Plataformak

Udalbiltza, Udalbide

2001eko otsailean ezker abertzaleko 750 hautetsik Asanblada Orokorra egin zuten Donostiako Kursaal jauregian. Bertan, beren ikurrak aldarrikatzeaz gain, Euskal Herriari buruzko diagnosi bat egitea erabaki zuten, hurrengo jardueretan aurrekontuko partidak esleituz: euskara, hezkuntza, kirolak, komunikazioa, kultura, lurralde-antolakuntza, nazioartea eta eskubide demokratikoak.

Udalbiltza Kursaalek Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentzia bat antolatzea erabaki zuen; hala, 2001ean hainbat proiektu abiarazi zituen, horien artean Zuberoa 2010 Plana azpimarratu behar da. Plan horren helburuak lurralde horren beherakada demografikoa eta lurraldearen garapen sozial eta ekonomikorako beharrezkoak diren baliabideen defizita etetea ziren. Plan horretako lehen fasearen ardatza Zuberoako pertsona eta entitateekin harreman-sare bat osatzea zen, besteak beste, enpresaren, kulturaren irakaskuntzaren, euskararen edota nekazaritzaren esparrutan, gerora aldez aurretiko diagnosi bat egin eta proiektuak finkatzeko.

Abenduan III. Asanblada egin zen eta gatazkari irtenbide politiko eta eztabaidatua emango zion ekimena bultzatzeko erabakia hartu zen bertan. 2002ko azaroan IV. Asanblada Orokorra egin zen. Bertan Nazio Eztabaida Gunearen ekimena ezagutarazi zen, bi ardatz nagusi zituena: Euskal Herriko Eskubideen Gutuna; eta "Euskal Herriaren Demokrazia eta Bakeranzko Bidean" dokumentua.

2003ko maiatzeko tokiko hauteskundeen atarian, Garzon epaileak Udalbiltza Kursaaleko 8 kide atxilotu zituen eta erakundearen egoitzak zigilatu zituen; gerora, 21 kide auzipetu zituen erakunde armatuko kide izatea leporatuta. Egoera horren aurrean Nazio Eztabaida Gunea hautetsi eta ez hautetsiz osatu zen eta funtzionamendu autonomoa hartu zuen. Urte horretako urrian talde sustatzailea aurkeztu zuten 36 kiderekin. Horien artean hainba alderdiko militanteak zeuden, tartean EA alderdikoak.

2004. urtearen lehen erdian Eztabaida Guneko talde sustatzaileak bi dokumentu aurkeztu zituen, bata eraikuntza nazionalari buruzkoa eta bestea gatazkaren ebazpenari buruzkoa. Bigarren dokumentu hori abiapuntutzat hartuta ezker abertzaleak bere estrategia egituratu zuen, 2004ko azaroan "Orain herria, orain bakea" Anoetako Deklarazioarekin burutu zuena. Deklarazio horretan bi akordio proposatzen ziren: lehen akordioan gizarte-, politika- eta sindikatu-eragileak barneratzen ziren eta agertoki berri bat sortzeari buruzkoa zen, edozein status politiko erabakitzea ahalbidetzen zuena, zeina Euskal Herriko herritarrek berretsi beharko zuten. Bigarren akordioa ETA erakundearen eta Espainiako eta Frantziako Estatuen artekoa izango litzateke, eta gatazka ebazteko armak uzteari, preso, deportatu eta errefuxiatuen egoerari eta biktimenen konpentsazioari buruzkoa zen.

2005eko maiatzean, Auzitegi Nazionalak jarduera-etete moduan ezarritako bi urteak bete ondoren, Udalbiltzak Asanblada Orokor bat egin zuen, 2000. urtean desagertutako Euskal Herriko hautetsien elkartea berreraiki eta bateratzeko. 200 hautetsi eta eragile bertaratu ziren eta erakundearen jarduerari buruzko balantzea egin zuten, 2003an hasitako prozesu judizialaren ostean nabarmen jaitsi arren, eten ez zena: horren erakusgarri dira EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormena) ekimena, hurrengo bi urteetan 50.000 dokumentu igorri zituena, edo Ikastolen Elkartearen eta Sortzen-Ikasbatuazen elkarlanaren ondorioz sortutako Euskal Curriculuma.

Edozein kasutan ere, Udalbiltzaren aurkako epaiak lankidetzarako hitzarmen kontzeptuarekin diru-laguntzak ematea ekidin zuen. Modu horretan, erakundearen zeregina aipatu elkarteen eta udaletxeen arteko lotura/bitartekari izatera mugatu zen, azken horietatik proiektu ugariak garatzeko beharrezkoa zen finantzaketa lortzeko xedez.

Udalbiltza-Kursaal erakundeari ezarritako bi urteko etetea igaro ostean, hastapeneko jarduera berreskuratu zuen, hots, dimentsio nazionaleko ekimenaren sustatzaile izatearena, hala, besteak beste, Gaindegia edo Laborantza Ganbararekin zituen hitzarmenak berreskuratu zituen. Baina 2005eko ekainean Auzitegi Nazionalak jarduera-etete hori luzatu zuen gaur arte. Epaiketa 2009. urtearen amaieran egitekoa zen. Presio judizial horrek eragin nabaria izan du kolektibo horren jardueran. Hala eta guztiz ere, Udalbiltzak Akordio Demokratiko bat erdiesteko hainbat ekimen abiarazi eta hainbat deialdi egin ditu eta, are, Nazio Batuen egoitzara ere jo zuen Giza Eskubideen Goi-komisarioaren ordezkariarekin elkartzeko asmoz.