Arkitektura

San Pedro Parrokia. Abinzano

Abinzanoko San Pedro parrokia, tipologiaren ikuspegitik, landa izaerako estilo protogotiko batean sartzen da, Nafarroan aski garatu zena XIII. mendearen lehen urteetan.

Eliza horretan hargintzako zenbait lan daude dokumentatuta 1667. urtetik aurrera. Horietan Pedro de Olabide eta Martin de Olarriaga maisuak ageri dira. Hiru ataleko oinplano angeluzuzena dauka eta abside erdizirkular bat, eta estaldura kanoi erdiko zorrotza da, parpain-arku angeluzuzenen gainean. Absidea esfera-laurden batekin estaltzen da. Oinean arku eskartzanoko koru bat bolaz apaindua, zurezko balaustrada batean bermatuta, barrokoa. Sakristiak oinplano angeluzuzena du eta gurutzeria erako estaldura, euskarri modura mentsulak eta zutabe poligonalak. Sakristia hori burualdearekin lotzen da Epistolaren aldean.

Barnean nahiz kanpoan silarri txikiko murruak daude. Kanpoaldean abside erdizirkularra nabarmentzen da, nabean zehar luzatzen diren zuburu lauko teilatu-hegala ageri duena, dorrean ere ikus daitezkeenak. Portada Ebanjelioaren aldeko tarteko atalean irekitzen da, ziriz hornitutako arkibolta hirukoitzeko arku zorrotzarekin, kolomatxoetan bermatua kapitel lauz. Kanpoaldeko arkiboltan gurutze bat dago zizelkaturik. Koruaren atalaren gainetik dorre prismatiko dotore bat altxatzen da, eliza bezalaxe, XIII. mendekoa.

Erretaula nagusia estilo barrokokoa da eta XVII. mendearen amaierako data du, santutegi-erakustoki ikusgarri batekin. Santutegia zutabe dorikoz osatzen da eta erakustokiak dorre itxura hartzen du. Erretaulan ikus daitezke predela, zutabeen artean hiru kale dituen gorputza eta arku beheratua ageri duen atikoa alboetako hegal itzelen artean. Masonerian ez da jatorrizko pintura mantentzen. Soilik titularraren (San Pedro) tailua eta atikoko Kalbarioa dira erretaularen garaikoak.

Gainera, Epistolaren aldean, XVI. mendeko Gurutzefika bat dago, estiloari dagokionez erromanismoaren aurreko kutsua duena, arku beheratuko horma-hobi baten azpian. Alde horretan bertan zilindro formako fustea duen bataiarria eta katilu erdi esferiko laua kokatzen dira.

Azkenik, sakristiaren geletan harrizko ur-txarro bat mantentzen da, estilo barrokokoa, eta zilar urrekarako kaliza bat, neoklasikoa, 1797koa. Kaliza horren ertzetan perladun trokelatua ikus daiteke eta oinaren erlaitzean zenbait marka ageri dira. Oin horretan egilearen izena (SASA), data (97) eta Iruñeari (Pamplona) dagokion P hizkia ikus daitezke. Amaitzeko, zurezko kopoi bat mantentzen da, urreztatu gabe.