Bestelakoak

Salamon

"Ehiztari erratuaren" izenetako bat Salamon edo Xalamon erregea da. Bertsio batzuen arabera, ehiztari horrek ez zion eskale bati hark eskatutako limosna eman nahi izan, eta orduan, hodei batek ehiztaria eta txakurrak altxatu eta Ilargira eraman zituen. Han dago oraindik ere, ehizan atsedenik gabe, eta han jarraituko du, Ilargiak iraun bitartean (Eskualduna, Baiona, 1913ko apirilaren 11).

Dohoztin diote haize gogorra dabilen gauetan Xalamon erregea eskualde hartako mendietan ibili ohi dela, txakurrekin batera. Esaten dute mezara joan zen batean erbi bat -deabruak itxura hori hartu zuen- ikusi zuen tenpluko ateetatik gertu igarotzen. Meza utzi, eta elizatik irten zen erbiaren atzetik, txakurrekin. Gero, airean hegaka hasi zen txakurrekin batera. Oraindik ere espazioan dabil, eta ez du erbia ehizatzea lortu.

Amezketan, Mateo-txistu deitzen diote, eta hura pasatzean, hamabost egun irauten dituen ekaitza egon ohi da.

Erref. Jose Miguel de Barandiaran: Eusko-Folkore, 2. seriea, 173. zk; Resurrección María de Azkue: Euskalerriaren Yakintza" III, 438. or.