Pintoreak

Saez Garcia, Juan Angel

Margolaria eta irakaslea izan zen Gasteizko Arte Ederren Akademian (gaur egungo Arte eta Lanbide Eskolan). 1811n jaio zen Errioxako Pradillo de Cameros herrian, eta Herreria kalean zuen etxebizitzan hil zen 1873ko otsailean.

Jaio zenerako ez zuen aitarik, eta ama ere lau urte bakarrik zituela hil zitzaion. Hamar urte besterik ez zituela gurasoen herria utzi zuen eta Madrilera joan zen, bere bi anaiengana: Pedro Jose eta Benito Ramon. Biak margolariak ziren, lanbidez, eta Juan Antonio Ribera eta Juan Galvez gorteko margolarien zirkulu berean sartuta zeuden.

Juan Angelek San Fernandoko Arte Ederren Akademian ikasi zuen. Benito anaiarekin eta Galvez maisuarekin lankidetzan aritu zen El Pardo, El Escorial eta la Granja de San Ildefonso Errege Jauregia dekoratzen. Ogibidearen ezagutzak bereganatu eta gero, dekorazio lanak utzi zituen, eta Gasteizen pintura eta figura marrazketa eskolak ematen hasi zen, garai hartan El Campillon zegoen Arte Ederren Akademian (1839ko abenduan). Hogeita hamar urte baino gehiago eman zituen lanpostu berean, hil zen arte.

Gasteizen ezkondu zen Francisca Andueza y Arteagarekin, eta familia handia osatu zuen: sei seme eta lau alaba. 1868ko la septembrina zela eta, hiriburua aldi baterako utzi zuen. Badirudi karlistekin bat egiteko joan zela, eta hilabete batzuetan Parisen babesa aurkitu zuen. Ziurgabetasun politikoko uneak igarota, Juan Angel Saez Arabako hiriburura itzuli zen.

Tradizionalki, ezizen edo goitizen horrekin ezagutu da Juan Angel Saez Garcia margolaria. Gasteizen XIX. mende erdialdera margotu zituen ikuspegiengatik, alegia. Hona hemen bere plaza, kale eta eraikin nabarmenetako batzuk: Gasteizko Plaza Zaharraren ikuspegia, San Frantzisko kaletik hartuta, Plaza Zaharraren ikuspegia: Gasteiz, 1854, Mentiron ikuspegia, Gasteizen, Plaza Berriaren ikuspegia, Errege Atetik sarrera, Aldundiaren Jauregiaren ikuspegia, Aldundiaren Jauregia berrituta, Gasteizko Hiriaren Antzokia, Institutua, Modelo presondegia, erruki-etxea, eta abar.

XVIII. mendean jaio zen "vedute" paisaia-generora bueltatzen da panoramikak eta hiri kokapenak egiteko; genero hori Italiako hirien ospea islatzeko intentzioarekin sortu zen, eta XIX. mendean Espainian ere nabarmen hedatu zen, irakaspen akademikoei esker. Lan horiekin erlazionatzen dugu Juan Angel margolaria; baliteke gehien zabaldu zuen alderdia izatea hura, nahiz eta beste pintura genero batzuk ere landu zituen: erretratua, erlijio-eszenak, koadro historikoak, edo genero motiboak.

Gasteizen bitan bakarrik ikusi ahal izan da margolari honen obra, eta esklusiboa izan da gainera; hau da, monografikoa: Olagibel kaleko Udal kutxaren Hitzaldi eta Erakusketa Aretoetan, 1952ko maiatzaren 19tik 28ra, eta, beranduago, Montehermoso Kultur Etxean, 1998ko urtarrilaren 16tik martxoaren 1era.

  • ARCEDIANO, Santiago. Catálogo Juan Ángel Sáez y García. Montehermoso Kultur Etxea, Gasteizko Udaletxea, 1998ko urtarrilaren 16tik martxoaren 1a arte.
  • CANTERA ORIVE, Julián. Un pintor de Vitoria de mediados del siglo XIX. Don Ángel Sáez García (1811-1873). Gasteizko Udal Aurrezki Kutxa, 1952. (Cantera Orivek lehenago argitaratutako lanaren berrinprimatze ia osoa, aldaketa batzuk ere dituenak. CANTERA ORIVE, Julián. "Un pintor riojano de Pradillo de Cameros (Logroño) D. Juan Ángel Sáez García (años 1811-1873)". Berceo, Logroño, 1950.)
  • CERRILLO RUBIO, Lourdes. "Vistas de la ciudad de Vitoria en la pintura de Juan Ángel Sáez". Actas del II Coloquio sobre Historia de la Rioja (III). Zaragoza: Errioxa-Logroñoko Unibertsitate-Eskola, 1985eko urriaren 2tik 4ra, , 1986.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.