Konposatzaileak

Romano Ugarte, Julián María

Badakigu Julián Romanok, bere bizitza osoan zehar zenbait musika-tresna (gaita, pianoa, gitarra, bandurria eta biolina) menperatu zituela hainbat dokumentu pertsonal eta ofizialek eta material eta eskuizkribu pribatuek honela frogatzen dutelako. Musikariaren prestakuntza zorrotza izan ez bazen ere, hainbat tresnatan eta konposizioan zuen gaitasun eta trebetasunak bere kabuzko ikaskuntza dakarkigu gogora.

Julián Romanok, konposizioan eta moldaketetan musikari iaioa eta trebea izateaz gain, interpretazio-ahalmen ezin handiagoa ere bazuen, gaitarekin bereziki. Baina ez hori bakarrik, gaitaria Lizarrako familia dirudunen seme-alabei musika-eskolak ere ematen ibili baitzen, familia hauek zenbait alditan euren egongeletan egindako musika-emanaldietan jotzeko gonbidapena ere luzatu ziotelarik. Romano erijiozkoak ez ziren eta udalak antolatutako ospakizunetako musikaria izango zen, Europan indarrean eta modan zeuden dantzen moldaketak eta konposizioak sortuko zituena.

Bere bizitzaren azken momentuak Udal Bandaren zuzendaritzan emango zituen, garai hartan gaitarako lan gehienak sortuz eta hiriaren zerbitzurako "kalitate oneko" gaitarien irakaskuntzan modu ofizialean arituz.

Lizarrako Udal Agiritegian Julián Romanok eskuz idatzitako koaderno bakarra baino ez da gordetzen eta honetan konposizioetako bigarren ahotsak bakarrik agertzen dira. Hala ere, Demetrio bere semearen izenpean, gaitarako 260 konposizio biltzen dituzten bost koaderno dokumentatzen dira, hau Romanotarren errepertorio zabalaren lagina delarik. Konposizioen estilo eta generoei begira (6/8 eta 2/4ko rigodoiak; balsak; bals-polkak; polka mazurkak; sotis; habanerak; jotak; sonatak; zortzikoak; eta abar.), Julián Romanok modaren ildoko errepertorio berria sortzeaz gain, musika-teknikaren, ahotsen portaeraren eta mekanismo tonalen ezagutza zabala eta zuzena erakusten zuen. Aipatu beharrekoa da gaur egun, Romanoren eskutik sortutako musika honek Euskal Herrian aritzen diren gaitari guztien errepertorioa osatzen duela.

Larrain-dantza. Julián Romanoren gaitarako errepertorioaren barruan dantza aipagarria da hau, Euskal Herriko dantza nazionaltzat hartua izan delako. Modu koralean dantzatzeko zazpi piezako suite hau, gaitarako errepertorioaren barruan, bi gaita eta danborrerako lanik aipagarriena da. 1903. urtean argitaratutako panfletoak deskribatzen duen moduan, gaitaren dantza zaharra, On Julián Romanok, Lizarrakoa zen gaitariak, lehen aldiz musikaratua.

Bai berak eskuz idatziak, bai bere semeak utzitako ondarean bilduak, "Sonatak" izeneko mugimendu bakarreko hamazazpi konposizio labur heldu zaizkigu. Konposizio ezberdinak dira, klasizismoaren ildokoak, arina, atsegina eta distiratsua den musika erromantikoaren estilokoak, hainbat mekanismo tonal eta durundi birtuosoko hamaika bira melodiko dituztenak. Julián Romanok, XIX. mende bukaerako Lizarrako burguesia alaitzeko asmoz, egile ezagunik ez zuten bi gaitaz baina danborrik gabe jotzeko konposizio hauek moldatu zituen. Romanok gaita-bikotea kalea ez zen beste eremu sozial batera eramatea da konposizio hauen alderdirik interesgarriena.

Bai egile moduan bai moldatzaile moduan, Julián Romanoren errepertorioaren barruan gaita eta bandarako hainbat konposizio daude: Juguetes obligados, Pasodoble, Malagueña, Variaciones obligadas de dulzaina, Vals con variaciones, Capricho bascongado, Popurrí de aires estelleses. Lan hauen bidez, Romanok -era egonkorrean eta eskubide osoz- herriko musika-tresna, plazakoa, joera musikal berrien girorik adierazgarrienetarikoan sartzea lortu zuen.