Arkitektura

San Martin parrokia. Etxalatz

Etxalatzeko San Martin parrokiak erdi aroko jatorria du. Dena den konponketa andana egin dira bertan eta, horien ondorioz, nahiko itxuraldatuta dago.

Nabe angeluzuzena du. Bertako atalak mentsuletan sostengatzen diren hiru parpain-arkuen bidez bereizten dira. Mentsula horiek luzitutako kanoi erdiko ganga faltsua indartzen dute. Ebanjelioren aldean kanoi erdi faltsuz estalitako oinplano angeluzuzeneko kapera-panteoi bat irekitzen da. Gainera, sakristia bat ere bada bertan, oinplano angeluzuzena duena. Oinean zurezko koru bat dago. Kanpoaldetik kontrahormaz hornitutako harlanduzko bloke zainduaren itxura du. Sarrerako atea erdi-puntukoa da, bi kontrahormen artean atxikitzen da, eta XVI. mendekoa da.Elizaren barnean bi erretaula nabarmentzen dira. Erretaula nagusia San Martini dago eskainia, estilo barrokoa du eta XIX. mendean eraldatu egin zen izaera klasizista batekin. Gainera, marmolaren ehundura imitatzen duen polikromiak klasizista kutsu hori indartzen du. Gorputzean XVIII. mendeko tailu barrokoak mantentzen dira. Horietan irudikatzen da, besteak beste, San Jose Haurtxoarekin, laino eta aingeruz apaindutako oinazpiko gainean. Tailu zabarrena San Martinena da, kapa hedatuta agertzen dena. San Antonioren tailua ere ikus daiteke, San Joserekin bikotea osatuz. Atikoan Gurutziltzaketa barroko bat dago. Santutegiak estilo erromanista du eta 1600 ingurukoa da. Erretaularen alboan San Lorenzoren tailu bat kokatzen da, hori ere barrokoa.

Epistolaren aldean lekutzen da elizako bigarren erretaula, Sortzez Garbiari eskainia. Erretaula horrek oinplano konbexua du, XVIII. mendearen bigarren erdialdeko rokokoari dagokiona. Gainera, horma-hobietan garai hartako markoztatze bereziak daude, oso mugituak. Bertan hainbat tailu, esate baterako, San Esteban titularrarena, Sortzez Garbiarena (zutargia) eta Andre Maria Arrosariokoarena, guztiak barrokoak. Andre Maria Arrosariokoaren irudiak interes artistiko handia du, izan ere, jantziak izur dinamikotan islatzen dira eta ardura handiz egindako lana da. Atikoan San Basilioren irudia gailentzen da, hori ere barrokoa. Gainera, erretaula horren aldamenean Palomako Ama Birjinaren mihise barroko bat dago.

Orobat, elizan Ama Birjina Zuria ohoratzen da, XIII. mendeko tailu erromanikoa, aurrealdeko posizioan haurtxoa jesarrita dagoela, amaren belaunetan.Elizan XIX. mendeko bataiarri bat gordetzen da ,estilo eklektikoa duena. Gainera, ur bedeinkatuaren bataiarri bat ere badago, lauki formako katilu batekin, dataren inskripzioa (1707) erakusten duen fuste ildaskatu batean bermatzen dena. Horrez gain, Epistolaren aldean, Arantzazko Koroapena irudikatzen duen margolan bat ere mantentzen da, XVII. mendekoa.

Azkenik, sakristian gordetzen diren zilarrezko bi piezak aipatu behar dira, hots, 1782ko kaliza barroko bat, eta 1713ko kopoi bat, traza barroko mugitua eta mailuz landutako landarezko irudiak lehenesten dituen langintza fina erakusten dituena.