Udalak

Ultzurrun

Hirigunea mendi baten malda malkartsuan dago, kale nagusi batekin eta eliza zonalde garaian dagoela, enparantza batetan. Herriaren goiko gune honetan alboko kale bat dago, eta bertan oinplano errektangeluar luzea duen etxetzar bat, bi solairuekin eta goiko ganbararekin. Murruak luzituak daude, eta harlankaitzaz egina doaz, harlanduzko kateekin ohiko tokietan, baita atearen inguruan dagoen hormatal triangeluar batean. Beheko solairuan erdi puntuko arkua dago, eta bi argizulo. Sarreraren gainean, erliebez egina, gurutze bat landu dute. Solairu noblean lau leiho zuzen daude, harrizko karel molduratuekin, eta ganbaran lau argizulo doaz, hegal luzeko teilatuaren azpian. "Juanbarterena" izeneko etxea eraikin xumeagoa da, lur malkartsuari egokitua. Kale beretik elizarantz jarraituz etxe moderno batzuk daude, eta "L" formako oinplanoa duen etxetzar bat. Honen zonalde zaharrenean, dagoeneko aipatu ditugun ezaugarri formalak errepikatzen dira, murruen eta baoen trataeran batez ere, erdi puntuko atea eta leihoak zuzenak ditu eta.

Herriaren beheko zonaldean azpimarratu dezakegu etxetzar ikusgarri bat, oinplano karratuarekin eta garapen bertikala, hiru solairu gehi ganbararekin, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Murruak luzituak doaz, ongi eskuairatutako harlanduzko kateekin izkinetan eta baoak irekitzen diren hiru ardatz bertikaletan. Beheko solairuan hari molduratuko dobela motzez osatutako erdi puntuko arkua ikus daiteke. Giltzarrian honako inskripzio hau dago: PEDRO JUAQUIN/ HUGALDE AÑO 1824. Erdiko bi solairuetan hiru balkoi daude, eta ganbaran hiru argizulo. Ondoan, erdi-aroko aztarna batzuk dituen etxe bat dago, adibidez XV. mendekoa izan daitekeen arku zorrotz bat, gaur egun lorategian sartzeko berrerabilia. Egoitza-eraikinak oinplano errektangeluarra du, hiru solairu eta bi isurialdeko teilatua. Murruak harlankaitzaz egina daude, eta sarrera arku beheratu bat da, leihoak zuzenak diren bitartean, barne kokapenaren logika jarraituz ireki zituztelarik, kanpoko simetriaren printzipioa batere errespetatu gabe.

Ultzurrungo "Cabo de armería" jauregia kale aldapatsu baten hasieran kokatua dago. Nafarroan oso hedatua dagoen tipologia bat jarraitzen du, oinplano lauangeluar zabalarekin, lau hegalekin eta barla batekin erdian. Bere hegalik nobleena, hala ere erdi-aroaren ondoren egin zen, XVII. mendean ziur aski. Hiru solairu ditu, eta kalearen beheko zonaldean solairu bat gehiago du, dorre baten antzera, goialdean usategiaren zerbitzurako erlaitzak dituelarik. Estereotomia oneko harlanduxkaz egina dago. Sarrera erdi puntuko arku zabala da, hari alakatuko hamabost dobela luzeez osatua. Leihoak zuzen eta zabalak dira, eta armarri errenazentista bat ikus daiteke, Nafarroako Erresumako Armeria Liburuak jaso zuen Ultzurrungo "Cabo de armería" jauregiaren armekin, beste batzuen artean. Arteka batekin bereizita beste eraikin dotore bat dago. Oinplano errektangeluarra du, hiru solairuekin eta hegal luzeko teilatuarekin. Murruak ongi eskuairatutako harlanduxkaz egina doaz, goiko solairua izan ezik, azken hau luzitua doalako, harlanduzko kateekin. Beheko solairuan hiru leiho daude, baita erdi puntuko atea, hamabost dobela luzeekin. Bigarren solairuan hiru leiho daude, baita desagertutako armarri baten hutsunea, edo behar bada itxitako leiho bat. Gainean hiru argizulo daude. Aipatutako jauregiarekin etxe honek dituen antzekotasunak kontutan hartuta, batez ere erabilitako materialak eta atearen diseinua, bi eraikinak batera altxatu zituztela ematen du, harginen tailer berberak burutuak ziur aski. Parrokia-etxea, azkenik, elizaren oinetako murruari atxikia dago, habeartearen bolumenarekin lerrokatua. Hiru solairu ditu, gehi bi isurialdeko teilatua. Murruak luzitu gabe doaz gaur egun, eta harlanduzko kateak dituen harlankaitzaz egina daude. Leihoak zuzenak dira, atea arku beheratu bat den bitartean.

  • Baselizak

Pérez Ollok garai batetan zegoen San Joan Bataiatzailearen baseliza aipatzen du, gaur egun erabat galdua. San Bartolomeren baseliza Anotz eta Azantzaren artean dagoen baso batean dago. Eraikin xumea da, oinplano errektangeluar sinple batekin, sarrera oinetako murruan dagoelarik. Murruak luzituak doaz, harlanduzko kateekin hormataletako izkinetan eta baoen markoetan. Hiru leiho daude, eta sarrera ate dintelatu sinplea da. Bi isurialdeko teilatuarekin estalita dago, zurezko egituraren gainean.

  • San Martinen Parrokia

Gaurko fabrika XIX. mende hasierakoa da, 1797 eta 1814 urteen artean eraiki zutelako, erabilitako material batzuk eta bataio-pontea erdi-arokoak diren arren. Oinplanoa oso sinplea da, bi tarteuneetan banatutako habearte bakarrarekin, planoan nabarmendutako transeptuarekin eta burualde zuzenarekin. Sarrera Ebanjelioaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eskailera batzuen ondoren eta aterpe batekin babestua. Epistolaren aldeko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskailera dago, eta dorreak, habeartearen oinetan kokatuak, azpian bataio-kapera bat du. Sakristiari dagokionez, Burualdeari itsatsia dago, bere bolumenaren luzapena balitz bezala, eta "L" formako oinplanoa du.

Murruak tamaina irregularreko harlanduez egina daude, ongi eskuairatutako blokeetan, eta goialdean hiru leiho termalak ditu alde bakoitzean, barnealdeari behar bezalako argia emateko. Habeartearen oinetan zurezko koru jaso modernoa dago.

Habearteak ertz-gangako bi tarteune jaso zituen, eta transeptuaren besoak eta burualdea kanoi-gangarekin doaz. Barruko perimetro-hormak erlaitz molduratu bat dute gangaren hasieran. Gurutzadura sasi-kupula batekin estalita doa, petxinetan Lau Ebanjelarien irudiekin apaindu dituztelarik. Sakristiak sabai lau sinplea jaso zuen.

Kanpoaldean, dorrea elizaren oinetan altxatzen da. Fustea hiru ataletan banatua doa, inpostekin bereizita. Leiho zuzen batekin irekia dago, baita idi-begi batekin eta kanpaiak kokatzeko goiko erdi-puntuko baoekin. Ebanjelioaren aldeko murruan, bestalde, aterpea dago, erdi puntuko bi arkuekin irekita eta zurezko egitura duen teilatu sinplearekin.

Barnealdean, presbiterioan erretaula errokoko bat dago, San Martinen izenean eta XVIII. mendean egina. Lehenagoko XVI. mendeko beste erretaula erromanista baten irudiak berraprobetxatzen ditu. Trazari dagokionez bankua du, hiru kaleko atala, eta atiko makurra. Zutabeen bidez antolatzen da, eta arrokaiez eginiko apaindura aberatsa du arkitektura guztitik. Sagrarioa ere erromanista da, berrerabilia beraz. Bankuan Azken Afariaren eta Ikuzketaren erliebeak daude. Atalean, Klaratarren Erregelaren Aurkezpenaren erliebea dago, Inozentzio III. aita-santuarekin, eta Santa Klara Asiskoa bere kideekin. Kristoren eta Ama Birjinaren Agerpena San Frantzisko Asiskoari ere irudikatu zuten, eta erdian San Martin zaldi gainean ikus daiteke. Atikoan San Pedro eta San Pablo daude, Kalbarioa erdian dagoelarik.

Iparraldeko transeptuan San Migelen erretaula errokoko ikus daiteke, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa. Trazari dagokionez bankua du, hiru kaleko atala eta bukaera mistilineoa. Irudigintzan hiru eskultura barroko herrikoi daude, San Ignazio Loiolakoa, San Frantzisko Xabierkoa eta San Migel Goiaingerua.

Transeptuaren Epistolaren aldeko besoan Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula dago. San Migelen traza berdina du, eta bertan XVIII. mendeko Ama Birjinaren irudi titularra aurki daiteke. Gertu, erdi-aroko bataio-pontea dago, bolekin apaindutako harroin zilindrikoarekin eta dekoraziorik gabeko katilu semiesferikoa. Kaperatik kanpo, San Bartolomeren mukulu biribileko eskultura ikus daiteke, barrokoa eta XVIII. mendekoa, Sakristian zilargintza-lan batzuk dauden bitartean.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 516 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 495-498 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 240 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 221 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 390 orr.

JAS 2009