Medikuntza

Sanchez Granjel, Luis (1996ko bertsioa)

Medikua, idazlea eta Salamancako Unibertsitateko Medikuntzaren Historiako irakaslea. Seguran (Gipuzkoa) jaio zen 1920an. Espainian diziplina horren abiarazletzat har daiteke. Ikasketak Béjar-en (Salamanca) hasi zituen, 1936an Batxiler titulua lortuz. Medikuntza ikasketak Salamancan egin zituen, 1945ean lizentziatu zelarik. Madrilgo Unibertsitatean Medikuntzan Doktorea 1948an. 1945az geroztik, irakaskuntzan dihardu, eta Farmakologia eta Terapeutikako eskolak ematen ditu lehenik, eta Anatomiakoak ondoren. Unibertsitateko irakasle-munduarekin lehen harremana du Anatomiak. 1948-49an, historiarako eta literaturarako zuen zaletasunagatik, Medikuntzaren Historia ikasgai berria esleitu zitzaion. 1953-54 ikasturtean irakasgai horren katedra sortu zen. 1955ean egin zion aurka, eta, hala, Granjel doktorea irakasgaiaren katedradun numerario bihurtu zen. Une horretatik aurrera, erabat murgildu zen gai horri buruzko irakaskuntza- eta ikerketa-jardueretan. Espainiako Medikuntzaren Historiaren ikertzaile eta dibulgatzaile gisa egin duen biografian, hainbat etapa bereiz daitezke. Lehena 1955-61 urteetakoa izan zen, eta Espainiako Medikuntza gaur egungo literaturan identifikatzean eta aztertzean oinarritzen da, haren bibliografia gutxi-asko orokorra egiteko. Garai horretan sortu zuen Salamancako Medikuntza Espainiarraren Historiari buruzko Mintegia, gerora Medikuntza Espainiarraren Historiaren Institutua izango zena. 1962tik 1978ra arte (Espainiako Medikuntzaren Historia Orokorraren lehen liburukia argitaratu zen urtea), Espainiako Medikuntzaren Historiaren laburpen bat idazteko proiektuari ekin zion. Lehenbizi, espezialitate jakinen monografiak egin zituen, eta, gero, Espainiako Medikuntzari buruzko azterketak bildu. Azkenik, 1978-86 bitartean, Espainiako Medikuntzaren Historia Orokorraren bost liburukiak erditu zituen. Bere lanen artean, lehen aipatu dugun Historia General de la Medicina Española (bost liburukitan: Antzinakoa eta Erdi Arokoa, Errenazentista, XVII. mendekoa, XVIII. mendekoa eta Garaikidea), Espainiako Medikuntzaren Historia Politikoa eta beste hainbat argitalpen eta monografia. Granjel doktorearen literatur zaletasuna ere azpimarratzekoa da. Pio Barojaren erretratua, Unamunoren erretratua, 98ko belaunaldiaren panorama, El último Baroja (1992) eta beste zenbait azterlanen egilea. Editore-lana Espainiako Medikuntzaren Historiaren Institutuaren bidez egin du. Horren emaitza dira «Cuadernos de Historia de la Medicina Española» (Espainiako Medikuntzaren Historia Koadernoak). Medikuntzaren Historiari buruzko doktore-tesi ugari zuzendu ditu, 1987an erretiratu zenean ikasgaiko irakasle emeritu bihurtu zen arte. Salamancako Unibertsitate Pontifizioan Psikologiaren Historia ere irakatsi du. Hainbat titulu akademiko eta sari ditu.
Euskal Herriko Medikuntzaren Historiako Lanak. 1979an hasi zen Granjel doktorearen interesa Euskal Medikuntzarekiko, Euskal Medikuntzaren azterketa historikorako sarrera izeneko saiakera laburrarekin. Espainiako Medikuntzakoa aztertzean aplikatutako ikerketa-metodologia berarekin, Euskal Medikuntzaren Bibliografia historikoa argitaratzen hasi zen, 1980-87 urteen artean lau liburukitan argitaratua. Aldi berean, ikerketa monografiko eta diziplinarra lantzen du. Luis Goti Iturriaga irakaslearekin lankidetza estuan, Los médico vascos (1982) eta Historia del Hospital de Basurto (1983) lanak egin zituen, besteak beste. Azkenik, 1983an, Historia de la Medicina Vasca argitaratu zuen, euskal iragan medikoaren azterketa orokorra, non euskal jatorriko medikuen eragina erakusten baita Espainiako Medikuntzaren bilakaeran eta Euskal Medikuntza baten bereizte-prozesuan. Burgesia industrialak gaitasun handiko klase mediko baten eta laguntza-zerbitzu egokien «sostengatzaile ekonomiko» gisa duen zeregina nabarmentzen du. Bere ekimenez, «Cuadernos de Historia de la Medicina Vasca» (1981) eta «Estudios de Historia de la Medicina Vasca» (1980-87) monografien bilduma argitaratzea bultzatu zen. Halaber, Entziklopedia honetako Medikuntza artikuluaren egilea

da.