Arkitektura

San Migel parrokia-eliza. Arrazola

Arrazolako San Miguel parrokia-elizak estilo gotiko eta errenazentista uztartzen ditu, oinplano angeluzuzena dauka, nabe bakarra eta burualde zuzena.

Barnealdea Manuel Maria Smith arkitektoak 1919an egindako kupula faltsuekin dago gangatua. Lanak ez du interes handirik pizten, izan ere, egurrezko estaldura ezkutaturik dago, tarteka azaleratzen den arren murrutako zati batzuetan. Guztia harlangaitzez egina dago. Soilik dorrean eta barnealdeko murruetan ikusten da harria, izan ere, gainerakoak itxura kareztatua erakusten du kanpotik. Kanpoalde horretan erdi-puntuko baoren bat agertzen bada ere, itsututa daude eta argi-iturri funtzioa nabea goialdetik kurritzen duten ateburuek soilik betetzen dute. Bi sarrera ditu, horietako bat alboratua dago eta interesgarria da, arku zorrotzekoa, tenpluaren tipologia orokorrarekin bat etorriz. Beste sarrera oinean dago eta erdi-puntukoa da. Atxikitako elementu gisa, hegoaldeko murrua eta burualdearen zati bat korritzen dituen arkupea eta XVIII. mendearen amaieran eraikitako dorrea aipa daitezke. Hiru gorputz ditu. Beheko zatiak arkupearen luzapen funtzioa betetzen du, erdikoa luzea da eta gezileiho batzuk ditu eta, azkenak erdi-puntuko arkupean kanpaiak gordetzen ditu eta erremate modura, pinakuluak eta forjazko gurutzea ageri duen piramide formako kupula.

Arte higigarriari dagokionez, erretaula nagusia nabarmentzen da batez ere, erromanista, hiru kale, hiru altuera eta atikoa dituena. Behealdean apostolutza bat dago, erdiko kalean eteten duena predelaren zati handi bat hartzen duen behe harlanduzko kalbario batek. Gainerakoa, erdierliebean, Jesusen bizitzaren eszenekin eta deitura ematen dion santuaren irudiarekin. Erdiko horma-hobian, berriz, arku karpanelaren gainean, tronuan jarritako Ama Birjina dago haurtxoarekin. Atikoan San Miguel Arkanjeluaren tailua dago. Guztia zutabe joniko eta korintiarrekin bereizia, kutsu oso klasizista batekin estilo orokorrari jarraiki, XVI. mendearen amaierari edo hurrengo mendearen hastapenari dagokiona. Era berean, XVII. mendearen amaierako kaliza bat nabarmendu behar da, klasizista.