Kontzeptua

Sozialismoa

Sozialismo marxistak langileen ideologien multzoan izandako eraginak gora egin zuen hirurogeiko hamarkadatik aurrera, eta gainontzeko bertsio sozialisten erreferentzia ideologiko bihurtu zen. Marxek 1867an idatzi zuen Das Kapital obraren lehenengo liburukia, eta bertan adierazi zuen sistema kapitalista soldatapeko langileek merkatuan saldu beharreko "lan-indarrean" oinarritzen zela. Merkantzia horren balioa haren ekoizpen-kostua baino handiagoa zen, langileen biziraupenaren parekoa, alegia, eta, horren ondorioz sortutako ustiapen-harremana indargabetzeko, soldatapeko lana ezabatu zitekeen bakarrik. Nazioarteko langile-mugimenduek 1864an etekina atera zieten ekarpen horiei eta antzeko beste batzuei. Hala ere, beren barne-dinamikan ezberdintasunak antzeman zitezkeen, eta, horrenbestez, urte batzuk beranduago, Lehen Internazionala desegin zen.

Marx hil osteko sozialismo marxistaren bilakaerak lotura du Engelsek haren legatua kudeatzeko moduarekin eta azken hori hil ostean, Bigarren Internazionaleko (1889an antolatua) teorilari nagusiek egindakoarekin. Engelsen obrarik bereizgarrienetako batzuk, hala nola Das Kapital eta Manifest der Kommunistischen Partei, jarraitzaile marxisten abiapuntu izan ziren hamarkada askoz. Baina garai hartan, aurrekoekin alderatuta, langile-mugimendu antolatua lehen mailako agente politikoa zen, eta askatasuna zuen helburu, antolamendu politikoen, sindikalen eta kulturalen indarraz baliatuta. Bigarren Internazionalean, marxismoa izan zen bertsio sozialista nagusiena. Europako tradizioak ez ziren desagertu, baina garrantzia galdu zuten Marxen teoriaren aldean, eta, Ingalaterran izan ezik, teoria sozialista gehienen bultzatzaileek Marxen obraren jatorri intelektual berdintsua zuten edo hartan oinarritzen ziren.

Marxen lanaren helburuak harreman estua zuen garaiko egoera politiko eta sozialarekin, eta lagungarria izan zen langile-mugimenduaren ideologia gisa aurrera egin zezan. Aurre egin beharreko arazoek obra teoriko andana sortu zuten. Horien artean nabarmen daitezke: batetik, garapen sozialaren teoria marxistari kantismoa eta positibismoa bezalako iturri filosofikoak eransten saiatu zirenak kontraesanik sortu gabe, eta, bestetik, doktrina marxistan eta Engelsen obretan pil-pileko gai filosofiko, ekonomiko edo soziologikoentzako erantzun nahikoak topatu zituztenak. Gehiengoak marxismoa osotasun uniformetzat ikusten zuten, eta haren irizpide ortodoxoa ez zen benetan autonomoa eta sortzailea, jatorrizko obrak azaldu eta errepikatu egiten baitzituen, haien kategoriak aztertu edo sakontzeko ahaleginik egin gabe. Hala eta guztiz ere, ez zen hori eragozpena izan marxismoaren interpretazioan kontraesanak ager zitezen, eta horrek, aldi berean, agerian utzi zuen II. Internazionalaren barruko alderdi sozialisten artean antolamendu politiko eta jarrera teoriko ezberdinak zeudela. Pluraltasun horren ondorioz, Internazionalak izaera deszentralizatua izan zuen beti, eta alderdien topagune bilakatu zen. Bertan, babesa aurkitzen zuten XIX. mendeko azken hamarkadetan eratutako erakunde politikoek eta sindikalek (hasiera batean baita elkarte anarkistek ere), Europako langile-masen artean eragin handia zutenak.

Sortu eta hurrengo mende laurdenetik 1914ko Gerra Handiak eztanda egin arte, II. Internazionaleko ekarpen teoriko nagusienak arazo ideologikoen eta politikoen inguruan eman ziren, besteak beste: anarkismoarekin borroka, errebisionismoaren aurkako borroka eta 1905eko errusiar iraultzaren ostean emandako debateak. Mundu kapitalistaren egoera orokorra Marxek eta Engelsek ezagutu zutenaren oso bestelakoa zen, mende erdi lehenago analisiari ekin ziotenean. Horregatik, langile-mugimenduaren barne-eztabaidek ezin zuten aldaketa horietatik kanpo egon, hausnarketa sozialistaren garapenari eragiten baitzioten. Liberalismo politikoa zein ekonomikoa eraldatzen ari ziren: ordezkaritza oligarkikoaren sistemak alde batera uzten joan ziren pixkanaka, eta horrek erakundeak demokratizatuko zirela iragartzen zuen, gizonezkoen sufragio unibertsalaren bitartez; estatu-erakundeek bultzatutako legedia sozialak eta laboralak gero eta garrantzia handiagoa zuen, eta alde batera utzi zuten Estatuak ekoizpenean eta salerosketan ez zuela sartu behar esaten zuen oinarri filosofiko liberala, ordura arte ekoizpena eta salerosketa erakunde pribatuen eskuetan baitzegoen, horiek zirelako aurrerapenaren berme-emaile. Hala ere, bazirudien anakronikoa zela pentsatzea mugimendu sozialistaren botereak berdintasun-plano berean ipintzen zituela langileak eta patroiak, hazkunde ekonomikoan eragindako arazoak ikusita, eta horrek esku-hartze politiko sozialistari buruzko galdera berriak azaleratu zituen. XIX. mendeko azkeneko hiru hamarkadetako aldaketa ekonomikoek agerian utzi zuten ezinezkoa zela merkataritza librearen oinarrizko printzipioa mantentzea. Arazo horien aurrean, fundatzaileen doktrina sozialistak ez zuen berehalako hausnarketa egokirik eman. Hortaz, teoria berriz interpretatu, eta berrikuntza praktikoak egin behar ziren. Iritzi kontrajarriak izan zituen gobernu burgesetan parte hartu behar zen ala ez erabakitzerakoan, sozialistez kanpoko talde parlamentarien artean itunak eratzerakoan eta erakundeek gizarte aldaketan zuten zereginaren gainean eta sistema kapitalista berritzeko aukeraren aurrean. Internazionaleko alderdien artean eta alderdi bakoitzaren baitan erantzun anitz egon ziren.

Ideologiaren aldetik, II. Internazionalaren historiako erronkarik garrantzitsuena errebisionismoa izan zen, ortodoxoek eta errebisionistek gogor egin baitzioten aurka uneko eta etorkizuneko nazioarteko mugimenduari. Debate haietan agerian utzi zen doktrina marxistaren interpretazio berriak hobeto egokitzen zitzaizkiola langile-buruen lanari -eguneroko borroka bideratzeko tresnarik gabe zeudenak-, marxismoaren oinarrizko kategoria batzuen esanahiari buruzko eztabaidari baino. Horrela, oinarrizko kontzeptu batzuk zalantzan jarri zituzten, hala nola iraultza, klase soziala, klase-borroka, Estatuaren egitekoa, materialismo historikoa, prozesu historikoa saihestu ezinezkoa zela eta sozialismoa.

Internazionalak egindako hainbat batzarretan, askotan mahairatu zuten gerra inperialista gertatzeko arriskua. Horren aurrean erabaki bakarra eta eraginkorra hartzeari buruz, era askotako jarrerak azaleratu ziren, orokorrean sekzioek militarismoari uko egiten bazioten ere. Autodeterminazio nazionalaren inguruan ere, iritzi desberdinak zeuden. Nazionalitateen zapalkuntzaren kontra egon arren, teoria marxistak ez zuen elementu nahikorik gaia bide berritik eramateko, eta era guztietako dogmatismoak eta jarrera ideologiko zorrotzak azaleratu ziren. Europako gerraren hasierarekin eta II. Internazionalaren gainbeherarekin, gizateriaren askapenean industria-langileengan jarritako itxaropenak zapuztu ziren. Internazionalaren eta haren oinarri ideologiko zuzentzaileak -hau da, nazioarteko elkartasuna- porrot egin zuten, eta errealitatearekin aurrez aurre topo egin zuten. Dena dela, inork ere ez zituen erlazionatu doktrina marxistaren edukia eta nazioarteko arazoen aurrean mugimendu sozialistak porrot egin izana. Zenbait gai aztertu gabe geratu ziren: sozialismoak aurreko historiarekin hausten zuen ala gizarte burgesaren barruan zegoen eta/edo sistema kapitalista suntsitu ostean, sozialismoak iraganarekin erabat hautsi zuen, gero gizartea hutsetik eraikitzeko ala lan-munduan eta eskubide politikoen arloan lortutako arrakastek sistema kapitalista eraginkortasunez zuzendu zuten, hura suntsitu beharrean. Ikuspegi bi horiek ekarri zuten, batetik, alderdi sozialista-marxista garrantzitsuenek gerraren alde egotea, eta, bestetik, talde sozialista disidenteek edo gerra-aurrekontuen kontra zeuden taldeek kritika egitea. Azken horiek mugimendu iraultzaile berriak osatu zituzten, irizpide marxistetatik abiatuz, eta leninismoa dugu mugimendu horietan esanguratsuenetakoa.

Leninek tradizio marxistan jarraitzea edo harengatik aldentzea gai polemikoa izan zen, eta errusiar mugimendu iraultzailean sartutako berrikuntzak ditu oinarri: langileen eta baserritarren arteko ituna, iraultzaren oinarrizko estrategia gisa; gatazka nazionala berriz aztertzea, sozialismoaren alde egiteko; eta langileak iraultzara bultzatuko zituen alderdia antolatzeko irizpideak. Boltxebikeek iraultza garaitzean, II. Internazionaleko doktrina marxista anitz hori are gehiago banatu zen munduko langile-mugimenduan, batik bat 1919an III. Internazionala eratu eta 1920ko hamarkadaren hasieran II. Internazionala berreraiki ostean. Boterea lortzeko barne-eztabaidek Stalinen alde egin zuten, eta Estatu sobietarraren ideologia ofizial bihurtu zen marxismoa. Horrek herrialdea hondatu egin zuen intelektualki, eta mundu komunista osoan hausnarketa filosofikoa, artistikoa, kulturala eta politikoa bertan behera geratu zen. Ondorioz, azterlan marxistek maila gero eta okerragoa zuten. Intelektual ez-sobietar garrantzitsu askok beren obretan dogmatikoa ez zen marxismo mota bat mantendu bazuten ere, doktrinaren garapenean eragin txikia izan zuten. Ostera, estalinismoa sasoi politiko onean zegoen, Europako mendebaldeko ezkerreko intelektual askok begi onez ikusten baitzuten. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta Gerra Hotza hasi zenean, Europa erdialdeko herrialdeak estalinizatzeko prozesuak tradizio marxistari lotutako pentsamendu kritikoa garatzea eragotzi zuen. Egia da Mundu Gerra amaitu ostean pentsalari marxistek ekarpen garrantzitsuak egin zituztela, baina haien lanak kohesio gutxiko mundu ezkertiar batean kokatzen dira: Gramsci-k, Lukacs-ek, Korsch-ek, Horkheimer-ek eta Adorno-k, adibidez, argi utzi zuten gizarteari, filosofiari eta historiari buruz hausnartzeko gaitasuna zutela, alderdi-diziplina hertsatzaile batetik harago, eta Marxen idazkiekin harreman irekia mantentzen zuten, - idazki horietako batzuk ezezagunak ziren ordura arte-.

Doktrina marxistaren eta langileen errealitate sozialaren arteko erlazioa funtsezko ideologia izan zen beren burua iraultza boltxebikearen eta errusiar erregimen politikoaren oinordekotzat izendatu zuten erregimen politikoetan. XX. mendeko azkeneko hamarkadetan, marxismoaren eta gizartea aldatzeko proiektu globalen arteko lotura historikoa eten egin da. Izan ere, benetako sozialismoaren sistemak porrot egin zuen ekialdeko Europan, alderdi komunistek eta sozialistek hedapen txikia zuten herrialde kapitalistetako langileen artean, langile-mugimendu berritua eta antolatua falta zen eta mantentzen ziren erregimen sozialistek tradiziozko sozialismo marxistarekin bat egitea zaila zen. Sozialismo marxistak garrantzia izaten jarraitzen du giza eta gizarte zientziak lantzen dituzten aditu batzuengan; baina haientzat sistema kapitalista aldatu eta ordezkatzearen aldeko indarrak piztu zituen utopia bat baino ez da, eta, hortaz, ez du erreferentzialtasun nahikorik, egungo munduaren arazoei buruzko obra eta hausnarketa garrantzitsuak ekoizten jarraitu dezakeen arren.