesi zuzendu ditu, eta beste berrogeita bosten batzordean aritu da. Zenbait zientzia-taldetako eta argitaratze-kontseilutako kidea da; hona hemen haietako batzuk, besteak beste: Syntax, Probus, Potsdameko Sistema Konplexu Dinamikoetarako Zentroa, Quebeceko Unibertsitateko (Montreal) Asimetría proiektua eta ICREA Fundazioa. Halaber, Washingtoneko Musica Aperta diziplina arteko taldeko kolaboratzailea da, idazle gisa. Talde horrek bi obra antzeztu ditu Langsburgh Theatre delakoan. Gainera, 2000n, Eleberri Laburraren Pereda Saria jaso zuen, Javier Diez egilekidearekin batera, La Comandita eleberriagatik.

Salaberria, Urkiri "Juan Uriagereka. Gorroto ditut definizioak". Euskonews ; 472. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2009.