Instrumentugilea

Sorozabal Mariezcurrena, Regino

Biolontxelojolea eta konpositorea. Donostian jaio zen, 1900ean, eta Madrilen hil zen, 1971ko urtarrilaren 7an.

Solfeoa, biolontxeloa eta pianoa ikasi zituen Donostiako Musika Akademian, eta bikain kalifikazioa lortu zuen. Ikasgelako ikaslerik aurreratuena izateagatik talde instrumentaleko bakarlari izendatu zuten. Bere irakasle izan ziren Alfredo Larrocha eta Jose de Olaizola. Hamabost urte bete gabe, biolontxeloa jotzen zuen Miramar zineman, eta handik Kasino Handiko orkestrara pasa zen, Larrochak zuzentzen zituen eguneroko kontzertuetan zein Enrique Fernández Arbósen zuzendaritzapean egiten ziren ezohiko entzunaldietan esku hartuz. 1925ean Gasteizera joan zen eta, oposizio bidez, Kontserbatorioan irakasle postua irabazi zuen. José Uruñuela konpositorea izan zuen lagun eta lankide. Biolontxelorako bi obra eskaini zizkion: Jorrain-Dantza, bariaziodun gaia, eta Euskal Doinu bat. Regino Sorozábalek, besteak beste, sainete liriko bat konposatu zuen, bi ekitalditan, Modos nuevos edo Madrid de los rascacielos, 1936an Gasteizen amaitu zuena, eta Esteban Urkiaga "Lauaxeta" poetaren Iturri-negarra ahots eta pianorako abestia.