Arkitektura

San Andres Parrokia. Ezprogi

San Andres parrokia, Ezprogi herrian kokatutako tenplua da, jatorriz erdi arokoa. Dena den, itxura berantiarragoa du XVI. eta XVII. mendeetan egindako konponketen ondorioz.

Hi atal ezberdin eta burualde zuzena dituen nabe bat du, eta aurretiko atalera bi kapera angeluzuzen irekitzen dira. Oinean zurezko koru bat altxatzen da, zizelkaturiko mentsuletan sostengatzen dena. Burualdera atxikita, Epistolaren aldean, oinplano luzeko gela bat dago. Nabea luneta-ganga barrokoz dago estalia, Ebanjelioaren aldeko kapera sei horma-ataletan banatutako gangaz estaltzen da, eta Epistola eta burualdekoa ertz-gangaz.

Kanpoaldetik tenplua silarrixkazko multzo modura ikusten da, kontrahormen bidez etendako itxura horizontala duena. Teilatuaren azpitik erlaitz molduratu batek zeharkatzen du tenplu guztia. Nabearen bigarren atalean, Epistolaren aldean, estilo klasizistako portada bat irekitzen da. Portada hori hustutako lau pilastra dorikoz, triglifo eta metopadun frisoz eta gurutzea duen frontoi zuzenaz osatzen da. Sarrerako atearen aldamenean ur bedeinkatudun bataiarri bat dago, katilu beneratua duena, XVII. mendekoa. Dorreak forma kubikoa du eta nabearen oinera atxiki eta haren gainetik altxatzen da arinki.

Ebanjelioren aldean bataiarri bat dago, katilu beneratua duena eta fuste erreboildun batean sostengatzen dena, XVI. mendekoa. Kaperan irudi modernoak dituen erretaula bat gailentzen da.

Presbiterioan erretaula nagusi moderno bat dago, XX. mendean egina. Erretaula horretan irudi modernoak ikusten dira, atikoan dagoen San Miguelen irudia salbuetsita, hark XVI. mendeko ereduei jarraitzen baitie. 1711. urtean kontratatutako erretaula ez da mantentzen.Epistolaren aldeko kaperan Gurutziltzaketari eskainitako erretaula bat dago, estilo barrokoa duena, XVIII. mendearen lehen herenekoa. Erretaula hori horrela egituratzen da: mentsuladun predela, estipiteen arteko gorputza, hegal handiak, atikoa eta goialdean frontoia. Gurutziltzaketa tailu barroko herrikoia da.

Koruan murrura eutsitako aulkiteri bat dago; ohorezko aulki nagusia rokoko garaiko gaiekin dago apaindua eta gainerakoak estilo manierista batekin, geometrikoagoa. Leku horretan bertan San Sebastianen tailu bat dago, hondatu samarra.

Sakristian harrizko ur-txarro bat dago, barrokoa, pilastra artean. Gainera, hiru eskultura daude: XVII. mendeko San Martin barrokoa; trozaldun Gurutziltzaketa bat, hori ere barrokoa, baina XVIII. mendekoa; eta XVI. mendeko Santa Marinaren tailu bat, jatorrizko polikromia mantentzen duena, eta dagoeneko desagertuta dagoen izen bereko ermitako titular izan zena.

Sakristia honetan mantentzen diren urregintza-piezei dagokienez, zilar urrekarako kaliza bat nabarmentzen da, estilo barrokoa duena, eta Peruko piezak oroitarazten dituen (esate baterako, Iturgoien, Lorka eta Lezaunekoak) tipologia erakusten duena. Zilarrezko beste kaliza bat mantentzen da, estilo barrokokoa, korapiloduna eta 1725 data erakusten duen inskripzio bat duena. Interesgarria da, era berean, zilarrezko kopoi-ekisaindua, ziurrenera XVI. mendearen azken laurdenekoa, tipologiari dagokionez Aragoirekin lotzen dena. Probintzia horrekin harreman estua du Zangozako tailerrak, eta tailer horretan aritu zen Pedro de Eslava zilargilea, zeinaren marka birritan dagoen grabatuta piezan. Ilargitxoa modernoa da. Azpimarragarriak da dekorazio trinkoa, behe errenazimenduko gaiekin zizelkatua. Gainera, hainbat irudi agertzen dira Elizako Gurasoen artean, esate baterako, San Mateo eta San Marcos. Halaber, oparotasun-adarrak dituzten haurrak ere ikusten dira. Amaitzeko, krisma-ontzi pare bat dago, XVIII. mendekoak. Krisma-ontzi horiek kutxatila forma dute eta atzapar erako hankak. Beren estalkia trapezoide formakoa da, eta goialdean gurutzea kokatzen da. Bi pieza horietan, atzealdean, PP koroatu bikoitzaren marka (Iruñeko tailerrari dagokiona) eta benera txiki bat ikus daitezke.