Literatoak

Otaola Oyarzabal, Simon

Idazlea. Donostian jaio zen 1907ko maiatzaren 1ean, eta Mexiko Hirian hil, 1980ko apirilaren 15ean.

Hamar urte zituela, aita hil zitzaion tren istripu batean, eta Madrilera joan zen bizitzera. Centro de Hijos de Madrid eskolan egin zituen lehen mailako ikasketak. Afrikan egin zuen soldadutza, eta, gero, Madrilen hasi zen lanean, CAMPSA petrolio-banaketako enpresan. Enpresako sindikatu-burua izatea lortu zuen gainera.

Gerra zibilean parte hartu zuen, Madrilen, hasieran, eta Teruelgo eta Lleidako fronteetan, geroago. Guda amaituta, Frantziara ihes egin zuen, Pirinioetatik. Frantziako kontzentrazio-eremu batean (Septfonds) denboraldi labur bat ondoren, Mexikora bidean ontziratzea lortu zuen, eta bertan eman zuen bizitza osoa.

Hasieran Veracruzen, Guanajuaton gero, eta Mexiko Hirian bizi izan zen, azkenik. Ogibideari dagokionez, publizista moduan amaitu zuen pelikulak hornitzen dituen enpresa batean.

Paraleloki, kultur literato eta sustatzaile lanetan ibili zen, eta Tertulia aldizkaria eta Aquelarre argitaletxea sortu zituen, esate baterako.

Simon Otaola pertsonaia ezezaguna gogora ekarri digute Raul Busteros mexikar zuzendariaren Otaola, eta La Republica del Exilio (2000) filmek.

Erbesteko kronistatzat jotzen da Otaola, haren ia obra guztietan errepikatzen den gaia baita. Hala ere, ez dio ikuspegi politikorik ematen, Mexikon erbesteratuta zeudenen eguneroko bizitza erretratatzea baitzen bere helburua, zuzenean ezagutu zuen errealitatea erakustea, alegia. Eta horretarako, gainera, tonu umoristikoa eta burlatia erabili zituen, Ramón Gomez de la Serna idazlearen eragina nabarmena delarik.

Simon Otaolaren obren zerrenda ez da oso luzea: Unos hombres (1950), erbesteratuen erretratu serie bat da. La librería Arana (1952), Espainiarren erbestea Mexikon ezagutzeko nahitaezko obra. Los tordos en el Pirul (1953) eta El cortejo (1963) nobelak, eta El lugar ese (1957) eta De acuerdo te hablaré de Petrita (1969) ipuinak. Amaitzeko, Tiempo de recordar (1978) nobela autobiografikoa argitaratu zuen.

  • CASTAÑAR, Fulgencio. "Un enfoque diferente sobre los exiliados republicanos: Otaola, la épica de lo cotidiano desdramatizada". Escritores, editoriales y revistas del exilio republicano de 1939. Sevilla: Renacimiento, 2006.