Arkitektura

San Lorenzo parrokia-eliza. Arrieta

Arrieta herrigunearen goialdean dago San Lorenzo parrokia-eliza, XIII. mendearen lehen erdialdean eraikia, nahiz eta XVI., XVIII. eta XIX. mendeetan sarritan egin diren konponketak, haren itxura erabat eraldatu dutenak.

Gaur egun lau atal ezberdin dituen nabe bat dugu. Burualde lauduna eta lauki formako kapera txikiak gurutzaduraren alde bakoitzean irekita. Nabea ilargixkadun ganga barroko batek estaltzen du, oinaren atalean izan ezik, bertan teilatu lau modernoa ikusten baita. Alboetako kaperak XVI. mendeko ganga batek estalita daude. Ganga hori tertzeleteduna da, giltzarri lauz hornituta. Alboetako murruek idi-begi erako zuloak dituzte, XIX. mendean ireki zirenak barnealdea argiztatzeko. Oinetan laneko koru bat altxatzen da. Bertara iristeko marko zorrotz bat igaro behar da. Marko hori pilare prismatiko handietan sostengatzen da, kontrahorma modura. Agian erdi aroko aztarnak izango dira. Sakristiaren oinplanoak ia lauki forma dauka eta burualdera atxikita dago Epistolaren aldean.

Kanpoaldetik elizak harlanduzko multzo homogeneoa osatzen du, burualdea indartzeko diagonalean paratutako kontrahormekin. XVI. mendeari dagokion ezaugarria da hori. Arkupea igaro ondotik, kanpoko inposta eta arku gainean dagoen erdi-puntuko arku sinple batetik sartzen da elizara. Azkenik, kanpoaldeko ikuspegi horri dagokionez, dorrea nabarmentzen da. Dorrea, erdi aroko ereduari jarraiki, oinean altxatzen da, nabearen gainean. Gorputz prismatikoa dauka eta bertan erdi-puntuak irekitzen dira kanpaiak jartzeko, eta bertako horma-atal batzuetan idi-begiak daude.

Elizan mantentzen diren lanen artean dago Haurtxoa duen jesarritako Ama Birjinaren tailua. Gotikoa da, XIV. mendearen bigarren erdialdekoa, baina polikromia modernoa dauka. Halaber, titularraren, San Lorenzoren, irudi moderno bat dago, eta baita zutargiko Andre Maria Doloretakoa ere. Azken hori XIX. mendekoa da eta gurutzaduraren kaperan egiten zaio gurtza.

Garrantzi gehiago du parrokian gordetzen den urregintza-bildumak: Zilarrezko bi kaliza, horietako bat XVII. mendearen bigarren erdialdekoa, laua, bestea, XVIII. mendearen amaierakoa edo XIX. mendearen hasierakoa, PASTOR zilargilearen markarekin; zilarrezko bi kopoi, bat barrokoa, Iruñearen PP hizki koroatuekin eta ES/PTO idazkiarekin; eta beste bat, berantiarragoa, estetika neoklasiko batekin. Baina bilduma horretan zilarrezko prozesio-gurutze bat (53 x 50) nabarmentzen da, Felipe de Guevara eta Sancho de Urnizarekin lotzen dena, nahiz eta atzealdeko gurutzaduran agertzen den LUIS marka (Leon markak gainjarrita) Luis de Suescun zilargileari dagokion. Gurutzeak traza errenazentista dauka, zirkulu formako gurutzaduraz eta balaustrada formako beso lauekin, muturretara hedatzen direnak disko formako pintura-konposizio zenbait hartzeko. Dekorazioa oso trinkoa da, zizelkatze-lan finekoa, eta kerubin, katamalo edota trofeoen errepertorio plateresko batekin. Errepertorioa osatuz Ebanjelarien medailoiak aipatu behar dira, muturretan, atzealdean, non gurutziltzaketaren irudiak anatomia adierazkorra erakusten duen. Gurutzearen atzealdeko muturretan lau medailoi daude. Horietan profeten erliebeak ikus daitezke, parrokiako titularraren, San Lorenzoren, irudia inguratuz. Pieza hori XVI. mendearen bigarren erdialdekoa izan daiteke, izan ere, lehen errenazimenduko zantzuak eta behe-errenazimenduko beste zenbait ikus daitezke aldi berean, korapilo modernoa gaineratuta.