Kontzeptua

Pedagogia

Hau da, Kanten Pedagogia argitaratu zenean (1803an), aurrerakuntzaren mundu berria sortzeko behar ziren baldintzen artean: garapenaren ideologia, hazkuntza ekonomikoa, politikan eta erlijioan arrazoiaren erabilera biak bereizteko.

Edo beste modu batez adierazia: trenaren bidezko komunikabideen birmoldaketa, lurrun makina dela medioko produkzio prozesuak, merkatu eta moneta estatu-nazioaren baitan kudeatzea, armada berriaren antolaketa etab. hezkuntzari buruz ikuspegi berria formulatzea izan zen modernitatea gauzatzen joateko ezinbestekoena. Pedagogia liburua Pedagogia den Hezkuntzaren Zientziarako aurrekaria izan zen.

Kanten Pedagogia bigarren mailako idazkia dela eman arren, badu, eduki, bere laburrean, modernitatea sortzeko genesian albora ezinezko osagarriak. Filosofia kritikoa bezain praktikoa eskaintzen du bertan (1769an De mundi sensibilis atque intelligibilis forma et principii hitzalditik aurrerako ekarpenak kritikotzat hartuak izan dira Kantengan). Ez da ahaztu behar, gainera, Kant ilustratua izan arren, ilustrazio ofizialaren kritikoa izan dela, orduko kultura guztiaren aztertzaile, beraz, Michel Foucaultek zioenez: "Kantek asmatu zuen gizaki modernoa". Hots, asmatzeak ez du aurkitzea edo formulatzea esan nahi "ezerezik sortzea" baizik. Hark ez baitzuen bilatu nahi izan ezaguera edo subjektuaren jatorria berau burutzea baizik.

Egungo Kaliningradoko orduko filosofoak famatu zuen "Sapere aude" izan zen Peztalozzi pedagogoak gaurko irakaskuntzaren muina diseinatzeko erabili zuen leloa. Izan ere, "gizakiak gizaki bihurtzeko hezkuntzaren bidea iragan behar duela" da arlo honetan Kanten ekarria eta, bere hartan, modernitatearen oinarrizko aldarrikapena izatera iritsi dena. Hitzez hitz, honako hau idatzia utzi zigun Ilustrazioari buruzko izkribuan:

Ilustrazioak gizakia heldugabetasunetik askatzea esan nahi du. Heldugabetasuna da norberaren ezagueraz beste norbaiten laguntzarik gabe baliatzen ez jakitea. Menekotasun hura bakoitzaren errua da baldin eta ezagutza falta beharrean ezjakintasun horretatik irteteko faltan dagoena norberaren grina bada. Sapere aude!, zure ezagueraz baliatzeko gauza izan! Hau duzue argituon leloa.

Moderniak maite zuen gizabanakoa, unibertsala, batua, diziplinatua, egonkorra, etengabeko hobekuntzaren bila dabilen betiereko ikaslea behar zuen izan. "Etorkizuna irabazteko iragana zein oraina gainditzeko premia" izan zen Ilustrazioaren mezua. Kanten Pedagogiak lelo horren alde agertzeaz gain, hura helburu bihurtu zuen, desiragarri bezain egingarria, eta zertze bidean ezarri zuen.

Kant gizonaren misantropia eta nartzisismo hipokondriakoarekin batera, utilitarismoa da haren nortasunaren adierazlerik nabarmenena. Bere bizitzan jakintza funtsezkoa izan zitzaion lanbide preziatua izan zitzaion neurrian. Jakiteak balio duela aldarrikatu izan zuenean, bada, berarentzat, dudarik gabe, baliagarria izan zitzaiola esan nahi zuen. Eta, bere aburuz, jakiteak balio duenez, hark asmaturiko gizaki berria sortzeko irakaskuntzaren erabilera ezinbestekoa suertatuko zaio baita, halaber, arlo horretaz berezko ezaguera: Pedagogia.

Idatzi ohi denaren aurka Kanten argiak ez zituen Metafisika zaharra iraultzeko balio izan. Egia da errealitatea gizakiaren eraikuntza dela zioela, eta horren arabera, pentsamenduak espazio mugatuetan funtzionatu behar duela. Beraz, metafisika, osotasunaren filosofia modura ulerturik bederen, amaitutzat hartu beharra dagoela berarengandik aurrera. Halere, Kanten mezua iluna bezain bikoitza da eta, funtsean, objektuak aztertzearen partez haiek ezagutzeko giza gaitasunaren mugak aztergai hartu zituelako da. Horregatik, ahalegin horretan, "giza hezigarritasuna"ri heldu behar izan zion haren proposamena den Filosofia modernoa, hau da "kritizismoa"ren xedea azaltzeko. Eskolastika zaharra alboratuz Filosofia berriaren helburua eta bidea oinarritu zituen, baina... zertan oinarritu, ordea?: inongo baldintzaren menpeko subjektu unibertsalarengan. Aurretik inoiz ezagutu izan ez den gizakiarengan. Pedagogia modernoaren bidez, sortu eta ekoiztu beharra zegoen gizabanakoarengan, hain zuzen.

Esan beharra dago, beraz, berriro ere, Kanten Pedagogia ez dela bigarren mailako libururik. Aitzitik, Kanten pentsaera era eraginkorrean laburtuz, gizarte garaikidea kritikoki aztertu ahal izateko, behar ditugun gakoak ematen baititu:

  1. Egiak nola eraikitzen diren erakusten digunak.
  2. Intelektualaren zeregin soziala "avant la lettre" plazaratu zuena.
  3. Zientzia eta letren arteko haustura eskolastikoa birformulatzeko baliagarria.
  4. Diziplina eta "punitioa" edo zigor pedagogikoaren erabilera aldarrikatzen lehena.
  5. Gizabanakoaren autonomia plazaratzeko balio izan zuena.
  6. Bakea, aldi berean, legearen eta etengabeko hobekuntzarako garapen gisa ulertu zuena.
  7. Denbora behar bezala kudeatu beharraren garrantzia azpimarratzen aitzindaria.

Kantek sortu zuen orduko Königsbergeko Unibertsitatean "Geografia Fisikoa" izeneko ikasgaia, arrakastatsua oso izan zena.

Aldiz, kosmopolitismo faltsuaren bidez, Egiaren unibertsalak direla medio eta Arrazoiaren aginduez etorri zen Holokaustoa (Betiereko bakea). Moderniaren ifrentzua.

Kanten lehengo mendeurrena zela-eta Ortega y Gassetek idatzi zuen:

"Kanten liburuetan ezkutaturik daude garai modernoen sekretuak, mugak zein bertuteak.... ahalegin handiak egin behar izan ditut gartzela horretatik aldentzeko. Haren eskolan heziak izan ez direnak nekez lortuko dute harengandik aldentzea. Mundu intelektualean kantiarrak direnik ez dakiten asko badago, garaiz kanpoko kantiarrak, eta gainera, betirako kantiarrak izango direnak zeren ez baitute halakoen kontzientziarik. Kantiar hauek dira, beraz, aurrerakuntzarako pisutsuak bezain baldarrak, eta pentsamenduaren garapenari traba besterik ez diote egiten."

(Ortega y Gassetek in Kant, Reflexiones de centenario. Espasa-Calpe. Madrid. 65. orrian).

Hau da, egun, posible al den kantiar ilustrazioaren egitasmo pedagogikoari eutsi (politikoa ere esan daiteke) haren oinarri epistemologikoari agerrarazi zaizkion kontrako arrazoiei erreparatu gabe?

Zeren eta, Kantengandik heredaturiko ustezko gizabanako unitario bezain unibertsala eta haren subjektibitatea da, hain zuzen, bai azken Wittegensteinek baita Gadamerren hermeneutikak ere, honezkero, kolokan ezarri dutena.

Azken honek, esaterako, kantiar ilustrazioaren epistemeren partez Aristotelesen phronesis erabiltzea proposatu izan du ethosen araberako gizarte-arrazionalitatea aldarrikatuz. Honela, politika aferetan (gizarte arazoetan uler daiteke), arrazoi unibertsala erabili beharrean tokian tokiko kultur bizipenetan oin hartzen duen logika praktikara eramatea ahalbidetzen du. Ildo beretik, Paul Ricoeurrek (Du texte à l?action) zientzian eta praktikan erabili beharreko ezaguerak desberdinak direla dio baina, erlatibismotik urrun, arrazoi praktikoak, pedagogian, etikan, politikan nahiz gizarte aferetan, eskua hartzeko logika zehatzak egon, badaudela diosku, norbere tradizio kulturalean oinarritzen direnak, alegia.

Ilustrazioaren hizkuntza zen frantsesa erabili beharrean, pentsamendu modernoa eraiki ahal izateko alemanera erabiltzen saiatu zen Kant. Latinaren premia bazuen ere, bere idazkietan hitz asko eta asko honezkero haren hizkuntzari utzitako ondareak ditugu egun. Ez zen horretan kikildu eta alemaneraren erabilera hezkuntzan defenditu zuen orduko Akademia munduan prestigiozko hizkuntzen ordez (latina zein frantsesa). Hezkuntza sisteman Erlijioari mugak ezarri zizkion eta gogamenari kritiko izatearen ezinbesteko baldintza ezarri zion. Honekin guztiarekin subjektu pedagogiko modernoaren ardatzak ere ipinita utzi zituen.

Kanten Pedagogia liburuak, bada ,egungo Pedagogia garaikidearen oinarri teorikoa izateaz gain, Ilustrazioaren egitasmo pedagogikoa gauzatzen lagundu zuen eta, bide batez, gizaki modernoa "betiereko ikasle" bihurtu bide zuen.

Ezin da, beraz, gaur egun Pedagogia zer den ulertu orduko erreferentzia haiek kontutan hartu gabe. Honako lerro hauek Pedagogia hitzak bere barne historian gorde izan dituen esanahi ezberdinak argitzeko eta birsortzeko balio bezate, aletheia hitz grekoak ematen duen bidean, hain zuzen, Pedagogiaren Lethos (edo estalkia) desestaltzeko...