Arkitektoak

Fisac, Miguel

Nazioartean ezagun egin zen arkitektoa, hirigilea eta margolaria. Daimiel-en jaio zen, 1913ko irailak 29an. Madrilen 2006ko maiatzak 12an zendu zen.

Arkitektura garaikideari aurre egiteko hirigintza-formula bat proposatu zuen: bizikidetzarako hiria. Material berriek eskaintzen zituzten aukerei erreparatu zien; bereziki hormigoi aurreatezatuari, berak patentatu zuena eta atezatu osteko hormigoiari. Aurrefabrikaziorako sistema berriak probatu zituen.

Oso fededuna zen, eta humanista. Vatikanoko II. kontzilioaren eskakizun liturgikoak kontuan izan zituen. Horren erakusgarri da Gasteizko Koroatzearen parrokia, 1960ko eraikina duena. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Arabako ordezkaritzak argitaratutako Guía de la Arquitectura lanean azaldutakoaren arabera, ideiaren oinarria hau da:

"elkartzen diren bi hormen arteko harremanean sortzen den horma dinamikoa edo inpresio subjektiboa; horma bat okerra, inguratzailea, leuna, zuria eta ikusmenak erreparatzeko moduko erreferentzia-puntu zehatzik gabea; beste horma, berriz, beste material batekin egina eta kalitate nabarmenekoa, laua eta hainbat erreferentzia dituena; hala nola sarrerak, kaperak, komunikazioak... Horrela, argi-joko batekin, sabaia igota eta zoladura aldare aldera igota, efektu dinamikoa sortzea da asmoa". (Itzulpen moldatua gazteleratik).