Erakundeak

Tecnalia Fundazioa (2011ko bertsioa)

Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, Cidemco, ESI, Euve, Fatronik, Inasmet, Labein, Leia eta Robotiker taldeen baturaren ondorioz sortutakoa da. Honela, Espainiako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako (I+G+B) talde pribaturik handiena, eta Europako lehenengoetako bat da.

Fundazioaren ikuspegia posible egiten duten gakoak ondorengoak dira: izaera pribatua, jarduera ikerketa aplikatura bideratzea, nazioarteko bikaintasuneko zentroa (I+G-ko nazioarteko kontratuak, atzerriko ikertzaileak, tokiko industrien laguntzaile nazioartean, lizentziak, IP...), tokiko industrian eragina izatea (I+Gko eta berrikuntzako proiektuak enpresekin, spin offak, prestakuntza, E+A zerbitzuak) eta irekia, sormena garatu nahi duten pertsonen eta Tecnaliarekin batera lan egin eta elkarrekin ezagutza sortu nahi duten erakundeen (sareak) erakargune bihurtuz.

Tecnalia Research & Innovation Fundazioa 2010ean sortu zen, curriculum zabal eta luzea duten erakundeen esperientzia, ibilbidea eta sendotasunak biltzen dituelarik. Egoitza nagusia Bizkaiko Teknologi Parkean kokaturik aurkitzen da (Derio, Bizkaia), Euskal Herri osoan nahiz Madrilen ere beste egoitza batzuk aurki daitezkeelarik.

Tecnalia Korporazioa aldiz, 2001ean sortu zen teknologia-korporazio moduan, eta haren ekonomia eta gizarte ingurunea garatzen laguntzea zen helburu nagusia, teknologia-berrikuntza erabili eta sustatuz. Horretarako, ikerketa garatu eta zabaltzen zuen nazioartean.

Guzti hori Inasmet, Labein eta Robotiker taldeen ekimena izan zen. Ahaleginak batzea zen haien apustua, talde handiagoa izan eta Tecnaliari merkatuan lehiakortasun-maila gorenak lortu ahal izateko aukera eman nahian. Helburu nagusiak hauek ziren:

  1. Lehiatzeko masa kritikoa.
  2. Espezializazioa merkatuan eta teknologian.
  3. Teknologia-bikaintasuna.
  4. Proiektu integratuak eta diziplina anitzekoak.
  5. Bezeroari balioa ematea, haien enpresa-emaitzetan eta gizartearen ongizatean islatzeko.

Ekimen hura erakargarria izan zen, adibidez, inguruko beste teknologia-zentro batzuentzat, eta hau ikusirik, kide berriak gehitu ziren korporaziora.

Azti, Neiker eta Tecnalia Research & Innovation teknologia-zentroek osatzen dute Teknalia Korporazioa.

Espainia nahiz Europako unibertsitate ezberdinekin sinatu eta burutzen ditu itunak nahiz lankidetzak (UPV/EHU, MIT-ILP (AEB), Deustuko Unibertsitatea, Madrilgo Carlos III Unibertsitatea edota Bordeleko Unibertsitatea).

Fundazioaren negozio-eredua sektore ezberdinetan banatutako negozio-unitateetan oinarritzen da. Unitate horien nortasun ikurrak, merkatura begira lan egitea eta espezializazioa dira.

Tecnaliak, diziplina ezberdinetako taldeek osatutako 13 negozio-unitate ditu, sektore estrategikoei egindako eskaintza optimizatzen dutelarik. Honela, enpresa-sarearentzat nahiz administrazioentzat proposamen osatuagoa, espezializatuagoa eta bikainagoa lortzen dute.

Negozio-unitate horiek hartzen dituzten sektore garrantzitsuenak honako hauek dira:

  1. Aeroespaziala
  2. Elikadura
  3. Automobilgintza
  4. Eraikuntza
  5. Energia
  6. Trena
  7. Galdaketa
  8. Infotech
  9. Ingurumena
  10. Ontzigintza
  11. Osasuna eta Bizi-kalitatea
  12. Siderurgia
  13. Industria-sistemak
  14. Berrikuntza-sistemak
  15. Informazio-gizartea
  16. Softwarea
  17. Informazio-teknologiak
  18. Telekomunikazioak

Honela, negozio-unitate guztientan Marketin-plana, Kudeaketa-plana, Tecnologia-plana, Berrikuntza plana (FIT) nahiz Kudeaketa prozesua erabiltzen dira.

Teknologia aldetik, Tecnaliak zenbait eremuetan teknologia aurreratuak menderatzen dituela esan beharra dago. Honela, Garapen Iraunkorra, Industria eta Garraioa, ICT/European Software Institute, Osasuna eta Bizi-Kalitatea nahiz Berrikuntza eta Gizartea bezalako eremuak aipa daitezke.

Garapen Iraunkorra: Sare elektriko adimendunak eta energia-kudeaketa, banaketarako, konbertsiorako eta biltegiratzeko; Energia-eraginkortasunerako teknologiak eta sistemak, eta energia berriztagarriak txertatzea eraikin eta auzoetan; Nanoteknologia eta material funtzionalak eraikuntzako, energiako eta ingurumen-azpiegituretako aplikazioetarako; Egitura, arkitektura eta energiari dagokienez, eraikinak, obra zibilak eta ondare historikoa birgaitzeko teknologia; Klima-aldaketaren eta hiri-lurralde iraunkortasunaren modelizazioa eta azterketa integrala, etab.

Industria eta Garraioa: Materialak ekoizteko eta eraldatzeko teknologiak; Garraio eta espazio-materialetarako teknologiak; Materialen ezaugarrien iragarpena, kontrola eta hobekuntza. Materialak homologatzea; Ekoizpen-sistema adimendunak. Mekatronika, robotika eta manipulazioa; Elektronika, garraiorako, etab.

ICT/European Software Institute: Sareko teknologiak eta wireless sistemak; Informazioa eta enpresak kudeatzeko sistemak; Zerbitzu-plataformak; Ingurune eta azpiegitura adimendunak; Konfiantza eta segurtasun digitala, etab.

Osasuna eta Bizi-Kalitatea: Materialen teknologia eta azalen ingeniaritza, inplanteetarako; Ehunak birsortzeko nanobioteknologiak; Diagnostikoak egiteko materialen, sentsoreen eta azalen mikroekoizpena eta nanoekoizpena; Mugimendua birgaitzeko teknologia aurreratuak, etab.

Berrikuntza eta Gizartea: Berrikuntza politikak nahiz programak formulatzen, garatzen eta ezartzen laguntzea; Enpresen lehiakortasuna hobetzeko berrikuntza eredu, metodologia eta tresna berriak ikertzea, garatzea eta transferitzea.

Tecnaliak, ikerketa aplikatuaren bidez, negozio-aukerak sortu eta garatzen ditu. Horrela bada, honako hauek dira destakagarriak:

  1. Industria-jabetzaren salmenta: Negozio-ereduaren oinarriak teknologia propioaren sormena eta haren ustiapen komertziala dira. Teknologia horrek, behar bezala babestuta, benetako soluzio berritzaile eta erabilgarriak eskaini behar dizkie gure bezeroei, esklusibitatea eskainiz, eta egun merkatuko baldintzek eskatutako operazio-askatasuna bermatuz; gainera, lehiakortasun-maila handitzeko I+G+Baren alde egindako apustua errentagarri egin behar du.
  2. Enpresen sustapena: Oinarri Teknologikoko Enpresa Berriak sortzeko (OTEB) jarrera du Tecnaliak. Proiektu horiek, jabetza industrialeko produktuak, zerbitzuak, erakusleak eta aktiboak lortu nahi dituzte. Eta horiek, Negozio Unitateek gauzatzen duten espezializazio, zaintza eta prospektiba-lanari esker lortzen dira.
  3. Negozioaren dibertsifikazioa: Enpresa berriak sustatzeaz gain, Tecnaliak barneko negozio-ildo berriak sortzen laguntzen die bere bezeroei.

Oinarri teknologikoa duten proiektuak garatzen ditu Tecnaliak. Enpresekin egiten diren proiektuak dira emaitzak bilbe industrialari transferitzeko bide nagusiak. Honela, Tecnaliak enpresekin duen lotura handitu nahi du negozio-aukerak sortu eta garatuz. Horretarako, Tecnaliak bere bezeroei jakintza globalerako sarbidea ematea proposatzen die berrikuntza-estrategia ireki batean oinarriturik, Tecnaliaren eta hirugarrenen azken aurrerapenak barnean hartzen dituzten proiektuak gauzatu ahal izateko.

Produktuen, prozesuen eta pertsonen kalitatea nahiz segurtasuna karakterizatu eta ebaluatzeko asmotan, Tecnaliak zerbitzu-sorta handi bat garatzen saiatzen da. Honela, aipagarriak dira besteak beste Saiakuntzak (kanpoan zein laborategietan), Kalibraketak, Ikuskapenak, Ziurtagiriak, Ikuskaritzak, Aholkularitza adostasunaren ebaluaketaren alorrean, Hornitzaileak homologatzea/kalifikatzea edo ta Trebakuntza. Jarduerak egiten dituzten teknikarien goi-mailako prestakuntza, ekipamenduen eta laborategien berezitasuna nahiz gaitasuna eta independentzia erakusten duten akreditazio eta aintzatespen ugariak dira jarduera guzti hauen bereizgarri.

Tecnalia korporazio global bat da, bazkide eta bezeroentzat balio handiko ezagutza, talentua, baliabideak eta joerak biltzen jardun dena. Nazioarteko bokazioari esker, Tecnaliak, nazioartean garatutako proiektuen bidez bere mugetatik harago zabaltzen du teknologia.

Tecnaliaren helburua, balioa eta aberastasuna, oro har gizarteari, eta zehazki, enpresa-sareari, nazioarteko ikerketaren eta berrikuntzaren bidez ematea da. Horrela, lankidetza-arloan ekarpen handia egin dezakeela uste du Tecnaliak, garabidean dauden herrialdeen hazkunde eta aurrerapen-gaitasuna areagotzen lagundu ahal izateko.

TECNALIAren etengabeko jarduera antolatzen diren ekitaldi, jardunaldi, kongresu, ikastaro, mintegi eta abarren bidez islatzen da. Horrela bada, jarduera eta gaurkotasunari buruz berri ematen du, eta Negozio-unitateen egoera zein den ere albisteen bitartez erakusten saiatzen da.