Arkitektura

Santiago eliza. Iruña

Santiago eliza Iruñean dagoen eraikina dugu eta Javier Guibert (Iruñea, 1925-Madril, 2011) arkitekto nafarraren lana da. Proiektua 1968koa bada ere, lanak ez ziren 1970era arte amaitu eta Gasteizeko beste hiru eliz ospetsuekin batera -Miguel Fisacen Koroatzearen eliza, Jose Maria Garcia de Paredes eta Javier Carvajalen Aingeruen Andra Mariaren eliza, eta Luis Peña Gancheguiren San Frantziskoren eliza- guztiz oinarrizkoak dira. Funtsezkoak gertatzen dira ez bakarrik tipologia erlijiosoaren garapena aztertzerakoan, XX. mendeko arkitektura garaikidearen testuinguruan, baita Euskal Herriko arkitekturaren historia bera ere ulertzeko orduan ere.

Egileari dagokionean, Francisco Javier Guibert Nafarroako XX. mendeko arkitekto garrantzitsu eta interesgarrienetakoa dugu. Berari eta Fernando Redoneri esker, hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, gure lurraldean berreskuratzen hasi ziren arrazionalismoa eta funtzionalismoa, testuinguruarekiko lotura ezarriz eta organizismoa izeneko joeraren laguntzarekin. Horrela, bere arkitekturan testuingurua eta paisaiaren garrantzia azpimarratzeaz gain, historiarekin ere harremana eta lotura sortzen du, lan osatuagoak lortuz.

Fisac, Carvajal eta Garcia de Paredesen urteetan ez bezala, Vatikanoko Bigarren Kontzilioaren (1962-1965) ondoren erlijio tipologian berrikuntzak proposatzea eta arkitektura modernoaren aldeko apustuak egitea errazagoa izan zen. Hala ere, bitxia bada ere, Gasteizen berrogeita hamargarren hamarkadaren amaieran eman ziren hain proposamen ausartak ez ditugu Euskal Herrian hurrengo bi hamarkadetan aurkituko. Berez, Euskal Herrian eliza asko gauzatu badira ere, urte horien ostean krisia areagotu egingo da erlijio arloan zein arkitektura esparruan, laurogeigarren hamarkadan alegia, eta gutxi izango dira tipologia mota honetan berrikuntzak proposatuko dituztenak.

Frankismo garaiko azken bi hamarkada horietan gure testuinguruan benetan nabarmendu behar diren lanak bi dira eta garai hartako azken urteetan eginak daude: Gasteizen San Frantziskoren eliza (1968-1970, Fermin Lasuen kalea), Luis Peña Gancheguiren lana, eta Iruñean Santiagoko eliza (1966-1971, Magdalena kalea, 10. zenbakia) Francisco Javier Guiberten lana.

Elkarrekin hamar bat urte lan egin ondoren, Guibert eta Redonek banantzea erabaki zuten, eta bakoitzak bere ibilbideari ekin zion. Guibertek ondorengo urtetan hainbat etxadi eta ikastetxe burutuko ditu, Estatuaren hainbat erakundetarako lana eginez -Instituto Nacional de la Vivienda, Nafarroako Diputazioa, Organización Sindical del Hogar-. Baina bere eraikin esanguratsuenak organizismoaren alderdi adierazkorrarenarekin bat egiten dutenak izango dira, eraikinaren egiturari eta kalkuluari garrantzia handia emanez. Ezaugarri guzti horiek hobekien bilduko dituen eraikina Iruñeko Txantrea auzoan 1970ean eraikiko den Santiago eliza izango da.

Vatikanoko II. Kontzilioko (1962-1965) irakaskuntzan oinarrituta, Eliza fededunari gehiago hurbiltzen saiatuko da, eta neurri batean gizartea bera ere Elizan gehiago txertatzen. Bestetik, organizismoaren alderdi adierazkorrenak jorratu zituen, John Utzon arkitekto daniarrak Australian Sidneyko Opera erakinean egin zuen bezala. Guibert eliza honetan ere funtzioa bikoitza betetzen saiatu zen, hau da, fededun multzo handia biltzea eta horiek ere nolabait sinbolikoki elkartzea. Forma adierazgarriak eratzen ditu hormigoiak eta sabaiak eskaintzen dizkioten aukerak probestuz. Sabaia kanpin denda baten estaliaren antzera antolatuta dago, horren ertzak lurreraino heltzen direla.

Metalezko egitura hormigoiaz eraikitako lau ataritan oinarritzen da. Guibertek eliza honetan hormigoiez eginiko sabai ikusgarria gauzatzen du Olatzagutiako Kinder Elkarteko eta Ultzamako Golf Elkarteko eraikinak eredutzat hartuz. Bi lan horiek Fernando Redonekin batera egin zituen hirurogeigarren hamarkadan. Baina aldi honetan, bakarka burutu zuen heinean, sinbolikoagoa izateaz gain, adierazkorragoa ere bada. Elizako hormak eta sabaia zulatu egiten ditu argia barrura sartzen uzteko. Sabaia bera behetik gora doa elizaren oinetik presbiteriora, itxura berezia eskainiz: txori batek bere gorputza eta hegalak altxatuko balitu bezala. Berez hiruki forma hartzen duen oinplano simetriko eratzen du.

Eraikin horren bitartez, elizaren tipologiak Frankismo garaian bere unerik gorenetakoa lortzen du. Hamarkada bat lehenago Gasteizen Miguel Fisac, Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes hasi zuten lanari jarraituz -Koroatzearen eta Aingeruen Andra Mariaren elizetan-. Hamarkada bat beranduago, Gasteizen ere, Luis Peña Gancheguik San Frantziskoren eliza amaituko du.