Kontzeptua

Pandero

Pandero, Panderue, Pandereta, Panderetatxo, Atanbora

Mundu zabalean jotzen da kantu eta dantza doinuen erritmoa markatzeko perkusiozko soinu-tresna mota hau. Gure artean noiztik dagoen ez badakigu ere, jakin badakigu aspaldikoa dela panderoaren erabilera gure herri musikan eta azken garaietako euskal musikaren estilo ezberdinetan soinu-tresna erabilienetako bat bihurtu dela.

Euskal Herrian ezagutzen diren pandero arruntak borobilak dira. Zurezko uztai bati lotutako eta ondo tenkatutako larruzko mintza dute. Uztai bueltan, ilara batean edo bitan jarrita, dozena-erdi bat metalezko txinda edo sonailu dituzte. Panderoa esku batekin hartuta, beste eskuaren behatzekin larrua kolpatu eta igurtzi egiten da. Panderoak bi hots mota ezberdin ematen ditu: bat larruaren bibrazioena eta bestea txinda edo sonailuen elkar kolpatzeak eragindakoa. Txinda edo sonailu hauen hotsetatik omen datoz "trikiti" eta "trikitixa" onomatopeiak, ondoren "trikitilari"en akordeoiak bereganatu dituen izenak.

Gutxi izan bada ere, Euskal Herrian erabili izan dira metalezko txinda-sonailurik gabeko panderoak. Pandero karratua da gure inguruko beste herrialdeetan erabili izan den beste pandero mota, baina guk ez dugu aurkitu gurean lauki formako panderoaren erabilerari buruzko informaziorik. Salbuespen bakarra Baionako katedraleko XIII mendeko sakristiako portikoan aurkitu dugu. Bertako arkibolta batean, danbolintero, zarrabete-jole, xirolarru-jole, harpa-jole eta beste herri soinu-tresna batzuekin osatutako taldean halako pandero karratua jotzen duen soinulari bat ageri da.

Pandero, panderue, pandereta eta panderetatxo dira izendapen erabilienak. Baina ezin dugu ahaztu batzuetan soinu-tresna hau "atanbora", eta tambourin Bas-Navarrais bezalako izenekin ezagutzen dela eta Euskal Herritik kanpo tambour de basque deitzen dutela (GROVE Dictionary of Musical Instruments).

Hona hemen panderoari buruzko aipamena Bizkaiko jotetan kantatzen den kopla zahar batean:

Panderetatxo berria
Bilbaotikan ekarria
Hamar erreal pageute
Erdia urre gorria

Gaur egun, gizonezkoak eta emakumezkoak, biak ikusten dira panderoa jotzen, baina dokumentazio zaharrean, bakarka nahiz taldeka izanda, emakumezkoak dira aipatutako pandero jole nagusiak.

A. Donostiak idatzitako Instrumentos Musicales Populares Vascos liburuan panderoari buruzko zenbait datu ikus daitezke. XVI. mendean Carlos IX. Donibane Lohitzunera etorri zenean, neska gazteak dantzatzen ikusiz entretenitzen zela. Neska dantzari guzti haiek, eskuetan zintzarri asko dituen bahe gisako tamborcillo bat zeramaten. XVII. mendean Madame d'Aulnoy-k egin zuen bidaian, Pasaiara iritsi zenean batelera talde handi batek ongi etorria eman zion, arraun bana zutela eta bi lerrotan jarrita, grazia handiz salto, dantza eta kantuzko saio bat eskainiz, hiru neska batelarik panderoz jotzen zuten erritmoan. Liburu honen txistu atalean honako aipamena ageri da: "Se usa también en alguna parte de Vizcaya y Guipúzcoa en las "trikitixas", canciones de aire vivo, cantadas, improvisadas por una mujer que es acompañada por un acordeón unas veces, otras por un albogue" (Donostia, 1983). Egile berak idatzitako "Erregiñetan, o las fiestas de las Mayas" artikuluan ekitaldi hauetan neska lagunek panderoa erabiltzen dutela aipatzen du.

Jesus Ramosen XVIII. mendean Iruñeko Sanferminetara joandako soinulariei buruzko idazlanaren zerrendan bederatzi pandero-jole agertzen dira. Horietatik sei Iruñekoak, bi Agoizkoak eta bat Guardiakoa. Zortzi bakarka eta bat gitarrari lagunduz (Ramos, 1990). XIX. mendean, Charles Davilier baroiak 1862. urtean idatzitakoan irakur daiteke:

"En el siglo XVI, el instrumento favorito de los vascos era conocido en Francia con el nombre "tambourin de basque"./.../ Además del pandero, los vascos bailan al son de la gaita, lo mismo que los asturianos y los gallegos, y con acompañamiento del tamboril y la flauta"

(Davillier, 1991).

Ikus daitekeenez panderoa funtzio ezberdineko ekitaldietan eta era askotako musika taldeetako partaidea izan da. Erabili izan den modu sinpleena, panderoa eta ahotsez osatutakoa izan da.

Herri eta auzo txiki askotan jaiero egiten ziren dantza bileretan pertsona bakar batek bete ohi zuen musikaren atala, kantuarekin doinua eta hitza emanez eta panderoarekin erritmoa markatuz, beste edozein soinu-tresnarekin jota, porrusalda edo martxa jotzen den modu berean. Hau da, kopla eta pandero hutsez emandako tartekoak segidan txandakatuz. Trebetasun handiz jotzen zituzten tarteko horiek, batetik bestera aldaketak eginez.

Horrela ibili diren askoren artean hor dugu Oñatiko Araoz auzoko Primi Erostarbe pandero-jole famatuaren adibidea. Bere gurasoek taberna zeukaten auzoan eta bezeroak erakartzeko eta entretenitzeko, txiki-txikitatik, igande eta jaiegunetan han jartzen zuten Primi neskatila, aulki batean eseri eta panderoa jo eta kantatzen.

Beste soinu-tresnekin elkartuz panderoak mota askotako taldeak osatu ditu. Bilboko Mamerto Segui margolariak 1887an Boda en Vizcaya tituludun Bizkaiko eztei ospakizun herrikoi baten margolana egin zuen. Bertan ospakizun horren inguruko irudi kostunbrista bat aurkezten du: arreoarekin doan jarraigo taldearen aurre aldean bi dantzari bikote dantzan eta ondoren albokaria eta pandero-jolea jotzen.

XIX. mende bukaerako argazki batean Bizkaiko eztei baten arreoarekin doan jarraigoaren aurretik agertzen zaigu pandero-jolea txistulari bati lagunduz. Bizkaiko beste argazki zahar batzuetan panderoa eta biolina batera agertzen zaizkigu erromerietako giroko inguruetan. Garai horretan errondaila moduko taldeetan panderoa erabiltzen zen. Beste batean, 1920an Franzisko Garate "Patxi Agerre" zeharkako flauta jotzen eta bere emazte Juana Beristain "Errementerikoa" panderoarekin ikus ditzakegu Itziarren.

Gaur egun panderoa mota askotako taldeetan ageri da, albokarekin osatutako bikote arrunta dugu, baina bereziki "trikitia" izeneko akordeoiarekin osatzen du talde eraginkorrena eta ezagunena.