Kontzeptua

Ttun-ttun

Ttun-ttun dantzaren jatorria ezezaguna bada ere, aski ezaguna da haraneko zazpi herrietan dantzatzen zela. Dena den, soilik Bidangotz, Izaba eta Uztarrotzen mantendu zen bizirik XX. mendera arte, azken horretan hogeiko hamarkadara arte. Errepidearekin harana eta kanpoaldearen arteko lotura finkatu zenean, tradizioa eta euskara galdu egin ziren apurka. Txuntxunero zaharren ordez akordeoi-joleak, gaita-jotzaileak edo kintetoak barneratu ziren, izan ere, orduko gazteek nahiago zituzten horiek orduko modak erakarrita. Txuntxunero zahar baten izena "Juan Pito" oroimenean iltzatuta geratu da. Hark bazuen borda bat Arrakogoitin, gaur egun, "Juan Pitaren benta" izenez ezagutzen dena. Nicanor Ederra izan zen azken txistularia, arestian aipatutako errepikan aipatzen dena: "txun txun, la flauta / txun txun, tambor / txun txun el c.../ de Nicanor".

XX. mendearen hasieran Ttun-ttun dantzak indarra galdu zuen. Dena den, errepublikaren garaian apurka hura berreskuratzeko ahalegin etengabea abiatu zen eta mende aldaketarekin lortu zen helburua. 1941eko udan Iruñako Oberena taldeko dantzariek (mutilek), Maxi Aramburu buru zutela, Uztarrotzeko Teodoro Marcoren eskutik dantza hura ikasi zuten. Urtebete beranduago, 1942ko maiatzean, herri hartako plazan dantzatu zuten haraneko jantziz apaindutako zazpi neskatxekin batera. Oberena taldeak bere errepertorioan sartu zuen Ttun-ttun dantza eta Nafarroan zehar egiten dituen ekitaldietan agertu ohi du. Berrogeita hamarreko hamarkadan haranean bertan berreskuratzeko ekimena bultzatu zuten Izabako Entornes Lasa anaiek. Horri esker, dantzak nolabaiteko indarra hartu zuen erromesaldietan, hau da, haraneko biztanleek Xabierreko Gaztelura egiten zituzten javierada direlakoetan. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, berriz ere hura berreskuratzeko ahaleginak egin ziren. Haraneko Egunaren zenbait ediziotan nabaritu zen hori.

Etengabeko prozesu horretan, Marisol Oterminek ikerketa bat egin zuen hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldera (Jose Berro, Eduarda Lorea eta Jonas Lorearen lekukotzak oinarri hartuta). Ikerketa hori zutabe sendoa izan zen dantza oso-osorik berreraikitzeko, horretarako, Izaba eta Uztarrotzetik berreskuratutako aldaerak abiapuntutzat hartuz. Egun indarrean den tradizioak hura du oinarri. Laurogeiko hamarkadan Susana Garde, Amaya Zalguizuri eta Elena Zalguizuri Izabako alabek, berriz ere, hura berreskuratzeko saiakera egin zuten, herriko gazteen artean irakasteko asmoz. Denbora luzez erabili gabe eta ahanzturan amilduta izan ostean, 1998ko uztailaren 4an dantza hura aurkeztu zen, Erminea pilotalekuaren inaugurazio-ekitaldia baliatuz.

XXI. mendeko lehen hamarkadan Erronkariko Ttun-ttun dantzak ziurtatua du bere berpiztea. Garden (2003) eta Uztarrotzen (2004) egindako Uskararen Egunak lagungarri izan ziren dantza berreskuratzeko prozesu hori sendotzeko. Hala, dantza haiek herriko jaietara hedatu ziren. Garden dantza berreskuratu egin da eta bertako biztanleak dira dantzaren protagonistak. Jose Manuel Mendiolak egindako ahaleginari zor zaio lorpen hori. 2003-2004 ikasturtean zehar, Erronkariko Haraneko musika-eskolak musika berreskuratu zuen, Uztarrotz, Izaba eta Gardeko aldaerak oinarri hartuta. 2004ko azaroan Susana Gardek entseguak abiatu zituen Izaban. Txistularien laguntzarekin eta Julio Beretensek koordinatuta, 2005eko Santiago jaietan hamahiru bikotek dantzatu zuten Ttun-ttun dantza, Erronkariko jantziz apainduta. Urte hartan, Erronkariko berrogeita hamar bizilagun inguruk dantzatu zuten herriko jaietan Andoni Iribarrenen eskutik eta Gardeko jaietan zazpi bikote izan ziren hura dantzatu zutenak.