Arkitektura

San Martin parrokia. Azpa

Azpa herriko San Martin parrokian erdi aroko espazioa eta aro horretako beste zenbait elementu mantentzen dira, 1200 ingurukoak. Haatik, XVI. mendean egindako konponketen ondorioz parrokia eraldatu egin zen ia osorik.

Nabe angeluzuzena dauka, hiru atal, burualde zuzena eta Epistolaren aldean lauki formako kapera barneratzen dituena. Koruaren gainean bi gingileko mentsuletan sostengatzen den kainoi erdiko ganga zorrotzeko atal bat dago. Gainerakoa XVI. mendeari dagozkion estalkiekin estaltzen da, tertzelete eta giltzarriz apaindutako izar-gangaz, alboko kapera salbuetsita, hori gurutzeria sinplez baitago estalia. Zurezko korua oinean altxatzen da habetan sostengatuta. Sakristiak oinplano angeluzuzena dauka, burualdera dago atxikia Ebanjelioren aldean, eta kanoi zorrotzeko estalkiz dago estalia.

Kanpoaldetik begira, elizak silarrixkazko multzo sinple bat osatzen du, alboetan kontrahormak dituena teilatuaren parera iritsi arte. Parrokiara sartzeko atea ateburuz hornituta dago eta hartako tinpanoa arestian deskribaturiko etxeetako batean dago berrerabilia. Dorreak kubo formako gorputza dauka, erdi arokoekin alderatuz ezberdina. Oinean altxatzen da, gezileiho bat dauka eta kanpaiak paratzeko erdi-puntuko arku bat.

Erretaula nagusi modernoak estilo neogotikoa dauka, eta XX. mendearen hastapenekoa da. Erretaula horretan beste leku batzuetatik ekarritako tailu barroko zenbait aprobetxatzen dira, esate baterako, Andre Maria Arrosariokoa eta San Jose bat. Titularra, San Martin, modernoa da.

Bataio-kaperan, Epistolaren aldean, dagoen bataiarriak zirkulu formako harroina eta zilindro formako fustea ditu, eta erdian eraztun formako moldurak. Katilua laua eta erdi esferikoa da. Gainera, alde horretan, Janzteko Ama Birjina dago, XIX. mendekoa. Koruko murrutik mihise barroko bat zintzilikatzen da, XVII. mendekoa (260 x 240), balio artistiko urrikoa. Mihise horretan San Martin zaldi gainean ikusten da, kapa hedatuta, San Joan Bataiatzailearen eta Ebanjelistaren artean. Sakristian XVII. mendeko Jesus haurtxo zabar bat eta zilarrezko bi pieza daude, kaliza bat eta kopoi bat, barrokoak eta dekoratu gabeak.