Pastoralak

Pastorala

Herri antzerki mota honen jatorria finkatzerakoan iritzi kontrajarriak topatzen ditugu. Alde batera utziko ditugu XIX. mendeko ikerlarien (Xaho, Michel, Webster eta Vinson bereziki) atzeratuak geratu diren iritziak, zeren eta ikuspegi erromantiko batetik abiatuta Erdi Aroan edo lehenago ere kokatzen zituzten eta pastoralari benetan bertako izaera ematen zioten. Bere ustetan, historian zehar,  XV. eta XVI. mendetan Europan nagusi ziren eredu dramatiko herrikoiekin  batzen zen. Georges Hérelle izango da, mendearen hasieran, ikerketa sakona egingo duena zeinetatik sortuko diren azken azterketen ondoriozko bi iritziak. Hérellen ustetan, Erdi Araoaren amaieran Europako Mendebaldean hedatuta zauden Misterio, Mirakulu eta Moralitate antzez motan hasten den kate baten azken  katebegia baizik ez da pastorala. Hiri Eszenografia korapilatsuko, ze hainbat etxe edo drama-leku erabiltzen baitziren,  hiri antzezpen erlijiosoaren garapen garaia da zeinetan Bibliatik ateratako gaiak (batez ere Eguberria eta Pasio) hagiografia lanak eta biografia eredugarriak jokatzen ziren.

Garai hartatik aurrera, antzezpenaren pixkanakako soiltzea gertatuko da, alde batetik  erlijiozko teatroaren larreratzeak eragintakoa, eta, beste aldetik gaien dibertsifikazioak. Kontua ez da jada erlijioaren urteko une nagusienak ospatzeko antzezpen bat egitea, baizik antzezpen hori  herri festen testuinguruan kokatzea. Errepertorioan beste gai biblikoak eta erlijiosoak sartzen dira, profanoak (antzinako historiatik edo mitologia klasikokoak) “colportage” (1) literaturako egokitzapenak edo Bibliotheque Bleuekoak (2). Euskal herri teatroa aztertzerakoan kontuan izan behar den alderdi garrantzitsuenetako bat baserri kultura bazegoela da, Errenazimentuan zehar eta ondoren ere Europako Mendebaldean. Kultura honen adierazpen estetikoa errealismo isekagarria da, barre eragiteko antzerki herrikoian bere gauzatzea duena eta bere agerpen nagusiena inauterien ospakizunean.

Aski litekeena da antzezpen barregarri hori, zeinen eszenaratzea erlijiozko teatro hiritarraren sinplifikazioa zen, era dramatiko bera eremu oso batean barreiatzeko erabili zen sistema hedatzailea izatea, batez ere feria antzezpen eran. Alde batetik “compagnies joyeuses” deritzanak, antzezpenak  eta inauteri  festa inguruko beste ekintzak prestatzen zituzten gazte taldeak, larreratzen dira eta, bestetik, Kontrarreformaren lan doktrinaztzaile  eta ideologitzailea prozedura dramatiko honekin bideratzen da. Pastoralaren jatorriari buruzko teoria honek, bere funtsean Oihartzabal, Garamendi eta Juaristik defendatutakoa, Georges Hérelleren lanetan oinarritua eta kontuan harturik europar herri teatroari buruzko azken ikerketak (Rey-Flaud, Jacquot eta abar) , sinesgarritasun osoa dauka: botere absolutuak herri festa eta ohiturei buruz izan zuen jarrera aldaketarekin bat egiten du (Inkisizioaren lan errepresiboa bigarren mailara igarotzen da eta Elizaren jarrera ebanjelizatzailea barkamenean oinarrituko da eta ez zigorrean) eta gainera azaltzen du zergatik ez dugun XVIII. mendeko aurreko pastoralen libreto edo eskuizkriburik.

Oso dokumentatuta dagoen iritzi honen aurrean kontuan izan behar ditugu Peillen eta Casenaveren azterketak, besteak adina ez badute sakontzen ere, aurkezten dituzten hipotesiak eta ikerketa bideak ez dira nolanahi baztertzekoak. XVIII. mendea baino lehenagoko molde dramatikoak bazeudela defendatzen dute. Zehazki, Peillenek aurreko antzezpen euskal tradizio bat izan litekeena errepikatu ondoren ( Gabriel Aresti eta beste batzuk aspaldi defendatua) hainbat arrazoiengatik desagertu zena eta zeinez zati txiki batzuk besterik ez dira gorde, betiko pastoralarentzat, beherago aipatuko dugun, garapen eskema bat proposatzen du. Casenavek Erdi Aroan Zuberoako bertako antzerkigintza defendatzen du, Santa Graziko (Zuberoako hego-ekialdean, XI. mendekoa) kapiteletako irudietan oinarrituz, eta orain dela urte batzuk, Altzabehetiko eliza berregituratzekoan topatutako XIV.eko fresko batetan.

Bertan ikusi daiteke emakume errenkan kantari eskumako eskuan makila bana dutelarik eta, bere azpialdean, “Santa Gratiae” idazkuna. Baliteke izen bereko pastoralaren adierazpen ikonografikoa izatea. XIX. mendeko bi libreto ditugu izen horretakoak. Uste dugu pastoralaren jatorriari buruzko bi iritzi hauek elkarren osagarri izan daitekeela. Genero hau bertako antzezpen herrikoia dela ziurtatzen duten datu gutxi baditugu ere, garbi dago zuberoar gizarteak ezin baliotsuagoa den adierazpen kulturala jaso duela bere baitan, euskal literaturak mendebaldeko Europako  narrazio gai eta tradiziozko teatroarekin duen lotura gutxienetako bat, orain dela gutxi arte behintzat; beste eskualdetan desagertua den tradizioa bestalde.