Konposatzaileak

Ravel Deluarte, Maurice

Arrakasta eta porroten arteko lehian, aitorpenean, golardo eta sarien garrantzia artistikoan eta, are, aipatutako aferaren garrantzian eragiten duen bitxikeria modura gogoan izatekoa da honako pasarte hau: Ma mère l'oye obraren estreinaldian pianoan Godebsky senar-emazteen (Ravelen lagunak) bi haurrek eseri behar zuten berez, senar-emazteei eskainia baitzen obra, dena den, azkenean bi neskatok interpretatu behar izan zuten; horietako batek, Marguerite Longen ikaslea zenak, denboraren poderioz, halabeharraren azpikeriak, Mauricek horrenbeste denboraz desiratu zuena erdietsi zuen, hots, Erromako Sari Nagusia, Jeanne Leleu zen haur haren izena. Interesgarria da Frantziako sari irrikatsu horretan saritutakoen zerrenda gainbegiratzea denborak emandako epai gogorra eta hartan iltzatutako istorioak ikusi ostean.

Ravel Concierto para la mano izquierda enigmatiko eta asimetrikoari esker sartu zen Wittgenstein piano-jotzailearentzat bereziki idatzitako obrak egiten zituzten konpositoreen zerrenda pribilegiatu horretan, 1932an. Wittgenstein Lehen Gerrate Handian zauritu zuten Polonian eta eskuineko besoa moztu behar izan zioten. Zerrenda horretan, Mauricez gain beste izen famatu batzuk ageri dira, besteak beste, Serguei Prokofiev, Benjamin Britten, Paul Hindemith, Richard Strauss eta lehen aipatutako "apatxea", Florent Schmitt.

Bere akabu tragiko, kroniko eta dilatatua baino apur bat lehenago idatzitako kontzertuan interpretatzeko piano-obra horietan guztietan aldakortasun nabaria erakutsi zuen Ravelek, "engainuaren estetika" esan zuen Roland-Manuel aipatuz La Revue Musicale aldizkarian (1925eko apirila). Estetika horretan barneratzen dira neoklasizismo puruena, Concierto en sol obraren Adagio assai delakoan modu nabarian islatzen dena (Satieren eragin ahul bat hautemateaz gain), Faure bere maisuak ondare gisa utzi zion modernismoa, Debussyren inpresionismoa ukitu plastiko leun batez lagunduta eta, are, espresionismo zertzelada bat ere bai tarteka. Hori guztiori estiloei buruzko ariketa anitzak ahantzi gabe, adibide batera, arestian adierazitako parodiakoak edo sarraldi lotsagabeak eta baita genero ezagunagoen "englouties" argi bat, esate baterako, jazz, blues, ragtime edo jatorri hispaniarra duen musika folklorikoa, gordeka edo agerian. Horren harira, Fallak 1907ko Mauriceren Rapsodie espagnole obran nahiz Debussyren "orkestrarako irudia" zen Iberia (1909) delakoan, errespetu folkloriko eta imitazio modal artifizioso eta egokiaz haratagoko zerbait antzematen zuen, arima hispaniar jatorrizkoa apika. Garai horretan (1907-14) Parisen bizi zen Cadizeko konpositore horren (1909-15) Noches en los jardines de España lanak zerikusi asko du enkantu horrekin, dagoeneko joan-etorrikoa zen harreman baten ondorioz.

Pianorako obra haietako asko bere katalogo sinfonikoan barneratu ziren, era burutsuan osatu zuen ekoizpen agian murritzarekin nahasten diren orkestrazioetan. Gauzarik ederrena zer da, bi bertsioek errepertorioan berdin-berdin irauten dutela, erabat pianorako eta goitik behera sinfoniko ezaugarriak bietara egokitzen delarik. Ildo horretatik, obra bakoitzak bere bidea egin du. Jatorrizko bertsioa zenbaitetan orkestrazkoa da eta, beste batzuetan, sarritan, pianorako. Horri dagokionez, Ravelek halako trebetasuna garatu zuen, ezen pianorako zein orkestrarako idatziek ez baitzuten sekula inolako baldintzapenik ageri, eta edozein hurrenkeran eman zitzakeen, bertsio bakoitzean pianoa edo sinfoniaren (dagokion kasuan) kalitatea murriztu gabe.

Bere ekoizpeneko ardatz eragileak teklatua eta orkestra sinfonikoa badira ere, tarteka irudi eszenikoak txertatuz, funtsezkoa da ganbera-musikan egin zuen ekarpen laburra. Corpus hori nahikoa egituratuta dago, berriz ere, pianoaren inguruan jakina, 1914ko Trío en la menor Andre Gedalge irakasleari eskainian ikus daitekeenez, baina egituraketa horretan maiz barneratzen du biolin eta pianoz osatutako duoa, horren adibide dira Sonata nº 1 (1897) eta nº 2 (1927), Berceuse sur le nom de Gabriel Fauré (1922) eta Tzigane "kontzerturako rapsodia" ikusgarria, piano eta orkestraz interpretatutako bi bertsioetan buhame (1924); dena den, egitura ez da soilik teklatuz osatzen, izan ere, dagoeneko aipatutako Cuarteto goiztiarraz gain, Introduction et allegro (1905) nabarmendu daiteke arpa solistaz septeto modura interpretatzekoa eta, halaber, Sonata para violín y violonchelo (1922) aipatu behar. Sonata horren lehen mugimendua Le Tombeau de Claude duoa izan zen, 1918an Debussy hil ostean La Revue Musicale taldeak baitaratu zuen musika-bilduma; hor, Bartok, Stravinsky, Satie eta Manuel de Falla ageri zaizkigu omenaldiaren eskaintzaile gisa.

Horien alboan, ahotsezko zikloek, orokorrean pianoz ezinbestean lagunduta, eremu erretorikoa ukitzen dute, aurrez Asie, Asie, Asie; La flûte enchantée eta L'indifférent lanetan jorratu zuena. Hiru horiek Tristan Klingsor "apatxeak" 1903an Schéhérazade izeneko bere obertura sinfonikoko testuaren gainean moldatutako hiru poema dira eta titulu berarekin agertu ziren ahotsez eta orkestraz interpretatzeko. Beste "apatxe" bat, Calvocoressi bere Chansons populaires grecques (1907) obrako testuen arduradun izan zen. Mélodies hébraïques (1914, orkestraz interpretatua 1919-20 bitartean) lanean testu yiddish tradizionalak erabiltzen dira, hebreera eta aramera nahastuz; Rêves (1927) Fargue poeta "apatxearen" testuei buruzkoa da; aipatu baita ere Trois poèmes de Stéphane Mallarmé (1913): Soupir, Placet futile eta Surgi de la croupe et du bond, kamera-multzoaz; azkenik, azpimarragarri dira Don Quichotte à Dulcinée (1932-1933) zikloko abestiak, baritono eta orkestrarako (pianorako bertsioa ere badu, Paul Moranden testuak hartuta (Chanson ...romanesque, ...épique eta ...à boire)).

Orri horiek guztiek forma anitzeko musika-ekoizpena osatzen dute, funtsezko corpus sinfonikoa eta eszenakoa hornitzen dutelarik, aipatu corpusaren kalitatea kaltetu gabe. Anbizio handiagoko proiektuak dira, zenbaitetan autoreak suntsitu zituenak edo galdu egin zirenak. Beste kasu batzuetan, ordea, kontzertu, opera eta balet arloko instituzio guztietako errepertorioen aitorpena dute, adostasun betean. Konpositoreak 1912an zirriborro bat suntsitu zuen, La cloche engloutie (1906-1912) operari zegokiona eta urte horretan bertan Gerhart Hauptmanni Literatura arloko Nobel saria eman zion obra homonimoan oinarritzen zena. Zirriborro hura L'heure espagnole "komedia musikalarekin" batera konposatu zuen. Azken hori ekitaldi bateko opera komikoa da, 1907an gauzatu zena Franc-Nohainen libretoa hartuz. Urte berean, ildo hispaniar beretik eta frigio erako jitez agertu zen aurrez aipatutako Rapsodie espagnole ezaguna (jatorrizko bertsioan bi pianoz interpretatzeko), mugimendu deitzaile eta kutsu hispaniarra zuena: Prélude à la nuit, Malagueña, Habanera y Feria.

Hurrengo hamarkadetan etorri ziren etengabe Ravelen maisulanak: hasteko, Daphnis et Chloé (1909-1912) balet koloretsu, iradokitzaile eta sensuala, "hiru zatitan emandako sinfonia koreografikoa" [M. R.: E. a., 1928], Fokine eta Ravel berak osatutako libretoduna eta II. edo III. mendeko Greziako idazle Longo (Longus edo Longos) oinarritzat hartuta; ondoren etorri zen Saint François d'Assise (1909-1910) galduta dagoena eta arestian aipatutako Ma mère l'oye, haurrentzako piezaren dantzarako bertsioa (1908-1910, Perrault eta Madame d'Aulnoyren ipuinetan inspiratuta; L'enfant et les sortilèges (1919-1925) opera, "fantasia lirikoa bi zatitan" Coletteren testua erabiliz egindakoa eta 1916ko Ballet pour ma fille obra divertimentoan oinarritzen dena; La valse (1919-1920) orkestrarako poema leuna, merkaturatzeko asmoz pianorako, lau eskuko pianorako eta bi pianotarako martxaren gainean transkribatu zena. Azken horri buruz esan denez, arrazoi osoz, nolabait Debussyren La mer poema sinfonikoak betetzen duen lekua hartzen du Ravelen katalogoan, nahiz eta iragarpen etsigarri baten forma ezerosoan izan [Roland-Manuel], dantza makabroaren adibide [Myers, 1960]. Poema coreográfico (sic) hori, beraz, hasiera batean Diaghilevek egindako enkargua zen Stravinskyren Pulcinella obrarekin batera estreinatzeko xedez; hala ere, zaputz atera zen eta Lamoureux eta Camille Chevillard kontzertu Aretoan première sinfoniko batekin etsi behar izan zuen, 1920ko abenduaren 12an zuzendu zuena. 1928ko azaroaren 20ra arte itxaron behar izan zuen, orduan Pariseko Operan Ida Rubinsteinen denboraldiko baleta taularatu zen, orduko hartan Walter Straram zelarik podiumean. La valse obrako espiritu oinazetsuak talka egiten du nonahi hedatu zen Boléro paregabearekin, orkestrarako balet hori azken urte horretakoa da (1928); are, Morgiane (1932) obrako amaitu gabeko zirriborroekin kontrastean da, azken hori oratorio-baleteko proiektu zapuztua izan zen, solista, koru eta orkestraz interpretatzeko Las mil y una noches libretotzat hartuta. Horrela, oraindik forma makur eta amaigabean, bere ekoizpen sinfonikoaren hastapen nahiz amaieran, kezka berdinak, leku komun berberak eta inspirazio-iturri eder berberak aurki ditzakegu, aztikeriak eraginda bezala.

Boléro obrak sekulako ospea ukan zuen eta hari darion eite karismatikoari esker, 1993ra arte Frantziako autore eta konpositoreen eskubideen elkarteak (SACEM) gehien esportatu duen obra izateko pribilegioa izan zuen. Gerora ere, leku berezia izan du obra hark, eta gailurrean mantendu da bere Moussorgskyren koadroen orkestrazioa, Daphnis, Ma mère l'oye edo Concierto en sol alboan dituela.

1913 eta 1914 arteko bere epistola-liburuari beha, piano eta orkestraz interpretatzeko sortutako euskal gaiei buruzko Zazpiak-Bat apunteek badute antzekotasunik Trío en la lanarekin, izan ere, azken horretan alboratutako kontzertu hartako arrastoak antzematen dira. Trio hori 1915eko urtarrilaren 28an estreinatu zen Pariseko Gaveau Aretoan Société Musicale Indépendante taldearen eskutik, pianoaren aurrean eserita Alfredo Casella zegoelarik. Bi horiek dira amaren aldetiko jatorriaren arrasto folklorikorik ageri duten aztarna bakarrak. Bide batez, aipagarri da konpositoreak, alde batetik, adore bereziz landu zuela ekialdeko exotismo kalkulatua, oso modu berezkoan baitaratu zuelarik antzinako greziera, hebreera, ijito-buhame eta afro-estatu batuarra bere korronte garaikide guztietan eta, hori guztiori, sustrai hispaniarreko inspirazio iraunkorra lagun. Azken inspirazio hori gotorleku gisa baliagarri zitzaion, urte horietan, gehienak bere alde baitziren, emaitza entzutetsuenak Errusia nazionalistan izan zirelarik, nahiz eta Frantzian ere ageri ziren, ezagun izatearren ospe gutxiago ukan ez zuten adibideak, esate baterako, nazioartean txalotutako Bizet, Lalo edo Chabrier.

Bere azken urteetan (1932-37) gaixotasun neurologiko progresibo batek astindu zuen eta Montfortl'-Amaury herrian erretiratu zen. Gaitz eta indar ahuldade horien eraginez makal zen edozein lan fisiko egiteko, baita Juana de Arcori buruzko opera bat egiteko ere, "bere buruan entzuten zuena" baina pentagraman islatu ezin zuena. Tragedia galiar eta unibertsal horrek, aldez aurretik, izan zuen egokitzapenik hemeretzigarren mendeko operaren eremuan: Tchaikovsky izan zen lehena La Doncella de Orleans 1881eko obrarekin, zeina Friedrich Schiller poetak izenburu berdinarekin idatzitakoan oinarritzen zen; haren atzetik, berehala, 1880an Chaussonen Jeanne d'Arc piano solista eta koru femeninorako drama lirikoa aurkitzen dugu; halaber, ez ditugu ahantzi behar, Cecil B. DeMillerek zinerako egindako Juana de Arco gordin eta dirdiratsua, Geraldine Farrar (1917) aktoresa eta sopranoa protagonista zela, edota Carl Theodor Dreyerren La pasión de Juana de Arco arras ospetsua, Maria Falconetti dugularik paper nagusia betetzen modu bikain, heroiko eta espresionista batean (1928). Garunean arrakastarik gabeko interbentzio kirurgiko bat egin ostean eguberritan hil zen Parisen, 1937ko abenduaren 28an.

Hil eta hilabete gutxi batzuetara, 1938ko maiatzaren 12an, jatorriz suitzarra izan arren hartzez paristarra zen musikari garrantzitsu eta seien eskola espresionistako ordezkari entzutetsu Arthur Honeggerrek hartu zuen Maurice baliogabetuaren azken desengainuaren lekukotza. Hark egindakoa da Jeanne d'Arc au Bûcher bi urte lehenago idatzi ostean. Lan hori, Paul Claudelen poema batean oinarritutako "oratorio dramatikoa" zen eta Basilean estreinatu zen Ida Rubinstein musaren eskutik. Rubinsteinek interpretatu zuen paper nagusia, modu horretan, aurretiko zor hura kitatu zuelarik itxura batean. Dena den, sekula ez dugu jakinago zein zen Ravelen buruan garatzen ari zen musika, hainbat urtez ezgaitua izan baitzen, ez dugu jakingo zein soinu erakargarrik egiten zuen durundi Ravelen garunean iragarritako heriotza hura gogora ekartzeko, heriotza, hain zuzen, bere larruan bizi izan zuena eta, agian, bere oinazealdiaren aringarri egoki.