Kontzeptua

Sarde-egileak

Sardeei buruz esan dugun bezala, aizkorak ere era askotakoak egiten dituzte: bizkaitarrak, kanadarrak, frantsesak..., edota hainbat eta hainbat erabileratarako: inausketarako, su-hiltzaileentzako, zura leuntzeko eta zatitzeko eta kirolerako, eta erabilera bakoitzerako beste hainbat modelo egiten dituzte.

Aizkora forjatzeko, 30 mm inguruko zati bat kentzen diote sekzio biribileko barra bati egin nahi den aizkora 250 g-koa bada, eta 65 mm-koa aizkora 3 kg-koa bada. Zati horietako bat, lehenbizi, gasezko labean berotzen da; gero langile batek kurrika batzuekin helduz atera eta beste bati ematen dio. Horrek pieza prentsa batean jarriz estanpatu egiten du piezari aizkora forma emanez; berehala pieza hori beste forjari bati eramaten dio, erdiko zuloa egiteko aurrean aipatutako antzeko makina batean. Makina horrek kolpe bat ematen dio piezari puntzoi edo ar batekin eta zuloa egiten dio erdian, eta ondoren beste kolpe bat ematen dio buruari azken forma emateko.

Ondoren, pieza oraindik bero dagoela, ijezteko makina batean sartzen da, eta hor biraka ari diren bi arrabolen presioz zapaldu eta mehetu egiten da aizkoraren ahoari forma emateko. Aizkora hoztu ondoren, ertzetan dituen soberakinak kentzen zaizkio beste prentsa batean eta puntzoi batekin giderra hartuko duen zuloari behin betiko forma ematen zaio.

Azkenik, ahoa zorrozten dute makina berezi batzuetako zorroztarrietan. Aizkora horrela, ondoren gozatu egiten dute, margotu eta giderra jarri, behin betiko akabera emanez.